"Ez goaz Madrilera kredentzialak hartzera eta agur Ben-Hur"

  • Zornotza, 1940. Ingeniari doktorea. HBren sortzaileetako bat. Espainiako Kongresuan diputatua izan zen Nafarroatik. Aralarreko kidea da, Arabako batzarkide izana. Aralarreko V. Biltzarra eta datorren azaroko Espainiako Kongresurako hauteskundeak izan ditugu hizpide, besteak beste.

Herri Batasuneko kide izatetik Aralarreko kide izatera pasa zen Iñaki Aldekoa 2000. urte aldean. Lizarra-Garaziko Akordioa deuseztua, ezker abertzalearen alderdi berria sortze bidean, bost ildoetako bat zen Aralar. Hona, solaskideak prozesu hartaz luze eta zabal kontatu digun lerro zenbait: “Guretzat borroka armatuaren aroa aspaldi bukatu beharra zegoen... Nafarroak erabakitzeko berezko esparrua behar zuen... Eta alderdi berriaren barne araudia argi finkatu behar zen. Batasuna osatu zutenen aldetik baino, MLNV delakotik eraso izugarriak jaso genituen”.

Zer ekarri du hamar urteotan Aralarrek? Zer ezker abertzalea egituratzen ari den uneon?  

Ezker abertzale ofizialak aipatu hiru puntu horietako lehena onartzea lortu dugu: Bildu da horren emaitza. Nafarroaren erabaki esparrua ere onartu du ezker abertzaleak. Eta barne egitura demokratikoak ere gauzatuko dira. Horiek gauzatzeko sortu ginen, ez emaitza politikoak lortzeko. Patxi Zabaletak “sortuko den alderdia, Aralarrik gabeko Aralar izango da” esan ohi du. Politikan helburuak lortzea da kontua, ez protagonista izatea. Antza, gizarteak ez du Aralar protagonista izatea nahi, bada, guk onartzen dugu. Halaber, Aralarrek ezker abertzalean ekintza politikoari sustapen etikoa ekarri dio. Ezker abertzaletik kanpoko beste alderdiek hori garbi izan dute, baina ezker abertzalearen esparruan ez. Eta hori ez zen Aralarren helburu, baina hori bidean sortu da, kultura politiko berri bat sortzen lagundu dugu.

Aralarrek Hegoaldeko Batzarra eta V. Biltzarra egin ditu berriki. Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Bildurekin joatea erabaki duzue. Erabakia gehiengoak onartu du bi bozetan, sektore bat kontra agertu da halere.

Hegoaldeko Batzarrean kontrako bi jarrera izan ziren Bildurekin joateko. Horietako bat, EAEko Aralarkide batzuena zen. Aurka zeuden hasiera beretik. Beste kontu bat da Nafarroako Aralarreko kideen jarrera. Hauetako batzuek NaBairi –tresna berezia eta emankorra denez– eutsi behar zitzaiola pentsatzen dute. Baina hauek ez zeuden Bilduren barruan joatearen kontra, beldur ziren Aralarreko zuzendaritzak EAEn Bildurekin joanez gero, Nafarroan prezioren bat ordaintzeko. Ordea, Batzarretik V. Kongresura bitartean hori argitu zen. Alderdiaren proposamena NaBai eta Bilduren arteko akordioa lortzea zen Nafarroan eta EAEn Bildu eta Aralarren artekoa. Nafarroan ordea ez zen elkarrizketa izaterik lortu, Uxue Barkosek eta EAJk ezetz esan zutelako. Euren betoa erabatekoa izan da, ez dugu eztabaidatzerik izan ere.

Zer aldatu da maiatzetik hona, Aralarrek aldaketa hau emateko?    

