Gloriaren kantua da Khea Ziater taldeak etapa berrian plazaratu duen lehen lana. Alex Gerediagak zuzendu duen antzezlanean, maitasun hautsian oinarritutako istorioa topatuko du ikusleak, erreferentzia eta baliabide zinematografikoekin uztartua.
Khea Ziater antzerki taldea aspaldi sortua bada ere Gloriaren kantua izeneko lanarekin hasi du bigarren etapa. Antzezlanaren fitxa tekniko eta artistikoari erreparatuta zaleak Antzerkiola Imaginarioari loturiko izen ugari topatuko du, eta ez da kasualitatea. Alex Gerediagak azaldu digunez Bilboko Mina Espazioan sortu zen Khea ere, besteak beste pinturan, antzerkigintzan, arkitekturan eta poesian ziharduten hainbat lagunek osatua 1998an. “Mina Espazioko mugimenduari estuki lotuta sortu zen taldea, hainbat diziplina artistikoko lagunen artean. Gerora Antzerkiola Imaginarioa sortu zenean dinamika horretan sartu ginen taldekide asko”. Gerediagak azaldu digunez Antzerkiolako esperientzia sekulakoa izan da denentzat, baina 2008an konpainia krisian sartu eta beste etapa bati heldu zionean sortzen jarraitu ahal izateko eta dinamika mantentzeko berreskuratu zuten hainbat lagunek Khea proiektua. “Antzerkiolarekin proiektu berriak sortzen direnean hor egongo gara, baina Khearekin beste antzerki mota baterantz jo dugu. Antzerkiolak antropologia teatralaren bidetik abiatzen zen; Khearekin, batez ere, zinearekin lotura izan dezaketen hautuekin egin dugu lan”. Antzerkiolak 2008tik abiatutako etapa pausatuagoan sortutako Babiloniako loreak lanean ere presente dago Alex Gerediaga bera.
Gloriaren kantuan amodioa eta desamodioa dira ardatzak gaiari dagokionez, edonork bere egiteko moduko sentipenak. Funtsean maitasun istorio baten gainbehera sumatzen da antzezlanean, edo bikote harreman baten barrunbeen arakatzea. Gloria eta Takk dira antzezlaneko protagonistak, nahiz eta beraien izenak ez diren behin ere aipatzen. Euskarazko bertsioan Leire Uchak eta Na Gomesek betetzen dituzte rol nagusiak, gaztelaniazkoan Arrate Etxeberriak jokatzen du Gloriarena. “Aktoreei dagokienez historia berezia izan da antzezlan honetakoa. Arratek bete zuen hasiera batean Gloriaren rola gaztelaniaz, baina haurdun geratu zen eta Leirek hartu zuen ardura bi bertsioetan. Orain berriz, Leire dago haurdun, beraz beste dinamika batean sartuko da antzezlana”. Korrika Kulturalaren barruan estreinatu zuten pasa den martxoan euskarazko bertsioa.
Gloriaren kantuan etengabeak dira hala zineari nola musikari egindako erreferentziak. Leonard Cohen kasu, oso presente dago, une jakin batean Takk-ek I´m your manen bertsio berezi bat eskainiko du zuzenean. Jean Luc Godard-en film baten zatia ere ikus eta entzun daiteke antzezlanaren momentu batean. Dramaturgiak zineari loturiko estetikan sakontzen du, hala argiztapenean nola oholtza gaineko irudien sorreran. Gerediagak nabarmendu duenez “zineari loturik egin dugun bilaketa oso lagungarria izan zaigu antzerki naturalistan erori gabe istorio intimoa kontatzeko”.
Uchak berak sortu ditu antzezlaneko koreografiak, musika oso presente dagoen moduan bada tarterik dantzarentzat ere. “Hiru plano bereizi nahi izan genituen antzezlanean. Dantzaren bitartez maitasuna, unerik gozoenak. Bestetik, bikotearen eguneroko uneak, batez ere bien arteko elkarrizketen bidez adieraziak. Azkenik, Gloriaren bakartasun uneak, soinuekin jantziak, atmosfera ilunekin, testu intimoekin eta mikrofonoaren erabilerarekin”.
