Alderdi abertzaleek emaitza historikoak lortu dituzte: hamairu diputatu izango dituzte Espainiako Kongresuan. Amaiurren sarrera indartsuak eta EAJren eta Geroa Bai-ren emaitza onek agerian utzi dute abertzaletasunak Euskal Herrian izan dezakeen potentziala. Txanponaren beste aldean, alderdi sozialistaren deskalabrua dago.
Irabazle ugari eta galtzaile bakarra, argazki horixe utzi digute Espainiako hauteskunde orokorrek. Galtzailea, alderdi sozialista. Espainian hondoratu egin da eta inoizko emaitza txarrenak izan ditu (110 eserleku); baina porrota mikatzagoa gertatu zaio Patxi Lópezi, aurreikuspenen kontrara, ezin izango baitu bere burua “salbatu den bakarra” moduan aurkeztu Madrilen.
Irabazleen artean, Amaiur nabarmentzen da. Ordezkaritzari dagokionez, Hego Euskal Herriko lehen indar bilakatu da koalizio subiranista (zazpi eserleku) eta taula politikoa aldarazi du berriz ere, maiatzaren 22an Bilduk egin zuen moduan. Portzentajeak eta boto kopuruak ikusita, ordea, berdinketa teknikoa dago, lau indar nagusiek (UPN-PP, Amaiur, PSE-PSN eta EAJ) 300.000 bototik gora atera baitituzte eta oso alde txikia dute elkarren artean.
Lau hankako mahai ospetsua sendotuta atera da beraz. Iraganean, ezker abertzaleari ez-ikusiarena egin izan diote alderdi espainiarrek maiz, ETAren jarduna aipatuz eta ilegalizazioez baliatuz. Orain, behin ETAk armak utzita eta ilegalizazioaren oztopoa arrakastarekin gaindituta, zaila izango du inork herri honetan politika egitea arestian aipatutako lauki hori kontuan eduki gabe.
Euskal Herriak Espainiarekiko kolore ezberdina erakutsi du beste behin ere. Gainera, oraingoan gauza ezohikoa gertatu da. Alderdi espainiarrek beti irabazi izan dituzte Madrilera begira dauden hauteskundeok, baina lehen aldiz abertzaleak gailendu zaizkie: jokoan zeuden 23 diputatuetatik 13 lortu dituzte abertzaleek. 2008an konstituzionalistek 890.000 boto lortu zituzten eta abertzaleek 620.000 (ezker abertzalearen abstentzio aktiboaren estrapolazioa eginda). 2011n espainiarrek 662.000 boto baino ez dituzte atera eta abertzaleek 700.000.
Abertzaleen garaipena PSOEren beherakadaren bizkar gertatu da nolabait, sozialistek 200.000 boto baino gehiago galdu baitituzte orotara Hego Euskal Herrian. Zentzu horretan, abertzaleen garaipena historikoa da, baina neurriz hartu beharrekoa; abertzaleek aurrerakada handia izan dute –ia 80.000 boz gehiago lortu dituzte–, baina Estatu mailako hauteskundeetan alderdi espainiarrak bozkatzeko aktibatzen den hautesleriaren zati bat oraingoan etxean geratzeak ere izan du zerikusirik horretan. Abstentzioaren datuei begiratu besterik ez dago, 2004arekin alderatuz bost puntu handiagoa izan baita –2008ko datuak ezker abertzalearen abstentzioak desitxuraturik daude–.
Bilduren emaitzen ondoren, EAJk orain arte izan duen nagusitasuna arriskuan ikusi du eta buru-belarri aritu da kanpainan Amaiurren kontrako mezuekin. Biek bete dituzte euren helburuak. Emaitzak ikusita, esan liteke bata zein bestea laterketako polean pare-parean aterako direla eta karrera zirraragarria ikusiko dela Ajuria-Enearako bidean.
EAJk helburutzat zuen talde parlamentaria lortzea (bost eserleku) eta EAEn lehen indarra izatea. Hauteskunde gauean Iñigo Urkulluk behin eta berriz nabarmendu zuen jeltzaleak “Euskadiko lehen indarra” direla. Albo batera utzita lurraldetasunaren arabera egiten diren zenbaketak, garbi dago EAJk lortu duela Amaiurren hordagoari eustea, 2008an eta 2011n baino 17.000 boto gehiago eskuratu ditu. Areago, EAEn dezenteko aldea ateratzen dio koalizio subiranistari (40.000 boto) eta 2013ko bozketa autonomikoetarako lan handia egin beharko duela bistarazi dio bere arerio nagusiari.
Amaiur sektore subiranisten metaketaren indarraz baliatu da beste behin ere. Zazpi eserleku lortu ditu, lurralde guztietan du ordezkaritza, eta Araban EAJren gainetik jarri da boto kopuruz. Maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan Bilduk jasotakoak baino 20.000 boto gehiago izan ditu Amaiurrek, baina Aralarren emaitzen baturarekin ateratzen den kopurura ez da iritsi. Zenbaitek azkeneko datu hau interpretatu dute, esanez metaketa subiranistak “gailurra” jo duela. Iñaki Antiguedaden esanetan “sekuentzia” da garrantzitsua eta beraientzat “hain egokiak” ez diren hauteskundeotatik indartuta ateratzeko helburua bete dute. Amaiurrek badu bolbora gehiago errekamaran, tartean Sorturen legalizazioa eta Arnaldo Otegi aske uztea. EAEko hauteskundeetan berebiziko garrantzia izango duten faktoreak izango dira horiek.
