Gobernuen txanda: eman bidea elkarrizketari

  • ETAk borroka armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik katarsi kolektibo gisako bat bizitzen ari gara Euskal Herrian, ez leku denetan intentsitate berarekin eta ez arrazoi berberengatik, baina katarsia. Eta, gutxienez, bada puntu bateratu bat kultura eta sentsibilitate politiko guztietan: bakea. Bakea edukiz eta egunerokoan nola hornitu, hori da orain euskal gizartearen erronkarik handiena.

Historiarako data: 2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatuarekin amaitu zuela iragarri zuen.
Historiarako data: 2011ko urriaren 20an ETAk jarduera armatuarekin amaitu zuela iragarri zuen.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Grinaz desio zen bakea Euskal Herrian, behar sakona zen eta hala hartu da ETAren erabakia, hala eskertu da.

Bakeak ikuspegi politikoak adinako amaponteko ditu, baina funtsean eta une zehatz honetan zera esan gura du: ETAk ez duela hilko, lehergailurik jarriko, zerga iraultzailerik eskatuko, mehatxu egingo… Ez duela inor sufriaraziko bere helburu politikoak lortzeagatik. Eta bakeak esan gura du presoak etxeratuko direla, iheslariak, etakideak… Sakabanaketarik ez dela izango eta torturarik ere ez; Batasunakoak, Segi edo Askatasunekoak ez direla espetxeratuak izango beren jardunagatik… Askoz gehiago ere esan gura du bakeak, baina funtsean arrazoi horiexegatik txoratu dira orain herritarrak, oraindik ere dena gauzatu ez bada ere, orain begien aurrean ikusten delako.

Harritzarra kendu du gainetik euskal gizarteak ETAren iragarpenarekin, zama itzela. Ikuspegi pertsonaletik aztertuta haren mehatxatuek nagusiki, baina politikotik begiratuta ezker abertzaleak bereziki eta abertzaletasunak oro har. Orain, gatazkaren ondorioak bideratu behar dira lehenik eta ondoren arazo politikoak. Eta azken asteetako gertakizunekin –nagusiki Donostiako Nazioarteko Konferentzia–, arrazoi asko daude pentsatzeko biak lortuko direla, ibilbide korapilatsuaren ondoren, baina erdietsiko direla.

Horiekin batera, eta ondoren, biktimen gaia jorratu beharko da serio eta sakon, ertz guztiak ukituz eta bakoitzak bereak aitortuz. Biktima, sufrimendua, enpatia... Mina aitortu gabe nekez eraiki daitekeelako ezer justurik. Min horri aurrez aurre begiratu barik, samurrago eror daitekeelako zulo berean. IRAk 2002. urtean egin zuen barkamen eskaera, Gobernu britainiarra bere bidea egiten ari da oraindik.

ETAren historia eta gainbehera

Mende erdiko joan-etorriak behar izan dira gaur egungo egoerara iristeko, eskolan izaki bizidunei buruz irakasten den bezala: jaio, bizi eta hil. Horixe bera gertatu zaio ETAri ere, xomorro txikienari edo elefante handienari gertatzen zaion gauza bera. Ikuspegi politikoen adinakoa da bere historiaren irakurketa. Inozoa litzateke pentsatzea hiruzpalau paragrafotan konta litekeenik erakunde armatuaren historia, baina hor dira 2011ko urriaren 20ra iristeko klabe guztiak. Arakatu eta interpretatu egin behar, hori guztia eta hori besterik ez.

ETA frankismoaren gordinean jaio zen eta euskal erresistentziaren sinbolo bilakatu zen, Burgosko Prozesua izan zen ETAk zuen babesaren erakuslerik argiena, seguruenik ez denak jarduera armatuaren alde zirelako, baina bai gehienak Francoren aurka zirelako, eta militante epaitu haiek protestaren katalizatzaile zirelako.

