Azaroaren 25a Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da. Indarkeria matxista emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazle agerikoena da. Harreman horietara iritsi aurretik badago zer egina. 2009an, EAEn, 18 eta 30 urte artekoak ziren bikotekideek edo bikotekide izandakoek eragindako indarkeriaren biktimen %35. Guk eskolara jo dugu genero desberdintasuna nola kudeatzen duten jakiteko asmoz.
Indarkeria matxistaz jardunaldiak. Hezkuntzari lotutako tailerrera joan da lerro hauek idatzi dituen kazetaria. Tailerreko kideok gure burua aurkeztu dugu. Albokoak horrela egin du: “Biolentzia jasan dut nire bikotekidearengandik. Orain hobeto nago, baina espero dut ez duela jakingo non nagoen orain. Bi seme ditut eta hezkuntzako tailerrera etorri naiz haien etorkizunak kezkatzen nauelako. Biak mutilak dira eta arduratzen nau nola heziko ditudan. Haiek ere esan izan didate: ‘Aita bezalakoak izango al gara?’. Berdintasunean hezteko ahalegina egiten ari naiz, baina iruditzen zait hormaren kontra ari naizela. Eskola ez da neurri berean ari, esango nuke kontrako norabidean doala. Beldurra ematen dit”. Hezkuntza komunitatea errealitatearen isla baino ez baita, eguneroko genero desberdintasunak errepikatzen ditu.
Neska-mutilen arteko berdintasuna sustatzeko zer egiten duten jakin asmoz ikastetxe batera jo dugu zuzenean, eta Ondarroako (Bizkaia) Zaldupe Eskola Publikoan lur hartu dugu. Urte andanako esperientzia dute hezkidetzan, bidea bakarrik hasita. Gaur egun babes handiagoa dute. Ondarroako Udaleko Berdintasun Sailak herriko ikastetxe guztiak koordinatzen ditu, hirugarren urtea da hezkidetza egitasmoa abian duela. Ondarroako eta Markina-Xemeingo Udalek Indarkeria sexistari buruzko gazteen pertzepzioaren eta iritzien diagnostikoa Ondarroan eta Markina-Xemeinen izeneko azterketa egina dute –Ondarroako Udalaren webgunean osorik dago–.
Itzul gaitezen Zaldupe ikastetxera. Mahaiaren bueltan bildu ditugu Mari Tere Kaltzakorta zuzendaria, Gurutzne Anakabe ikasketaburua eta Leire Ercilla Urtxintxa Eskolako hezitzailea eta Emakundek ikastetxeetan duen Nahiko programako hezitzailea. Berdintasunaz hitz egiten hasi eta supituan futbola jarri du mahai gainean ikastetxeko zuzendariak. Emakundek Nahiko programa eskoletara zabaldu zuen lehen urtean eman zuen izena Zaldupek, baina ordurako bide luzea egina zuen ikastetxeak. Futbola izan zen abiapuntu. Jolas-garaia bukatutakoan ohikoa zen neskak irakasleengana joatea kexatzera; mutilek ez zietela futbolean aritzen uzten, uzten zietela jolasten, baina baloirik ez zietela pasatzen... Tutoreek ikasgelan gertatzen zena aipatzen zieten mutil futbolariei, eta erantzuna: “Ez diegu baloia pasatzen baloia pasatakoan babestu egiten direlako, ez dute baloia jotzen, ez dakite jolasten...”. Kaltzakortak gertutik ezagutu du futbolaren borroka: “Urte askoan egon gara jolastokiaren erabilera aztertzen eta futbola gatazketako izarra izan da beti. Leku asko hartzen du jolastokian eta arazoak sortzen ditu. Baloia agertzen den momentuan agertzen da indarkeria, kontrolatzen ez dena. Itsutu egiten dira baloiarekin, bat-batean Bilboko Llorente eta Realeko ez dakit zein bihurtzen dira. Esana diegu eskolan ez direla jokatzen Realaren eta Athleticen partiduak, denek parte hartuz jardun behar dutela, baina mutilek ez dute sekula horrela ulertu”. Beti dago neskaren bat mutilekin futbolean jolasten, baina inondik ere neska-mutilak denak elkarrekin. Hala egiten dute politikoki zuzena dela badakitelako eta irakasleak begira dituztenean.
