Material kutunaren albo kalteak

  • Propietate egokiei zein prezio merkeari esker, azken mendean plastikoak hartu du lehen beste material batzuek zuten lekua. XX. mende amaieratik hona ederto ikasi dugu, ordea, aurrerapen-usteek bidesaria dakartela ondotik. Plastikoa ere, beren abantaila eta guzti, ari da faktura ordainarazten. Sortzen dituen arazoei modu egokian aurre egiten asmatu beharko dugu, haren zabalkundeak ez baitu oraindik gailurra jo. Baina alternatibak badaude.

Plastiko poltsak supermerkatu batean.
Plastiko poltsak supermerkatu batean.Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ez dago jakiterik etorkizuneko historia liburuetan letra larriz idatzita agertuko den, Harriarena eta Burdinarena bezala; haatik, Plastiko Aroan bizi garela esateko arrazoirik ez da falta. 1909an lehenbiziko polimero guztiz sintetikoa egitea lortu zenetik, plastikoen ekoizpena ia modu esponentzialean hazi da. Argitu dezagun polimero guztiak ez direla plastikoak, baina bai gehien produzitzen eta erabiltzen ditugunak. Hamarkadaz hamarkada, sortutako material berri haiek –bakoitza bere ezaugarri bereziekin, eta beraz, erabilera zehatzarekin– merkatuan sartu ziren arrakasta handiz, eta beste lehengai batzuen lekua hartuz joan ziren: zura, papera, beira, metalak... Eskala handiko ekoizpenak prezioa jaistea eragin zuen, eta gero eta propietate hobeak zituzten plastikoak asmatu zituzten. “Azken urteotan plastikoen ekoizpena eta kontsumo ikaragarria izan da, eta horrek hondakin kantitate imajinaezinak eratzea ekarri du”, idatzi zuten Leire Perez eta Maite Artetxe EHUko irakasleek 2009an, Plastikoek XXI. mendean dauzkaten erronkak artikuluan.

Murrizketa txikia Europan, hazkunde etengabea munduan

Europan hasita gaude dagoeneko plastikoari muga batzuk jartzen –askoren ustez inondik inora ez nahikoak–, baina munduko beste leku batzuetan hazkundea geldiezina da. Asiako hego-ekialdean, batez ere; gaur egun, han erabiltzen da plastiko gehien. Beste merkatu batzuetara iristeke dago plastikoa, baina pentsatzekoa da hori ere gertatuko dela, Hego Amerikan batik bat. Fernando Mijangos EHUko irakasle eta kimikan doktoreak uste du plastikoaren ekoizpenak eta erabilerak gora egingo duela munduan, nahiz eta petrolio gutxiago egon. Gogoan hartu behar da petrolioa fintzearen azpiproduktua dela plastikoa. “Erregaiak izango dira kaltetuak petrolioa gutxitzeagatik, ez plastikoak; errazagoa izango da erregaiak energia berriztagarriekin ordezkatzea plastikoak arbuiatzea baino”. Laburbilduz, luzerako izango ditugu plastikoak, eta baita haiek sortutako buruhausteak ere.

Iraupen luzea, bolumen handia

Zaborren arloan plastikoa ez da arazorik handiena, hondakinen kudeaketaz zerbait dakitenen esanetan, baina baditu zenbait berezitasun. Batetik, denbora luzea ematen dute degradatu gabe: 500-1.000 urtez egon daitezke naturan, desagertu aurretik. Bestetik, pisuari dagokionez hondakin guztien %10-15 besterik ez dira, baina bolumen handia betetzen dute. Zabortegian leku nahikorik ez eta, plastiko asko erre egiten da, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu ingurumenean eta, zenbait kasutan, gure osasunean. Petrolioaren beste edozein deribaturekin gertatzen den bezala, errekuntzaren ondorioa karbono dioxidoaren emisioa da. Kloroa daukaten plastikoek, gainera, dioxina minbizi-eragileak jaurtitzen dituzte atmosferara. Eta kontuan hartu behar da plastikoa beste substantzia batzuekin nahasita egoten dela, sarritan. Hondakin bereizle amorratuenak ere zail luke banatzea, edukiontzi horira joan aurretik, plastikoa eta hari erantsitako koloratzailea, edo sua ez hartzeko gehitu dioten konposatua, edo...

