Ingelesak luzaz oroituko dira 2011ko abuztuko egun beroez, kaleko istiluak, komertzioak sutan, arpilaketak... Zer gertatu da, ordea, Londresen? Eztabaidan ari dira ea neoliberalismoak txirotasunera kondenatuen errebolta izan den, gaizki hezitako gazteen jolas arriskutsua edo etorkizunik gabeko belaunaldien purrustada.
David Cameron lehen ministro kontserbadorea ziur dago Ingalaterrako hiri nagusietan abuztuan gertatu diren liskarren jatorriaz eta horientzako erremedioez. Gaizki hezitako gazte batzuek, eskubideak bai baina betekizunik ez daukatela uste dutenek, une batez errazera jo ei dute haien kontsumo irrika asetzeko: agintearekiko begirunerik gabe, jolaserako kiskali dituzte bazterrak eta artaldearen babesean lapurretan aritu. Ondorioz, Britainia Handiko estatuak pertsegituko ditu, aurkitu, epaitu eta gogor zigortuko. Gazte kriminalitate afera masibo bat, ez besterik. Ez krisirik, ez bazterketarik, ez politika ekonomikorik.
Baina toryen eta oro har Europako iritziemaile sistemazaleen esplikazioak sinplistak diren moduan –Financial Timesen batek kontsumismoak gidatutako liskar izendatu ditu–, istiluetan politika neoliberalaren aurkako matxinada ikusi nahi luketen batzuen argudioak ere hankamotz geratu dira. Bistakoa da Londresko arpilatzaileek Greziako kale borrokalarien antza gutxi zutela, are gutxiago Madrilgo indignatuena.
Literatura soziologiko aberatsa sorrarazi du Ingalaterrako abuztu beroak prentsan. Merezi du horietan aipatu diren osagai batzuk kontutan edukitzea, zeren eta luzerako gaineratu zaigun krisi ekonomikoan barrena, lehen Parisen eta orain Londresen piztu eta zabaldu direnak bezalako suteak Europan haboro izango baitira aurrerantzean.
Ongizate gizartearen krisi sakona da drama honetako eskenatokia. Britainia Handiko Gobernuak azken urtean esku batez BEZa %20ra igo die herritarrei, eta besteaz mozketa handiak egin eskoletan, polizian, programa sozialetan eta oro har inbertsio publikoa den guztian. Baina langile mugimenduak borrokaz eta sozialdemokraziak botoz lortutakoen galera luzatzen doa azken hamarkadotan, Britainia Handian Margaret Thatcherren garaietatik, eta olatuari aurre egingo dion ezker sendorik ez da ikusten. Oposizioa ahula da indarrez, eta batez ere argudioz, neoliberalismoa hain da nagusitu ideologietan ere.
1960ko hamarkadatik AEBetan ikusi bezala eta geroztik Ingalaterran bertan, Frantzian eta abar, une berezi batzuetan lehertu egiten da sistemak bazterrera kondenatutako jendeen egonezina. Sarritan agintarien –zehazki poliziaren– desmasia bat da eztanda eragiten duena. Londresko Tottenhamen Mark Duggan poliziek kalitzea. Metxa sututa, azkar zabaldu dira garrak.
Suak, orduan, eragile dituen gazteen atmosfera dauka. Hizkera, janzkera, baita musika ere. Ingalaterrako rioten soinu-banda posibleez idatzi duenik bada. Belaunaldi bakoitzak baino auzune edo tribu bakoitzak adierazten ditu sentsazioak bere eredu estetikoan. Honek zailago egiten digu zaharragooi matxinadaren barrunbeak entelegatzea; beti izan da berdin.
Errebolta hauek belaunaldi arazoa ere bai baitaramate osagai. Kontutan edukitzeko analisia egin du honetaz Craig Berryk Open Democracy gunean: Rioting youth? Blame the baby boomers and the state they created (Gazte istilutsuak? Errua aurreko belaunaldiena eta antolatu duten estatuarena da).
