"Egunero pozoitzen gaituztenek saltzen dizkigute minbizia sendatzeko botikak"

  • Bizi-esperantza jaistean esperantza bizia geratuko zaigu.

Marie-Monique Robin
Marie-Monique Robin
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure kazetaritzaren ikusmoldea gainbehera doa.

Kazetaritza engaiatua aldarrikatzen dut. Demokrazia batean prentsak laugarren boterea izan behar luke. Albert Londres-ek, baldintza susmagarrietan hil zen joan den mende hasierako kazetari eta nire buru-maisuak, beti esaten zuen kazetarion lana ez zela ongi edo gaizki esaka aritzea, luma zaurian sartzea baizik. Bera, esaterako, biblia saltzailez mozorrotu zen Cayenne-ko presondegi higuingarrira sartu eta salaketa erreportaje bat idazteko. Hori eginik, Asanblea Nazionalera jo zuen legebiltzarkideei artikulua irakurri zutenentz galdetzera, eta ez zien bakerik eman presondegi hura itxi zuten arte. Horregatik aldarrikatzen dut kazetaritza engaiatu bat, jendea hunkitzen duten gizarte gaiak muturreraino ikertzen dituena, eta boterearekiko kontzesiorik gabea.

Prentsa ez dago beste arlo batzuetan zure ikerketek salatzen duten erabateko kontrol-nahitik salbu?

Zoritxarrez, munduaren eboluzioak alor ekonomiko orotako kontzentrazio zorrotz eta zehatza ekarri digu. Monsantok urtero haziak erostea inposatuz elikatze katearen lehen kate-begia bere egiten duen gisan, prentsa ez dago hegemonia horretatik salbu, nahi ala ez sektore ekonomiko bat bilakatu baita. Frantzian, asfalto enpresa handienak kontrolatzen du telebista kate garrantzitsuena. Ez dira garai onak prentsaren independentziarentzat. Bukatu dira kazetak kazetariek sortzen eta zuzentzen zituzten garaiak. Egun, Lagardere kasu, egunkari bat arma saltzaile batena izan daiteke.

Horrek jasotako laudorioak bezainbateko presio eta trabak izan dituzula esan nahi du?

25 urte daramatzat ofizioan, gai delikatu, zail eta, zergatik ez esan, arriskutsuen bueltan ikertzen. Mundu osoan zehar lagun asko egin ditut baina baita botere handia daukaten etsai zenbait ere. Jakina da industria kimiko osoak nahiago lukeela planeta honetatik desagertuko banintz. Zorionekoa naiz alta, nire lanak oso ezagunak direlako, hizkuntza anitzetara itzuliak izan direlako, eta hori sekulako babesa da niretzat, izan dezakedan segurtasun neurririk behinena. Interneten oso presente egonda sare bat eraikitzen da, eta badakit zerbait gertatuko balitzait edo epailearen aurrera eramango banindute, berehala mobilizatuko litzatekeela jendea. Hori zoragarria bezain lasaigarria da.

Lasaigarria ez dakit, baina zoragarria behar du norbere lanari esker 400 epaiketatik gora berriz zabaldu eta Argentinako diktadurako goi kargu asko akusatuen aulkian eseri izana.

Oso harro nago, asebeteta. Horretarakoxe egiten dut lan, horixe da luma zaurian sartzea. Satisfakzio itzela da kazetaritzaren bidez ere mundua aldatu daitekeela ikustea. Ederra da eraikinari norbere harria eranstea, eta bide batez, arazo globalei erantzun lokalekin aurre egiten dietenen etxea sendotzea. Denok, garenetik eta gaudenetik, daukagu zeregina. Ezin dela ezer egin, dena galduta dagoela pentsatzeko joera dago, baina gezurra da. Nik, kazetaria izanda kazetaritzatik eragin dezakedan bezala, bakoitzak astindu dezake bere ingurua eta hori oso berri ona da.

Dena ez da berri ona, ordea. Salatu duzun oro ez da epaitua izan. Hor daude Monsanto, Bushen tortura basatiak, Heriotzaren eskuadroietako agintari frantsesak…

Bush kartzelara igortzea amets bat da, ez pretentsio bat. Zentzu horretan, etsigarria izan daiteke, baina egiten dudanak balio duela sinetsiko ez banu pikutara bidaliko nuke dena. Denek nahi genuke gauzak azkarrago joatea, gure lanek oihartzun eta ondorio zuzenagoak izatea, baina tantaz tanta harria zulatzen doan irudia ez ahanztea komeni da. Adibidez, Heriotzaren eskuadroien inguruko dokumentalaren ostean Frantzian Batzorde parlamentario bat sortzeko proposamena egon zen, nahiz eta azkenean dena bertan behera geratu. Baina orain jendeak badaki Frantziak eta frantsesek zer paper jokatu zuten Argentinako diktaduran, eta hori auzi bat bezain inportantea da. Jende bat lege guztien gainetik dagoela? Jakina, baina borondate kontua da dena. Horregatik diot politikariek euren ardurak dituztela, baina herritarrok ere bultzatu behar dugula, aktiboagoak izan, bildu, exijitu, aldarrikatu. Horretarako ere egiten ditut filmak, nire lanak jendea mobilizatzeko tresnak izatea nahi nukeelako, horixe baita nire lanaren jarraipena.