Hori guztiori saihesteko bide bat birziklapena da, baina horretarako beste hondakinak baino oztopo gehiago jartzen dute plastikoek. Lehen Munduan behinik behin, zerbait aurreratu da bilketa selektiboarekin, baina azkenean, birziklatzen den plastiko portzentajea txikia da ekoizten denarekin konparatzen badugu. Izan ere, elikagaiak aparte utzita plastikoa da gutxien biltzen eta birziklatzen den hondakin solidoa, Jose Ramon Sarasua EHUko ikertzailearen berbetan.

Lege uzkurrak

Ekologistak Martxan elkartearen arabera, Espainiako Estatuan 51 milioi ontzi erabiltzen dira –material guztietakoak, ez plastikozkoak bakarrik–, eta horietatik %30 baizik ez da birziklatzen. Zehazki plastikoari dagokionez, honako datu hau ematen du elkarte ekologistak: birziklatutako plastikoa ekoitzitakoaren %19,7 izan zela 2008an; espainiar legediak ezarritako gutxieneko %22,5a ez da erdietsi. Agian, legearen helburua laurdenera ere ez iristeak lagundu gaitzake, beste ezerk baino hobeto, arazoaren nondik norakoak ulertzen. Europako Hondakinen Zuzentarauak dio 2020rako lortu behar dela plastikoaren %50 birziklatzea, azaldu digu Joan Marc Simonek, GAIA eta Zero Waste (Zero Zabor) elkarteetako Europako koordinatzaileak. “Horrek adierazten digu norainoko borondate politikoa dagoen gai honekiko. Eta estatu batzuek epea luzatzea eskatu dute jada”.      

Munduan, oro har, hain plastiko portzentaje eskasak birziklatzearen arrazoietako bat da benetako bilketa selektiboa, plastikoaren kasuan, ia inon ez dela egiten. Plastiko mota asko dago, zein bere konposizio kimiko eta propietateekin, eta birziklatu aurretik bakoitza besteetatik bereizi behar da. Egokiena kontsumitzaileak berak egitea litzateke, plastiko mota bakoitza edukiontzi batean utziz, baina munduko leku gutxitan dago aukera hori.    

“Plastiko-hondakinak herriz herri biltzen dituztenek ez badute modu selektiboan egiten, birziklatu nahi duten enpresek eurek egin behar dute bereizketa, eta hori garesti ateratzen zaie, behin plastiko mota desberdinak nahastuta zailagoa delako bata bestetik bereiztea”, dio Joan Marc Simonek.       

Tratamendurik zailena daukan hondakina da plastikoa. Ondo bereizita ez ezik, garbi egon behar da. “Hala ere, birziklatzea bera ez da hain garestia, bestela ez litzateke batere egingo. Horretan diharduten enpresek diote birziklatzea errentagarria dela beraientzat. Errentagarria ez dena da plastikoaren bila joan behar izatea, bereizi behar izatea, garbitu behar izatea...”. Plastikoa produktu merkea da, arestian aipatu dugunez. Botila berria egitea, esaterako, botila zaharra birziklatzea baino merkeagoa da, baina tartea murriztuz doa, petrolioa garestitu ahala.

Errentagarritasun faltak ez du, beraz, hain plastiko gutxi birziklatzea esplikatzen. Europan behintzat, beste faktore bat hartu behar da kontuan, Simonen iritziz: “Interesa dago plastikoa erretzeko, nahiz eta ez den biziki erregai ona. Hala, zati esanguratsu bat erretzen da, dela erraustegietan, dela zementu-fabriketan”. Birziklatzen ez den portzentaje horretatik, erraustegira ez doana zabortegietara joaten da, eta handik zati bat, itsasora, aurreko orrialdeko koadroan xehetasun handiagoz azaldu dugunez. Alferreko gastua, beti ere.