Ingalaterrako istiluetan gehienik 16-30 arteko gazteek hartu dute parte, enplegurik eskuratzeko itxaropenik ez dutenek eta gurasoena baino bizimodu txarragoa edukiko dutela seguru daudenek. “Frustrazioa haserre bihurtu zaie ikusi dutenean eliteko jendeak, batik bat bankeroek, beren aberastasuna erakusteko duten lotsagabekeria”.
Gazte liskarzaleak bai, baina ez gaztetxoak. Istiluetan nerabeak baino ugariagoak omen ziren heldu gazteak. Hau loturik dago, hala uste du Berryk, helduaroan osoki sartzeko adina atzeratzearekin.
Badirudi hau XXI. mende hasierako berezitasuna dela. Gurasoengandik alde eginda norbere buruaren jabe instalatzeko adina berandutu egin zaie gazteei. Krisiaren larriagotzearekin, enplegua nahiz etxea eskuratzeko aukerak urrundu. Hein berean berandutu zaie gazteoi, antza, osoki helduaroan sartzeko eguna.
Garaiotako beste berezitasuna da dirudunen lotsagabekeria. Owen Hatherley kazetariak Look at England’s urban spaces. The riots were inevitable artikuluan deskribitu du etorkizunik gabeen erreakzioa: “Entzun liskarzaleek kazetariari esaten: ‘herri osoa sutan dago, tio’, ‘aberats jendeari erakutsi diogu guk hemen egin dezakegula nahi duguna’. Sistema gogortu ahala klase ertain zuriko umeek baizik ezin dute eskuratu ikasketa. Bestalde, denek dakite poliziak eta parlamentariak eskupeko dirua jasotzen ari direla, parlamentariek gastuen aitzakiatan diru publikoa ostu dutela. Etsenpluari jarraitu diote. Lapurreta garaia da. Aitzakia da, noski, baina egia ere bada”.
Globalizazioaren kritiko nagusietarik den Naomi Kleinek antzeko argudioekin ulertu ditu Ingalaterrako suak: “Xokaren dotrina. Kaleetan gertatu den gauezko lapurretaren eta egunero eliteek egiten duten lapurretaren arteko lotura” ipini du izenburuan.
Shock Doctrine kontzeptua zabaldu zuen Kleinek, ironiaz alderatu ditu Londreskoak aurretik munduan gertatutako arpilaketekin, Bagdaden, Argentinan eta beste hainbestetan gertatutakoekin. Horiekin ezin dela alderatu Ingalaterrakoa? Kleinen ustez, mundu mailako harrapakatzea ari gara ikusten urteotan, ugazaba handiak egun argitan burutzen dute lapurreta erraldoia. Hauek bazuten zerbaiten susmoa: “Uztailean Wall Street Journal-ek, inkesta bat aipatuz, plazaratu zuen milioidunen %94 ‘kaleko bortizkeriaren’ beldur zela. Ikusi da ez zeudela erratuak. Londresko istiluak ez dira izan protesta politikoa, garbi dago. Baina gauezko lapurretan aritu direnak ziur daude eliteak egunez ari direla lapurretan. Arpilaketak kutsakorrak dira”.
Ideia horiek ukaku gabe baina pittin bat matizatuz, Stephen Humphrey eta Yoriko Otomo irakasleek honakoa publikatu dute: “Inauteria hiriburuan: zergatik Ingalaterrako istiluek oroitarazten duten Dionisosen errituetaraino garamatzan historia”. Baliteke hain hutsala ez izatea.
Antzinako karnabal giroan jabegoa desagertzen zen egun batzuetarako, edozein lapurreta zen posible, debekurik ez zen. Sinbolikoki bederen, gizartea hankaz gora iraultzen zen, jendea mozorrotu eta bere onetik ateratzen, mozkortuz, gauzak puskatuz; ohitura onak desagertzen ziren, aldi baterako. Giro hori iruditu zaie atzematea ikerlarioi istiluetako gazteen artean: dibertsioa, algarak, txikizioak, mozorrotzeak, desmasiak, halako talde-estasia.
