Ez bakarrik polizia eta jendarmeak, Frantzian segurtasunik eza salatzen duten jendeak oro dabiltza asaldatuta: Didier Fassin soziologoak La force de l’ordre ikerketa liburuarekin erakutsi du gaizkileak harrapatzen berezitutako poliziak okerreko taktikekin tematzen direla, azkenean beraiek direlarik auzoetako istilu askoren eragile.
La force de l’ordre liburuaz L’Express astekariko F. Prevelek idatzi du: “Kontuz, liburu honek lehergai nuklearra darama. 2005etik 2007ra Didier Fassin soziologoak lan egin du poliziako BAC Brigade Anti-Criminelle ekipo bati jarraituz, Parisko aldirietako auzune batean. Gure usteak ustel uzten dituzten ondorioak atera ditu. Ez, bada, auzune horietako segurtasun falta ez omen da hain larria. Ez, indar erakusketek ez ei dute hobetzen ordena pubikoa”.
Telebista publiko frantsesean urriaren 25eko gauean Ce soir (ou jamais) saio arrakastatsua ikusi zutenak izan ziren lekuko: Fassinen iritziak errespetu handiz hartuak dira.
Frédéric Taddeik aurkeztu zuen antropologo eta soziologoa, Princeton-en irakasle dena, La Force de l’ordre, une anthropologie de la police des quartiers liburuaren egilea. “Fassinek jakin nahi zuen nortzuk ziren BACeko poliziok. Bere ustez, bihurtu dira ‘politika segurtasunzalearen beso armatua’, agintearen komunikazio beharrak ‘fakturazio helburuak betez’ asetzen dituztenak. Poliziak salatzea baino gehiago liburuarekin erakutsi du zein egoera sozial eta politikok sortu duten ‘salbuespen egoera txiki hau’, erakutsiz injustice ordinaire deitzen zaion hori nora erabiltzen den auzoetan”.
Antropologo eta soziologoz gain mediku ere baden Fassinek bi dozena liburu argitaratuak ditu, horietako asko antropologia eta osasunari buruzkoak, baina baita osasun sistema eta politika lotzen dituztenak ere. Telebistako emankizunean aurrez aurre Alain Bauer kriminologoa eduki zuen, Frantziako ospetsuenetakoa, Sarkozyrekin eta aurretik Chevenementekin Barne ministroaren aholkulari izana segurtasun aferetan. Bauerrek berak xehetasun batean besterik ez zion azaldu ezadostasuna Fassini. Behar bada Fassin hizketan gizon gozo eta moderatua delako, baina funtsean, Bauerrek aitortu zuenez, La force de l’ordre oso ikerlan on baten emaitza delako.
Ce soir (ou jamais) programaren webgunean ikusgai dago egun hartakoa. Aldiz, paperean, Le Nouvel Observateur astekarian Elsa Vigoureuxek egin elkarrizketa plazaratu zuten irail erdialdean, lerroburu adierazkorrokin: Des policiers dans la “jungle urbaine”, euskaraz librean “Poliziak kaleetako oihanean” eman lezakeena. Dena mami.
Azken hamarkada hauetan, esplikatu du Didier Fassinek, auzoguneetako polizia joan da antolatzen Frantzian, eta honen barruan BAC famatua. Mundu osoan bezala hemen ere poliziak jo du jende ahulenetan zentratzera –zehazkiago Iparraldekoek esango dute ziblatzera eta Hegoaldekoek zebatzera–, lan egiteko metodo bereziak garatuko dituzte, paramilitar gisakoak, legalitatetik kanpo daudenak, sortuz salbuespen egoera txikiak han eta hemen. “Frantzian polizia nazionala ez dago herritarren zerbitzuan baizik eta Estatuarenean, nahiz eta honek neutraltasunaren bermatzaile beharko lukeen”.
Fassinek egin ikerketa munduko beste leku batzuetan ohikoa omen da, baina Frantzian orain arte ez. Hemen, Espainian? Antropologo bat gure arteko Guardia Zibil, Polizia Nazional eta Ertzainen artean patruilatzen –zer esanik ez komisarietan muturra sartzen– eta bukaeran liburu bat argitaratu eta telebistan luze-zabal azaltzen... ez dute ikusiko zure begiek.