Ikasleekin adostu eta hala egin dute: astearte eta ostiraletan jolas-orduan ez dago baloiarekin jolasterik. Jolastokiaren erabilera-banaketa asko aldatu da, futbolak ez du hartzen ia patio dena eta ez dago banaketa klasikorik, alegia, erdigunean mutilak jolasean eta alboetan neskak geldirik. Ikasleekin adostuta lortu dute futbolik gabeko bi jolas-orduetara iristea. Berdintasunaren bidean proba bat baino ez da, baina nabari da diferentzia. Oraintxe ari dira jolastokiaren erabilera-banaketa sakon aztertzen eta ziurrenik laster proposamen berriak izango dituzte mahai gainean.
Futbola gatazka izar, neska-mutilen arteko desberdintasunez urteetan lanean aritu ondoren, 2003-2004ko ikasturtean Emakunderen Nahiko programari tokia egin zioten ikastetxean. Gaur egun ere, horrekin jarraitzen dute. Irakasleak, gurasoak eta ikasleak hartzen ditu egitasmoak, baina Kaltzakorta zuzendaria kexu da hemendik aurrera irakasleek zuzeneko formaziorik ez dutelako jasoko, hau da, irakasleen artean transmititu beharko dute ikasitakoa. Irakasleek hezkidetzaz nolako prestakuntza duten galdetu diegu eta hirurak dira ados: formazio kaskarra dute, besteak beste Irakasleen Unibertsitate Eskolan ez delako hezkidetzari edo genero berdintasunari buruzko ikasgairik ematen.
Mutilek badakite neskei jolas-orduan haiekin futbolean aritzen utzi behar dietela, nahiz eta ez gustatu. Neska-mutilek badakite edozein haurrek, neska ala mutila izan, edozein kirol egin dezakeela, nahiz eta gero baleta egiten duen mutilaz trufatu. Leire Ercilla hezitzaileak Hezkidetza Egitasmoa garatzen du Ondarroako ikastetxeetan eta ederki ikusi du haurrak politikoki zuzenak direla: “Borobilean eseri, haiekin hitz egiten hasi eta oso korrektoak dira berdintasunaren ikuspegitik. 6 urtegaz ere bai. Baina berba egiteari utzi, olgetan hasi eta berehala ateratzen dira kontuak: ‘Nik ez dut inoiz negarrik egiten!’, esango du adibidez mutilak”.
Mari Tere Kaltzakorta ikastetxeko zuzendariak oso gogoan duen ariketa kontatu digu: 11-12 urteko haurrek paperean idatzi behar zuten haien etxean etxeko lanak nork egiten zituen eta jarduera bakoitza egiteko zenbat denbora behar zen. Kaltzakorta zirikatzaile aritu zen eta neska-mutilei kaotikoa egin zitzaien ariketa: “Gosaria prest duzu, ama zu baino zenbat arinago jaiki da prestatzeko? Arropak zergatik dauzkazu prest? Gosariko esnea nola iritsi da hozkailura? Aizu! Baina eguneko ordu guztiak bete dizkiezu gurasoei eta lotarako tarterik ez dute hartu! Eman dezagun orain, zure anaia txikia gaixotu dela eta norbaitek zaindu behar duela...”. Kontu ugari utzi zuen agerian ariketak, etxeko lan gehienak amak egiten zituela noski, baina gauza gehiago ere bai: “Etxeko lanen pisuaz ez ziren jabetzen. Nola akordatuko dira ia dena amak egiten duen ala ez, etxeko lan ikaragarriaz ohartzen ez badira?”. Hori bai, ardura gutxiko ageri ziren mutilak zein neskak, ez zegoen diferentziarik.