Botere ekonomikoak ez balu botere politikoa irentsiko gehiago begiratuko genioke platerean daukagunari?

Botere ekonomikoa indartzeko modu bakarra kontsumitzaileak errotutako modeloaren atzetik ardien gisa joatea da. Produktu horiek ez ditugula nahi eta ez ditugula gehiago erosiko esaten badugu ez daukate zereginik. Jakina botere ekonomikoa oso indartsua dela, oso kontzentratua, baina derrigortuta dago kontsumitzaileengan oinarritzera. Egun, II. Mundu Gerraren ostean masa kontsumoarekin martxan jarri zen prozesu luzearen ondorioak pairatzen ari gara. Fabriketan milaka produktu ekoizten hasi ginen, nola ekoizten ziren eta zer ondorio izan zezaketen arduratu gabe. Hori gutxi ez eta legedi guztiak eraginkorra ez den sistema batean oinarritu ditugu: “Pozoia dosian datza” XVI. mendeko Paracelse mediku suitzarraren printzipioan. Bagenekien produktu asko toxikoak zirela, baina dosi txikian izanik arriskutik libre geundela uste izan dugu. Nik kontrakoa frogatu dut, printzipio horrek ez digula balio, ez duela funtzionatzen. Produktu toxikoek inbaditu gaituzte eta bistakoa da eritasun askoren zioa hortxe dagoela.

Industriak frogen emaitzak faltsutzen dituenean, arautze eta kontrol erakundeak ustelduta daudenean, arautze irizpidea zientifikoa ez denean... Norekin fidatu gaitezke?

Produktu kimikoen arautze sistema goitik behera berrikusi beharra dago. Eguneko Dosi Jasangarriaren printzipioa ez da eraginkorra, produktuak babesten dituelako kontsumitzaileak babestu beharrean. Harago joz, arautze eta kontrol agentzietan lan egiten duten adituetako askok industriarekin lotura zuzena dute, gardentasun falta izugarria eraginez. Horren azpian ordea, ezinbesteko galdera dago: zenbateraino gaude prest garapenaren eta ongizate teknologikoaren izenean gure osasuna eta ingurumena kaltetzen duten produktuak onartzeko? Denok gara erantzunaren parte. Konferentzietan jendeak plastikorik gabe nola bizi litekeen galdetzen dit. Jakina ez dela samurra. Baina horrek esan nahi du herritarrok sekula izan ez dugun eztabaida ukan behar dugula, orain arte etorri zaiguna begiak itxita onartu dugulako. Kolektiboki erabaki onak hartzea da goi-agintariak mugiarazteko bide bakarra.

Horretarako gure existentziaz haragoko bisioa behar genuke, alta.

XX. mende osoan, kimikaren mendean, baliabide agortezinak genituela eta dena betiko zela sinetsita bizi izan gara. Orain badakigu hori ez dela hala, ezin diegula mundu osoko alarma hotsei entzungor egin. Klimaren krisia geroz eta nabarmenagoa da, ukatzen dutenak ipurdi-bistan uzterainokoa. Krisi energetikoa ere gainera datorkigu, kontsumo sistema guztia petrolio merkean oinarritzen baita, eta erreserben limiteetara heltzen ari garen honetan fite eta zuzen deliberatu beharko dugu. Krisiekin segituz, biodibertsitatearenak ez dauka izenik, katastrofikoa da. Azken lanean deskribatzen dudan krisi sanitarioa ere mahai gainean dago: gaixoak daude, hildakoak, pobrezia, gosetea... Nire hurrengo lanean nola elikatu mundua galderari erantzuten saiatuko naiz, hil ala biziko bidegurutzean baikaude. Ez baditugu ekoizteko modua eta gizarte eredua aldatzeko erabakiak hartzen, hormara goaz zuzen-zuzenean, eta ez hemendik 3.000 urtera, mende honen akabuan baizik. Ondorioak gure haur eta ilobek pairatuko dituzte. Orain hamar urte ez nuen uste sekula halakorik esango nuenik, baina orain begi-bistakoa zait. Urgentzia sentimendua geroz eta itogarriagoa da.

Elikatu liteke mundua pestizidarik gabe?

Hori da erronka, gauza bat baita gertatzen dena salatzea eta bestea soluzioak aportatzea. Kimikaren industriak beti esan du ezinezkoa dela mundua elikatzea pestizidarik gabe. Ni, Olivier de Schutter Nazio Batuen elikatzeko eskubidearen arduradunaren agroekologiari buruzko txostenean oinarritzen naiz, eta bai, elikatu liteke mundua pestizidarik gabe. Funtzionatzen duten esperientzia andana dago munduan, ekonomikoki oso errentagarriak direnak, eta gauzak beste modu batera egin daitezkeela argiki frogatzen dutenak. Kimikaren industriak pestizidarik gabe mundua ezin dela elikatu dioenean, garbi erantzun behar zaio pestizidekin ere ez dela mundua elikatzen, euren sistemak ere ez duela funtzionatzen. Ahaztu ote zaie milaka pertsona dagoela munduan malnutriziopean? Ahaztu behar ez dena da agrokimika petrolioan oinarritzen diren pestizida eta ongarri kimikoetan sustraitzen dela, beraz ezin daitekeela betiko izan. Hori gutxi ez eta gure ur erreserbak agortzen eta zoruen kalitatea zapuzten duen sistema da. Badakigu laborantza industriala praktikatzen duten herrialde guztietan zoruak hilzorian daudela, muga-mugan gabiltzala, eta laster desertifikazio arazoekin egingo dugula topo. Sistema zaharrak ez du funtzionatzen, datuek sistema berri bat posible dela diote, beraz bistakoa da bidea.

Monsantoren morrontzatik eta zoruetan egin dituen sarraskietatik askatzea kostatuko zaigula bezain bistakoa.

Jakina, baina une batean erabakia hartu beharko da. Kanada eta Estatu Batuetan, esaterako, Genetikoki Aldatutako Organismo anitz landatzen da eta zoruak izugarri kutsatuta daude, hilik ia. Deskontaminatu beharko dira, horretarako denbora hartu. Oraintsu, Alemaniako nekazari batek bere aita 70eko hamarkadaren hasieran laborantza biologikora pasa zela ziostan, orduan jada bere zoruak zatz eginda zeudela ohartu zelako. Denbora behar izan du lurrak biziberritzeko, baina lortu du, lurra ahaltsua baita, egoerari buelta emateko gaitua. Garbi dago trantsizio garai bat egongo dela. Europan subentzio sistema bat dago, eta oraingoz kutsatzaile handienak laguntzen badituzte ere, zergatik ez da laborantza biologikorako saltoa subentzionatuko? Jakina lehen urteak nekezak izango direla, lurrak desintoxikatu behar direlako, baina zinez diotsut laguntzak egongo balira laborari anitzek emango lukeela urratsa. Laborari eta laborari familietan gaixo asko dago pestiziden erruz, batek parkinsona dauka, minbizia besteak, eta gehienak oso gaztetatik. Ezin dute gehiago eta pausoa emateko falta zaien bakarra sostengua da. Erabaki bat baizik ez da, borondate politiko hutsa.

Gizarte segurantzaren leherketak irekiko dizkigu begiak?

Ulrich Beck soziologo alemaniarrak ongi dioenez arriskuaren gizartean bizi gara. Garapenaren izenean galera eta koste humanoak egon daitezkeela onartzen dugu eta ahal bezain txikienak izan daitezen errezatu. II. Mundu Gerratik hona sortu diren arautze agentzia guztiek arriskua txikitzeko xedea dute, ez arriskua desagerraraztekoa. Arriskua eliminatuko bagenu produktu horiek guztiak debekatu behar genituzke, eta ondorioz, kontsumo gizarte osoa berrikusi. Gizarte segurantzaren kontuetan arakatu eta eurek aitortzen dute gaixotasun kronikoen emendatze izugarri batek eragiten duela zuloa. Etengabe aipatzen dute defizita herritarren probestu nahitik datorrela, baina azken 20 urteotako gaixotasun kronikoen emendatze horregatik ez balitz gizarte segurantzaren kontuak sano leudeke. Gaixoak fabrikatzen dituen gizartean bizi gara. Nire konferentzietan beti galdetzen dut ea zenbatek ezagutzen duen bere inguruan bularreko minbizia duen emakumerik. Aldiro, %75ak altxatzen du besoa. Beraz, iraultza behar da, hitzaren zentzu osoenean. Noiz arte ekoitziko ditugu gaixoak? Noiz arte izango da tabakoa oihana estaltzen duen arbola? Zergatik tematzen gara ardurak indibidualizatzen minbizi gehienak ez badira tabakoak eraginak, kutsadura kimikoak baizik? Sistema oso lizundua dago, alta. Egunero pozoitzen gaituztenek saltzen dizkigute minbizia sendatzeko botikak.

