Beharrezkoak bai, baina bada zer hobetu

  • Krisi ekonomikoa langabeen zakua puzten eta lan-baldintzak eskasten ari dela, hainbatek funtzionarioak hartu ditu jomugan: guztion diruak ordaindutako soldatak dituzten langile horien produktibitatea zergatik da baxuagoa? Zergatik ez dute kontrolik baina bai bizi guztirako lanpostu finkoa? Zenbat dira, zenbat kobratzen dute? Funtzio publikoaren benetako dimentsioari egin diogu errepasoa, hobetu beharrekoan arreta jarriz.

Oposaketetako hainbat proba diseinatuta dauden moduan, berdin izango litzateke azterketa egitea edo funtzionarioa zozketa bidez aukeratzea, Francisco Longoren iritziz. Ana Herrero funtzionarioarentzat aldiz, kualifikatutako jendea hautatzeko sistema egoki
Oposaketetako hainbat proba diseinatuta dauden moduan, berdin izango litzateke azterketa egitea edo funtzionarioa zozketa bidez aukeratzea, Francisco Longoren iritziz. Ana Herrero funtzionarioarentzat aldiz, kualifikatutako jendea hautatzeko sistema egokia dira oposaketak. Irudian, Osakidetzarako probak, BECen.Luis Jauregialtzo / Argazki Press
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Funtzionario sare sendoa izatea ezinbestekoa da gizarteak aurrera egin dezan, balio garrantzitsuak defendatzeko jaio baitzen: segurtasun juridikoa, egonkortasuna, administrazioaren inpartzialtasuna… Pribatizaziorako joera nabarmena bizi dugu hezkuntza eta osasuna bezalako funtsezko eremuetan eta horregatik da beharrezkoa etekin ekonomikoa helburu ez duten zerbitzu unibertsalak mantentzea. “Erakunde bezala, funtzio publikoak administrazio profesionala ahalbidetzen dio gizarteari, interes partikularren menpe ez dagoena, aldian aldiko gobernuak manipulatuko ez duena. Baina horrexegatik, profesionaltasun hori bermatzeko moduan egon behar du antolatua”, diosku Francisco Longo Bartzelonako Ramon Llul Unibertsitateko irakasleak. Kudeaketa publikoan aditu, Eusko Jaurlaritzako aholkulari lanak egin ditu Longok eta funtzionarioak profesionalak eta independenteak izateaz gain, eraginkorrak izan behar dutela dio, ziurtatuz ahalik eta emaitza onenak lortzen ahalegintzen direla. Horrela al da? Aztertu dezagun hasieratik.

Oposaketekin abiatzen da dena. Azterketak aukera berdintasuna bermatzen du herritar guztientzat, baina etsamina gainditu edo hainbat merezimendu formal lortu dituenak ez du zertan lanpostu horretarako egokiena izan, Longoren ustez: “Hautaketan neutraltasuna eta berdintasuna bermatzea bada helburua, merkeagoa da zozketa bidez egitea, batzuetan probak diseinatuta dauden moduan berdin izango litzatekeelako azterketa egitea edo zozketa bidez aukeratzea”. Ez du berdin pentsatzen Ana Herrerok, funtzionarioen sindikatuko Gipuzkoako ordezkariak. Bere hitzetan, oposaketek alderdi asko hartzen dituzte kontuan, ez bakarrik jakintza maila: “Hezkuntza arloan, esaterako, probak teorikoak eta praktikoak egiten dira, ahozko aurkezpena tribunal baten aurrean, klasea ematen egongo bazina bezala… eta aukeratzen dituztenak kualifikatuta daude dagozkien lanpostuetarako”. Aldiz, Pablo Crespo funtzionarioak onartu digu hutsuneak ikusten dizkiola hautaketa sistemari eta kasu batzuetan edukien mesedetan giza-baliabideen saila desagertu egiten dela, ez dela behar bezala baloratzen kudeaketarako edo nagusi izateko ahalmena.

