"Emakumeok mundua nola eginen genukeen pentsatzeko garaia da"

  • Orain dela 18 urte emakume enpresari gazte talde batek Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartea (NEEZE) sortu zuen. Hasiera-hasieratik Rebeka Arraras diseinatzaile iruindarra izan da presidenteordea. Beste emakume asko bezala zerbitzu enpresa txiki bateko burua da. Halako enpresak ia inoiz ez dira agertzen albistegietako lerroburuetan edota diru-laguntzen hartzaileen artean, baina hauek dira, gaur egun, pertsiana itxi gabe, enpleguari tinkoen eusten diotenak.

Rebeka Arraras
Rebeka ArrarasDani Blanco

Emakumea, enpresaria, euskaldun konprometitua… Rara avis bat zara?

Ez! Egokitu zaidana besterik ez. Euskalduna naiz txikitatik, ikastolan ikasitakoa, eta euskararekin konpromisoa izatea niregan zerbait naturala da. Agian halako elkarte bateko zuzendaritza taldean hainbeste urtez egotea, besteen konfiantza mantenduz, hori bai izan daitekeela berezi samarra. Dena den, ni ez naiz euskaltzale bakarra elkartean. Gure logotipoa hasieratik elebiduna da, gaztelaniaz eta euskaraz idatzia dago, eta hori hala bada ez da nigatik bakarrik.

Duela 18 urte abiarazi zenuen elkartea. Zertarako?

Garai hartan emakume gazte batzuk hasi ginen enpresak sortzen eta kasik konturatu gabe, taldetxo bat eratu genuen gauzak eztabaidatzeko. Beste arlo askotan bezala, enpresa munduan ere desberdintasun pila ikusten genuen gizon eta emakumeen artean eta erabaki genuen beste tokietako elkarteekin harremanetan jartzea haiek zer egiten ari ziren ikusteko. Uste dut oso konprometituak izan garela beti eta baita oso independenteak ere. Inoiz ez gara lerratu izan talde edo alderdi politiko baterantz. Gure zuzendaritza batzordea oso anitza izan da beti eta hori biziki garrantzitsua da.

Zer egiten duzue elkartean?

Gauza asko: topaketak, formakuntza saioak, aholkularitza eta dokumentazio zerbitzuak eskaini, eta argitalpenak eta urteko emakume zuzendari eta enpresariaren saria banatu, besteak beste. Duela hamar bat urtetik ari gara kontziliazioan sakon lanean. Oso proiektu polita dugu: hainbat enpresatan etxearen eta lanaren arteko bateragarritasun plangintzak garatzen ari gara. Lortu dugu enpresa askotxotan, eta ez soilik berdintasun planak egitera behartuta daudenetan, halako plangintzak abiaraztea. Enpresa Txiki eta Ertain askotan ere bai. Kontziliazio plana oso tresna interesgarria da urrats sendoak emateko. Konpromiso hau onartzen duten enpresei Reconcilia izeneko bateratze zigilua ematen zaie. Langileen bizitza pertsonala eta lanaldia bateragarriagoak izan daitezen egindako ahalegina aitortzen zaie era horretara.

Gizonezkoek ez zuten interes handirik zuek mugitzen hasi baino lehen?

Gizonezkoek, normalean, ahal izanez gero, ez dute ezer egiten, eta enpresa munduan ere oso gutxi. Zuzendaritza taldean emakumezkorik dagoenean edota arazorik sortzen bada, edo sor litekeela uste denean, orduan zerbait egiten da. Dena den, hori ere enpresa motaren araberakoa izaten da. Enpresan emakume asko ari bada lanean, langileen gehiengoa direnean, errazagoa da zerbait egitea. Gauzak pixkanaka aldatzen ari dira eta kontzialiazioa balio erantsi bezala ikusten hasia da. Enpresaren funtzionamendu egokia eta emaitza onak lortzeko lagungarria da argi eta garbi: jendea pozik badago, lan gehiago eta hobea egingo du. Enpresa bakoitzak erabakitzen du zer neurri hartuko dituen: txanda aldaketak, haurtzaindegiak enpresa barruan, pizgarri ekonomikoak, telelana, eskolako oporretara moldatutako oporraldiak, udako ordutegia, lan aholkularitza, diru-laguntzak ibilgailuak erosteko, seme-alaben hezkuntza gastuetarako eta aseguruak ordaintzeko, jubilazio planak… Ordutegi malgutasunarena ez da neurri bakarra.