Zailtasunak zailtasun, plastikoak sortzen dituen ingurumen arazoei aurre egiteko ezinbestekoa da ahalik eta gehien birziklatzea; hala diote, ekologistek ez ezik, zientzialariek ere. Horretarako ahalik eta gehien bildu behar da, eta hor hasten da huts egiten Euskal Herrian indarrean dugun sistemak. Alegia, edukiontzi horiak, oso modu laburtuan esanda. Espainiako Retorna Fundazioak salatzen du sistema agortuta dagoela. “Berreskuratze portzentajea oso baxua da, %30-35 ingurukoa. Herrialde bakar batek ere ez du lortu %50a gainditzea”, diote beraien webgunean. Horren ordez, Europa iparraldeko eta ekialdeko hainbat herrialdetan indarrean dagoen eredua ezartzeko eskatzen dute: Gordailu eta Itzultze Sistema. Hots, ontzi bat erostean –plastikozkoa nahiz beste material batekoa–, erosleak diru kopuru txiki bat ordaindu behar du berme modura. Gero, ontzia itzultzen badu erositako lekuan, diru hori itzuli egingo diote. “Sistema honekin, Alemanian ontzien %98,5 berreskuratzea lortu dute. Hori da birziklagarri dagoena”, diosku Joan Marc Simonek.

Bilketa sistema ezbaian

Aurtengo udan sartu zen indarrean Espainiako Hondakin Legea. Gordailu eta Itzultze Sistema erabiltzeko aukera aurreikusten du, oraingoz neurri zehatzik iragarri ez den arren. Horrek poztu egin ditu ekologistak, eta hein berean haserrearazi du Ecoembes, edukiontzien sistemaren kudeaketaz Espainian arduratzen den irabazi asmorik gabeko enpresa. Haien ustez, Gordailu eta Itzultze Sistemak kalte handia egingo lioke sektoreari, gastu eskerga egitera behartuko luke eta. Kontuan izan behar da gaurko ereduan Ecoembes osatzen duten enpresa bakoitzak –plastiko eta bestelako ontzien ekoizleak, azken batean– diru kopuru bat jartzen duela, merkaturatzen duen produktu kantitatearen araberakoa. Ecoembesek, gero, diru hori erabiltzen du bilketa egiteaz arduratzen diren erakundeei (Udaletxe, Mankomunitate...) lan hori egiteagatik ordaintzeko. Gordailu eta Itzultze Sistemak, aldiz, enpresa ekoizlea behartzen du bilketa egitera.

Gehiago nahi luketen arren, espainiar ekologistei gustatu zaie gordailuaren aukera jasotzea legeak. Aitzitik, kritika zorrotza egin diete beste zenbait alderdiri. Plastikoari dagokionez, erabilpen bakarreko poltsak dohainik banatzea ez debekatzea leporatu diote Madrilgo Gobernuari.

Galdutako aukeratzat jo du Ekologistak Martxanek zorioneko poltsekiko neurri zorrotzak hartu ez izana. Egia esatera, giroak ahalbidetuko zuen halako erabaki bat hartzea zalaparta handirik sortu gabe jendartean, azken urteetan supermerkatu askok beren borondatez hartutako murrizketa-neurriei esker. Besterik da poltsa-ekoizleen erreakzioa. Joan Marc Simonen ahotik jakin ahal izan dugunez, “udan, EBko Ingurumen Komisarioak, Janez Potočnik-ek, esan zuen poltsa horiei buruz legediren bat beharko zela, baina plastikoaren industriaren presioa dela-eta dena geldirik dago momentuz”. Erabilpen bakarreko poltsak gutxitzeko edozelango neurriak hartu diren herrialde guztietan, Euskal Herria barne, patronalak protesta egin du. Hein batean, datorkienagatik ere bai. Espainiako Hondakinen Legeak ez ditu tupustean debekatu poltsak, baina bai ezarri du 2018rako desagertu beharko direla.

