1960ko ekainaren 27an bonba leherketa Donostian, Amarako tren geltokian. Sei lagun zauritu zituen lehergailuak. Hurrengo egunean hil zen haietako bat, Begoña Urroz, 22 hilabeteko haurra, Lasarte-Oriakoa. Espainiako politikari interesatu askoren aho interesatuagoetan “ETAren lehen biktima”. Ikerketa egin eta pekoz gora jarri zituen hitzok Ainhoa Oiartzabal kazetariak. Rikardo Arregi sarietan epaimahaiaren sari berezia jaso zuen haren Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportaje bikainak.
Epaimahaiaren sari berezia, erreportaje bereziarentzat.
Bai, ez da ohikoa horrelako erreportajeak egitea. Gurean, behintzat. Argitaratzeko datarik ez genuela hasi ginen lanean. Papera betetzeari ez, zer edo zer berri, edo jakin beharreko, idazteari eman genion inportantzia, eta horretan, hari-mutur guztietatik tira egitea. Ezin izan genuen hari-mutur denetatik tira egin, edo ez guk nahi bezainbeste, baina iturri askotatik edan genuen. Pozik nengoen bukatu genuenean. Eta argitaratu zenean ere bai. Gero, saria jasotzean, ginga jarri genion egindako lanari.
“ETAk hildako lehena”. Omen. Zure erreportajeak besterik erakusten du.
Ez gara lehenak hori esaten, alegia, ez zela ETA izan. Jose Felix Azurmendik horixe idatzi zuen behin Deian, iritzi artikuluan. El Diario Vasco egunkarian ere beste historialari batek ere hortik jo zuen. Garan, Iñaki Egañak ere pare bat erreportaje idatziak zituen. Zer edo zer bazegoen, beraz. Ez ginen hutsetik abiatu. Ez zen gure primizia izan. Martxeloren [Otamendi] ideia izan zen erreportajea idaztea, informazioa biltzea, ETA izan zela diotenen hitzak eta ezetz diotenenak biltzea, haien argudioak aztertzea… Iturrietara jo genuen, iritziak bildu eta kontrastatu. Horixe egin genuen. Adibidez, Jose Antonio Pagolak, Ernest Lluchek, honek eta hark esandakoak bildu, ETA izan zela, ez zela izan, DRIL izan zela… Iturrietara jotzen saiatu ginen. DRILeko buruzagietara iristea zailago izan zen, adibidez.
Ordu arteko informazioa ordenatu zenuen lehenengo…
Eta egiletzaren inguruko argudioak aztertu. Eta ustekabea, ETA izan zelako konstataziorik ez agertzea inon. Gezur batean bizi izan gara. Bai, Espainiako diputatuen kongresuak esana, baina, gainerakoan, ez dago Espainiako poliziaren txostenik, ez Herrizaingo sailarenik, ETA izan zela erakusten duenik.
Zenbat denbora eman zenuen erreportaje honetarako lanean? Otsailean argitaratu zen.
