Hitz tabua da, Fukushimaz iritziak ematen dituzten milaka aditu eta kalakarien arteko bakan batzuek aipatzen dutena. Askok ezagutuko ere ez dute. “Corium” diozu? Zentral nuklearren jabe eta arduradunek badakite zer den, baina isilaraztea hobetsi dute. Nola azaldu jendeari erregai nuklear urtuek sortutako magma goriak kontrol barik darraiela?
Irakurle: jateko puska lehorra gerta dakizuke aste honetako Net Hurbil. Beharrezkoa, ordea, Fukushiman zer gertatzen ari den eta batez ere aurrerantzean zer pasa daitekeen ulertu nahi baduzu. Goazen eskolara.
Frantsesezko Fukushima-over-blog aberatsa idazten duen Pierre Fetet-ek dioenez, “corium hitza tabu da TEPCOrentzako. Zergatik ez duen sekula aipatzen munduan jazo den hondamendi nuklear handienaren arduradunak? Argi eta garbi, horixe delako gizakiak inoiz sortu duen materiarik arriskutsuena, ezin kontrolatuzko eta ezin kudeatuzko magma bat, ondorio kalkula ezinak dakartzana”.
Corium hitza ingeles hiztunek sortu neologismoa da. Wikipedian azaltzen da ingelesezko, alemanezko eta frantsesezko edizioetan, ez aldiz gaztelaniazkoan edo euskarazkoan. Agian horregatik zenbait jendek nahasten ditu coriuma eta kurioa (ingelesez curium, espainolez curio). Kurioa gai ezagunagoa da, gaztetxotan ikasi genuen taula periodikoan 96. zenbakia dauka eta plutonioaren manipulaziotik sortzen da. Coriuma beste gauza da.
Coriuma sortzen da istripu nuklearretan, erreaktoreen muinean –core ingelesez– elkarrekin nahastuta urtzen direnean erregai dauzkaten uranioa eta plutonioa, eta erreaktore barruan ipinitako gainerako gaiak: zirkonioa eta bestelako aleazioak, erregaiei eusteko barra eta beste mekanismoak, erreaktorearen ontzia eginik dagoen altzairua bera, errefrijerazioko hoditeria, eta abar.
Naturan existitzen ez den gai berri hau sei alorretan da txit muturrekoa: oso-oso ahalmen handiko, toxiko, erradioaktibo, bero, trinko eta korrosiboa da.
Fukushimako corium guztien artean daukaten ahalmena kalkulatzeko, hona datua: urtu diren hiru erreaktoreek batuta 33 milioi pilula erradioaktibo hatz baten lodierakoak zeuzkaten erregaitzat, eta horietako bakoitzak tona bat ikatzek adina energia darama. Kontuak atera zer nolako beroa dagoen hor pilatuta.
Fusioan ari diren gaiok eten gabe gas eta aerosol arras toxikoak isurtzen dituzte, haizeak oso urrun eraman ditzakeen partikulaz osatuak. Izugarri erradioaktiboa ere bada ore hau, ezin zaio inor hurbildu ingurura, segundo gutxitan hiltzeko arriskuan legoke eta.
Corium hau txit bero dago. 2.500 gradu inguruan, 3.200etaraino iritsiz. Konparaziorako, sumendi batek 700-1.200 gradutan jaurtitzen du laba. Bero horiekin coriumak inguruko dena urtzen eta desegiten du bere saldatan, hormigoia ere bai. Txernobylgo zentralaren leherketak sortu zuen coriuma “hotzean egonkortu” fasera heltzeko 6-7 hilabete behar izan ziren. Egia esan, “hotzean” hori hitz egiteko modu bat da: 2004an, 18 urte beranduago, 1986an urtutako erregaiaren inguruan 36 gradu neurtzen ziren.