ETAk indartsu bukatu zuen frankismoa eta indartsu sartu diktadoreak ondo baino hobeto abiarazi zuen trantsizio politikoan, Espainiako demokrazia berrian. Ezaguna den moduan, baina, ez dago ETA bakar bat eta egoera politikoa aldatu ahala ETA bera ere aldatzen joan zen (ETA V-ETA VI, miliak eta polimiliak…). Paradoxikoki, seguruenik 1977tik 1990era artekoa izan zen ETAren garairik indartsuena: militante gehien, jarduera armatu gogorrena, ENAMen egituratze politiko sendoena, eta herritarren sektore baten sostengu oso tinkoa.

Ezker abertzaleak garai hartan erabat sinesten zuen bere helburu politikoak –autodeterminazioa eta lurraldetasuna– lor zitzakeela eta borroka armatuak horretan laguntzen zuela. Ondorio teknikoak, zeresanik ez, berehala konponduko ziren akordio politiko nagusiak negoziatu ondoren. Eta Aljerren gauzatu zen lehen negoziazio ahalegin sendoa, porrot egin zuena eta ETA bera ere beste garai batean sarrarazi zuena. Aljerrekoaren ondoren, ezker abertzalean izan zen jada borroka armatua uzteko ahalegin sendoa, “Azkoiti bidea” moduan ezagutzen dena eta HBn Iñaki Esnaolaren kanporatzearekin amaitu zena.

90ekoa negoziazioa gauzatua behar zenekoa izan zen eta gauzatzen ez zenez, presioa handitu zen: sufrimenduaren sozializazioaren garaia izan zen, Oldartzen garaia ezker abertzalearen baitan. Gregorio Ordoñez PPko zinegotziaren hilketak inflexio puntu esanguratsua ekarri zuen, bi norabidetan seguruenik: batetik, kargu politikoen aurka joz ETAk jauzi esanguratsua eman zuen; baina horrek guztiak, halaber, ezker abertzalean zuen sostengu eta zilegitasun galera ekarri zion aldi berean. ETAren aurkako indarrek, gainera, Ajuria Eneko Itunetik aurrera ETAren aurkako jarrera gizarteratzea lortu zuten, ezker abertzalearen isolamendua areagotuz. Miguel Ángel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketa eta hilketa (1997ko uztaila) izan zen garai horren gailurra.

Berriz ere, alabaina, argi zegoen ikusten zena eta errealitatea bi zirela, ETA eta ENAM osoa inoiz baino garaituagoak eta isolatuagoak ziruditenean eraiki zen Lizarra-Garaziko Akordioa, 1998ko irailean. Lehenbiziz 40 urtetan euskal gizarteak gatazkaren amaiera sentitu zuen bere baitan. Ez zen hala izan eta zartakoa itzela izan zen, bereziki ezker abertzalearen baitan. Ondorioz, HBk lehen zatiketa serioa izan zuen eta Aralar sortu zen. ETAk jarduteko indarra erakutsi zuen berriz ere, baina bere legitimazio eta sostengu mailan gainbehera berri bat ezagutu zuen, eta berarekin sortu berri zen Batasunak ere bai.

Lizarra-Garaziko porrotaren ostean ezker abertzalearen baitan asko zabaldu zen borroka armatua alboratu beharra, bai bere ingurune sozialean, bai militantzian eta baita buruzagi askorengan ere. Eta horren ondorioz, lehenbiziz bere historian, 2004an ETAk uko egin zion eduki politikoak negoziatzeari, Anoetako ekimena eta bi mahaien proposamen ospetsuari bide emanez.

Gero ikusi zen, 2006ko negoziazio saioan hori ez zela guztiz horrela eta ETAk ere erabaki nahi zuela Batasunak Loiolan EAJ eta PSErekin negoziatzen zuen hartan. Eta bai erabaki zuela, Loiolako saioa hankaz gora botatzeraino. Ez zen porrot haren errudun bakarra izan, baina bai nagusietakoa.

Baina errauts haietatik sortu da oraingo Fenix txori hau, ETAk bere jarduera armatua ren amaiera iragarri duenekoa. 2006tik aurrera ezker abertzaleko zuzendaritza politikoaren adar batek erabaki zuen estrategia armatuari amaiera eman behar zitzaiola. Adar horretako parte bat ezagutzen dugu dagoeneko, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Rafa Diezek gidatu dutena, baina seguruenik aurrerago ezagutuko ditugu ETAren baitan prozesu hori lagundu dutenena. Emaitza benetan erabakigarria izan da: lehenbiziz ezker abertzalearen historian bere adar zibila militarrari gailendu zaio eta borroka armatuaren amaiera ekarri du.