Azaroan hasi ginen. Biktimen eguna izan zen Gasteizko legebiltzarrean. Ordurako, geure buruari galdezka ari ginen, Begoña Urrozen izena agertzen ote zen, eta laster ginen Amaran leherketa izan zen garaian zein ote zebiltzan ETAn sartuta, zein ziren DRILen… ikertzen hasita. Bi hilabete eta erdiko lana izan zen, eta tartean Martxeloren laguntza izan nuen, hainbat elkarrizketa lortzerik ez nuen izango bestela, eta erreportajea hankamotz aterako zen. Xavier Montanya kazetari katalanak ere asko lagundu zidan. Liburua egina du DRILi buruz, eta deitu nionean, ez zuen zalantzarik ibili. Amarako leherketa ere DRILena zela esan zidan, egun hartan gertatu ziren gainerakoak bezala. Montanyak DRILeko buruzagiaren seme Victor Veloren bitartez jaso zuen komunikatua, telefonoz. Dokumentua paperean falta, ordea! Montanyak eskuzabal lagundu zidan. Eta, esaterako, Le Monde egunkariko hemeroteka eskuratu zidan. Larunbat batez, arratsaldeko zazpietan, deia nire sakelakoan. Xavier Montanya zen, Parisetik: “Hemen daukat!”. Le Monderen hemeroteka, alegia. Bestalde, Montanyak DRILeko kideak elkarrizketatuak zituen, baina inoiz ez zioten esan beraiek jarri zutenik lehergailu hura Donostian. DRILek agiria eman zuen argitara atentatuaren inguruan, Venezuelako prentsan, eta ahaleginak eta bi eginda ere, ez genuen agiri hura eskuratzerik lortu. Horixe dugu pena. Izan ere, agiri hartan DRILek bere gain hartu zituen egun haietan [ekainaren 26, 27 eta 29an] Espainiako Estatuan gertatu ziren dozena erdi leherketak. Tartean, Donostiako biak, Amarako tren geltokian ez ezik, Norteko geltokian ere beste bonba bat lehertu baitzen. Eta beste bat Bilbon, Atxurikoan.
Amarako atentatuaren inguruko datu interesgarri eta harrigarrietan, bat guztiz bitxia: zaurituen artean, 15 urteko mutikoa, Valeriano Bakaikoa, EHUn Ekonomia Aplikatuko katedraduna, Baleren!
Hemeroteka aztertzen ari ginela azaldu zen haren izena, Valeriano Bakaikoa Azurmendi. “Hau Baleren da!”, esan zuen Martxelok. Eta hala izan! Balerenek, garai hartan entzun zuena kontatu zigun, eta nola zeharo harritu zen gerora zabaldu zen bertsioa entzunda, alegia, ETAren lehena izan zela. Horrela, handik eta hemendik osatu genuen erreportajea.
Hari-mutur asko, iturriak hainbat, lekukoak… Badira, hala ere, iritsi ezin izan dituzuen pertsonak, huts egin dizuetenak.
Bai, ezezkoa eman ziguten, bai. 60ko hamarkadan ETAn zebiltzanak, ETA sortu zutenak, eta gerora harekiko oso kritiko izan direnak, gogor gaitzetsi dutenak. Haien iritzia bildu nahi genuen, ETArekiko beraien jarrera gorabehera, gertakari hura argitu nahi genuelako. Besterik ez bada ere, Mikel Azurmendirekin hitz egin ahal izan genuen, eta oso eskertuta gaude hitz egin zigulako. Garai hartan ez zen ETAkoa, geroago sartu zen, baina garbi esan zigun behin ere ez zuela entzun ETA izan zenik atentatu hura egin zuena, eta sinetsi ere ez. Beste batzuengana ere jo genuen, baina ez zuten ezer esan nahi izan, edo ez zekiten. Haien hitzek are sinesgarriagoa egingo zuten ETA ez zela izan dioen bertsioa, baina horretan.
Lasarte-Oriako Udalak ETAren biktimez egindako liburuan Begoña Urrozen izena dakar, erreportajean bertan irakurri genuenez. Familiaren hitzen zain geratu ginen, ez zenuten haiengana jo…
Ibili ginen, deitu, ez deitu, baina ezetz erabaki genuen, aurretik ere bertsioa emana zuelako Madrileko El País egunkarian. ETA izan zela dio familiak. “Ez gara sokatiran hasiko”, geure buruari esan, eta familia bakean uztea erabaki genuen. Saiatu ere ez ginen egin. Sinesten duen bertsioa sinesten du familiak, eta nahi duena sinesteko eskubidea du. Guk, politikarien, agintarien eta gizarte ardura duten gainerakoen bertsioa jaso nahi genuen.
Gogo onez irakurri zuen erreportajea hainbat irakurlek, baina harriturik ere badago bat baino gehiago. Zarata mediatiko handiagoa du Baionako Avyron errugbi taldeak egindako entseguak ETAren lehenengo atentatua ETArena ez zela izan erakusten duen saioak baino.