Zenbat eta ikasle gazteagoak, orduan eta zailagoa genero desberdintasunak antzematea, hala uste du behintzat Ercillak: “Haur Hezkuntzako irakasleek esaten zidaten adin horietan neska-mutilen arteko desberdintasunak ez direla geroago diren bezain nabariak. Egia, baina Haur Hezkuntzako irakasle batzuek erresistentzia asko dituzte eta esango dizute: ‘Guk berdin tratatzen ditugu neskak eta mutilak’. Adin horietan gaitzagoa da desberdintasunak hautematea, rolak ez daude hain zehaztuta. 2-3 urtegaz azazkalak margotzen zaizkie denei eta ez da ezer gertatzen. 6 urtegaz ez zaizkie margotzen edo ebakitzen da bide hori”. Kaltzakortak segi dio: “Umea bada bai, baina ez duzu imajinatzen 12 urteko mutila azazkalak pintatuta, eta ez dauka zertan hala izan”. Kaltzakorta, Ercilla eta Anakabe ados dira genero berdintasuna lortu dugunaren ustea oso barneratuta daukagula eta neska-mutilen artean dauden eta egiten diren desberdintasunak antzematea zail egiten zaie. Leire Ercillak betaurreko moreak erabili beharra aipatu du eta Kaltzakortak gehitu du kolore horretako betaurrekoak batzuetan baino ezin direla lortu, ez daudela dendetan salgai, ez baitaude modan. Genero berdintasuna ikastetxean lantzea ez da matematika erakustea. Galdera tentela egin diegu mahai-inguruko hirurei: berdintasuneko unitate didaktikoak irakatsiko dituzten irakasleek genero berdintasun kontzientzia beharko dute izan, ezta? Ercillak erantzun digu: “Gaitza da, zeren zure egunerokotasuna aztertzera behartzen zaitu, zure bizitza begiratu behar duzu, gai hau ez baita eskolaren arazoa, familiakoa, kalekoa... Denona da. Kaltzakortak jertsearen adibidea jarri digu: “Ez da jantzi eta kendu egiten den jertse bat, azalean sartu behar da. Horrekin bizi behar duzu, eta ez dauka ez hasierarik ezta amaierarik ere. Horregatik, martxoaren 8a eta azaroaren 25a aldarrikapen egun garrantzitsuak dira eta zerbait berezia egingo dugu, baina badakigu egun puntualak baino ez direla”.
Haur txikiak izanik ere, genero ikuspegitik "markatuta" al doaz gelara, alegia, neskek nesken rolak betetzen dituzte eta mutilek mutilenak?
Haur-eskolara 4 hilabeterekin joaten hasten den haurrak generoa oraindik ez du oso markatua edo ikasia. Baina jaiotzetik eta jaio aurretik ere, hasten gara ingurukoak haurrari neska edo mutil kategoria eman eta horren arabera, haiekin jarrera bat edo beste izaten, hau da, sexuaren araberako rolak proiektatzen. Mutiletaz mugituagoak, zakarragoak, astokiloagoak izatea espero da askotan; nesketaz ordea lasaiagoak, zintzoagoak, txukunagoak izatea. Aurreiritzi horiek eragin handia dute gure jarreretan eta beraz, haurrengan. Horri gainera, jendarte sexistak neska eta mutilentzako prestatuak dituen ipuin, jostailu eta abarrak gehituz gero, bada bai, haurrek rol sexistak dezente eta bizkor bereganatzen dituzte eta geletan nabaritzen da.
Igartzen al da zein etxetan duten jorratuagoa berdintasunaren gaia eta zeinetan jarraitzen duten eredu tradizionalagoa?
Gertatu zait 3 urteko gelaren batean mutil batek bere mantala ez eduki, tenpera egiteko nik beste haur baten mantala arrosa eskaini eta honek, koloreagatik soilik, jarri nahi ez izatea. 5 urteko gelan mutil batek Olentzerori margoak eta panpina eskatuko zizkiola esan eta askok barre egin zioten. “Nesken eta mutilen jolasak daude”, hala esan zidaten. Presio sozial handia dago, baina gurasoek garrantzi handia dute haurren hezkuntzan eta berdintasunean hezten badituzte halako gauzak gutxiagotan gertatuko dira eta rol estuetatik haragoko pertsonak garatu daitezke.
Irakasleak prestatuta eta kontzientziatuta al daude haurrak berdintasunean hezteko?
Hezkidetza irakasle askok entzuna izango duten gaia da, curriculumetan jasotzen dena, zenbait ikastaro eta tailerretan lantzen dena. Badu nolabaiteko oihartzuna… baina orokorrean beste helburu batzuk lehenesten dira eta hezkidetzari ez zaio behar besteko garrantzia ematen. Ez ditut irakasleak berdintasunarekiko oso kontzientziatuak ikusi, badirudi aspaldi lortu zen erronka zela eta dagoeneko oso ondo bizi garela. Are gehiago, askotan entzun ditut “mutil-mutila da”, “neskak sorginagoak dira” eta halako komentarioak.
Irakasle izan zaren tokietan zein programa, baliabide edo modu erabili dituzue berdintasuna lantzeko?
