“Udaberria itzaldu aurretik erre dezagun negua”.
Bertolt Brecht: “Gogoz kontra bere herria uzten duena ez da immigrantea, desterratua baizik”.
Begiak ireki zizkidan esaldia da. 25 urte izan arren, ordura arte ez nion sekula nire buruari galdetu zergatik utzi zuten euren herria nire aitona-amonek, nire gurasoek. Zergatik etorri ote ziren? Nola otu zitzaien extremeña eta zamorar bati euren seme-alabak ikastolan matrikulatzea, euskaldun askok euskal hezkuntza arautuari bizkarra ematen zioten garaian? Haiek ere maiteko zuten euren lurra, biziko zuten historia gogor bat. Nik halabeharrez Euskal Herria betiko laga beharko banu zauri orbanezina izango nuke. Esaldi hura irakurri arte, ordea, konplexuz betea nintzen. Tapatu egiten nituen nire abizenak, ez nuen nire gurasoak erdaldunak zirela eta amarekin gazteleraz mintzo nintzela inork jakiterik nahi, ez nuen bertso mundura horren berri iristerik nahi. Bertsolarien artean ere ez nuen nire ezpaleko inor ezagutzen, eta nahi ala ez, beti dago mantxurriano, hezurbeltz, belarrimotz bezalako hitzen eragin gutxieslea. Pentsa, hain nengoen konplexuz betea neuk ere erabili izan ditudala kontzeptu horiek. Esaldi horri esker eman nion egoerari buelta. Horri esker iritsi nintzen, 1997ko txapelketa nagusiko finaleko azken agurrean, nire familiak ni euskararen tenplu handi horretara bertsolari bezala iritsi nadin egin zuen ahalegin itzela eskertzera. Zor intimo bat kitatu nuen, eta gauzak zer diren, orduan jabetu nintzen jende askoren bizi-testigantza zela.
Riomundok ipurdi-bistan utzi zuen euskaldunon eta immigrazioaren arteko harremana.
Gai hori tratatzeko posizio pribilegiatu batean nengoen. Obligaziotzat neukan etorri zirenen esperientzia bitala euskal munduari euskaraz kontatzea. Euskaldunen artean etorkinei buruz egon den ikuskera mantxurriano, belarrimotz hori desmitifikatu nahi nuen, bertako jendeak ikus zezan ez zela ezdeusa maite duzun lurra laga eta inguru arrotzera etortzea maletan kabitzen zaizunarekin soilik. Urte haiek berrirakurketa bat eskatzen dute. Orduko desastrearen ondorioak nozitzen ari gara oraindik. Erraza da “40 urte hemen eta ez dira integratu!” erretxintzea, baina nora goaz oraingo etorkinentzat ez badaukagu benetako integrazio politikarik? Oraingo senegaldar, aljeriar edo boliviar batek non dauka muturrerainoko integrazioa bermatuko dion ibilbidea? Ze integraziorako bide zeukaten diktadura militarrean galtzaile gisara trenetan etorri ziren haiek? Hala ere, pentsa, hemengo askok arrazoi eta motibo anitzengatik euren hizkuntza galdu zuen bitartean, etorkin horietako batzuk gure hizkuntzarako bidea urratzen hasi ziren, eta ahaleginak eta bi egin zituzten euren ondorengo belaunaldia euskalduna izan zedin.
Ahalegina eta errekonozimendua ez datoz beti bat, alta.
Garai hartan herrien kanpoaldeetako txapuza arkitektural eta ghetto fisikoetara bizitzera etorri zirenak euskalduntasunetik kanpo geratu ziren nagusiki. Jende horrekiko sortu zen mesfidantza soziala ez zen arazo politikoa izan, nahiz eta orduan Espainiatik zetorren oro txartzat jotzea normala izan. Horren azpian klase arazo bat zegoen. Hemen aberatsak eta enpresa handien jabeak euskaldunak ziren, eta etorkinak berriz, fabrika horietan iganderaino egunero 15 orduz lana beltz egiten zuten peoi sakrifikatuak. Gaur egunera etorrita, ez daukagu arazo politikorik Senegalekin edo Aljeriarekin baina zergatik begiratzen diegu oker? Zergatik ez ditugu integratzen? Suitzarra ez da etorkina, suitzarra da, baina zergatik da senegaldarra etorkina eta ez senegaldarra? Markoak oso desberdinak izan arren, klase arazo bat zegoen orduan, eta klase arazo bat dago gaur. Zein den konponbidea? Elkar ezagutzea. 40 urtez hemen bizi diren mantxurriano horiei galdetu diegu zer gerra pasa zuten, zergatik utzi zuten euren lurra, fusilaturik ote daukaten familian? Orain datozen etorkinei zeinek galdetu die zer gerratik datozen, etxean norbait hil ote dieten, bortxa ezagutzen duten, edo zer miseriatan bizi diren? Benetako integrazio politikak behar ditugu, batez ere guk, euskaldun eta abertzaleok. Gu gara gutxi, gu gara ahulak, eta euskal izaera eta identitatetik at uzten ari gara uholde hori. Gu gara espabilatu behar dugunak, beraiek ez gaituzte behar.