Pena hori geratzen zaigu, bai. Saria jaso nuenean ere esan nuen, ez ahal zen gaizki interpretatuko. Badirudi hau dena euskal irakurleen artean geratzen dela, ez dela zabaltzen. Ez gaituzte irakurtzen, eta hori da arazoa. Okerrago, ez gaituzte aintzat hartzen, beharbada irakurtzen gaituzte-eta. Horrek bigarren mailako kazetari, eta are, bigarren mailako hiritar sentiarazten zaitu, neurri batean. Erreportajeak ez du ondoriorik ekarri, hori da egia. Urteurrena etorri zenean, ekainaren 27a, eta Terrorismoaren Biktimen Eguna Madrilen, zain egon nintzen, batean edo bestean zer edo zer agertuko, baina ezer askorik ez. Bigarren urtea zen eguna ospatzen zutena, baina ez zuen iazko pisurik izan. Beraz, ez dakit zer balio ematen dioten egunari, biktimari… Nire lanari dagokionez, batere baliorik ez diotela ematen iruditu zitzaidan. Politika jokoan ari dira, besterik ez, ez dute aintzat hartzen gure lana. Ez da lehenengo aldiz konstatatu duguna.
Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajea izango da ikerketa-kazetaritzaren adibide ederra, ala?
Ez dakit ikerketa den ere. Informazioa ordenan jartzeko kazetaritza egin dudala nahiago dut esan. Ez dakit erreportajea nola definitu ere. Puzzlea daukat nik gogoan. Piezak osatu, eta bata besteari lotzen saiatu. Beste batzuek ere pieza horiek erabiliko zituzten, baina osatu zuten puzzleak bestelako itxura zuen, diferentea zen… tranpa eginda! Batean, DRIL aipatu ez, El Paísekoek; beste batean, gauzak oker ordenatu… Nire lana piezak zuzen ordenatzea izan da. Ikertu? Ez dakit gauza berririk ekarri dudan auzira. Tira, DRILekoak plazara ekartzea, hori bai, aurretik inork ez zuen-eta lan hori egin. Ikerketa izatekotan, poliziari galdetzea! Ez dakit, bada. Edo, beharbada, horixe da ikerketa-kazetaritza. Piezen ordena izan da, hala ere, nire lehentasuna, horretan saiatu naiz.
Urtean gisa honetako zenbat lan egin litezke?
Galdera ona! Esan nion Martxelori: “Hau, eta gehiago ez!” Kar, kar, kar. Baina, atseden hartu eta laster da harra zure barruan: “Beharbada…”. Yoyesen hilketaren urteurrenaren inguruan ere erreportajea egin nuen. Ez zen ikerketa izan, baina piezak ordenatzea, berriz. Gaia etengabe ibiltzea eskatu zidan lan horrek. Ez zen izan besterik gabe papera betetzea, betelana, ez. Hilketa horren barruan sartzeko ahalegina egin nuen, zer gertatu zen esplikatzen saiatzeko. Horrelako zenbat lan egin litezkeen urtean? Askorik ez. Denbora eskaini behar zaio gaiari, eta lanean segitu, zeure buruari eutsiz, gertatzen baita zer edo zer “deskubritu” eta aztoratzea, eta lehenbailehen argitaratu nahi izatea… Ez. Gaiari lotu, hartu, utzi… egin beharra dago, nahiz eta horrek desgastea ere badakarren. Batzuetan, zer kontatzen ari zaren ere ez dakizu azkenerako. Horrelako lanak, urtean behin, bitan, askoz gehiagorik ez.
Ikerketa lanok bakarka egin beharrekoak dira ala talde-lana dituzu?
Nik nahiago dut bakarka egin, honekin eta harekin kontrastatzeari uko egin gabe. Dena dela, bildutako informazioa antolatzeko, eta idazteko –azken finean, idaztea da gure lana–, hobe da bakarrik, tonua ere batera etorriko da, estilo bakar bat agertuko da. Baina ona da ondoan baten bat izatea, oinak lurrean jartzen lagunduko dizuna, galtzen zarenean lagunduko dizuna, segitzeko indarra emango dizuna…
Kazetaritza ikasketak eginak dituzu unibertsitatean. Han erakutsi zizuten gauzak horrela idazten, antolatzen?
