Elkarbizitzarako ala kontrol sozialerako tresna?

  • Urtebete igaro da Bilboko Udala Espazio Publikoaren Ordenantza aplikatzen hasi zela. Kritikek bere horretan diraute ordea. Ordenantzaren aurkakoek diote kalearen erabileraz dauden eztabaida sakonak araudi “ahalguztidun” batekin lurperatu nahi direla.

Ordenantza Publikoaren aurkako Bilboko 70 eragile biltzen dituen plataforma da Kalea Guztiona Da. Irudian, ordenantzen kontra egindako manifestazio bat Udaletxera iristen.
Ordenantza Publikoaren aurkako Bilboko 70 eragile biltzen dituen plataforma da Kalea Guztiona Da. Irudian, ordenantzen kontra egindako manifestazio bat Udaletxera iristen.Branka

Kaleko prostituzioa izan zen aitzakia. 2008an Miribilla auzoko biztanleak kalean lanean aritzen ziren puten jardunaz kexatzen hasi ziren. Eztabaida baretzeko asmoz Bilboko Udalak prostituzioa arautzeko ordenantza egingo zuela adierazi zuen 2008ko irailean, baina proiektua geldi zegoen Udal Gobernua osatzen zuten bi taldeen artean –EAJ eta EB– zeuden desadostasunak medio. 2009ko martxoan auzoko batek perdigoiz tiro egin eta bi prostituta zauritu zituen. Prostituzioa debekatzeko eskariak gora egin zuen zenbait herritarren artean. Eztabaida puri-purian jarri zen Bilbon. Kalea Guztiona Da plataformako kidea da Sabin. Bere ustez agintariek “arazo txiki bat sortu eta alarma pizten dute. Puztu egiten dute herritarren lehentasunezko arazoa balitz bezala, komunikabideekin elikatzen dute eta modu iruzurtian segurtasun gehiago edo debekuak behar direla saltzen dute”.

Bilboko Udala prestatzen ari zen araudiak, Bartzelonan 2005ean onartutako ordenantza zuen eredu. Alta, ordenantza horrek prostituzioa arautzeaz gain, kaleko salmenta, terrazen erabilera, kalean edatea, bizikletan ibiltzea, propaganda banatzea eta abar luzea arautuko zituen. Berehala sortu zituen erreakzioak.

Ordenantza hau onartu aurretik bazeuden arlo ezberdinak arautzen zituzten beste udal araudiak: “Ordenantza honekin –dio Sabinek–, araudi guztiak denak bakar batean batzeaz gain, espazio publikoan gertatzen den guztia arautu nahi izan da. Haientzat, espazio publikoan egiten den guztiak molestatu egiten du, eta beraz, ahalik eta gutxien egin behar da”. 2010eko maiatzaren 27an onartu zen ordenantza eta irailean hasi ziren aplikatzen.

Aurreiritziak eta eskubide murrizketak

Kalea Guztiona Da plataformakoen esanetan testuak ez ditu arautzen dituen jarduerak behar beste zehazten. Esaterako, “sexu esplizituaz” ari denean: “Ez du aipatzen zer den sexua, ez du aipatzen zer den esplizitua eta gainera esaten du publikoarentzat erasokorra dela. Eta zein da publiko hori? Zer da erasokorra izatea?”.

Shaila V Bilboko kidea da. Mugimendu hau ordenantzaren nondik norakoak jakin aurretik sortu zen Bilboko Okupazio Mugimenduak (BOM) bultzatuta, kontrol sozialari aurre egin eta kaleak berreskuratzeko asmoz. Berak azaldu duenez, “kontua ez da ezin dezakezula muxurik eman kalean. Hori anekdotikoa da. Esplotazio sexuala jasaten ari diren emakumeak babestu beharrean, zuzenean kaletik ezabatu nahi dira. Ordenantzaren lehen bi biktimak putak izan dira. Ez da kasualitatea”. Top mantarekin ere gauza bera gertatzen dela dio: “Guk ordenantzaren dimentsio hori ikustaraztea nahi dugu: ordenantza sexista eta xenofoboa dela”

Izan ere, kaleko salmentan ibiltzen diren etorkinen egoera ez da askoz hobea. “Atzerritarren Legeak klandestinitatera bultzatzen ditu –dio Shailak–. Hori gutxi balitz, isuna jarri eta kartzelara bidaltzen dituzte. Sistema honen zentzugabekeria horretan datza, isunak ordaindu ahal izateko disko gehiago saldu beharko dituzte-eta”.