Bat: Bildu legala izatea. Guk Bildu izango zenaren barruan joateko edo ez, EArekin eztabaidatu genuenean,  arrisku handiena zen akordiora iristea eta denok legez kanpo geratzea. Orain hori dena oso erraz ikusten da. Bildu legala izateak egoera aldatu zuen erabat. Bi: hauteskunde hauetan bost eserleku lortzea dugu xede, ez dira Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak. Hiru: guk ezker abertzaleren alderdi berriaren sorrerarekin –Sortu auzia tarteko– dudak dauzkagu, noski, alderdi guztiek bezala, baina euskal gizarteak Bilduri izugarrizko sostengua eman dio, eta horri ezin diogu entzungor egin. Egoera berri honetan negoziazioa beharrezkoa zen. Nafarroan NaBai eta Bildu elkarrekin joatea beharrezkoa zen. EAJren ezezkoak bere interesak agerrarazi ditu.

NaBaiko Zabaltzen independenteak eta EAJ euren alde joanen dira Nafarroan.

Bai, baina beste koalizio bat egin beharko dute, Atarrabiako alderdi bat omen dago tartean. Zer-nolako izenarekin ez dakigu. Haiek diote NaBairen espiritua direla. Espiritu sendoa beharko dute, EA, Aralar eta Batzarre beste batetik –azken hau beretik– joan baikara. Gordinki esango dut, koalizio horretan EAJko jendea joanen da, betikoa.   

Uxue Barkos, Jose Luis Mendoza, Koldo Martinez, Serrano Izko independenteak dira.  

Uxue Barkos NaBaira heldu zen  EAJren eta EAren ildotik, egia da gero, oroz gain, Uxue Barkos NaBai izan dela. Ni politikoki kritikoa naiz bere jarrerarekin, baina Uxue asko estimatzen dut. NaBain izan duen pisua, kanpora nahiz barnera begira, handia da. EAJ eta EArekiko jarrera oso tinkoa izan du, independente bezala jokatu du. Mendoza eta Martinez, independenteak baina EAJren orbitakoak dira. Serrano Izko ez, eta beste batzuk ere ez. Baina gehienak EAJ eta Hamaikabaten inguruan dabiltza. Beraiek, NaBairen barruan defendatzen duten diskurtsoa tranbertsalitatearen alde eta frentismoaren aurkakoa da. Oraingo koalizioa frentista al da? Alternatiba alderdia independentista al da? Azken batean, sortuko den koalizioa EAJren orbitan izango da, abertzaletasunean ez dago beste espazio politikorik.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatibarekin akordioa lortu duzue. Zertarako joan Madrilera?  

Aralarren ustez horretan ere pentsamoldea asko aldatu da, eta areago aldatuko da. Badakigu Batasunaren barruan kontraesanak direla. Askok oraindik ere “zer galdu zaigu  Madrilen?” pentsatzen dute. Eta guk “asko dugu jokoan” diogu. Eta ez dugu bakarrik gure printzipioak defendatzera joan behar, Euskal Herria aldarrikatzera. Madrilgo Kongresuan berebiziko erabakiak hartzen dira egunero. Esaterako: euskal kutxen fusioa. Kutxen esparrua Madrilgo Kongresuak erabakitzen du. Nafarroako eta EAEn kutxen legeak daude, baina Madrilek erabakitako markoaren barnean. Gauzatzen ari den fusioa Madrilen emandako lege aldaketa baten ondorioz izan da. Alegia, ezkerreko parlamentariok eragin dezakegu ekonomia, fiskalitate, nekazal-industriaren nahiz ingurumenaren legeetan, eta horretarako estatuko ezkerreko indarrekin aliantzak egin behar ditugu. Ezker abertzaleak ez du inoiz landu esparru politiko hori, instituzio horrek Estatuaren erreforma bermatzen zuelakoan. Alferrikako kontzesioak egin ditu.  Orain erabaki eta borroka gune horiek bere egin behar ditu.

Zein dira Espainiako Kongresurako joateko akordioaren oinarriak?  

Hiru. Lehena: ez goaz Madrilera kredentzialak hartzera eta agur Ben-Hur. Kongresuko politika batzuk lehentasunezkoak dira, lehenago aipatu bezala. Zenbait arlotan zein politika motak egingo ditugun argitu behar dugu, baina landuko diren lege asmotan buru-belarri aritzeko goaz. Bigarrena: Akordioak dioenez Nafarroako berezitasuna eta nafarren borondatea errespetatzen dugu. Hirugarrena: bakegintza eta normalizazio politikoa Gernikako Akordioaren puntuetan oinarrituko dugu.

Nola ikusten duzu Gernikako Akordioa?

Akordioaren ideia asko Aralarrenak dira, horien alde gogorki borrokatu ondoren lortuak. Horietako bat ETAk su-eten definitiboa ematea da, funtsezkoa. Amnistiaren aipamena da beste bat: Batasuna inguruko batzuek ez zuten amnistia hitza idaztea nahi. Hau da, presoek beraiek erabakitzeko daukaten eskubidea onartzea. EPPK-k (Euskal Preso Politikoen Kolektiboa) ez du oraindik Gernikako Akordioa sinatu, horrek presoen artean erresistentzia handiak daudela islatzen du. Presoen talderik inportanteenak sinatzea pauso handia litzateke. Dena den, gero eta hurbilago ikusten dugu EPPKren sinadura. Gernikako Akordioa normalizazio politikorako ezinbesteko erreferentzia bilakatu da urte batean.

Artean Auzitegi Nazionalak epai latza eman du Bateragune auzian.

Momentu hauen antzekoak ezagutu genituen azken hauteskundeetan Auzitegi Gorenak Bildu legez kanpo utzi zuenean. Garbi dago,  arazo hau politikoa da, Espainiako Gobernuak auziak politizatu ditu justizia egin beharrean. Orain helegiteak etorriko dira eta ikusiko dugu. Baina oztopo izugarria da. Batetik, badirudi ETAk eta bere inguruak oraindik zailtasunak dituztela aurrera egiteko, eta bestetik, Estatuak ere izugarrizko arazoak ditu, bi aldeek elkar elikatzen dute nolabait. Adibidez, Conde Pumpidok “ETA dagoen bitartean, Sortu ez da legala izango” esan du. Baina nor da Estatuaren fiskala hori esateko? Euskal arazoan Estatuaren interes politikoak begibistakoak dira,  erabaki hori ere politikoa izan da.

Bateragune auzian nahiz Sorturen legalizazioan Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak erabaki beharko dute. Itxaropenik bai?

Bai. Sorturen legalizazioan Gorenak ere aurka egin zuen, baina, nire ustez, Konstituzionalak epaia zuzenduko du nolabait. Sortu azkenean legalizatu beharko dute, ez dute hauteskundeetan parte-hartzeko garaiz ordea. Bateragune auziaren sententzia oinarri juridiko gabekoa da eta Konstituzionalak epe ertainera zuzenduko duelakoan nago. Uneon, erritmo politikoaren kontrola dago jokoan eta lehian, eta botere politikoek hori erabiltzen dute auzitegien erabakien bitartez.

ETA artean isilik, urratsik eman gabe.

Bai. Sortu eta Bateragune auzietan aurrerapausoak ematen ez badira prozesua moteltzeko arriskua beti dago. Dena dela, azaroaren 20ko hauteskundeetan beste pauso handi bat ematen bada, definitiboa izango da ETAk azken urratsa emateko. Prozesu hau atzeraezina da.

Kutxa Bank: “Ni ados nago akordioarekin”

Ni ordea, ados nago akordio horrekin. Egia da, gauza batzuk zintzilik  daude oraindik ere, baina ez dut bat egin Aralarren ezetzarekin; Arabako Batzarrean oker dabiltzala adierazi dut. Patxi Zabaletari esan diot erabakia hanka sartzea dela, akordioa onartu eta babestu behar dugula. Ikuspuntu ezberdinak dira, noski, eta kontraesanak ere bai. Adibidez, Bizkaiko LABeko ordezkaria kontra agertu da. “Bankua ez” esan dute kontrakoek. Banku pribatu ez, esan nahi badute, ados. Baina banku publikoa, zergatik ez? Kutxa Bank banku erdipublikoa da. Nork dauka kontrola? Bada, kontrol politikoa izango den araberakoa, kontrol politikoa nolakoa Kutxa Bank-ena halakoa. Hori da joko politikoa eta demokratikoa. Horren aurrean oso baikor izan behar dugu. Denok itxaron baitugu ezker abertzalea izugarrizko indar politikoa bihurtzea. Bilduk lortu duen akordioa oso tresna inportantea da. Ni oso alde nago. Aralarren jarrera ez da egokia, baina batez ere kezkatzen nauena ELAren jarrera da. Euskal finantza ikuspuntutik, politikoki akordioa Bildurentzat izugarrizko bultzada da Gipuzkoan. Hemendik aurrera arerioek ez dute esaterik “ezker abertzalea lau zororen ekimena” dela. Noski, ezker abertzaleak ez dauka, ez daukagu, esperientzia luzea instituzioetan, udalez haragoko erakundeetan esan nahi dut, baina jarrera hori oso errealista da. Hori da bidea.

"Sistemaren aurkako oinarrizko mugimenduek aberastu dute ezkerreko abertzalea"

"Ezker abertzale mestizo bat ikusten dut: ezker abertzale politikoa, instituzio guztietan izango dena, baina ez alderdi politiko soila eta konbentzionala legez, mugimendu bezala baizik. HBren nahia hori zen, baina lehenago ere, ETAren hasieran, mugimendua lau adarretan antolatua izan zen: politikoa, soziala, kulturala eta armatua. Adar armatua kenduz gero, aspaldi bukatu behar zuena, adar politikoak, sozialak eta kulturalak behar dute segitu.

Erakundeetan alderdi politiko legez, baina ekimen sozialak eta kulturalak bultzaturik. Alor horretako indar eragileak zabalak eta sakonak dira. 50 urteko bide luze honetan, ezker abertzaleak sindikalgintzan nahiz kulturgintzan izan duen eragina izugarria da, eta bizirik dago. Bidean bide, sistemaren aurkako oinarrizko mugimenduek aberastu dute ezkerreko abertzalea. Eta horiek jarraituko dute.

Bistan da, eredu horrek kontraesanak eragingo ditu mugimenduan, oinarrizko indar horiek eta instituzioetan ariko den adar politikoaren artean tirabirak izango dira, tentsio horrek, haatik, ekintza politikoa bizirik mantenduko du. Herri mugimenduaren eta politikarien arteko lehia beharrezkoa da, zentzu onean ulertua. Euskal Herrian, Maiatzaren 15 (M15) mugimenduak ez du Estatuan daukan halako indarrik, itxura batez, sistemaren aurkako mugimendu hori ezkerreko abertzaletasunean sustraitua dagoelako. Kontua da herri mugimenduen eta berau ordezkatzen dituzten politikarien arteko oreka eta harremana gauzatzeko mekanismoak ondo antolatzea. Horiek horrela, oinarrizko herri mugimendua bizirik mantenduko da".
 