Praktika gehiago, elkarrizketak, simulazioak, proba psikometrikoak… barneratu behar direla argi du Longok, onenak fitxatu nahi dituzten enpresek egiten duten gisan. Hainbat herrialdetan, meritu sistema izan arren, oinarria ez da ‘nola’ hautatu, ‘zeinek’ hautatu baizik. “Gure hautatzaileak funtzionario eta politikariak dira; gai batzuei buruz jakin dezakete, baina hautaketaz ezer ez. Sortuko bagenitu organo profesional eta independenteak, lortuko genuke metodoak egokitzea”, azaldu du Bartzelonako irakasleak.

Produktibitatearen kontrola

Dirutan, enpresa pribatuak baino produktibitate txikiagoa du publikoak, eta akaso ez zaio horri begiratu behar, etekin ekonomikoa ez baita xedea, baina bai langile publikoek ahalik eta eraginkorren jokatzea. Horretarako, kontrol sistemak ezarriko dituztela adierazi dute hainbat gobernuk, baina egon badago jada diziplina-erregimena, falta tipifikatuak barne. Ez dela aplikatzen, horra arazoa, funtzionarioen beraien esanetan. “Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutua garatu beharko litzateke, besteak beste helburuetan oinarritutako produktibitate sistema jasotzen duelako eta hortaz irizpide objektiboak ezarri ditzakeelako, baina zehaztea eta arautzea falta da”, kexu da Ana Herrero. Horren ordez, zuzendaritzatik sarri nahierara banatzen omen da lana eta soldata, neurgarri ez diren irizpideen arabera, eta ondokoak –edo ondoko departamentuak– baino lan gehiago egin eta gutxiago kobratzen duena erre egiten da azkenean. “Ondo ari dena saritu beharko lukete eta gaizki ari dena zigortu, baina ez da hala egiten, eta motibazioa galtzera eraman dezake. Gipuzkoako Ordezkariordetzan, esaterako, soldaten banaketari buruzko informazioa eskatu dugu eta uko egin digute, sekretupean mantentzen dute ez dagoelako irizpide objektiborik; auzitan gaude”, gaineratu du Pablo Crespok.

Finean, sarri guztiaren atzean zuzendaritzaren gaitasun eza dagoela uste dute bi funtzionario hauek. Nagusi karguetarako, kolore politikoagatik, laguntasunagatik edo apetaz aukeratutako izen asko dagoela diote, eta jende horrek gutxitu egiten duela funtzionarioen eraginkortasuna, irudi txarra ematen diela. “Krisiarekin, iaz apenas eskaini zen plaza berririk funtzionario izateko, baina kurioski, izendapen askeko karguek %30 egin zuten gora aurreko urtearekiko. Beraz, krisiari aurre egiteko modua oso erlatiboa da, funtzionarioen soldatak baxuak diren bitartean zuzendaritzakoenak garestiagoak direlako. Piramidea estutu egiten dute behealdean, eta goialdean puztu”, dio Crespok.

Enplegu publikoan zuzendaritza profesionalizatu beharraz ere mintzo da Longo, zuzendari onak ez dauden lekuan ez dagoelako langileen kudeaketa onik. “Burokratizatua dagoen esparrua da, iruditzen zaigulako edozein funtzionariok balio duela nagusi izateko edo, are okerrago, alderdi politikoek kolonizatuta dago zuzendaritza”. Praktika malguagoak premiazko ikusten ditu alor guztietan: hautaketa konpetentziengatik egitea, ez soilik proba memoristikoen bidez; lanak malgu diseinatzea; mugikortasun funtzional eta geografikoa erraztea; pizgarriak ematea errendimendu onari… eta egindako lana ebaluatzea. “Ebaluazioa oso garrantzitsua da, baina ez kontrolatzeko edo zigortzeko, baizik errendimendua hobetzeko. Ebaluatu gabeko lana orokorrean indarra galtzera jotzen duen lana da eta enplegu publikoko sektore askotan ez da inongo ebaluaziorik egiten. Irakasleak bere lana hobetu dezan, adibidez, aztertu beharko lirateke bere ikasleen emaitzak, irakasleak berak egin duen ibilbidea, familiekin duen harremana, prozedurak berritu al dituen…”.