Elkarte, alderdi politiko eta sindikatuei ere eragiten die ordenantzak, kalean informaziorako mahaiak jartzea, propaganda banatzea eta antzeko jarduerak debekatu egiten baititu. Herri mugimenduaren aurkako eraso zuzena da debeku hori BOMeko Urtziren ustez: “Orain, kartelak ezin ditugu jarri ordenantza batek esaten duelako. Baina aurrez ere gazteak jipoitu, identifikatu eta isunak jarri izan dizkiete hamaika aitzakiarekin”. Shailak hau gaineratu du: “Zuk sinadurak biltzeko mahai bat jarri nahi baduzu burokraziak irensten zaitu, dena supermekanizatua, superkontrolatua izateko tresna da”. Sabinek ere bat egiten du puntu horrekin eta Udalaren “zinismoaz” mintzo da: “Eurek ere kalea nahi duten erara erabiltzen dute. Kalean buelta bat eman eta Bilboko Udaleko logotipoa duten zenbat kartel dauden itsatsita ikusiko bazenu, harrituko zinateke”.

Bilboko Espazio Publikoaren Ordenantzaren kontra dauden mugimendu eta talde hauen iritziz, debekuen eta oztopoen atzean aurreiritzi murriztaileak daude. Gauza batzuk arautzea beharrezkoa dela deritzote, baina beharrezkoak diren eztabaida publikoak eman ostean. Era berean, bestelako jarraibideak bultza behar direla uste dute: “Jarraibideak egon behar dira, baina ohituretan eta baloreetan oinarritutako hezkuntza sistema integral batean, arazoak errotik mozteko”.

Eztabaida ezkutatzeko debekuak

Kalea Guztiona Da plataformako kideen iritziz eztabaida sakonak estaltzeko –debekuei eta zigorrei buruzkoak adibidez–, “astakeria” ugari arautzen ditu ordenantzak: bizikletaz ibiltzea, umeen jolasak arautzea... Kaleko edanarekin, esaterako, ulertzeko zailak diren kontuak arautzen dira: dendan erositako botilekin egindako kontsumoa bada –boteiloi gisa ezagutzen dena– debekatuta dago, aldiz tabernan erositakoa kalean kontsumitzea ez. Okupazio mugimenduko Urtzik argi dauka: “Udan ezin dela txurrorik saldu eta neguan ezin dela izozkirik saldu. Edo ezin dela kometarekin kalean ibili. Halako gauzak sakoneko eztabaida ezkutatzeko dira”.

Bi hiri ereduren arteko talka

Shailaren ustez ordenantza hau Bilbok azken 25 urteetan jasan duen eraldaketa prozesuaren emaitza baino ez da: “Bilboko oligarkiak gidatutako Bilbao Ría 2000 Fundazioak turismora eta zerbitzuetara bideratu du Bilbo, eta ordenantza berria jauzi horren ondorio da”. Aitzitik, Bilbon iraganean langile mugimendu eta herri mugimendu indartsua egon dela gogorarazi du Shailak.

Kalearen nolabaiteko pribatizazioaz ere hitz egiten dute mugimenduotako partaideek; gizarte ereduan ikusten du hori Sabinek: “Bilbo erakusleiho gisa eraiki dute. Badaude Udalak egiten dituen eskaintzak, aisia eskaintzen duten tabernak, antzerki guneak eta abar. Hori da herritarrek aisiarako duten tartea”. Aldiz, kaleko bestelako espresio guztiak ezabatu nahi izatea egozten die: “Pribatizazioa, zentzu horretan. Jarduera normala kaletik kendu, adierazpen askea kaletik kendu eta berek erabaki dituzten bitartekoak eta bideak soilik erabili ditzakezu”.

Txanponaren beste aldea segurtasunean –edo segurtasun ezaren sentsazioan– oinarritutako hiri eredua omen da: “Segurtasunaren izenean kalean udaltzain eta polizia pila bat egotea, kamerak egotea –teorian trafikoa kontrolatzeko– zerbait positibo gisa ikus lezake herri mugimenduan inplikatuta ez dagoen herritarrak –dio Shailak–. Guk argi diogu ordenantza kontrol sozialerako tresna dela”.

Bide judiziala

Udal ordenantza onartzearekin batera, berehala etorri dira erantzunak. V Bilbok kaleak berreskuratzeko saioak egin ditu –esaterako, Bilboko Kale Nagusia okupatu zuten eta era guztietako ekimenak egin izan dituzte jai giroan–. Bestalde, Kalea Guztiona Da plataforma sortu zenean –V Bilbo eta BOM ere bertan biltzen dira, beste hamaika talderekin batera–, manifestua kaleratu eta zabaldu zuten.

3.500 alegazio bildu zituzten Udal Gobernuari ordenantza bertan behera utzi eta eztabaida publikoa bultzatzeko eskatuz. “Ez digute batere jaramonik egin –azaldu digu Sabinek–, komunikabideetan esan dute ordenantza ez dela ongi ulertu eta ez dagoela oposiziorako arrazoirik, baina elkarrizketa eskatu diegunean ez digute kasurik egin”.

