Joan da 6 mila milioi beste instalazio bikaina, eta Felliniren unibertsoak hartu du bere lekua Donostiako San Telmo Museo berrituan. 400 irudiren bidez, Riminiko maestro handiaren lana eta garaia irudikatzeko aukera ematen digu Fellini: ilusioen zirkua erakusketak. Zale direnentzat, ezin galduzko hitzordua. Zaletu gabeek ere, ez dute deus galtzekorik; muxu-truk da zirkurako sarrera.
Irudiak ahalmen hori du. Erakusten duena baino gehiago iradoki, eta irudimena piztekoa. Edo, bestela esanda, irudimenaren bidez baino ezin da irudikatu mundua, bizitzaren ilusioa. Donostiako San Telmo Museoan dauden ehunka irudi felliniarrak ikusi eta berrikusi ondoren, dozena batzuk gelditu dira irudimenean taupaka. Bada zuri-beltzeko argazki bat, bi mutil gazte erakusten dituena, Erromako kaleetan ramegante, pozaren pozez. Komikietan eta fotonobeletan bezala, esaldi bat dauka bunbuiloan idatzita: “Domani iniziamo la conquista del mondo” (Bihar hasiko dugu munduaren konkista). Federico Fellini da gazte horietako bat, Rimini herritik Erroma hirira iritsi berria, mundu gosez.
Norbaitek galdetu zuen behin: “Nor da Fellini?”. Eta beste norbaitek eman, akaso Fellinik berak, erantzun biribila: “Mutiko bat, mutiko izan dena desagertu arte. Eta neska-mutil guztiak bezala, etengabe harritu izan dena. Ze, horixe da artistari dagokion ezaugarririk nagusiena: lilura. Norbaitek hirurogei, hirurogeita hamar urtetan liluratzeko gaitasuna mantentzen badu, aparteko bizitzetara iritsiko da”.
Bada, aparteko bizitza horien froga ugari aurki daitezke Ilusioen zirkua-n. Izenburuko bi hitz horiek, hain zuzen, mundu felliniarreko bi giltza nagusi dira: ilusioa, bere zentzurik zabalenean, zinea bera ilusio optikoa den neurrian, eta bereziki, ametsen munduarekiko duen lotura estuagatik; zirkua, berriz, ikuskizun ikusgarria delako, batzuetan miresgarri, tarteka dekadente, bestetan grotesko, baina beti harrigarri.
Mendebaldeko gizarte zilborkoi honetan, “amets” hitza aspirazioekin lotzen dugu maiz, norberaren bizitzari eman nahi zaion zentzuarekin. Baina Fellinirentzat, lo zein esna egiten diren amets horiek izan dira lanerako materialik, esan dezagun, puruenak. Joxe Ripiauren kantak zioen moduan, “ametsak forjatzen diren materialarekin eginda dago” Felliniren zinema. Iturri askotatik edaten zuen bere irudimenak, eta nahieran eraldatu ondoren, iturrietara itzultzen zituen askotariko urak.
“Fellini sortzaile paregabea izan zen. 40 urte baino gehiagotan grina, harridura, umorea eta samurtasuna uztartu zituen, irudimenez eta bizitzaz betetako lanetan”. Hala idatzi du Sam Stourdzé-k, erakusketako komisarioak, sarreran irakur daitekeen testuan. La Caixako Gizarte Ekintzak finantzatu du Ilusioen zirkua, Parisko NBC Photographie-rekin elkarlanean antolatua eta produzitua. Zirku ibiltarien antzera, zenbait hiri bisitatu ditu dagoeneko: Bartzelona, Madril eta Mallorcako Palma. Azaroaren 13ra arte izango da Donostian zabalik, eta merezi du behin baino gehiagotan bisitatzea. Izan ere, material kopuru handiegia biltzen du, aldi bakar batean irensteko.
Ilusioen zirkua erakusketak Felliniren obsesioen, iturrien eta eraldaketen berrikuspen orokorra egiten du, 400 irudi finko eta animatuen bidez. Horien artean daude aldizkariak, argazkiak, kartelak eta elkarrizketak. Hala, bisitariari mundu oso bat irudikatzeko aukera ematen dio: herri kulturarenganako atxikimendua (karikaturak, garaiko egunkari eta aldizkari irudidunak, komikiak, telebista eta publizitatea), lan-prozesua (gidoilari-jarduera, jantzien eta dekoratuen aukeraketa, aktoreen zuzendaritza eta zuzendaritza zinematografikoa), emakumeenganako lilura (Anita Ekberg, Giulietta Masina, eta abar), elementu biografikoen erabilera eta bere alter egoa, Marcello Mastroianni.