Antzeko erreformei heldu diete Europa Iparraldeko herrialde ugarik: helburuen araberako ordainketa sustatu eta leku batetik besterako langileen mugikortasuna erraztu du Alemaniak, sektore publikoaren eta pribatuaren baldintzak berdintzera egin du Holandak, 200 proiektu zehatz jarri ditu martxan Finlandiak, kontratazio sistema aldatu du Irlandak… Kasuan kasu ikusi beharko litzateke, hori bai, erreformaren eta malgutasunaren izenean zein neurritan izan diren ondorio murrizketa eta lan-baldintza kaskarrak. Gurean, oso antzekoak dira Frantzia eta Espainiako estatuetako funtzionariotza ereduak. Europar Batasunarekin konparatuta, Espainiako Estatuan sektore publikoko langileek batez bestekoa baino zertxobait gehiago kobratzen dute eta ordu gutxiago ematen dituzte lanean, baina arazoa kalitatean dago, Francisco Longoren aburuz: “Plazen gehiengo handia gutxi kualifikatutako lanak dira. Muskulu handiko baina inteligentzia gutxiko administrazioa daukagu. Eta horrek ere produktibitatearen gainbehera dakar”.

Eusko Jaurlaritzak berak agindutako ikerketa batek ere ezbaian jarri du sektore publikoaren eraginkortasuna. Txosten horren arabera, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek eskaintzen dituzten zerbitzuak bikoiztu egiten dira askotan, alferrikako lana errepikatuz eta zerbitzuetan zailtasunak gaineratuz edo atzerapenak eraginez. Alegia, administrazio publikoko egiturek beraien artean talka egiten dutela eta ondorioz 403 milioi eurotik gorako gastu soberakoa dagoela dio txostenak.

Betiko

Historikoki, osasun demokratikoaren isla gisa jaio zen bizi guztirako lanpostua, garaian garaiko agintariek jendea nahierara alda ez zezaten. Haatik, alderdikeria ez dela guztiz saihesten dio Herrerok, zuzendari asko izendapen askeko karguak direlako. Gainerakoan, funtzionarioen postua betiko izatea egoki iruditzen zaio, profesionaltasuna dakarrelako, hasierako kualifikazioari esperientziak espezializazioa gehitzen diolako. Hala ere, Ana Herrerok gogoratu du Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuak jasotzen duela funtzionarioa kanporatzeko aukera, hiru falta larri eginez gero. Kontua da estatutua ez dela aplikatzen, arestian aipatu bezala.
Longorentzat, funtzio publikoa egonkor izatea ez da arazoa, egonkor kontzeptuak bizi guztirako esan nahi duela pentsatzea baizik: “Kataluniako Enplegu Zerbitzuan 1.800 bat langile ari dira oraintxe bertan, duela bost urteko kopuru bera, baina duela bost urte enplegu beteko egoera genuen. Horrek zer esan nahi du? Egoera dena delakoa ere, postuak mantendu egiten direla testuingurua kontuan hartu gabe, egonkortasunaren ikuspegi zurrunegiaren ondorio. Lan egonkorra izan dezakezu, baina ingurumariaren arabera lan hori beharrezkoa ez denean, ezin zaio eutsi”.

Gehiegi?

Datuek diote zortzi biztanletik bat langile publikoa dela Hego Euskal Herrian. Funtzionario kopuruari dagokionez, Europar Batasunak 2008ko datuekin kaleratutako txostenaren arabera, erdialdean geundeke. Gailurrean, Suedia (biztanleriaren %12,36 da funtzionario), Finlandia (%10,60) eta Letonia (%10,50) daude, tartean Frantziako (%8) eta Espainiako (%5,56) estatuak, Italia (%5,77) edota Alemania (%5,47), eta funtzionario gutxien dituztenak Txekiar Errepublika (biztanleriaren %0,93), Errumania (%0,78) eta Eslovakia (%0,74) dira. Kopurua baino, Longori joera egiten zaio kezkagarri. Europan oro har funtzionarioak gutxitzen ari direla dio, baina Espainiako Estatuan izugarri igo direla eta bide horri eusten zaiola.

