Haritz amerikarra (Quercus rubra).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Intsinis pinu beltza (Pinus radiata) bezala Ameriketatik ekarritako bi zuhaitzek nire udazkenaren paisaia erretzen dute. Akuiluak idiaren saihetsean bezala, sast! Sastatekoa begietan. Kolore deigarrienak, inondik ere, gustuko ez ditudan bi zuhaitz horienak. Ikaragarrizko zurak emango zituztenaren ustetan basozaleek ekarri eta hedatutakoak.

Norteko haritza edo haritz amerikarra bata, Quercus rubra. “Rubra” hitzak dioen eran, udazkenean hostajea gorri-gorri jartzen du, eskarlata. Zura ere halakoxea du, gorrizta. Haritz, erkametz, ametz eta arte, bertako quercustarrenaren aldean eskasa du egurra. Hori gutxi balitz, geurean gaitzak erabat jota dago, norteko harizti sano bat topatzea ez da erraza. Ipurditik eraitsitako zuhaitzen bat ez bada, arba osoak jausita edo zuhaitzean bertan ihartuta dauden adarrak ikusiko dituzu. Gaitzak jo eta eraitsi, eta aurrera egiten duten zuhaitz bakanek erdipurdiko zura... Alde hortik! Aitatzen didan guztiari norteko haritzik inolaz ere ez aldatzeko gomendioa ematen diodala urteak dira.

Haritz hori gorriz janzten duen jostun beraren titarea sumatzen da bigarrenaren udazkeneko soinekoan ere. Hori-hori, urrezkoa hau, urrutira ere nabarmena. Idi-bihotz arbola edo tuliparbola, Liriodendron tulipifera; hitzez hitz, idi-bihotza edo tuliparen tankerako liliak ematen dituen zuhaitza. Hori ere amerikarra, Mendi Harritsuetan eta Ohio ibaiaren arroan basatia. Ale bakan batzuk badira, han eta hemen, kale, parke eta baratzeetan. Basoan, ordea, sailean jartzen dela ez da urte asko. Kategoriako zura ematen zuela izan zen zuhaitz hori aldatzen hasteko aitzakia. Horixe aitzakia! Horrek ere egur makala ematen baitu. Populus nigra, makalarenaren tankerakoa, gehienez ere 480 kilo metro kuboko. Zeharo eskasa. Papera egiteko eta asko jota hilkutxetarako.

Bi zuhaitzok, baina, uztarri batean behinik elkartu daitezke: azkar hazten dira. Tuliparbolak hamaika urtean hamabost metroak harrapa ditzake. Basozale diruzale, zaletasun bikoitzaren emaitza. Eta begietan min.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Norteko haritza / Haritz amerikanoa
2011-11-16 | Jakoba Errekondo
Perretxikota

Pentzean belarra eta bi-belarra bezala, bi udaberri aurten. Hala nioen aurrekoan urriko loraldi xelebreak arrazoitu nahian. Eta udaberria sasoi kaxkarra dela jakinagatik, perretxikota jo nuen mendira lehengo astean. Zuhaitzek udazken-udazkena dela baitiote. Esnegorri edo niskalo... [+]


Eguneraketa berriak daude