Fukushiman coriumak sortu dira lautatik hiru erreaktoretan, ordu luzez egoteagatik hoztu gabe. Hiruen artean 257 tona erregai zeuzkaten; Three Mile Islandeko istripuan 20 tona ziren, Txernobylgoan 50-80. Fukushimakoetako batean, gainera, plutonioa ere bazen. Tona guzti horietatik zenbat atera dira ontzietatik? Bestelako zenbat material gehiago bildu zaie urtuta? Non eta nola ari dira ore guzti horiek irakiten?
Laborategietan egindako simulazioek erakutsi dute Fukushimakoak bezala erreaktoreak urik gabe geratu eta 6 ordura urtzen hasten zaiela barneko muina, 7 orduren buruan ontziaren ipurdia desegina dago eta 14 ordu pasatakoan zortzi metroko hormigoizko oinarria zeharkatu lezake.
Pierre Fetetek bere laburpen argia idazteko erabili duen iturrietako batean, Radioprotection Cirkus foro teknikoan, eztabaidatu da noraino heldu ahal izan diren Fukushimako coriumak. Baliteke zentralak zorupean daukan hutsune zabal batean hiruak elkartu izana, edo-eta horietako batek edo batzuek hormigoi geruza osoa zulatu eta lur geologikoan barna abantzatzen segitzea, edo bi-hiruren artean ore handia osatu ostean berriro olagarroa bezala beso bereizietan banatu izana. Baina datuak falta dira, ez TEPCOk eta ez Japoniako Gobernuak erakusten dituzte dauzkatenak.
Agian agintariek corium hitza bahitu dute ongi dakitelako hori inola geldiarazterik ez daukatela. Magma gori horri gainetik ura jaurtitzea alferrikako ahalegina da. Dagoenekoz zoruko hormigoian barnatuta ote dago? Txernobylen sobietarrek zentralaren azpialdea zulatu eta bigarren zoru lodi betonezkoa egin zuten –milaka gizonen osasuna sakrifikatuz– coriuma lur geologikoan barnatu ez zedin, inguruko lur eta urak areago kutsatuz. Zergatik ez ote dute gauza bera egin japoniarrek? TEPCO dirurik gabe dagoelako? Ura dagoelako azpian? Ala dagoenezkoz horretarako beranduegi delako?
Arrisku handiak sortzen ditu corium kontrolaezinak. Leherketak eragin ditzake, eten gabe hidrogenoa sortzen duelako. Dagoenekoz lehertu dira lau eraikinak. Hori gutxi balitz, 4.ean erregai usatuak lurretik 20 metrora daude zintzilik, eta azpia lehertuko balitzaio... Eztandarik gabe ere, coriumak hormigoizko zimenduak hondatu litzake.
Baina bestelako leherketak ere eragin ditzake coriumak, lurrinezkoak. Agian –diote aditu batzuek beren hipotesietan– horregatik hustu zituzten itsasora apirilaren 4an zentralaren sotoetako 11.500 tona ur erradiatu, lurrindurik eztanda egingo zuten beldurrez. Hori hala balitz, esan nahiko zuen coriumak hiru aste behar izan zituela erreaktoreen azpiko hormigoi lodia zulatzeko, zorionez ez dela lurtutako ore guztia ontzitik atera.
Beste arrisku bat gehiago Fukushimako coriumek: leherketa nuklearrena. Hain zuzen, badira adituak uste dutenak hori jadanik gertatu dela 3. eraikinean, uranioaz gain plutonioa –MOX famatua, zehazki Frantziako Marcoulen ekoizten dutena– zeukan hartan. Baina horrelakorik jazotzekotan, bonba militarren aldean milioika aldiz txikiagoa litzateke. Albiste onen bat behar zen.
Bukatzeko, magma goritu horrek ura erabili lezake barnean daraman erradioaktibitatea inguruetan barreiatzeko. Hori gerta liteke bai lurpeko geruza freatikoetan aurkitutako urak edo bai itsasokoak kutsatuz. Ez ahaztu hondartzatik 200 metrora daudela erreaktoreak. Azken finean coriumak dakartzan txikizio guztiak arrisku nagusi honi daude loturik, dozenaka urtez hoztu ezinik eta ondorioz kontrolatu gabe egongo den saldak planeta osora barreiatuko dituela partikula erradiaktiboak.