Alex Gerediagak berak zuzendu du antzezlana eta bere bizipen pertsonaletatik sortu zuen ideia. “Khea Ziater abiatzea erabaki genuenean taldean ni nintzen une horretan kontatzeko zerbait zuena. Esperientzia pertsonal batetik sortu zen ideia, neronek gidatu nuen testua taldean lan egin ahala, eta nire gain hartu nuen zuzendaritza”. Gloriaren kantua ez da testuan soilik oinarritutako obra, taldeko lana egin ahala sortzen eta idazten joan dena baizik. Alex Gerediagak badu eskarmenturik modu horretan oholtzarako idazten, hitzari dagokionez badira karga poetiko handia duten zatiak: “Niretzat naturalena gaztelaniaz idaztea da, horregatik euskarazko bertsioan sostengu bikaina izan da Jon Gerediagaren lankidetza”.
Obraren une batean zera dio Gloriak: “Orain, nire maitea, joan egin zara, eta kez inguraturik utzi nauzu. Orain, nire maitea, alde egin duzu, eta nire bihotza hutsik dago eta kez beterik. Ez dut honezkero zure musika entzuten, baina saiatzen naiz dantza egiten oraindik. Ezin dut zure musika entzun, eta nik dantzan jarraitu nahi dut, besterik ez”. Kea da, hain zuzen ere, antzezlanaren ezohiko protagonista. Kea datorkigu burura taldearen izena entzutean, kea zabaltzen dute aretoan taldeko kideek publikoa sartu aitzin, kea dator protagonisten zigarroetatik bikote harremanaren barrunbeetara.
Goriaren kantua lehen pauso modura ikusten du Alex Gerediagak: “Oso diru gutxirekin egindako antzezlana da. Ezinezkoa izango zen proiektu hau aurrera ateratzea talde osoaren inplikazioagatik eta zerbait berria egiteko gogoagatik izan ez balitz”. Oraingoz udaberria bitarte emanaldiak eskaintzen ibiliko dira, eta dagoeneko hasi zaizkie inspiraziora jausten ideia berriak: “Taldea ibilbide luzeko jendeak osatu badu ere, proiektua abiatu berria da”. Oholtza gaineko espazioa material minimoekin osatu dute, azaltzen diren objektu gehienak adibidez birziklatutakoak dira. Espazioa betetzera jo dute aktoreen energiarekin, Oier Ituarteren argiztapen sortzailearekin, Azegiñe Urigoitiaren jantziekin, musika eta dantzarekin. Soinu anplifikazioaren erabilera da beste ezaugarri gako bat, tarteka aktoreek beren kontakizunean txertaturik erabiltzen dutena, zineak ikuslearengan sortzen duen efektura gerturatzeko balio duena.
Amodioa eta desamodioa dira Gloriaren kantua lanaren ardatzak, eta hurrengo lanaren nondik norakoak aurreratzeko goiz bada ere teatroarekiko amodioan oinarrituriko lanetik etorriko da. Kheako kideek dioten moduan “arte eszenikoetan sorkuntzak ematen dituen aukeren hausnarketaz baliatuz, garena eta sentitzen duguna gure ogibidearen bitartez kontatzea dugu helburu”.
Festa egiteko musika eta kontzertu eskaintza ez ezik, erakusketak, hitzaldiak, zine eta antzerki ikuskizunak eta zientoka ekintza kultural antolatu dituzte eragile ugarik Martxoaren 8aren bueltarako. Artikulu honetan, bilduma moduan, zokorrak gisa miatuko ditugu Euskal Herriko... [+]
Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.