Emakume enpresari eta zuzendariak, hau da nagusiak, uste dena bezain gutxi al zarete?

Gero eta gehiago gara. Ez gehiegi baina poliki-poliki handitzen doa kopurua. Enpresa sortzaileen artean ia erdia gara. Zuzendaritza postuetan, aldiz, ez horrenbeste. Hasi ginenean %2 besterik ez ginen eta gaur %30 inguru, Espainiako Estatuan baino goraxeago. Kasu askotan emakumeak agertzen dira ageriko zuzendaritza postuetan, ikusten diren tokietan, administrazio kontseiluetan kasu, baina haien azpitik, goi mailako teknikariak, gehienak gizonezkoak izaten dira. Oraindik traba ugari gainditu behar ditugu emakumeok, horien artean oztopo kulturalak eta aurreiritziak: ez ditut aukera berdinak izango, haur bat izanez gero arazoak… Horregatik emakume asko beldur izaten dira.

Emakume-lorontziak zenbait kasutan?

Baten bat agian bai, baina gizonezko batzuk bezala. Administrazio batzordeetan eta bilera horietan gizon batzuk ere badira lorontziak, eta ez dira zergatik jakintsu, baliotsu eta azkar izan behar han egoteagatik. Ez zaie eskatzen hainbeste. Enpresa Txiki eta Ertainetan ez da gauza bera gertatzen. Hor finantza eta giza-baliabide ataletan emakume asko egoten dira. Halere, oraindik ere, soldata desberdintasun handiak badira. Tranpa pila egiten dute. Oinarrizko soldata berdina izaten da, baina gizonezko askok mota askotako gehigarriak dituzte. Elkartetik hori ikertu nahi izan dugu baina enpresek ez dute informaziorik ematen eta inork ere ez dizu bere nomina erakusten.

Zenbait lanbidetan emakumeak nagusi. Enpresarien artean ere halako joerarik ikusten da?

Bai. Argi eta garbi. Emakumeok sortzen ditugun enpresak zerbitzu alorrekoak dira gehienbat. Orain arte lehenengo eta bigarren sektoreko ogibideak gizonezkoenak izan dira eta horrela jarraitzen dute izaten. Nekazaritzan eta abeltzaintzan emakumeak gehixeago hasi gara ikusten, baina industria alorrean oso gutxi. Zerbitzu sektorea berriagoa da eta, oro har, sartzeko aukera hobeak ditugu. Arlo honetan orain emakume sortzaile asko dago. Enpresak txikiak izaten dira, langile gutxikoak eta inbertsio txikiak eskatzen dituztenak. Enpresa hauek oso egoera zailean daude, normalean, zerbitzu enpresek ez dutelako diru-laguntzarik izaten eta are gutxiago mikroenpresak direnean. Baina, aldi berean, halako enpresek enplegu egonkorra eta kalitate handikoa sortzen dute. Erakundeek ez diete garrantzi handirik ematen. Beti kezkatuta ibiltzen dira enpresa handiekin eta krisia gu ari gara sufritzen.

Gauzak egiteko modu desberdinak ditugu emakumeok?

Ni ez naiz antropologoa baina uste dut gizakiaren eboluzioari esker ezaugarri desberdinak ditugula eta ez da ezer gertatzen, ez gara gutxiago horregatik. Enpresan, zuzendaritzan, lanean… desberdin jokatzen dugu, baina bizitzako arlo guztietan denon artean egin behar ditugu gauzak.

Agintzerakoan ere nabari al da aldea?