Azken horren irudi bitxi bat ikus daiteke erakusketan, Fellini hainbeste liluratzen zuen Mandrake magoz jantzita. Hain zuzen ere, mago baten ikuskizuna bezalakoa da Felliniren lana: ikusleak badaki magia ez dela existitzen, ikuskizuna trikimailuz josita dagoela, baina hain ondo landua dago ilusio optikoa, azkenerako zalantza egin baitezake ikusleak: “kontxo, eta magia existituko balitz?”. Erakusketan magoaren trikimailuak ez dituzte erakusten (magia bera bezain misteriotsuak baitira), baina erabiltzen zuen material ugari ikusteko eta irudikatzeko aukera egon badago. Hartara, Felliniren zinea ezagutzen ez duenak imajina dezake nolakoa izan daitekeen dottore-aren lana, eta ezagutzen duenak, irudimenari beste bira batzuk eman, inoiz ez baitago soberan.
Irudietan oinarritutako erakusketa izanagatik, badago halaber zer irakurri. Esate baterako, Felliniren jarrera ezin argiago erakusten duen hurrengo esaldia: “Nik ez dakit gauzei era axolagabean begiratzen, kameraren bitartez, adibidez (…) Gauzen erdian egon behar dut. Denez dena jakin behar dut, inguratzen nauen ororekin amodioa egin behar dut”. Grina zen, hortaz, bere sorkuntza bultzatzen zuena. Fellinik ez zuen ikus-entzunezko formakuntza akademikorik, baina il maestro deitzen zioten, il dottore. Izan ere, irudiaren eta irudimenaren mekanismoak inork baino hobeto menperatzen zituen.
Nahita eraldatutako egia baldin bada gezurra, eta egia bera gezurra bada, orduan benetako magoa izan zen Fellini: gezurraren magoa. Aditu batzuek diote “fikzio eta errealitatearen artean jolas” egiten zuela, baina hori baino gehiago, esan liteke Fellinirentzat gauza bera zirela biak, “errealitate” deritzogun hori ere eraldatua den neurrian. Zalantzarik gabe, zinemaren eraldatzaile eta berritzaile nagusietariko bat izan zen. Beharbada, ez zuelako inolako korronterik jarraitzen, ez baziren bere subkontzientekoak. Bi dozena film utzi zituen, eta haietan, ikono bihurtu diren ehunka irudi. Ilusioen zirkua ikusi ondoren taupaka geratu dira, besteak beste, Fellini gazteak marrazturiko karikaturak, prentsan ateratako komiki-zintak, gerora zeluloidera pasako ziren irudi zirriborroak, eta bereziki, azken hamarkadetan transkribatu zituen amets ederrak.
NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]
Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.
Arrazoi pedagogiko edo metodologikoengatik, historialariok joera dugu iraganeko aldi historikoak zatikatzeko eta epetan banatzeko. Badira den-denok ezagutzen ditugun aro tradizionalak (Historiaurrea, Antzinaroa, Erdia Aroa, Aro Modernoa eta Garaikidea); baina baita horien... [+]
Agintariek ez dute baztertu bi gertaerak elkarren arteko loturarik izatea. New Orleansen, kamioneta baten gisari batek jendetzaren aurka egin du hamabost hildako eta 35 zauritu eraginda. Ordu batzuk geroago, Las Vegasen, Trump International Hotelaren parean auto bat lehertu da,... [+]
Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.
Espainiako Federazioak salatu du ez zaiola parte hartzen utzi iragan asteburuko Nazioarteko Pilota Federazioaren biltzar nagusian, eta hori “bidegabekeria” dela. Biltzar hartan onartu zuten, bozketan, Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide gisa... [+]
"Sedizioa bultzatzen duelako" hartu du Al-Jazeeraren zabalpena eta lana "aldi baterako" debekatzeko erabakia Palestinako Aginte Nazionalak. PAN "Israelekin lerrokatu izana" deitoratu du komunikabideak, argi utzirik "mehatxuen eta intimidazioen... [+]
Gazpromekin zuen kontratua ez du berritu Volodymyr Zelenskyren gobernuak eta, asteazken goizean, Europa ekialdea hornitzeko gasaren fluxua eten du errusiar konpainiak.
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.
Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.
Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.