Garaile eta garaituak

Ikuspegi militar soil batetik begiratuta, badirudi irakurketa garbia dela. ETAk ez du lortu negoziatzea lurraldetasuna eta autodeterminazioa. Estatuak garaitu du eta listo, edo ñabardurekin esanez, behartu du amaiera ematera eta kito. Aurreko paragrafoetan, ETAren gainbehera lauzpabost pauso handitan deskribatu den moduan, ez da aipatu Espainiak –Frantziaren ezinbesteko laguntzarekin– urrats horietako bakoitzean biziki sendotu zuela bere estrategia errepresiboa. ETAren aurkako eraginkortasuna gero eta handiagoa zen, baina Estatuaren aldaketa estrategikoa ezker abertzale osoaren aurkako hesia ixtearena izan zen. Ilegalizazioaren aroa izan da, oraindik itxi ez dena; “dena da ETA” erasoaldi itsuaren zigilupeko garaia.

Baina ikuspegi politikotik begiratuta, garaipenaren baieztapen hori ez da horren garbia, nagusiki ezker abertzaleak berak eman diolako buelta tortilari eta gainbehera zena arrakastaren bidean jartzea lortu duelako. Bitartekoak balira garrantzitsuena, ezker abertzalearen jardunak askotan irudikatu duen moduan, orduan porrotaz hitz egin zitekeen bai, baina garrantzia helburuetan jarrita ezker abertzaleak ez du bere burua garaitua ikusten.

Eta nola ikusiko du bere burua garaitua, berak –beste batzuekin batera– bultzatutako estrategiak azken hauteskundeetan Bilduri 315.000 boto ekarri badizkio?

Bestelako kontua da ea emaitza hauetarako halako bidaia beharrezkoa ote zen, baina horretarako perspektiba historikoa beharko da eta, seguruenik, euskal gizartean orain arte izandako ikuspegi anitzen adinako irakurketa izango da gerora ere. Iraganean izan diren borroka armatuari buruzko eztabaida guztiak islatuko dira irakurketa historikoan ere, bai eraginkortasun politikoari dagokionez eta baita eremu etikoari dagozkionak ere.

Zergatik orain eta ez Lizarra-Garaziko garaian?

ETAren desagerpena gauzatzen bada ere, Euskal Herriko arazo politikoa ez da hor bukatuko eta elkarrizketa politiko zabal eta sakonak beharko dira irtenbide adostua erdiesteko. Emaitza zein izango den ikusgai dago, etorkizuna egunez egun egiten ari da eta. Aurrera egin ahala begiratu beharko da atzera, azken 50 urteetako historian dugulako zer ez dugun errepikatu behar.

Ezker abertzaleak hamarkada hauen irakurketa sakona egin beharko du, ikuspegi kritiko sakonez. Eta hori egin beharko du, batetik euskal gizarteari zor diolako irakurketa kritiko hori, eta bestetik, hori gabe bera ardatz den ezker abertzale anitz eta zabal horren etorkizuna hankamotz legokeelako. Historiak eta memoriak 1512an gertatu zena arakatzeko eta ikasteko balio badu, are gehiago balio behar du iragan hurbilari kosk egiteko.

Zeren eta, borroka armatua orain ezker abertzalearen helburu zehatzak lortzeko jadanik akuilu ez bada eta oztopo bada, zergatik ez zen horrela Lizarra-Garaziko sasoian? Eta zergatik ez Aljerrekoaren ondoren? Eta zergatik ez behin Gernikako Estatutua onartu ondoren? Eta hala, bakoitzak erabaki dezake noraino eraman galdera atzera, noizbait ETAri adostasunez, begirunez edo ulerkortasunetik begiratu badio behintzat. Eta asko dira halakoak euskal gizartean.

EAJk eta beste batzuek hasieratik ikusi zuten ezetz, baina beste herritar asko garai desberdinetan jaitsi dira borroka armatuaren gurditik; eta jeltzaleen edo beste batzuen kasuan ere, garai desberdinaren aroan oso begi desberdinez begiratu izan zaio ETAren fenomenoari.