Bai, eta uste dut gehiago nabaritu beharko litzatekeela. Askotan emakumeok gizonen jokamoldeak kopiatzen ditugu. Haien erara egitea erabakitzen dugu, guk nahiago genukeen modua bazterrean utzita eta deliberatzen dugu gogor jartzea, haserretzea… Emakumeok elkarrizketarako irekiagoak gara, lasaiagoak. Gizonezkoek batzuetan esaten dute gu liskartsuagoak garela, bekaiztiagoak, baina hori ez da egia. Horiek aitzakia hutsak dira. Izaera, portaera desberdinak egotea beharrezkoa eta aberasgarria da. Zuzendaritza eta enpresa munduan ere, estilo desberdinak errespetatzen ikasi behar dugu. Gure jokatzeko molde propioak dira, hain zuzen, emakumeok gizarteari emateko duguna. Mundu osoaren aldaketa nahi dugunok emakumeak duen garrantziaz egin behar dugu gogoeta. Historian gizonak izan dira protagonista eta emakumeok ezkutuan egon gara. Haiek antolatu dute gaur dugun bizimodua eta orain ikusten da dena oso gaizki doala. Emakumeok mundua nola eginen genukeen pentsatzeko garaia da.

Emakumeoi leporatzen digute ausardia falta eta hori negozioetarako ezinbestekoa omen da.

Emakumeak beldurtiagoak ala zuhurragoak gara? Ausartak ala errealistak? Gizonezkoak adoretsuak dira eta gu errealistak? Zer da hobe? Haiek porrot indize handiagoa dute enpresetan. Emakumezkook egiten ditugun enpresak, berriz, txikiagoak dira baina egonkorragoak. Krisi garai honetan emakumeen enpresa gutxiago itxi dira, txikitu garelako, hala edo nola baliabide eta diru gutxiagorekin mantentzen ditugulako. Gizonezkoek, aldiz, itxi eta kito eta ondoren sortu, lortu edo sartu nonbait. Emakumezkook aurrera jarraitzen dugu, kasu askotan oso diru gutxi irabazita, lanpostuak mantentzeagatik, bereziki. Zer da hoberena halako kasuetan? Batek daki!

Esaten dute Nafarroan ez dela erosten, ezta saltzen ere: heredatu baizik. Gaur egun egia izaten jarraitzen al du horrek?
Nire ustez garai batean bai, betiko enpresak ziren mantentzen zirenak, baina orain jada ez. Orain oinordetzan hartzen direnak harremanak dira. Instituzioekin, agintariekin harreman onak badituzu askoz errazago duzu dena, gobernu hori edozein koloretakoa izanda ere. Agian enpresak abian jartzeko adorea bai jasotzen dela aurrekoengandik genetikoki, ez dakit. Norberaren nortasunarekin doa. Gure familian aitona, aita eta osabak izan dira enpresetako buru.

Zuek Merkatal Ganberan eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioan parte hartzen duzue, besteak beste. Harremanak normalizatuak daude elkarte garrantzitsu hauetan?

Erakunde hauetan gure ordezkaria dugu, gure lehendakaria, María Victoria Vidaurre. Berak oso harreman onak dauzka, baina zenbateraino hartzen gaituzte kontuan? Ez asko, egia esan. Ni nahiko kritikoa naiz horrekin eta barruan egoten uzten digute, kontrolpean errazago edukitzeko, pentsatzen dut. Gure iritzi eta ekarpenak onartzen dituzte komeni zaienean, baina ez dugu pisu handirik. Hala ere joan behar da. Ematen badizute aukera hor egon behar duzu eta, gutxienez, hitz egin. Gauzak mantso, baina aldatzen doaz. Jende gaztea sartzen ari da, adibidez. Ilusionatuta gaude horrekin eta modu bat da emakumeak ikusarazteko. Hau nire iritzi pertsonala da.

Euskara arrotza da enpresarien elite horretan, Nafarroan?

Ez pentsa. Euskal munduan mugitzen garen agente guztiek pixkanaka lortu dugu euskara beste modu batez ikusia eta onartua izatea. Nafarroan horren beharra genuen, eta nik uste dut argi nabari dela aldaketa. Beldurtuta egon gara urte askoan eta oraindik segitzen dugu, neurri batean. Duela hogei urte nik ez nuen inoiz izaten lan harremanik euskaraz, eta orain gero eta gehiago. Del Burgo jaunak iragartzen zuena, ikastolak, eta euskarazko irakaskuntza oro har, okerrena izango zela, gauzatzen ari da egun. Euskaraz ikasitako lehen belaunaldiak, orain 40 urte ingurukoak, gizarteko goi postuetara iristen ari gara orain.

Birdiseinatu beharko genuke, oro har, euskararen inguruko diskurtsoa?