Haur Hezkuntzako ordezkapenak egiten nabilen 4. ikasturtea da hau eta oraingoz, ez dut ikusi hezkidetza programa edo baliabide zehatzen bidez lantzen denik. Lanketa irakasleen kontzientzia, iniziatiba eta denboraren araberakoa izan da. Orokorrean hausnarketarako eta planteamendu berriak egiteko tarte gutxi dago, eta batzuetan, sexistak diren elementuak aldatzeko proposamenekiko erresistentzia dago. Beste batzuetan, gauza gehiegi aldatu behar direla (esate baterako hainbat material pedagogikoren euskarriak, hala nola ipuinak eta abestien letrak) eta nondik hasi ere ez jakitearen sentsazioa eduki dut. Horretarako talde lana eta hausnarketa kolektiboa beharrezkoak dira.
Ikastetxeetan genero desberdintasunak hor dirau.
Agerikoa da. Baina eskolak ez dira mundutik apartekoak. Kalera bazoaz, aurpegian begiak baldin badituzu eta sentsibilitatea, ikusiko duzu desberdintasun nabarmenak daudela. Beraz, eskolak patxadaz eta lotsagabekeriaz erreproduzitzen ditu horiek.
Irakasleak eta gurasoak jabetzen al dira hortaz?
Ez. Hori da generoak daukan botere izugarria.
Orain, sikiera politikoki zuzenak gara. Zerbait aurreratuko genuen, ezta?
Asko. Franco hil zenetik, genero ikuspegitik, gizartea ikaragarri aldatu da. Baina berdintasunaz hitz egingo al dugu? Ez! Gizartean politikoki zuzenak garela? Eskolan ere bai. Gizartean ez garela konturatzen egiten dugunaz? Eskolan ere ez. Borondate txarrez egiten al dugu? Ez, ideologia kontuengatik egiten dugu. Alegia, nik uste dut munduak horrelakoa izan behar duela, beraz, horrela begiratzen dut eta horrela eraikitzen dut.
Ezkor ari zara…
Ez, ni ez naiz ezkorra. Hau dena ikusten baldin baduzu, aldatzeko gaitasuna baduzu.
Beraz, lana dago.
Ikusarazten. Ikusten hain errazak ez diren biolentziek kezkatzen naute. Adibidez, eskolan dira haurrak uniformearekin, neskak tolesturadun gonekin, mutilak tergalezko galtza oso politekin. Hor ez dago biolentziarik, ezta? Azter dezagun: atera da haurra jolastokira eta zuhaitzera igo da, zer gertatzen da batek gonatxoa badarama eta besteak galtzak? Bati kuleroak ikusten zaizkio eta besteari ez. Beraz, neskari esango diogu: “Ez igo, egon geldirik!”.
Berdintasuna, programa solteka baino, ikastetxe osoan zeharka landu beharreko gaia al da?
Generoa ez da transbertsala, oinarria da. Zera esan nahi dut: ezin ditut Haur Hezkuntzako politikak egin, badakizu zergatik? Ez dagoelako haurrik, neskatilak eta mutikoak dauzkagu. Beraz, politikak egin beharko ditugu markatuta dauden neskei marka hori kentzeko eta berdin mutilekin. Politika neutroak ezin ditut egin, ez daukat elementu neutrorik-eta. Hezkidetza tailerrak egitearen aurka nago. Adabakiak dira. Irakasleak behartzen dituzu kontsumo-osasun-bake-sexu hezkuntza egitera eta nekatuta daude irakurtzen eta idazten eta batuketak eta kenketak egiten irakasteko.
Nola egingo zenuke orduan?
Ikasgaiak patriarkatuaren betaurrekoak kenduta irakastearen alde nago. Ez naiz ari esaten genero ikuspegia daukaten betaurrekoak jantzi behar ditugunik, zeren errealitateak badauka generoa. Patriarkatuaren betaurrekoak kentzea da kontua eta ikusiko duguna ikaragarria izango da. Ikasgai askok genero zama transmititzen dute eta hori kentzen saiatu behar dugu.
Esate baterako...
Gorputz heziketa. Neskei ez zaie asko gustatzen. Noski, ikasgai oso maskulinoa da, dantza, koreografia, soka gutxi egiten da. Lehen Hezkuntzako 4. mailan hula hoopeko azterketa jarri dut, futbolaz azterketa egin dezakedan bezala. Mutilekin indarra, abiadura eta erresistentzia lotzen ditugu eta neskekin koordinazioa, malgutasuna eta abilezia. Kontua da ikasturtean zehar curriculum orekatua egitea, ikuspegi maskulinotik eraikita baitago. Beste adibide bat: historiak kontatzen digu nolako aldaketa izan duen gure gizarteak Erdi Arotik gaurdaino. Zergatik ez dugu galdetzen ea zenbateraino aldatu den 1401. urtean Pirinioetan bizi zen emakumearen bizimodua eta 1901. urtekoarena? Beldur naiz ez ote genukeen esan beharko Pirinioetako emakumeak berdin-berdin jarraitu zuela mendez mende. Aldaketa sozialak izan dira, baina batzuentzat. Ikasgaiak birpentsatu behar ditugu, patriarkalak dira.