Fakultatean ikasi? Gehiena hemen ikasi dut, Euskaldunon Egunkarian lehen, eta Berrian orain. Lanean, eta irakurtzen. Andres Gostin izan dugu hemen irakasle. Orain unibertsitatean da, han ere irakasle. Hark erakutsi zigun sinplekeria: “Irakurri nahiko zenukeena idatzi behar duzu”, zioen. Irakurle bazina, irakurri nahiko zenukeena. “Jar zaitez irakurlearen larruan, izan zaitez zeu irakurlea”, kontua ez da zer idatzi behar den besterentzat, alegia irakurlearentzat, norberak irakurri nahiko lukeen haren atzetik bila ibiltzea baizik. Horixe da kazetaria, eta jakin-mina izatea, eta kritiko izatea, pentsatzea, puzzlea osatzea...
Ekintza sorta ugariko bi eguneko egitaraua eduki dute bertaratu diren irakurleek: besteak beste, liburu azoka, ikuskizunak, tailerrak eta mahai-inguruak izan dituzte. Maider Elcano koordinatzailearen ustez, Biltzarraren indarra idazleei eta sortzaileei lekua ematen dien... [+]
Kondenatutako atzerritarren nazionalitateari buruzko datuak argitaratuko dituela adierazi du Erresuma Batuko Barne ministroak. Bide beretik, pasa den astean ezagutarazi zen Aste Nagusian atxilotutako 79 pertsonaren argazkiak filtratu zituela Ertzaintzak.
2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]
Militante eta ikerlari antiarrazistak abiapuntu argia adierazten du: arrazakeriaren aurka borrokatzea ez da zeregin psikologiko edo diskurtsibo bat, baizik eta egiturak desegiteko premia.
Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.
"Bakearen" bidean, Errusiak proposatu du kontrolpean ez dituen lurraldeei uko egitea. Trukean AEBk hainbat onura emango dizkio, Financial Timesen arabera. Hala ere, Kremlineko bozeramaile Dmitry Peskov-ek abisu egin du: "Ez fidatu hedabideez, ezta errespetagarriak... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiak agindu ostean eskola kirolaren aurkako epaia berehala betetzeko, Gipuzkoako Diputazioak jakinarazi du erabakia "onartu eta errespetatu" egingo duela, helegiterik ez duela aurkeztuko, eta aurrez Espainiako Auzitegi Gorenean jarritako kasazio... [+]
Obrak "abiadura handian" doazela deitoratzen dute makroproiektuaren kontrako kolektiboek. Landetako THT Ez taldeak hitzaldia antolatu du apirilaren 27rako, ozeanoei buruzko nazioarteko hainbat aditurekin, tartean, Paul Watson baleen aldeko ekintzaile... [+]
Ez da lehenengo aldia, aditua izan ei naiz kontraesanetan. Oreka, baietzaren eta ezetzaren arteko muga non marraz daitekeen bilatzen. Analisi topografikoa, neurriz neurri morala triangelatzen. Tatuaje erraldoia bekokian: Bai, baina… Erabaki batera iristeko, inoiz nire... [+]
Almidoiarekin egindako plastiko biodegradagarrietatik sortutako mikroplastikoek saguen osasuna kaltetzen dutela ikusi dute esperimentu batean. Ikertzaileek ohartarazi dute ezinbestekoa dela bioplastikoen segurtasuna hobeto ikertzea, haien erabilera handitzen jarraitu aurretik,... [+]
Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]
Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]
Apirilaren 30etik aurrera Azokaroa-ren lehen printzak sumatuko dira Ipar Euskal Herriko zenbait txokotan. Uxue Alberdi egongo da Hetero liburua aurkezten, Maialen Lujanbiok errezetaldia eskainiko du eta Maddi Sarasuak bere liburuaren aurkezpen musikatua egingo du senide eta... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.