Plastiko biodegradagarriak

Kexu artean, Espainiako Plastikozko Poltsen Ekoizleen presidenteak denbora izan du adierazteko bestelako alternatiben aldeko apustua egin beharko dutela. Zehatzago esateko, poltsa degradagarrien alde. Hain justu, polimero biodegradagarriak dira, birziklapenarekin batera, plastikoen arazoaren irtenbidearen beste ardatza. Halako materialak sortzen dihardu Jose Ramon Sarasuak zuzentzen duen lantaldea, Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Dioskunez, ez dira petroliotik eratorritakoak bezain erraz eta merke lortzen. “Badago merkatu bat horientzat, baina oraingoz ez da asmatu nola egin modu errentagarrian”. Bestalde, kontuan hartu behar da plastiko biodegradagarriek ezin dituztela, ageriko arrazoiengatik, plastiko guztiak ordezkatu, denbora laburrean erabiltzeko direnak besterik ez. Supermerkatutik etxerako bidean batez beste hamabi minutuko “lanaldia” egiten duen poltsa, esaterako, bete-betean sartzen da kategoria horretan, baina ordezko biodegradagarrien erabilpen portzentajea hutsaren hurrengoa da oraindik. Plastikoaren Aroa luzerako izango dugunaren beste seinale bat.

13.000 plastiko puska itsasoko kilometro koadro bakoitzean

Behar bezala biltzen ez den plastikoaren ondorioetako bat animaliengan eragiten duen hilkortasuna da. Arazoa bereziki larria da itsasoetan, urtero hainbat tona plastiko iristen baita bertara, lehorretik gehienbat (%80). Tentuz hartu beharreko datuak badira ere, Nazio Batuen Ingurumen Programak, 2005ean, kalkulatu zuen batez beste 13.000 plastiko puska zebiltzala flotatzen ozeanoetako kilometro koadro bakoitzean.

Greenpeacek txosten mardula argitaratu zuen 2007an, plastikoek mundu osoko itsasoetan eragiten duten kutsaduraz. Ondorio nabarmenena faunari egiten zaion kaltea da, ondo dokumentatutako adibide askoren bitartez azaldu zutenez. Animalia askok plastikoa jaten dute, elikagaia delakoan edo nahi gabe irentsita, eta horrek osasun arazo handiak sortzen dizkie, non ez heriotza. Sarri, urdailean geratzen den plastiko zatiak asetasun sentsazio faltsua eragiten du; animaliak jateari uzten dio eta gosez hil daiteke. Baliteke, bestela, plastikoak digestio-aparailua oztopatzea, baina ondorioa bera da. Ikerketek diote irentsitako plastikoak sei hilabete eta bi urte bitarteko epea behar izaten duela gorputz barruan deskonposatzeko, Greenpeacen esanetan.

Kontuan hartzekoa da, halaber, animalia hiltzen ez bada ere bere barruan dagoen plastikoa kate trofikora igarotzen dela. Esan beharrik ez dago espezie askoren kasuan geu garela kate horren azken begia.

Beste heriotza kausa bat plastiko-hondakinekin trabatuta gelditzea da. Plastiko aleak animalia ito dezake, edo haren mugikortasuna mugatu, janaria bilatzea eragotziz.

Arestian esan bezala, lehorretik iristen da itsasoan dagoen plastiko gehiena. Iturri nagusiak kostaldeko turismoa, itsasertzetik hurbil dauden zabortegiak –eurite handiak daudenean batez ere–, ur zikinen sarera botatzen ditugun hondakinak eta industriaren jarduna dira. Itsasoko zaborraren %20, berriz, ontzietatik nahita edo nahi gabe uretara botatakoa da.

Europar Batasunak dirua emango die frantziar arrantzaleei Mediterraneoko plastikoa kentzeagatik

Mediterraneoak, bere ura berriztatzeko 80 edo 90 urte behar dituen itsaso itxiak, kutsadura arazo larria du. Eta kutsadura horren zatirik handiena, %80 Europar Batasunaren iturrien arabera, plastikoa da. Ingurumenaz arduratzen diren zenbait erakundek zabaldutako datuek diotenez, 500 tona plastiko-hondakin daude itsasoan flotatzen, eta material beraren 250.000 milioi partikula txiki. Zabor horren %83ak lehorrean dauka jatorria.