Bestalde, esanguratsua da Nafarroan gertatutakoa. Abertzaletasunak bi diputatu lortu ditu, bana Amaiurrek eta Geroa Baik. Uxue Barkosen koalizioak ezusteko itzela eman du, 42.000 boto lortuta Amaiurren pare jarri da kasik (49.000). Agerian geratu da ezker subiranisten esparrutik harago badagoela beste esparru abertzale handi bat. Hemendik aurrera, bi indar horien arteko elkarlana funtsezkoa izango da UPNren hegemoniari aurre egiteko.
Izan ere, abertzaleek oro har, aukera paregabea dute elkarlanerako eta Madrilen euren ahotsa ozenago entzunarazteko: hiru sigla eta bi talde parlamentari. Lehia handia dago euren artean eta kasu askotan desadostasun ideologikoak ere bai, baina inozokeria litzateke lehia eta desadostasunen ondorioz aukera hori ez baliatzea. Sikiera puntu komun batzuetan indarrak batuta egin beharko lukete aurrera, batez ere bake prozesuari dagokionean. Euskal gizarteak ez luke besterik ulertuko.
Alderdi sozialistak %18 egin du behera EAEn botoetan, 430.000 boto izatetik 254.00 izatera igaro da gauetik goizera. Inkesta eta aurreikuspen guztiek emaitza hobeak iragartzen zituzten Patxi Lópezen alderdiarentzat, baina beherakada Espainiakoaren parekoa izan da eta zentzu horretan ez du ematen herritarrek Lópezen kudeaketa saritu dutenik ETAren amaierari lotuta, berak kanpainan lorpen hori aldarrikatu duen arren behin eta berriz.
Orain Patxi Lópezen eta buru den Eusko Jaurlaritzaren etorkizuna kolokan dago. Legitimotasun gero eta urriagoa du Lakuako exekutiboak eta hauteskundeak aurreratzeko eskatzen dituzten hotsak ozenago entzungo dira hemendik aurrera. Lópezek Espainia mailan bere alderdian jokatuko duen papera ikusteko dago, horren arabera ere tempoak ezberdinak izango ei dira EAEko hauteskundeei dagokionez. Bestalde, PPk kate motzean lotuko du Lopez, are gehiago Madrilen gehiengo absolutua lortu eta gero.
PPren gehiengo absolutuak alboko ondorio ugari ditu, txarrerako eta onerako. Euskal Herriko bake prozesuari dagokionez, Mariano Rajoyk hain garaipen handia lortu izanak, ahots asko isilaraziko ditu bere alderdiko sektore integristenen artean eta eskuak libre izango ditu prozesuan aurrera egiteko, horretarako borondaterik izanez gero, noski.
Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Pantxoa Bimboire Haritxelar, Ipar Euskal Herriko Eusko Alderdi Jeltzaleko arduradun berria da azarotik. Ipar Euskal Herriko ekonomia munduko pertsona ezaguna da.
EHBaik Autonomia estatutu baterako proposamena prestatu du, gure nazioaren burujabetza osorako bidean etapa gisa.
Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]
Abenduaren 3an alderdi eta eragile politikoek euskararen inguruko beren irakurketa politikoak argitaratzen dituzte. EAJk ere egin du berea Euskara, Euskal Herriaren izana izenburupean. Urte askoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hizkuntza politiken ardura izan duen, eta egun ere... [+]
Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.
Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Iruñeko Erorien monumentua faxismoaren salaketarako eta memoria demokratikorako Maravillas Lamberto interpretazio zentroa bilakatzea adostu dute EH Bildu, PSN eta Geroa Baik. Eraikinaren parte bat eraitsiko dute, eta adiera frankistako elementuak kendu edo estaliko... [+]
Bizkaian eta Gipuzkoan egin bezala, EAEko estatus politiko berriak Euskal Herria nazio gisa aitortzea eta erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu dute Arabako Batzar Nagusietan alderdi abertzaleek.
Jaietako lehenengo egunean txosnen debekuaren aurkako manifestaldia egin zuten milaka lagunek Lizarran, eta bertako askok ‘Bajadica del Puy’ kalejiran jarraitu zuten protesta. Udaltzaingoak egotzi die "desordena publikoak" eragitea.
Valentziako Generalitateko presidentearen aurka salaketa jarri du CGT sindikatuak, heriotzak saihesteko neurriak hartu ez izana leporatuta. Hogei bat eragile sozial eta sindikalek berriz, haren dimisioa eskatzeko manifestazioa antolatu dute hiriburuan, datorren larunbaterako.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
Azken asteetan mobilizazio arrazistak piztu dira Gasteizko Errota eta Donostiako Egia auzoetan, eta biek iragarri dute asteroko deialdiei eusteko asmoa. Haien artean desberdintasunak daude, baita antzekotasun asko ere: sustatzaileak anonimoak izatea, konfrontazioa bilatzea, edo... [+]