Euskaldunok ere izan gara etorkin. Esaterako, Ternuara joaten ginen arrantzara. Zuek ere, Stevenson-en ipuin batean nola, hara abiatu zineten.
Karidadeko Bentarekin, herriz herri, Partiada triste bat Ternuarat kantatzen ari nintzela, ezagutzen ez nuen batek hots egin zidan balea-arrantzaleen gisan Ternuara nabigatzeko aukera eskainiz. Beothuk txalupa denboraren makina zela sentitu nuen, geografiaz harago denboran bidaiatzen ari ginela. Magikoa da historia ukitu ahal izatea, zure azalean sentitzea, behinola zu bezala joango zirenen sentsazioak zure haragitan bizitzea pentsamenduaren arkeologia egiteraino. Euskaldunok itsas historia handia daukagu, berreskurapen, normalizazio eta gizarteratze itzela eskatzen duen historia. Askok uste duenaren kontra, Euskal Herria ez da artzain herri, rural eta pobre bat izan. XVI. mendean oso herri aberatsa, industriala, teknologikoki aurreratua, eta munduarekin erabat konektatua ginen. Gero egon gara isolatuta eta miserian, baina Pasaia XVI. mendeko Cabo Cañaveral zen. Gure historia berridazteko behar handia dago, eta ez dago berridazterik itsasoa kontuan hartu gabe. Ez dago zer garen jakiterik itsasoa herri honentzat zer izan den jakin gabe. Gure izateari buruz dauzkagun hainbat klixe deseraiki behar ditugu. Gehiegitan egin dugu topo kontzientzia faltarekin. Zu 8.000ko bat igotzera zoaz eta dirua lortzeko protokolo ibilbide bat dago, baina Ternuako Ipar Atlantikoan 2.000 km. arraun egitera joateko laguntza eske ateak jotzean, oporrak ordaintzea nahi duzun galdetzen dizute. Zorionez, inurri lanean emergenteak garela jabetu gara, eta apurka-apurka, erakundeak ere itsasoak duen turismo kultural eta identitario potentzialaz ohartzen ari dira.
Gure identitate kulturala ere ez dago berreskuratze premian?
Suntsiketa txikitzaile batetik gatoz. Erraza da bonbardaketa fisiko bat bisualizatzea. Denek ezagutzen dugu Gernika bonbardatua, Elgeta xehatua, Durango birrindua, eta herriak eta etxeak berreraikitzea lortu dugu, baina munduari irekia bezain bere lurrean errotua zegoen euskal identitate aberats hori hamarkada luzetan iraunkorki eta etenik gabe bonbardatua izan da. Euskal kultura Gernika da. Gernika ez baita soilik herri bonbardatu bat eta 3.000 hildako. Gernika euskal identitatea da. Diktadura militar faxista baten pean iraun dugun identitate bat gara, baina zer berreraikitze fasetan dago gure kultura, gure Gernika bonbardatua? Fisikoki bai, garapen suntsitzaile bateraino berreraiki ditugu paisaiak, etxeak, errepideak, baina kultura? Identitatea? Nola zenbatu daitezke biktima kulturalak? Non dago euskararen normalizazioa? Zenbat jende gutxiagok erosten ditu euskal liburu eta diskoak Francoren garai amaigabe hartan euskaldunek izandako desprestigio, jazarpen, errepresio eta zigor fisikoaren erruz? Ez al dagokigu estatus erreferentzial bat gure lurrean? Gu ez ginen gutxituak jaio, gutxitu egin gaituzte. Hortik abiatu behar dira aro berri honi lotutako gure politika berriak. Herri batek ezinbestekoa duen azpiegitura bakarra identitatea da, eta hori berreraiki gabe dago. Guk ez ditugu erabakitze eskubidea bezalako giza eskubide eta eskubide politikoak nahi Palentzia askatu bat izateko. Azken mendeko ibilera gatazkatsu hau antzua litzateke erabakitze eskubidea lortu eta Euskal Herria ez bagina. Horregatik, Euskal Herria egitetik Euskal Herria izatera pasatzeko garaia da. Aro berria ez da helburua, helburua izatea da, eta ez dezagun ahaztu oraingoz euskal sortzaileak hondakinetan dagoen Gernikaren kale suntsituetan sortzen saiatzen ari garela.