Aldiz, Suedia eta Finlandia maiz eredu direla aintzat hartuta, hoberen antolatuta dauden gizarteak funtzionario gehien dituztenak direla azpimarratu du Herrerok: “Funtzionaritza sendoa izatea zerbitzu hobeen seinale da; ongizatearen estatuak jende espezializatua eskatzen du, hezkuntza ona eskaintzeko, osasun zerbitzu onak, behar bezalako harrera…”. Horregatik, funtzionario gehiago behar direla uste du Crespok, jendeak pentsa dezakeelako gehitxo ez ote dauden, baina gero justizia geldi doalako kexatzen dira. “Baliabideak ez dira nahikoa eta konponbidea ez da daudenei lan eskerga ematea, langile gehiago hartzea baizik”. Hain zuzen, hezkuntzan eta ospitaleetan funtzionario ez diren langile publikoen murrizketengatik –batik bat ordezkoena– gainerakoak lanez gainezka daudela kritikatu dute sektore publikoan. Frantziako Estatuan, esaterako, 30.400 langile publiko kaleratzeko asmoa iragarri du Nicolas Sarkozyk, iazko eta aurtengo ikasturteetan EAEn guztira Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 1.400 irakasle galdu dituztela salatu dute sindikatuek eta Nafarroan, artaziak gogor sartzeaz gain, berriki bertan behera utzi dituzte osasun arloko hainbat plazatarako oposaketak.

Soldatetan ere izan da murrizketarik Hego Euskal Herrian: 1.000 euro baino gehiago kobratzen dutenei, soldataren %5etik %15era bitarteko jaitsiera. Funtzionario soldataren batez bestekoa egiteak ez du zentzu handirik, lanpostu adina lansari baitaude; maila altuenak hezkuntza eta osasun arlokoak dira –funtzionario kopuru handiena ere eremu horietan biltzen da–. Haserre daude Crespo eta Herrero funtzionarioak, maila baxukoei min egin dielako soldata jaitsierak, krisia bukatzean %5 hori ez dutela berreskuratuko uste dutelako, “gehienez barne-produktu gordina igoko digute”, eta lan-hitzarmenak eta legeak bidegabe hautsi direla iruditzen zaielako. “Politikariek erabili egiten gaituzte –salatu du Ana Herrerok–, funtzionarioen soldatak murrizten dituzte herritarrak ikus dezan norberarengandik hasten direla, baina ez da egia, funtzionariootatik hasten dira, baina ez nagusietatik, zuzendarietatik, izendapen askeko karguetatik. Nahiz eta gehiago kobratu, beraien buruari ez diote soldata jaisten politikariek, eta jendeak beharbada ez du argi zein den funtzionario eta zein ez. Bada, politikariak ez dira funtzionario”.

Fama txarreko beharginak

Sarri kafe makinaren aurrean irudikatzen dituzte langile publikoak egunkarietako komiki-bandetan. Estereotipoak dio alferrak direla, sekulako pagotxa dutela ordutegi eta lan-baldintzekin eta opor luzeez goza dezaketela. Datu objektiboetan, lan-orduak ezberdinak dira lanpostuaren arabera, opor luzeak irakasleek baino ez dituzte –baita ikastetxe pribatuetako irakasleek ere– eta absentismo laborala oro har enpresa pribatuetan baino altuagoa da. Absentismoaren arrazoitzat gehiegizko erosotasuna aipatu digu Longok, zuzendariaren kudeaketa txarra, motibazioa galtzea… Arazoa, dena den, enpresa pribatuetan ikusten du Pablo Crespok, ez publikoan: lanpostua ziurtatua duzunean, ez duzu baja eskatzeko beldurrik, baina enpresa pribatuan –bereziki orain–, dagokionean ere langilea batzuetan ez da baja hartzera ausartzen, kanporatu ez dezaten.

Funtzionarioez dagoen irudia inoiz ez dela onegia izan azaldu du Crespok, baina soldatak erkatuta lehen lagun taldeko ergelak zirela eta krisi garaiotan berriz, pribilegiatu bihurtu direla, lanpostu eta soldata finkoak dauzkatelako. “Bai, baina gizartean egoera ona zenean inor ez zen gogoratzen oposaketak prestatzen pasatako denboran, urrutira egindako leku-aldaketetan… –dio Herrerok– Funtzionarioak jende profesionala dira normalean, bada garaia irudia aldatzeko”.