Nortasun agiria

Kazetari, zinegile eta idazle hau 1960an sortu zen Frantziako Deux Sèvres eskualdean. Ikerketa anitzen egile, liburu eta filmetan plazaratzen ditu bere lanaren emaitzak eta mundu osoan sari anitz jaso ditu. Heriotzaren eskuadroiak eta frantses eskola (2003), mundu guztia aho-zabalik utzi zuen Mundua Monsantoren arabera (2008), Torturak Made in USA (2009), eta Eguneroko Gure Pozoia (2011) dira bere lanik esanguratsuenak.

Azken Hitza
Mundua Monsantoren arabera eta TV3

“TV3 Mundua Monsantoren arabera pelikularen ekoizleetako bat zen, baina bi urtez baino gehiagoz eduki dute pelikula kaxoian gordeta Katalunia eta Generalitatea jitez aldatutako organismoen aldekoa delako. Vanguardiak artikulu bat idatzi behar izan zuen filma munduan bueltaka zebilela esanez, Espainian liburua eta filma aurkeztuta zeudela oroitaraziz, eta TV3 ekoizleetako bat izanik zeren zain zeuden galdetuz. Monsantoren presio itzelak zeuzkaten antza, DVD-ak saltzea ukatzerainoko presioak”.


Azkenak
2024-11-26 | Ahotsa.info
Paris 365
15 urte pobreziari aurre egiten Iruñerrian, eta inoiz baino beharrezkoagoa

Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]


2024-11-26 | Sustatu
Kabi@ 2024 Durangoko Azokan: Eremu digitala pentsatzen eta garatzen

Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]


2024-11-26 | Julene Flamarique
Iruñeko auzo guztietan euskarazko haur eskolak galdegiteko manifestaldia egingo dute abenduaren 11n

“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.


2024-11-25 | Leire Ibar
Euskal Herriko I. Hikadromoa antolatu dute Durangoko Azokan

Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.


2024-11-25 | Euskal Irratiak
Alokairuak mugatzeko legea indarrean jada, Lapurdiko 24 herritan

Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]


'Superbotereak' liburua
Eskola-proiektuak izango dira mintzagai asteazkenean, Larraulen

Larraulgo eskolan da hitzordua, azaroaren 27an, 17:30ean. 'Superbotereak' liburuaren egile Koldo Rabadan ez ezik, hitzaurrea idatzi duen Nora Salbotx eta hainbat kide izango dira mahaiaren bueltan: Ainhoa Azpirotz (Hik Hasi-ko koordinatzailea), Irati Manzisidor... [+]


Lan istripu hilgarrien gaineko datuak estaltzea leporatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.


2024-11-25 | ARGIA
Nazio auzia “erdigunean” ipintzeko eskatu du EH Bilduk, “jauzi” bat egin eta estatusaren eztabaida abiatzeko

Jendetza elkartu da Bilboko Casillatik abiatu den manifestazioan, Nazioa gara aldarrikatzeko. Buruan, EH Bilduko Mahai Politikoko kideak joan dira, eta atzeraxeagotik jarraitu diote ERC, BNG, CUP, Compromis eta Mes Per Mallorca alderdietako kideek. Ikurrinak, Nafarroako ikurrak... [+]


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-25 | Jon Torner Zabala
EHUko errektoretzarako bozketaren atarian
Bengoetxeak eskatu du Ferreiraren hautagaitzaren “jardunbide irregularrak” ikertzeko

Asteartean, hilak 26, egingo dira EHUko errektoretzarako hauteskundeak. Kanpaina nahasia izaten ari da, eta, horren erakusgarri, Joxerramon Bengoetxearen taldeak eskatu izana "ustez Eva Ferreiraren hautagaitzako pertsonek edo ingurukoek egindako ekintzak eta kanpainako... [+]


2024-11-25 | Leire Ibar
Fronte Zabala itzuliko da boterera Uruguain, bost urteren ostean

95.000 botogatik gailendu da Fronte Zabala azaroaren 24an eginiko hauteskundeetan. Yamandu Orsi izango da Uruguaiko hurrengo presidentea, Álvaro Delgado eskuineko Alderdi Nazionaleko presidentegaiari aurre hartuta.


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebestek irabazi du Zarauzko finalaurrekoa
Finalerako pase zuzena eskuratu du Martinek, finalaurrekoa irabaztearekin bat. Azken finalaurrekoa datorren igandean jokatuko da, Arrasaten, eta orduan osatuko da finala.

Eguneraketa berriak daude