Egungo diskurtso bakarraren lainoek iraganeko eguzki izpi ugariak estaltzen dituzte, baina euskal herritarrek garaian garaiko betaurrekoekin begiratu izan diote ETAri eta honek suposatzen zuen guztiari. Trantsizio garaian Euskal Herriko plaza beteetan ozen kantatzen zen “Voló, voló Carrero voló” hura izan daiteke adibide esanguratsuenetakoa.

Gatazka

Hemendik 50 urtera 2011ra begiratzen dutenean, euskal historialariek ez dute zalantzan jarriko hemen gatazka armatu bat izan zenik. Gatazkaren definizioan izango dira komeriak, orain bezala. Gatazka armatua dago pertsona batzuek helburu politikoak lortzeko armak hartzea erabakitzen dutenetik, areago populazioaren zati baten sostengua izan dutenean, eta areago Estatuak bere tresneria errepresibo osoa erabili behar izan duenean pertsona armatu horiei erantzuteko.

Gatazka hori ukatzeak ez du errealitatearen zentzurik, Europa eta mundu mailan argi daukate: “Europako azken gatazka armatua” da. Horregatik ari dira nazioarteko aditu garrantzitsuak elkarrizketa eta erraztatzaile lanetan, ezaugarri desberdinekin baina munduan dagoen gatazketako baten moduan ikusten dutelako.

Euskal Herrian ez bezala, horietako inork ez du jarriko zalantzan Espainiaren izaera demokratikoa; horietako gehienek ETArengandik baino gertuago ikusiko dute beren burua Espainiako Gobernutik eta ETAren jarduna Zapateroren irmotasun berarekin arbuiatuko dute... Baina “Europako azken gatazka” bideratzeko aukera atzamar artean ikusten dute eta egoera baliatu nahi dute.

Konponbidearen atzean dagoen bitartekaritza ingeniaritza lan erraldoiaren erakusle da Donostiako Nazioarteko Konferentzia. Argi ikusi da Espainiako Gobernuaren bedeinkapenarekin egin dela orain arteko bidea, eta mitinetan Rubalcaba eta Patxi López dagoeneko hasi dira jokaldia saltzen. Sozialisten familian izen bat nabarmendu da bereziki, Jesus Egiguren, eta kanpotik ikusita ez da ulertzen bera sukalde lanean izanda eta zekiena jakinda nola bere alderdiak jokatu duen jokatu duen moduan, bereziki Patxi López lehendakariak.

Orain PPren txanda da eta hor zalantza gehiago dira, baina azken asteetan Mariano Rajoyk erakutsi duen jarrera zuhurrak arazoari adarretatik helduko dion inpresioa elikatu du. Oraingoan bai, oraingoan gaitza da irudikatzea hau gaizki atera litekeenik. Denbora beharko da, baina logikoena da pentsatzea Espainiako Gobernua kateatuko zaiola egoera berriari. Legearen barruan, baina bake prozesuaren testuinguruan. Egin beharrekoa nola jazten den, hori izango da Rajoy-ren gakoetakoa. Borondatea, nazioarteko laguntza eta denbora, jaki horiekin gaur eta hemen bakea egiten da.


Azkenak
Protestak piztu dira Turkian, Istanbulgo alkate eta Erdoganen aurkari nagusia atxilotu ostean

Ekrem Imamoglu Erdoganekein lehiatzekoa da hurrengo presidentetzarako bozetan, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdiaren hautagaitzara aurkeztu den bakarra baita. Ustelkeria eta "terroristekin kolaboratzea" egotzi diote, eta bere atxiloketaren ostean piztutako... [+]


Hezkuntza publikoko irakasleen greba egunak %75eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera

Astelehen arratsalde-gaueko negoziaketa bilera luzearen ostean aurreakordiorik lortu gabe, EAEko hezkuntza publikoko irakasleak grebara deituak izan dira berriz ere; urtea hasi denetik bosgarren greba eguna izan da asteartekoa. Lanuzteek %75eko jarraipena izan dutela adierazi... [+]


Elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herriko dozenaka hezkuntza zentrotan, Israelek hildako haur palestinarrak oroitarazteko

Gure Haurrak ere Badira ekimenak deituta, Israelek azken egunetan Gazan hildako gehienak haurrak direla salatu dute. Gobernuei eta erakundeei Israelekin harreman oro etetea ere exijitu diete, "genozidio honen aurka argi eta tinko" lerratu daitezen.