Francisco Longok ere, funtzionariotzarekin kritiko izan arren, garbi utzi nahi du langileak ez direla bere kezka, denetik dagoela eta ez dela zentzuzkoa besterik gabe haietaz gaizki hitz egitea, gure teilatuari harriak botatzen ariko ginateke-eta. Eredua desegoki ikusten du, sistema hobetu daitekeela baitio, aintzat onenak hartuz eta ahalik eta hoberen funtzionatuz.

Azken finean, sektore publiko osasuntsua eta eraginkorra lortzea funtsezkoa da herritarren beharrak bermatu eta pribatizazioaren mamua aldentzeko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
2025-03-04 | ARGIA
Langile bat hil da Elorrion, makina batek harrapatuta

Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.


2025-02-27 | Hala Bedi
Inko (LAB):
“Gaixotasun profesionalek, errekonozimendu gutxien daukatenek, emakume aurpegia dute”

2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.


Analisia
HELarekin, akaso

Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]


Langile bat hil da AP-15 autobidean Nafarroan, kamioi batek harrapatuta

Eguerdian gertatu da istripua, 25. kilometroan, Nafarroako Martzilla herriaren inguruan. 2025ean hil den zazpigarren lagilea da.


Langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian, batez ere emakumeen eta gazteen artean

Langabeen artean, 2.302 pertsona gehiago erregistratu dituzte urtarrilean Hego Euskal Herrian, eta horietatik 2.173 emakumeak dira, Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera.


Kontziliatzeko, haur-eskolak arratsalde eta gauez irekitzea: Espainiako ministroaren proposamenak hautsak harrotu ditu

Arratsaldez eta gauez lan egiten duen jendea dagoela argudiatuta, 0-3 urteko umeentzat 24 orduz zabalik egongo diren haur-eskolen beharra planteatu du Espainiako Enplegu ministroak. Erreakzio-katea berehalakoa izan da eta agerian utzi du nola ulertzen dugun kontziliazioa, zeren... [+]


Lan heriotzek gora egin dutela diote sindikatuek, eta datu ofizialekiko mesfidantza adierazi dute

LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldi publikoa egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostenaren  harira. Azken hamar urteetan 612 langile hil dira istripuz Euskal Herrian, 64 pasa den urtean.


Langile bat hil da Arbizun, lanean ari zela kamioi batetik karga gainera erorita

52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]


Adifek dio AHTko obretan salatutako lan-esklabotza egoerak “gezurra” direla

AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".


Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioaren alde batu dira euskal sindikatuak

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk herri ekimen legegilea aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, gutxieneko soldata propio baten alde. Lanbide arteko akordio bat lortzeko ekimen bateratuak ere iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi... [+]


2025-01-08 | ARGIA
Buruko nahasmendua dutenentzako lan aukerak eskatu dituzte Nafarroako Parlamentuan

Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.


2025-01-08 | Julene Flamarique
Urteko lehen langile hila, Alaves-Baskoniaren egoitza eraikitzeko lanetan

Beharginak Excavaciones Mendiola enpresarako ari zen lanean, Construcciones Urrutia enpresaren azpikontrata. Langilearen lehenengo eguna zen sektorean lanean.


2025-01-07 | Julene Flamarique
Itxiera mehatxua gainean dutela itzuli dira lanera Ezkirotzeko BSHko langileak, ostiraleko bileraren zain

Abenduaren 16an iragarri zuen multinazionalak Nafarroako lantegiaren itxiera. Ekoizpenari “normaltasunez” ekitea eskatu die langileei Ezkirotzeko zuzendaritzak, baina sindikatuek “ezinezkotzat” jo dute. Lan Ministerioak bilera deitu du ostiralerako... [+]


Gazteen soldata %10 igo den bitartean, prezioak %31 garestitu dira 2010etik

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.


Eguneraketa berriak daude