Horri aurre egiteko, Europar Batzordeak proiektu pilotu bat abiarazi zuen Frantzian, aurtengo maiatzean: arrantzaleei ordaintzea arrainen ordez plastikoa jaso dezaten. Hala batutako hondakinak birziklatzera bideratuko dituzte. Bide batez, diru-sarrera bat ziurtatuko zaie beren ohiko lana egiteko gero eta oztopo gehiago daukaten arrantzaleei.

EBko Arrantza Komisarioak, Maria Damanaki-k, adierazi du itxaropena duela ekimen hau laster beste herrialde batzuetara hedatzeko. Beste herrialde batzuetako zenbait arrantzalek, berriz, gogorarazi nahi lukete beraiek aspalditik egiten dutela zabor-biltzaile lana ordainetan ezer jaso gabe, arrainarekin batera horixe bera baita portura ekartzen dutena, erruz: hondakinak.


Azkenak
Traktoreen protestak hasi zirela bost hilabete
Zerekin egiten dugu amets? Elikagaien merkatu globalizatuan bira egiteaz harago

Bost hilabete bete dira otsailaren 6an traktoreen mobilizazioak hasi zirenetik. Mirene Begiristainek eta Isabel Alvarezek ekofeminismoaren betaurrekoak jantzita aztertu dituzte mobilizazio hauek eta fokutik kanpo geratu diren laborariak eta aldarrikapenak ekarri dituzte lehen... [+]


Auxerreko haur txikien hilerria

Aurtengo neguan INRAPeko (Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala)  arkeologoek nekropoli berezia aurkitu dute Auxerreko (Frantziako Estatua) erdigune historikoan: haur jaioberrientzako edo hilda jaiotako haurrentzako erromatar garaiko hilerria. K.o. I. eta... [+]


Bederatzigarrena eta azkena

Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]


ChatGPT-k hau ere badaki: datu zentroek milioika litro ur lapurtuko digute

Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]


Hezbollahk 200 suziritik gora jaurti ditu Israelera, sionistek komandante bat hil ondoren

Hezbollahren goi mailako bi agintari militar hil ditu Israelek hilabete batean. Tentsioak gora jarraitzen du, erabateko gerra pizteko kezka artean.


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Merezi dugun euskal opera

Durangoko Hitz liburu-dendan otu zitzaidan Saturraran operak merezi zuela kritika. Jose Julian Bakedanoren arrapostua batetik, liburu-dendako Gaizka Olabarriren berben ilusioa, horrenbeste urtean Hitz liburu-dendako ardura eraman izan duen Nekane Bereziartuak opera hori ikusteko... [+]


Nafarroako Gobernuak biktima gisa onartu du poliziak ke pote batez zauritutako Mikel Iribarren

1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Mundakan atea itxi diete etxebizitza turistikoei urtebetez

Etxebizitza turistiko berriak erregistratzeko baimenik ez ematea erabaki du Mundakako gobernu taldeak, ostegun honetan egin duen ezohiko bileran. Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) behar diren aldaketak egingo ditu lizentzien etetea burutzeko.


Laboristek sekulako garaipena lortu dute Erresuma Batuko hauteskundeetan

Alderdi Laboristak bete ditu aurreikuspenak eta sekulako garaipena lortu du Erresuma Batuko hauteskundeetan. Keir Starmer alderdiko buruzagia izango da lehen ministro berria. Eskozian SNPk porrot handia jaso du, Sinn Feinek boto emaitzak hobetu ditu eta Galesko independentismoak... [+]


Ipar Euskal Herriko artistek Fronte Herritar Berria bozkatzeko deia egin dute

Eskuin muturra garaile izateak kultura eta gizarte mailan ekar dezakeenaren ikuspuntua partekatu dute, adierazpen bateratu baten bitartez. Guztira 94 artista eta kultur eragilek sinatu dute idazkia momentuz.


Eguneraketa berriak daude