Bai, eta batez ere haur eta gazteentzat. Nik, adibidez, euskaraz hitz egiten dut 4 urteko semearekin, baina berak, jada, bereizten du eta ikastolako lagunekin erdaraz aritzen da. Ni ere nerabe garaian gaztelaniaz aritzen nintzen errazago egiten zitzaidalako. Adin horietan gauza errazak nahi izaten dituzte. Gero, aldiz, heldu egiterakoan, normalean, gazte horiek euskara berreskuratzen dute edo euskaltzaleago egiten dira. Gaztetxoen buruan sartu beharko genuke eta ikusi nola pentsatzen duten, haien hizkuntza eta tresnak erabili eta aukerak eman euskara erabiltzeko.

Nortasun agiria

Rebeka Arraras Iruñean jaio zen 1967ko azaroaren 21ean. Ingeniaritza ikasten hasi eta hiru urte igarota, sormena nahiago zuela ikusita, diseinu industrialean hasi zen. Hiru urte Zaragozan eta bost Bartzelonan bizi ondoren, itzuli zen: “Bartzelona izugarri gustuko badut ere, garbi nuen Euskal Herrira itzuli nahi nuela eta hemen ere aukerak izango nituela nik nahi nuena egiteko”. 4 urteko mutiko baten ama da, Telmo Haritza, gure kostaldea eta barnealdeko basoak biltzen dituen izen esanguratsua. RBK Diseinu enpresako burua da,  Nafarroako Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko (NEEZE) presidenteordea eta Bai Euskarari ziurtagiriaren zuzendaritza batzordeko kidea.

Euskaldunon koloreak

“Gure koloreak urdina eta berdea dira. Itsasoa eta mendia. Kultura bakoitzak bere nortasuna irudikatzen du bere koloreetan, bere grafismoan, janzkeran, portaeran… Diseinuak gauza horiek guztiak aintzat hartzen ditu. Airean dagoen zerbait da. Mundu globalizatu honetan bakoitzak bere nortasuna erakutsi behar du, besteena errespetatuz”.

Emakumea eta diseinua

“Nik uste dut emakumeak oso sortzaile eta diseinatzaile onak garela. Gure ezaugarrietako bat da. Enpresa munduan, arte munduan… ez digute tokirik utzi izan, baina asko dugu esateko eta munduari emateko. Emakumeok mundua birdiseinatuko bagenu, autoak, jantziak, tresnak, etxeak… Dena desberdina izango zen”.

Familia

 “Aitona eta amona Gaztelu Plazan bizi ziren eta euskaldun peto-petoak ziren. Amona Zegamakoa zen, apenas ikasi zuen gaztelania. Aitona Leitzakoa. Oso gazte etorri ziren Iruñera eta harremanak euskaraz izango zituzten arazorik gabe. Hala ere, aita eta bere anai-arrebak erdaldunak ziren. Gu lau anai-arreba gara, ni txikiena ikastolan ikasitako bakarra. Aitonak eraikuntza enpresa bat izan zuen eta gure aitak nekazal elikaduraren arloko enpresa bat zuzendu zuen Tafallan”.

Sare informalak

“Orain arte emakumeok ez dugu aukera handirik izan beste enpresetako kideekin astearte batean elkarte batera afaltzera joateko edo paddlean edo golfean aritzeko. Ez dugu aukerarik izan edota ez dugu nahi izan, baina haiek bai. Gizonek maiz lantzen dituzte halako harremanak eta horiek guztiak negozioetarako baliatzen dituzte gero”.


Azkenak
2024-12-19 | Leire Ibar
Ia urtebete daramate soldatarik gabe Bilboko ikastetxe bateko langileek, funts putre batek eraikina erosi ondoren

Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langileek soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.


2024-12-19 | Gedar
Europan, pentsiodunen %13k jarraitu behar dute lanean

Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.


2024-12-19 | Axier Lopez
Palestinaren askatasunaren aldeko 10 orduko elkarretaratzea egingo dute Lekeition

Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.


Ernairen kontrako 290.500 euroko isunak indargabetu ala nabarmen apaltzea onartu dute epaileek

Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.


2024-12-19 | Julene Flamarique
TikToken karbono-aztarna Greziako urteko emisioa baino handiagoa da, ikerketa baten arabera

Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.


Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude