Juan Kruz Igerabide dute aitzindari. Berak, ezetz, bera baino lehen ere haikuak idatziak direla Patri Urkizu, eta Joseba Sarrionandia. Haikurik idatzi ez bazuten, haiku tankerako testuak baietz. “Haikuak idazten lehenengoa, behintzat, ez naiz. Eta, lehenengoa edo azkena izanda ere, berdin zait!” Igerabide bera, Josetxo Azkona, Josu Jimenez Maia eta Karlos Linazasoro lagun hartu eta abiatu gara, haikurik haiku.
Gizonaren irribarrea,
emakumearen irribarrea,
musu bat, eta ni.
Igerabideren haikua da Botoi bat bezala (Anaya, 1999) liburuak dakarrena. Igerabide da, inondik ere, haikuak euskarara ekartzen jardun dutenen artean aitortza handiena jaso duen idazlea. Ez dira bart arratseko kontuak. “22 urte nituela aurkitu nituen haikuak. Lehendik zer edo zer entzuna nuen, bai, baina benetan orduan ezagutu nuen Baxo. Garai hartan, bi liburu oparitu zizkidaten, eta haietako batek, Baxorenak, sekulako eragina izango zuen haurrentzat idatziko nuen poesian.. Hortik hasi nintzen. Beste liburua, opari eman zidatena, Poesia e Vida zen, Maria Rosa Colaçorena. Poema laburrak ziren, haurrek egindakoak, haiku tankerakoak, bizipenez beteak. Hortik aurrera, praktikatzen hasi nintzen. Gainera, denbora hartan bertan, Zen meditazioa egiten zuen jendearekin kontaktuan sartu nintzen, eta, jakina, Zen giroan, haikua meditazioaren adierazpide moduko bat da”.
Josetxo Azkonaren Ez naiz Fujin izan (Pamiela, 2011) irakurri dugu… Azkona ere denboran hogeitaka urte atzera joan da Alan Wattsen El camino del Zen (Zen-aren bidea) liburuaren bila, huraxe izan baitzuen iturri. Hura, ordea, ez zen, zuzen, literaturari lotua, Wattsek literatura ez baina filosofia zuenez helburu. “Zen-az, budismoaz eta bertzez ari zen egilea, baina, azken atalean, haikuari buruz ari zen. Oraingo Ez naiz Fujin izan egin nuelarik, liburu hartara jo nuen, eta azpimarraturik ikusi dut! Beraz, zer edo zer ikusi nuen han. Denbora iraganik, gehiago irakurri dut, haikua hurbilago egin zait, jakina”.
Josu Jimenez Maiaren ibilian haiku jakin bat da batere ez baitezpadakoa, erabat inarrosi baitzuen haren barnea. “Iruñeko Auzolan liburu-dendan orri-markatzaileak egin zituzten aspaldian. Testua, harrigarria: Lapurrari leihoan / ilargia / ahaztu zaio… Hiru bertso xumetan, halako irudia biltzea! Ryokan izeneko haikugile batena omen zen. Ryokan zaharra lotan zelarik, nabaritu zuen lapur bat sartua zela eta nahiago izan zuen futon delakoan gorde, lapurrak egin beharrekoa lasai egin zezan. Eta haiku horrek azpimarratzen du garrantzitsuena, ilargia, lapurrak eramaterik izan ez duena. Leihotik ageri zen ilargiari beha, idatzi omen zuen haiku hori. Ikaragarria iruditu zitzaidan poema. Mendebaldeko poesian, luzamendu eta luzimenduetan ibiltzeko joera; hark, berriz, bost-zazpi-bost silabako artefaktu poetikoan sentimendu hori biltzea zoragarria iruditu zitzaidan”. Aurten berean, Gerezi garaiko haikuak (Maiatz, 2011) lana argitaratu digu Jimenez Maiak.
Karlos Linazasorok Roland Barthes du haikutto –Linazasorok berak erabilia du hitza inoiz–, lagun. “Barthesek honela dio: ‘Haikua bere baitara biltzen da. Itxuraz, utzi duen arrastoa desagertu egiten da. Ezer ez da atzemana izan. Hitzaren harria alferrik botea izan da. Ez dago olaturik, ezta zentzuaren jariorik ere’. Baxok, berriz, badakigu zer esan zuen, une jakin batean gertatzen den horixe”.
Igogailutik
irten zen gizalaba.
Lurrina, ez ordea. (J. Azkona)
Igerabide bere buruarentzat itzultzen hasi zen haikuak. “Horrela hasi, eta, artean irakasle nintzela, sei-zazpi urteko haurrekin saiatu nintzen gero, haiei irakurtzen, eta haiek ere haiku egiten jarrita, hamazazpi silaba zirela eta halakorik esan gabe. Batzuetan, lerro bakarrekoak egiten zituzten. Baina ez zion axola, haikuak berezko duen sentsazioa biltzen zuten-eta. Garai hartakoa dut Begi niniaren poemak. Ez da haiku generokoa zeharo, baina badu hortik. Gainera, hor nuen beti Poesia e Vida liburua, eta handik ere edan nuen”. Ez dio bide horri utzi harrezkero. “Lan pertsonalago bat egin nahi izan dut ordutik hona, eta haurrekin harremanak ditut eskolara egin ohi ditugun bisiten bitartez. Horrela etorri ziren Hosto gorri, hosto berde, eta gainerakoak”.
Azkonak ez zuen sobera denbora behar izan haikuak bere lanera ekartzeko, eta Artius lehen lan argitaratuan ere ageri dira. “60 bat haiku izanen dira han. Haiku, edo haiku izan nahi zutenak. Ideia azalekoak nituen, sakondu gabeak”. Ondotik, dozena bat haiku –lehen liburukoak baino “haikuagoak” beraren esanetan–, eman zituen Koilara bete hitz liburuan. Ostean, haiku gehiago Arbola naiz, eta zuhaitza lanean. Baina idazleak gehiago eskatu zion bere buruari: “Liburu oso bat prestatzen hasi nintzen, haikuen inguruan. Eta egiten hasi nintzen, haikua landu ondoren. Horretarako, Japoniako kultura, historia, eta haien ikuskera aztertu nuen, haikua hura barrendu nahian. Lan serioagoa, landuagoa dut Fujin”.
Haiga liburu batetik abiatu zen Jimenez Maia, haikuari laguntzen dion, hura edertzen duen irudi bildumatik. “Yukki Yaura zen egilea. Biziki estimatzen nuen lan hura. Espainiar Estatuan, Hiperion argitaletxea lan ederra egina da haikuen inguruan; hor dira Jesus Munarrizek eta Teresa Herrerok egin dituzten itzulpenak. Gero, Ryokan deskubritu nuen. 99 haiku besterik ez zaizkio ezagutzen. Hark, maitemindu ninduen. Eta betikoa: ‘Hau euskaraz?’, eta itzultzen hasi nintzen” Bidean, Ryokan, Baxo, Xiki eta beste ezagutu ditu. Eta, orduan, beste urrats bat aurrera. “Reiko Furuno ezagutu nuen, kamishibai [ipuinak kontatzeko eta idazteko] teknika irakatsi zidan. Ryokanen haikuak euskaratzen hasi nintzelarik, berari erakusten nizkion. Ingelesetik eta gaztelaniatik euskarara ekarri ohi nituen, eta berak esan zidan bide luzea egiten ari nintzela: japonieratik ingelesera itzuliak ziren, lehenengo; ondoren, euskarara. Jauzia zela, eta handia. Berak naturatik behar nuela edan esan zidan, behar nuela sentitu…”. Horrela hasi zen Jimenez Maia bere baitarik, haiku idazten.
Linazasoro gazte zen artean. 18 urte zituela ondu zituen lehen haikuak. Haietarik batzuk bilduak ditu Eguzkia ateri liburu harribitxizkoan, eta lan berriagoa du Hamazazpikotan. Jimenez Maiaren gisara, Hiperion argitaletxeak egindako antologiak izan zituen abiapuntu. “Minimalismoak erakarri nau beti. Haikuaren biluztasunaren esanahia ikaragarria iruditu zitzaidan, esaten zuena, eta, are, esan nahi zuena, edo iradoki zezakeena. Gure kulturari harrigarriak zaizkio haikuaren xalotasuna, sinpletasuna, ttikitasuna. ‘Zer da hau, ordea?’, esanarazten digu”, Linazasorori gaztetan esanarazi zion bezala... “Orduan idatzi nituen haikuak kriptikoagoak ziren, ulertzen ere zailagoak. Hamazazpikotan lanekoak, garbiagoak, irekiagoak dira. Gaztetan, ez dakizu gauzak nola esan ere. Ilunpea babes duzu. Idatzi ahala, ordea, gero eta artifizio gutxiago behar duzu”. Testua jantzi ordez, erantzi. Janzkera mota da, betiere.
Behor ezkilak
urratzen du eguna
mendi gainean. (Josu Jimenez Maia)
Japoniarren poesia molde berezia da haikua, izatez, definiziorik motz hotzenean. Igerabidek badu besterik poesia molde berezi horretaz. “Haikua meditazio baten emaitza da. Kontenplazioan, meditazioan izan dezakegun sentsazioa, argi-printza bat. Horrela irakurtzen ditut nik haiku klasikoak. Zentzumenetik abiatzen da, nahiz eta Mendebaldean gehienbat bestelako haikuak, zerebralagoak, egiten ditugun”. Sentsazio bat, hamazazpikotan –hamazazpi silabatan–, emana. “Baina, berez, nahiko librea da, japoniar tradizioan bertan ere. Meditazioa gorputz-jarrera jakin batean egiten da, gehienbat. Bada, haikua, berdin: hamazazpi silabakoa da jarrera, silabaren bat gorabehera”.
Azkonari erakargarri zaio, zinez, haikua. “Poesia bidezko emanaldi gozatsua da haikua; mundua poetikoki esploratzeko bide erakargarria. Tamainak erakartzen nau, oroz gain. Horixe da gakoa: nola egin horrelako poesia. Hain elementu gutxi ditu, eta hain da eder! Eta irakurleari eragiten dion emozio poetikoa! Arnasa laburreko lanak gustatzen zaizkidala ohartu naiz. Badu ikustekoa nire ibilbidearekin, prentsan ere kondentsazio handiko lan motzak egiten baititut. Eta baita irratian ere. Poesian, berdin, motzetik jo dut, laburretik. Tamaina txikiari dagokionean, goia da haikua poesiaren barruan”.
Bataren sentsazio eta argi-printza, bestearen tamaina txikia… Sentimenduen argazkia du Jimenez Maiak. “Ontzi tipi horretan, arauek zedarritzen duten horretan, une jakin batean bizitakoa, ikusitakoa, usaindutakoa biltzea dut, nik, haikua. Sentimenduen argazkia formula magiko horretan biltzea, eta era iradokitzailean transmititzen ahalegintzea”. Irakurleak idazleak bizitakoaren erdia, herena, jasoko balu, pozik legoke Jimenez Maia. “Erdia jaso, irakurleak berak osatuko du gainerakoa”. Dena dela, abantaila ere badu honen Gerezi garaiko lanak, haikuek irudi bana baitute lagun, ondoan. “Nik hitzetan biltzen dut nire sentimendua, eta marrazteko gaitasuna duen beste batek irudikatu du nire hitz kate hori”. Kasu honetan Maite Ramos Fernandezek ilustratu ditu Jimenez Maiaren haikuak.
Barthes eta Baxo aipatuak dizkigu Linazasorok. “Betiko badoan une hori harrapatzea da haikua. Idatzi, eta hortxe, harrapatuta geratu da betiko. Sentsazioa, emozioa, flasha… da lehenengo, hamazazpi silabatan errenditzea, berriz, bigarren, hau da, arkitektura lana: bost-zazpi-bost. Lehenengo Eguzkia ateri hartan ez dakit hamazazpikorik dagoen ere. Bigarrenean bai, izenburuak agintzen duenez, hamazazpikotan jardun nuen, estu-estu, zehaztasun osoz, halaxe nahi izan nuelako. Arkitekturak ere badu alderdi politik!”.
Haikuttoaren
hariari tiraka
haizea aztarka.(K. Linazasoro)
Gurean bada haikuaren antza ez baina haren oihartzuna ekartzen digun adierazpidea, hau da, kopla zaharra. Lau idazleok haikura jo dute, koplara gabe. “Haikuak itzultzen hasi, eta euskaraz erritmo handia zutela ohartu nintzen, kopla zaharretik datorkigun tradizioa nuen lagun. Are gehiago, kopla zaharraren lehenengo irudiarekin lotzen nuen haikua”, Igerabidek dioenez. “Eta badut nostalgia bide hori gehiago ez landua”.
Azkonak, bere aldetik, galdetua dio bere buruari kopla zaharraren inguruan. “Idatziak ditut koplak ere, baina luzeagoak izan! Bi oin, nahikoa dut nik… Baina bi oin, ez da kopla! Kopla, luzeegi zait. Nik laburra behar dut, pertzepzio hutsa”. Zenbat buru, hainbat aburu…
Kopla zaharra, jakina denez, naturari lotua izan da… Baita haikua ere. Jimenez Maiak Lizardi dakar aipura: “‘Izotz-ondoko eguzki, neguaren farre…’ Nire erronka da hori bost-zazpi-bosteko artefaktu poetikoan ematea. Haikuaren abantaila da labur izatea. Labur, baina ez motz”.
Linazasorok pekoz gora jarri du galdera. “Badira kopla zaharra erabiltzen duten poetak. Horra Patziku Perurena, adibidez, kopla bikainak egiten ditu. Beste mundu bat da kopla, nahiz eta hark ere harreman estua duen naturarekin, haikuak bezala. Haikuak, bestalde, hor du beti denboraren iragankortasuna, atzeman ezintasuna, maitasuna… eta isiltasuna”.
“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]
Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.
Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]
Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]
Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]
Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]
Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]
2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]
Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]
Hiru hilabetez iraun du Mazango auziak, Gisèle Pelicotek irekitakoa, zeineten ikertu duten urte luzez senarrak somniferoz drogatu eta berak zein beste dozenaka gizonek 200 bat aldiz bortxatu izana. 51 gizon epaitu dituzte, eta senar ohi Dominique Pelicotentzat 20 urteko... [+]