Honetan ere, coriumaren ezagutzan alegia, laborategi ari da suertatzen Fukushima Daiichiko zentrala, hiru erreaktoreetako coriumak kontrolik gabe lagata. Inongo laborategitan simulatu ezin izan dutenez, ondoko urte luzeetan geu gure seme-alabekin izango gara esperimentuaren lekuko. Eta akuri nagusiak, Japoniako herritarrak.
Interneten coriumaren oso argazki gutxi aurkitzen dira, eta bitxia da, laborategietan egin diren esperimentuen edo orain arte gertatutako irudietan hartutako irudi asko egon behar dute hortik barrena... inoren giltzapean. Frantziako Erradiazioekiko Segurtasun Institutuaren –ISRN frantsesezko sigletan– guneak erakusten du bideo bakarretakoa, 2009an Vulcano esperimentuan grabatua: metal urtua gori daukan arragoa dirudi ikusi batera. Bideoak ere oso urri dira; horietako batean Ex-sfk blogari famatuak dauka hartuta Japoniako Ekonomia Ministerioaren simulazio didaktiko bat, non erakusten den nola gertatzen den istripua. Gaur horrelako materialak zentsuratuta daude Japonian. Lerroon ondoko irudia Philipe Hillion-ek atera eta jarrita dauka sarean: horrela aurkitu zuen 1987an urtutako coriuma Txernobylgo sotoetan 2005ean, oraindik bero eta erradiazioz gainezka.
“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera, Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.
Valentziako tanta hotzaren ondoren hondamendiaren itzala beste leku batzuetara ere hedatu da: zer gertatuko litzateke horrelako denborale erraldoi batek Esako urtegi handitua kolpatuko balu? Eutsiko ote lioke presak? Urak gainezka egingo ote luke? Galderak hor daude eta... [+]
Brasilen suteek 30,86 milioi hektarea baso eta eremu natural suntsitu zituzten iaz, Italia osoaren azalera baino gehiago. Suteek %79ko igoera izan zuten 2023arekin alderatuta, Fire Monitorren ikerketa batek agerian utzi duenez.
Astearte gauean egin dituzte pintaketak, bizilagunek azaldu dutenez. Fatxada nagusia, bertako ateak eta alboetako paretak margotu dituzte. Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilaren 25rako deitutako mobilizazioarekin bat egiten du aldarriak.
Groenlandia, X. mendearen amaiera. Lehen esploratzaile eta kolono eskandinaviarrak uhartera iritsi ziren. Baina XV. menderako kokaleku horiek abandonatuta zituzten eta jatorrizko inuitak geratu ziren. Baina 1721an, Hans Egede misiolariak espedizio bat antolatu zuen eta kolonoak... [+]
Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.
Lapurdiko hezegunea funtsezkoa da biodibertsitatearen biziraupenerako. Proposamena eremuan zabaldu dute eta Errobi inguruko sistema hidrauliko osoa barnean izango luke; Baionako, Angeluko, Basusarriko, Milafrangako eta Uztaritzeko Aturri ibaiaren ibaiadarrak, esaterako. Bost... [+]
Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.
Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]
"Ez gaude prest lauzpabost urte barru datorkigunerako. Arriskua ziztu bizian dator guregana. Aurre egin behar diogu: Ukrainan gertatzen ari dena hemen ere gerta liteke” (...) “Errusia, Txina, baina baita Ipar Korea eta Iran ere, gogor ari dira lanean Ipar... [+]
Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.
Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]
Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]
Hiru korapilotan mordoilotzen digute euskaldunon elkarbizitza, eta urte luzez, pazientzia handiz eta erabakitasun irmoz ekin arren, loturok askatu ezinean gabiltza. Hiru bederen badira uneko korapiloak: presoak, euskara, etorkinak.
Urte berriarekin elkartu ohi gara milaka... [+]