Auzo gatazkatsuetara bidaltzen dituzten polizia gazteak herri txikietan haziak izan dira, ez dute hiri handietako barrioen ezagutzarik. Poliziaren eskolan ere oihan arriskutsutzat erakutsi dizkiete parajeok, jende basatiz beteak, ezin omen da haietan bereizi zein den jatorra eta zein delinkuentea.
Ondoren, graduak eta armak harturik, heldu dira infernura “lapurrak eta gaiztaginak harrapatzera”... baina lapurrak falta! Bazabiltza patruilan kriminal bandak harrapatu parafernalia osoarekin eta gau osoan ia inork ez du telefonatzen, ez da deus gertatzen.
Fassinek azaltzen duenez, estatistikek garbi diote kriminalitatea jaitsi egin dela; gaiztakeria txikiak dira usuenik gertatzen eta horien egileak gutxitan harrapatzen dira bitxiak edo sakelakoak eskuetan. Alabaina, ordenaren zaintzaileoi presa sartzen zaie goitik: Fassinek dioen bezala negozioekin alderatuz, “fakturatu beharra daukate”. Helburuak bete. Atxilotu, alegia.
Arrestatuen zerrenda luzatzeko poliziek jotzen dute eskueran daukatena harrapatzera, hots, paperik gabekoak, shiteux jendea (kalamu erretzaileak, porreroak), eta abar. Paperik gabe dabiltzan atzerritarrak arrestatzea erraza da, aski da haien itxurari erreparatzea, metroan, kale bazterretan, errepidean. Drogazaleak zakuratzeko, berriz, badakizu zer egin: periferiako auzuneetara joan, gazte edo susmagarriak gelditu eta haien jantzietan miatu.
Dudarik gabe poliziek nahiago lukete dealerrak harrapatzea, gamelu edo mandoak alegia, baina horiek narkotikoetako polizien negozioa dira. Eta paperak eskatu honi eta katxeo gogor samarra egin hari, giroa garraztuz doa kartieletan. “Putakumeok ez gaituzte askorik maite” esango dute zakurrak deitzen dietenaz.
Atxilotuetako gehienak gero epaileek karrikara bidaliko dituzte berriz. Poliziak ez daude pozik jujeekin: “Bigunegiak direla uste dute –dio Fassinek– nahiz eta egitateek alderantzizkoa erakutsi. Eta poliziek justizia beren eskuz egiteko joera dute. Gazteen gain nortasun kontrol ilegalak egiten dituzte, hauek umiliaraziz. Edo talde batean atxiloketa arbitrarioak burutuz. Haiek diotenez, ‘bizia izorratzeko’ –pourrir la vie– helburuarekin. Jendeok, ondorioz, zigor bikoitza nozituko dute, epaileena eta poliziena”.
La force de l’ordre liburuan, antza denez, antropologoak kontatzen ditu bere seme-alabei gertatutakoak ere, nola afrikar jatorriko lagunak jipoitu zituzten BACeko agenteek. Baina gertatzen da normalean populazioaren zati batek baizik ez duela bizi horrelako giroa inguruan, gainerakoek ez dute ikusten. “Errealitate hau ez ezagutzea bidegabekeriak ezkutatzea da”, dio Fassinek.
Azkenean azken hamarkadotan ordenaren zaintzaileek eta politikoek gerraren iruditeria oso bat antolatu dute: etxe barruko etsaiak, zigor erasoak pertsona bakar baten ekintza kastigatzeko, teknologia militarraren erabilera liskarretan, eta abar.
Ordainetan, auzune askotako biztanleak biktima sentitzen dira. “Gazte bat hiltzen delarik poliziaren kotxe batek zanpatuta edo komisaria baten barruan, matxinada gogoa piztu daiteke. Horrela sortzen dira istiluak. Alde batetik batzuen gerrako iruditeria. Bestetik besteen matxinatzeko gogoa”.
Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]
Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.