“Politika errealismoaren ariketa da, erronka gogorra dugu horretan ikasteko"

"Ezker abertzalearen bloke soberanista EAJn eragiten hasi da dagoeneko. EAJ noraezean  ikusten dut. Garai berriaren atarian egunero egiten ditu proposamenak: fiskalitatea dela, lege historikoak direla. Orain, adibidez, PPren inguruan. Mariano Raxoi Espainiako presidente bada, berarekin nola moldatuko den pentsatzen hasi da. Oraindik orain, Estatus berria proposatu du erabakitzeko eskubidea bermatzeko. Baina, Raxoirekin lortuko dute hori? “Ez da Estatutu berri bat, Estatus bat da” diote. Zer da hori? EAJko buruzagiak ez daude eroso, ideiak ez dituzte garbi, ezker abertzale berriaren arnasa lepoan sentitzen ari dira. EAJk, halere, aurrera egin behar du nahitaez, orain arte ezker abertzaleak hartuko zuen bidearen zain egon da, baina oraingo ezker abertzaleak hartu duen espazio ikusita, eskuinaldera joatera behartuko du. Espazioa murritzagoa izango du EAJk.

Nola nahi den ere, ez da erraz iragartzea hemendik hamar urtera nolako izango den euskal mapa politikoa, nola banatuko den espazioa politikoa. Alabaina, EAJk ez luke beldurrik izan behar politika ausarta egiteko. EAJk ezker abertzalearen aldean abantaila handia dauka epe ertainean. Izugarrizko esperientzia dauka arlo politikoan, aldiz, ezker abertzalea instituzioetan orain hasiko da ikasten.

Denbora luze egin behar dugu ikasbide horretan. Ezker abertzaleari kontraesan izugarriak etorriko zaizkio, ez bakarrik oinarrizko mugimenduetatik, politika arlotik ere bai. Ez da berehala ez inoiz guztiz ikasten ere. Adibidez, Bilduk Gipuzkoan daukan erronka izugarria da, Diputazioaren gobernagarritasuna bere esku dago, baina gutxiengoz, eta akordioetara iritsi beharko du oposizioarekin. Nola atera bestela hurrengo aurrekontuak? Politika errealismoaren ariketa da. Erronka gogorra dugu horretan ikasteko".

"Politikan lidergoaren eta 'caudillismoa'ren gaitza hor daude beti"

Zein da EAJren hitz erabiliena?: lidergoa. Zer da hori? Hegemonia. Politikan lidergoaren eta caudillismoaren gaitzak hor daude beti. Gurean ez da caudillorik izan, baina alderdi liderraren ezaugarria badago: EAJ da berau. Ezker abertzaleak ere izan du arazo hori azken 30 urteetan. Aurrerantzean, ETAren komisariado politikoa atzetik ez badago, arazo hori saihestu behar da. Adibidez, etorkizuneko ezker abertzalean bizpahiru alderdi nagusi izango dira, gurean ere  primariak izango dira hauteskundeetan eta politika arloan orobat aritzeko. Betiere, oinarrizko mugimenduaren nahiak kontuan hartuta.


Azkenak
2024-10-04 | ARGIA
Hego Euskal Herriko umeen %8,3ak ikusmena zaintzeko zailtasunak ditu

EAEko haurren %6,4ak eta Nafarroakoen %10,2ak ikusmen pobrezia du. Visión y Vida elkarte espaniarrak egin du estatuko azterketa. Txostenaren arabera, ikusteko arazoak dituzten haurren eragozpen larriena da ez duela minik egiten, eta familiek, baliabide ekonomikorik ez... [+]


Gazako genozidioak urtebete: gertaera nagusiak

Urtea bete da Hamasen urriaren 7ko erasoak gertatu zirenetik. Ordutik, Israelek Gaza suntsitu du eta guda inguruko herrialdeetara zabaltzen ari da pixkana. Urtebete honetako gertaera nagusiei errepasoa emango diegu kronologia honetan.