Aro berrira garamatzan bide hori lehen lerrotik bizi izan duzu Gazta zati bat dokumentalaren grabaketari esker. Zer geratzen zaio historikoari intimoaren galbahetik pasata?
Hori kamera eskuan bizi ahal izatea izugarria izan da. ETAk borroka armatua bukatutzat ematen duenean, zure bizitza osoa biltzen duen garai bat bukatzen da, eta barne-begiradetara eramaten zaitu. Gatazkaren ondorio mingarriak, gatazka guztietan daudenak, hor daude oraindik, eta espainolek oso ondo dakite hori. Eurena izango da munduan demokratikotzat jotzen den estatu batean oraindik epaitu gabeko diktadura bakarrenetakoa. Baina tira, gatazka batean sartzen denak asumitzen du mina egon daitekeela, eta beste askok, min hori asumitu gabe ere, jasan behar izan dute. Hori denborak sendatuko du eta bakoitzak egingo du bere errelatoa. Niri ez dit minik ematen beste batek osatu dezakeen kontakizunak, nik badaukat nirea.Gainera, gerra horiek ez doaz inora. Bakoitzak egin dezala berea, eta horrekin lasai geratzen bada, bakea. Umea nintzela harrika ibiltzen ginen eskola nazionalekoekin. Mantxurrianoak ziren eta gu vascorroak. Orain eskola beraren atarian egiten dugu topo gure seme-alabak klasekideak direlako. Denborak mirariak egiten ditu.
Orain gutxi, Jose Mari Kortaren alarguna kalean askotan gurutzatu zenuela baina sekula ezin izan zeniola begietara begiratu kantatu zenuen. Aitortu eta uste gabeko zauri asko dago hemen.
Jakina hori ere badela nigan dagoen zauri bat. Funtsean, denagatik sufritzen duzu, minaren presentzia oso hurbila da, eta zer esanik ez betidanik ezagutzen duzun eta inoiz gorrotorik eduki ez diozun pertsonari bizi izan duena bizitzea tokatzen zaionean. Hori ez da nire zauria bakarrik, jende askorena da. Baina zaurian hazka egitea baino nahiago dut Zumaian bizikidetza normalizatua daukagula pentsatzea, bere momentuan betiko haustura sozial bat arrakalatu zela zirudien arren. Badakit emakume horren mina betiko dela, baina ezin dugu askoz gehiagora aspiratu. Kolektibo eta gizarte bezala biziberritu eta aurrera egitea dagokigu, bizitza ez delako geratzen, denborak aitzina egiten duelako, eta zauriak denborarekin ixten diren bezala, herri honen ariman dauden minak ere sendatuko direlako. Kolektiboki, gizarte bezala, herri gisa, barkamenaren zentzuan doazen adierazpenak lagundu dezakete, baina bakoitzak bizi du bere min intimoa, eta bakoitzak jakingo du min hori nola kudeatu geratzen zaion bizitza zatian. Hortik aurrera etorriko dira belaunaldi berriak, guk ezagutu dugunarekin haziko ez direnak, eta eurek biziberrituko dute herri hau. Espero dudana da urtetan pilatu dugun elkartasunerako, lanerako eta norbere zilborretik harago pentsatzeko gaitasuna eta baloreak transmitituko ditugula, hori delako etorkizuna eraikitzeko gure ondare eta giharra. Beste gizarte askok galduta daukatena inork baino garatuago daukagu, eta hori ezin genezake alferrik galdu gizarte eredu eta elkarbizitza berriak eraikitzeko orduan.
Autore bertsolaritza hainbeste aipatzen den garaiotan, autore bizitza da zurea?