Beraz, berdintasunetik urrun gabiltza.
Ikastetxeetan egindako guraso bileretan, gizonei batetik eta emakumeei bestetik, aulkitik altxatzeko eskatzen diet. Behin, 67 emakume eta gizon bakarra zeuden, eta esan nien: nork esan du berdintasuna lortu dugula? Zer gertatu da? Jendeak uste du berdintasunean bizi garela lege berak ditugulako. Gazteek berdintasunean sinesten dute, baina mundu matxistan hezita daudenez, matxismoa erreproduzitzen dute eta normala iruditzen zaie. Horrela, neskak putak bailiran jantzita doaz institutura eta mutilak matxiruloarena egiten dabiltza, arrakasta izateko modu bakarra delako. Adibidez, eskola porrota askoz maskulinoagoa da eta inori ez zaio axola, mutilak gaizki portatzea normaltzat hartzen delako. Mutilen eskola porrotak ez zaitu arduratzen, baina panpinarekin jolasteak bai? Zu arraroa zara! Bi mutil ostiaka aritzeak ez zaitu kezkatzen, baina elkar musukatzeak bai? Hor zerbait arraroa dago!
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Egin berri dira Euskal Herriko Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministak, azaroaren 16an, Laudion. Trantsizio feminista dimentsio guztietan lelopean 500 feminista elkartu ziren. Egun osoz amets egin zuten, utopiak lortzeko bidea marrazteko eta mugimenduko kideak ilusioz betetzeko.
Sexologian eta zoru pelbikoan aditua den Juncal Alzugaray Zurimendi fisioak zenbait gako eman ditu klimaterioa eta menopausia hobeto ulertzeko.
Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]
2023ko abuztuaren 4an atxilotu zuten etxean Teherango Inteligentzia Ministerioko agenteek. Desagerrarazi eta gero, fisikoki nahiz psikologikoki torturatu zuten Evingo espetxean. Orain heriotza-zigorra ezarri diote, eta espetxekideek haren aldeko defentsa eskutitza argitaratu... [+]
Igeriketa, patinetean ibiltzea eta irakurtzea gustuko ditu Leire Manzanares Etxeberriak (Donostia, 2005). Garapenaren nahasmendua dauka eta Zereginak Ikasteko Gelan (ZIG) dago. Gurasoekin batera informazioa bilatzen aritu da ikasten jarraitzeko aukerak aztertzeko, baina oztopoz... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Garbiñe Larreak Kosmetikoak sendabelarrekin liburua aurkeztu du azaroaren 7an Donostian. Azala, ilea eta gorputzeko hainbat atal garbitzeko eta zaintzeko behar ditugun produktuak guk geuk egiteko argibide eta informazio osoa ematen du liburuak. Auzi hau ez da azalekoa,... [+]
Baionan Loverdose eta Atharratzen Bekat’uros egin den bezala, Oztibarren (Nafarroa Beherea) Debrien Figurak feminismoaren eta transfeminismoaren inguruan antolatutako egunak arrakasta izan du.
Urriaren 24tik Espainiako Estatuko hedabide guztietako lerroburuak eman dizkiote Iñigo Errejóni, eta maiztu arte erabili dute haren izena, ezker-eskuin. Gutxitan ikusten den zarata mediatikoa lortu du, eta badirudi oihartzunak luze jarraituko duela. Orain... [+]
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Artea eta zientzia elkarrengandik oso urrun egon daitezkeela dirudien arren, biak gustuko ditu Maider Mimi (Maider Triviño) zientzialari eta artistak (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1997). Ikerkuntzan, antzerkian, musikan, bakarrizketetan, poesian eta beste gauza askotan dabil... [+]
91 urte zituela, urriaren 27an hil da Heletan jaio eta Baionan bizi zen militante feminista, abertzalea eta ekologista. Ehorzketa urriaren 30ean izango da Heletako elizan.
Seme-alabari lehenengo abizena amarena jartzea baimentzen du legeak Hego Euskal Herrian, duela urte batzuetatik, baina sozialki oraindik urrun dago parekidetasuna. Tradizio patriarkalak, inertziak, aitak (eta haren familiak) gaizki hartzeak, baita ofentsatzat ere… pisua... [+]