Urtebeteko epean ordenantzarekin lotutako 176 espediente ireki ditu Udalak. Hauetatik sei kaleko salmentarekin lotuak, 17 prostituzioarekin eta 128 kaleko edanarekin. Gainerakoak ostalaritza jarduerei lotuak dira. Arau hausteak hiru mailatan zehazten ditu ordenantzak: arinak –750 euro arteko isuna– larriak –1.500 euro arteko isuna– eta oso larriak –3.000 euro arteko isuna–.

Bilduk iraileko Osoko Bilkuran mozioa aurkeztu zuen, ordenantza hori bertan behera utzi eta eztabaida prozesu bat hasteko eskatuz, baina eskaera atzera bota zuten udal gobernua osatzen duten EAJko 15 zinegotziren botoekin. Andoni Aldekoa Udaleko kontseilari delegatuak honelaxe azaldu zuen korporazioaren iritzia: “Legea eta ordena babesten duen Gobernua gara, legerik eta ordenarik gabe bizikidetzarik ez baitago. Zer nahi du arautu ordenantza honek? Espazio publikoaren erabilera egokia. Norbanako edo kolektibo batek espazio publikoa erabiltzen duen bakoitzean, bilbotar guztien ondasuna erabiltzen ari da, eta hori arautu egin behar da, eta desarauketak dakarrena da azkenean bakoitzak nahi duena egitea: bazkari bat, paellada bat Albiako Lorategietan, putxerak prestatzea edozein tokitan, eta bakoitza, inongo arauketa eta baimenik gabe, kalea hartzen dute, ateratzen dira, eta nahi dutena egiten dute. Hori da ordenantza honekin eragotzi nahi dena”.

Bide judiziala urratzea erabaki dute Kalea Guztiona Da plataformako kideek; administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu dute epaitegian. Helegiteak hiru zutabe nagusi ditu: Udalak ez duela jarduera guzti hauek zigortzeko eskumenik; ez duela tipikotasun printzipioa errespetatzen, arauak ez baitira behar bezala definitzen, interpretaziorako ateak irekiz; eta azkenik, elkarteen, sindikatuen eta alderdi politikoen adierazpen askerako eskubidea murrizten dela.

Helburua ordenantza baliogabetu eta eztabaida publikoa sustatzea dute. Sabinek aitortu du bidea ez dela erraza izango eta ez daukatela irabaziko dutenaren konbentzimendu osoa. Baina, behinik behin, ordenantzaren kontraesanak azaleratzeko balioko duela uste du: “Legea errespetatu behar dela diote eta lege-haustez betetako ordenantza idatzi dute”

Isunak

Arau hauste arinak (750 euro arteko isuna)

•Jokoak, kirolak eta dibertsioen praktika, elkarbizitza baketsua hausten badute.
•Boteiloia.
•Exhibizionismoa edo adierazpen sexualak espazio publikoan.
•Salmenta tokian jatea edo
edatea salmenta ordutegian.
•Kaleko salmenta bultzatzea hauen artikuluak erosiz.

Arau hauste larriak (1.500 euro arteko isuna)

•Jolas gogaikarri, arriskutsu edo debekatuak, pertsona edo jabetza pribatuei zein publikoei kalte egin diezaieketenak.
•Prostituzioa.
•Propagandadun mahaiak, aulkiak, guardasolak, toldoak eta abar jartzea.

Arau hauste oso larriak (3.000 euro arteko isuna)

•Lizentziarik gabeko kaleko
salmenta.
•Udal baimenik gabe espazio
publikoa okupatzea jarduerak
egiteko.
•Udal agintarien, agenteen,
udaltzainen eta espazio publikoaren inspektoreen aginduak eta eskaera zehatzak ez betetzea.

 


Azkenak
“Yoga onkologikoa xamurtasunean eta errespetuan oinarritzen da”

Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.


2025-01-31 | Uriola.eus
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan zuen atzo, sindikatuen arabera

Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.


2025-01-31 | Euskal Irratiak
Ramuntxo Labat-Aramendi
“Duintasunez arituko gira; Ahetzeko herriko etxearen egoera egonkortu nahi dugu”

Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]


Iruñean Laba elkartearen eta Windsor tabernaren lokalak bateratuko dituzte

Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan
Ikasturteko hirugarren greba deialdia ere arrakastatsua izan dela diote sindikatuek

Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]


Jerusalem ekialdean UNRWA debekatu izanak are gehiago zailduko du Gazarako laguntza

Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.


2025-01-30 | Julene Flamarique
Erantzukizunak eskatuko dituzte Zaldibarko tragediaren bosgarren urteurrenean

Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]


Zigor gehiago espero dituzte Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren etxearen auzian

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]


2025-01-30 | Leire Ibar
Osasun publikoaren alde otsailaren 1ean Bilbon, Gasteizen eta Donostian kaleak betetzera deitu dute

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]


2025-01-30 | Julene Flamarique
“Irabazi egin dugu”: Burlatako etxegabetzea gelditu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Leire Ibar
EITBko Euskara Batzordeak salatu du euskararen eskakizuna baztertu dela zuzendaritza postuetan

EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


Eguneraketa berriak daude