Denok gara gure ibilbidearen emaitza. Ez digute deitzen ondo errimatzen dugulako, garena garelako baizik. Entzuleak autorea nahi du. Nik bertsotan bizitzak eman didanetik egiten dut, baina ez naiz bertsolaria bakarrik. Hainbeste saltsa anitz eta desberdinetan ibili banaiz naizen bezalakoa naizelako da, eta bizitzak armonia berean daudenak konektatzeko joera daukalako. Era berean, nire bizitzaren ezaugarriak bertsoari ematen saiatu naiz. 13-14 urterekin Aute, Serrat, Krahe, Milanes, Sabina edo Silvio Rodriguez entzuten ziren etxe batean bizi nintzen, eta 17rekin, plazaz plaza ibiltzen hasi nintzenean, Kortatu, Barricada, Hertzainak, La Polla eta abarrekin konektatu nuen nire belaunaldiko askok bezala. Bertsolaria nintzenez, eremu horretan eragiten hasi nintzen, eta horri esker heldu nintzen Negu Gorriak eta giro horretako beste jende askorekin kolaboratzera. Orduan bakanak eta bakarrak ziren zitak izan arren, hortik dator orain herri gehienetan dugun publikoa, BECeko entzuleriaren zati handi bat, eta zorionez, orain inork ez du pentsatzen piercing-ak dauzkan, kanutoak erretzen dituen, edo rocka entzuten duen batek, bertso saio bat entzun ez dezakeenik. Horretarako ezinbestekoa da zure jendearekin eta inguruarekin konektatzea, eta langintza horretan, asko laguntzen dit egiten dudan oro naizenarekin ezaugarritzeak. Zure izatetik sortu behar duzu, ezin duzu pentsatzen ez duzun arrazoi bat kantatu oso ona delako soilik. Hori hala, bertsolariok zorte handia daukagu. Gure garaiaren kronistak gara, eta begira zer garaitan bizi eta eragitea tokatu zaigun.
1972an Urretxun sortu zen zumaiarra. Bertsolari, kantari, letragile, idazle eta zuzendaria. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken lau finaletan izan da, hiru disko utzi ditu Karidadeko Bentarekin, Riomundo idatzi zuen 2005ean, eta Bidaia Intimoak eta Apaizac obeto, azken bale ontziaren kondaira dokumentalak zuzendu ditu.
“Sasoiko dabil Long. Gainditu du aldikada txarrik ere, eta planetak oro lerrokatu zaizkio azkenaldian. Pertsonalak eta kolektiboak. Egunerokoak eta betierekoak. Berezkoa du, gainera, une eta gune historikoan sentitzeko sena. Zuk gurago izan dezakezu kontu txikiekin bazkariak alegratzen dizkizun Jon, baina laster azaleratuko da amets handiez mintzo den Maia. Eszeptikoa bazara ere, aproban ipiniko zaitu, eta helduko da une historikoa: instant batez, dena sinetsiko duzu”.
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Azaroaren 26an eta 27an, Langune Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak eta FUEN Federal Union of European Nationalities erakundeak antolatuta, ‘Hizkuntzen irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua egingo da Donostiako Kursaalean. Han... [+]
Azaroaren 23an egingo dute tokiko arbola, fruitondo eta landare ekoizleen azoka. Horrez gain, egitarau oso indartsua prestatu dute 22 arratsaldetik hasita 23 iluntzera arte: bioaniztasunari buruzko mahai-ingurua, sagarrari buruzko mintzaldia, "Nor dabil basoan?"... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Espainiako Defentsa Ministerioaren 6 milioi euroko esleipen publikoak jaso ditu aurten enpresak. Margarita Robles ministroaren arabera, urriaren 7tik ez diote "armarik saldu edo erosi Israelgo Estatuari", baina indarrean zeuden kontratuei eutsi diete. Elbit Systemsek... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Duela 40 urte sortu zen Geronimo Uztariz Institutua, Nafarroako Historia beste era batera ikertzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Jende anitza bildu du lau hamarkada hauetan, eta gai ugari ikertu ditu denbora horretan. Historialari gazteak ere batu zaizkie. Zahar eta berriaren... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Bi irakasle eta ikerlarik inkesta jarri dute sarean, euskarazko esamolde batzuen inguruko datuak biltzeko. Bost minutu hartuko dizu betetzeak baina adi, bi galdetegi daude, egun bakoitian jaio bazara 1A betetzeko eskatzen dizute, eta egun bikoitian jaioa bazara 1B delakoa.
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.