Bilbo Hari Gorria dinamikarekin ekarriko ditu gurera azken 150 urteetako Bilboko efemerideak Etxebarrieta Memoria Elkarteak. Iker Egiraun kideak xehetasunak eskaini dizkigu.
Laudion, Aiaran eta Okondon izango du eragina energia azpiegiturak eta plataformaren aburuz, proiektuak eta ingurumen-inpaktuaren azterketak gabezia garrantzitsuak dituzte.
"Entseatzen gira arnas gune bat sortzen Donibane Lohizunen, hain turistikoa den herri honetan". 250 kiderekin Donibane Lohizuneko Begiraleak kultur elkarteak 90 urte bete ditu aurten. Lau emaztek sortu zuten talde hauetan eramaile izan zen Madeleine de Jauregiberri... [+]
Karmela espazio autogestionastuan egingo ditu, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gonbidatuak egongo dira bertan. "Koiuntura analisi orokorretik abiatu eta Euskal Herriko borroka internazionalistaren gakoetarainoko bidea" egingo dutela adierazi du Askapenak... [+]
33/2013 Foru Legeari Xedapen gehigarri bat gehitu zaio datozen aldaketak gauzatu ahal izateko, eta horren bidez ahalbidetzen da “erregimen frankistaren garaipenaren gorespenezkoak gertatzen diren zati sinbolikoak erretiratzea eta kupularen barnealdeko margolanak... [+]
2025 amaitu baino lehen Gernikako Estatutuan jasotzen diren eskumen guztiak izatea espero du Jaurlaritzak. Oraindik 25 eskumen falta dira. Transferentzia Batzordea aurreko astean biltzekoa zen baina "agenda arazoak" zirela eta atzeratu zuten.
Elgarrekin izena du Duplak egin duen aurtengo abestiak eta Senpereko lakuan grabatu zuten bideoklipa. Dantzari, guraso zein umeen artean azaldu ziren Pantxoa eta Peio ere. Bideoklipa laugarrengo saiakeran egin zen.
“Kasu, ez gitxu lo!”. Gure denbora eta manerekin baina heldu gira.
Azaroaren 25ean Baionako elgarretaratzera joan ez joan eta autoak nola partekatu pentsatzetik (joan-jina bi oren), bat-batean Lartzabalen elgarretaratze bat antolatu genuen, eta 47 emazte bildu!... [+]
Alemaniako Poliziak asteleheneko gertakariaren arrazoiak "politikoak" zirela baztertu duen arren, 35 urteko Alexander Scheuermann Ring Bund talde neonaziko kide zen. Bi hildako eta hamar zauritu utzi dituen atentatuaren egileak sare sozialetan "gorroto mezuak"... [+]
“Bi pertsona mota daude munduan: euskaldunak, batetik, eta euskaldunak izan nahiko luketenak, bestetik”. Gaztea zela, Mary Kim Laragan-Urangak maiz entzuten omen zuen horrelako zerbait, Idahon (AEBak), hain zuzen. Ameriketan jaio, hazi, hezi eta bizi izandakoak 70... [+]
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, munduan zehar milioika emakumeontzat berdintasuna, eskubideak eta justizia eskatzeko borroka eguna da. Hala ere, gerrek, gatazkek eta politika militaristen hazkundeak markatutako testuinguru global batean, inoiz baino premiazkoagoa da... [+]
Geroa Baiko lehendakari eta Nafarroako lehendakariorde izandakoa enpresa bati 2,6 milioi euroko diru-laguntzak ustez modu irregularrean emateagatik zegoen auzipetuta, Davalor auzia deiturikoan. Nafarroako Probintzia Auzitegiak erabaki du auzia behin betiko artxibatzea, legalki... [+]
Nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1977an nazioarteko egun bat bezala deklaratu zuen eta haren jatorriaren hipotesi ezberdinak diren, Martxoaren 8aren iturria berez emazte langileen mugimenduari lotua da.