Biktima gisa aitortzeko txostenak jaso dituzte Pasaiako segadan eraildakoen eta Rosa Zarraren senideek

Azken astean ezagutarazi moduan, Eusko Jaurlaritzaren Balorazio Batzordeak txosten banatan aitortu ditu estatuaren biktima gisa. Justizia sailburuak ekitaldi pribatu banatan entregatu dizkie dokumentuak.


Koordinakundea eratu dute, Bigarren Mundu Gerran deportatu zituzten euskal herritarrak ezagutarazteko

Deportazioaren Memoriarako Euskal Koordinakundeak aintzat hartu nahi ditu Hego Euskal Herrian jaio eta bizi ziren, eta 1940tik 1945era Bigarren Mundu Gerra zela eta deportazioa pairatu zuten herritarrak. Anton Gandarias Lekuona izango da haren lehendakaria, 1945ean naziek... [+]


Askatu dute kolonoek jipoitu eta militarrek atxilotutako Oscar saridun palestinarra

No other land dokumentalaren zuzendari Hamdan Ballal kolono sionistek jipoitu zuten astelehenean bere herrian, beste hainbat palestinarrekin batera, eta Israelgo militarrek eraman zuten atxilo ondoren. Astarte goizean askatu dute.


ANALISIA
Brandt eta Gorvatxov, non zaudete?

Hitlerren armadak milioika sobietarren heriotza ekarri zuen Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasuna inbaditu zuenean. Gerra amaituta, Iosif Stalinen obsesioa zen Alemania eta Errusia artean babes herrialde-lerro bat osatzea; horra, besteak beste, Varsoviako Itunaren sorrera... [+]


Jaurlaritzaren proposamenak Lehen Mailako Arreta “are gehiago prekarizatzea” ekarriko lukeela adierazi du Espainiako Osasun Ministerioak

EAEn BAMEa (famili medikuen formazioa) lau urtetik hiru urtetara jaistea eskatu du Jaurlaritzak. Osakidetzaren "larritasunaren" erantzukizuna Ministerioari bota dio Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek: "Ez digute egiten uzten, eta haiek ez dute ezer... [+]


2025-03-25 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Hego Korea: ‘impeachment’-aren kulebroia amaitzear da, baina krisi politikoa ez

Kolpismoaren lehen ikasgaiak errepasatu gabe, abenduaren 3an Hego Koreako Yoon presidenteak jo nahi izan zuen estatu-autokolpeak sututako krisi politiko erraldoia kitatzeko asko geratzen da oraindik. Baina haren porrotak abian jarritako impeachment prozedura amaitzear da.


Nafarroako Euskaraldiaren hamaikakoa, prest

Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute Nafarroan: Julio Soto bertsolaria, Edurne Pena aktorea, Julen Goldarazena musikaria (Flakofonki), Claudia Rodriguez  Goxuan Saltsan taldeko abeslaria, Eneko Garcia (Albina Stardust), Yasmine Khris Maansri itzultzaile eta kazetaria,... [+]


Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute... [+]


2025-03-25 | ARGIA
Kaleratze arriskuan dago 40 urtez elikadura burujabetza landu duen Bizkaigane proiektua

Bizkaigane elkarteak elikadura burujabetzan oinarritutako proiektua du Errigoitin (Bizkaia), 1983tik. Instalazioak dauden lur eremutik aterarazi nahi du lur jabeak elkartea. EHNE Bizkaia sindikatuak adierazi duenez, instalazioek lege eta administrazio eskakizun guztiak betetzen... [+]


2025-03-25 | Euskal Irratiak
Giza-kate bat Baionan, arrazismoaren eta faxismoaren goititzearen kontra

Hirurehun bat pertsona hurbildu ziren jende katea osatzeko Marengo eta Pannecau zubien artean.


Eguneraketa berriak daude