2024-10-04 | ARGIA
Guardia Zibila omenduta, biktima batzuk berriz biktimizatzen direla salatu du Memoria Osoak

Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]


2024-10-04 | Gedar
Gasteizko udaltzainek ere taser pistolak izango dituzte

Bi T10 pistola elektriko erosiko ditu udalak, baina beste sei erostea eskatu dute poliziek. Arma zurien erabileraren ustezko gorakada hartu dute aitzakiatzat, erabilera justifikatzeko. Gero eta udaltzaingo gehiagotan ari dira taser pistolak eskuratzen; Ertzaintzaren BIZKOR... [+]


Bizitza luzea Entzia Bonelli arrano gazteari

Arabako Mendiak Aske elkarteak zorionak eta eskerrak eman nahi dizkio Arabako Foru Aldundiko Natura Ingurunearen Zerbitzuari, Bonelli arranoa gure lurraldean berriro sartzeko Aquila a-Life proiektuarekin lortutako arrakasta dela eta.
Guztiz kontziente gara proiektu honek... [+]


2024-10-04 | Irutxuloko Hitza
Donostiako Udalak gaikako bilketa betetzen ez duela salatu du Eguzkik

Donostiako Udalak iragan osteguneko udalbatzarrean iragarri zuen moduan, zaborren tasa % 26,5 igoko du, 2025eko urtarriletik aurrera, Hondakinen 7/2022 Legeak horretara behartzen duela argudiatuta. Eguzkik, ordea, salatu du legea kostuei begira aplikatzen duela soilik, eta... [+]


Garbitzaile batek gurpil-aulkian ekin behar izan dio lanari Iruñeko Mendigoiti ikastetxean

Maria Elena Escudero 56 urteko emakumea azkenean Mendigoiti ikastetxeko bere garbitzaile lanera itzuli behar izan da ostegun honetan, Iruñeko Mendillorri auzoan. Asteazkenean ez joateko esan zioten Zaintzen enpresakoek eta ostegunean berriro baietz, aurkezteko lantokian.


Haurrekin alzheimerraz mintzatzeko gakoak

Alzheimerraren inguruan haurrekin naturaltasunez hitz egitea du helburu ‘Arrain bat bezala’ antzezlanak. “Zenbat eta lehenago landu orduan eta gutxiago estigmatizatzen da”, nabarmendu du Ana Maestrojuán zuzendariak.


Wikipediaren hizkuntza gutxituen biltzar batean bizitakoak

Lanopor egun batzuk izan nituen joan den astean. Oporrak ziren, baina ordu batzuk dedikatzen dizkiodan afizio bati emanak izan ziren, biltzar batean inbertituak: hotelean lo eta hotel bereko areto batean jardunaldiak goiz eta arratsaldez. Ordu gutxi batzuk geratzen ziren hiria... [+]


Lapurdi zeharkatzekoa duen AHT proiektuaren aurka mobilizatzeko deia luzatu dute

Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.


Uri Tzafon mugimendua: Jainkoaren izenean, Libano kolonizatzera

Uri Tzafon 2023ko martxoan sortu zen, ehunka batzuk kide dira, baina milaka jarraitzaile ditu jada eta tinko jarraitzen du bere ideia nagusia saltzen: Libanoko Litani ibaitik hegoalderako lurraldea Galilearen iparraldea da, beraz, "koloniza dezagun".


2024-10-03 | Leire Ibar
UGTk Euskotreneko hizkuntza eskakizunen aurka jarritako eskaera atzera bota du EAEko Justizia Auzitegiak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du UGT sindikatuak Euskotreneko egonkortze prozesuko euskara eskakizunen aurka egindako eskaera. UGT sindikatuak horren aurka eskaria egin zuen eta epaileak azpimarratu du eskakizunak UGTk berak sinatutako lan-hitzarmenean onetsita... [+]


Nafarroako Gobernuak etxebizitza publikoen eskariaren %3 baino ez du asetzen

Alfaro kontseilariak “aurreko hamarkadetako politika espekulatiboak” kritikatu ditu eta kolaborazio publiko-pribatuaren aldeko apustua egin du Foru Legebiltzarrean. Helburu gisa jarri du Europa erdialde eta iparraldeko datuetara heltzea. Etxebizitzaren esparruan lan... [+]


Eguneraketa berriak daude