Antzinako inauteri basak errepikatu bide dira, noiz eta karnabala bera sistemak integratua zuenean. Zapalduen mendeku laburra. Gero mintzatu da Cameron: orain bekatua ordaindu beharko duzue. Fini inauteria... hurrengo txinparta arte.
Kanadako National Post egunkari kontserbadoreak sarean ipinitako irudi honetan gazte bat ageri da, zapiz estalirik aurpegia eta birra bat eskuan, Birminghameko kalean sutan dagoen autoaren aurrean. Poliziak –liskarrak honetatik piztu ziren– hil zuen Mark Duggan-ez gain, abuztuaren 6tik 10era arteko istiluetan bost pertsonak galdu zuten bizia, saltsan zebiltzan gazteetako batzuen esku. 14 herritar eta 186 agente zauritu zituzten. 100 etxebizitzaz goiti erre ziren, Tottenham Hale saltoki historikoaz eta Sonyk Enfielden zuen biltoki erraldoiaz gain. Aseguru etxe britainiarrek kalte materialei 200 milioi liberako balioa kalkulatu diete. Poliziak 3.100 pertsona atxilotu zituen, horietatik 1.100 eramanez epaitegietaraino. Hein batean alderatzeko gisako liskarrak Ingalaterran 2001ean eta 1981ean gertatu ziren.
Herriko kirolgune, liburutegi, gazteleku, kulturgune, eskola inguru eta abarrek bereizgarria gehitu dute sarreran, jendeari eskatuz mugikorra bazter utz dezala. “Kalitatezko aisialdiaz gozatzea da helburua, arreta horretara jarrita, mugikorrak ekarri ohi duen distrakzioa... [+]
Manifestazioaren iragarpena Turistifikazioaren aurkako Europa Hegoaldeko sareak (TEH) Bartzelonan antolatutako topaketen harira egin dute. "Turismo-monolaborantzaren aurka" deitu dute eta Europa Hegoaldeko hamabost eragile inguru batu zaizkie.
Ekainaren 21ean jasoko du saria artista donostiarrak, Viktoria Eugenia antzokian, eta kontzertua emango du jarraian.
Red Eléctrica de Españak zibererasoaren aukera erabat baztertu du, eta bi instalazio fotovoltaikoetan jarri du begirada. “Operadore pribatuei erantzukizunak eskatuko dizkiegu eta berriro ez gertatzeko beharrezko neurriak aktibatuko ditugu”, adierazi du... [+]
Botoen %99 zenbatuta, Mark Caney egungo lehen ministroa buru duen alderdiak 168 aulki lortuko lituzke Komunen Ganberan, eta lau gehiagorekin osatuko luke gehiengoa. Alderdi Kontserbadorea izan da bigarren bozetan, 144 eserleku lortuta. Duela lau urteko hauteskundeetan baino... [+]
Donostiako Zurriola Haur Hezkuntza, La Asunción eta The English School ikastetxe inguruak eta Bilboko Kontxa Eskola eta Calasancio-Escolapios dira karbono dioxidoaren muga legala gainditzen dutenak, Ekologistak Martxanek hainbat eskola ingurutan egindako azterketaren... [+]
Hedabideetan nahiko aipatu dira asteleheneko itzalaldiak gizartean eragin dituen ondorioak, baina nahikoa aipatu al da gertakari horrek agerian uzten duena? Besteak beste, bi auzi nagusi: bizirauteko energiarekiko dugun menpekotasuna eta azken urteetan gertatzen ari den zerbitzu... [+]
Zer lor nahi zezakeen Ipar Koreako erregimenak Errusiaren gerrarako egindako odol-ekarpenarekin? Batetik, eskarmentua; bestetik, elkarrekikotasuna.
Sindikatuek agerraldi eta salaketa publikoak egin dituzte astelehenean, Nazioarteko Lan Osasunaren Egunean. Hego Euskal Herrian iaz zenbatu zituzten 64 hildakoen gorpuak irudikatu dituzte LABek, ESK-k, STEILASek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk Iruñean eta Donostian.
Egunak argitzerako itzuli da argindarra ia-ia leku guztietara. Euskal Herrian baino atzeratuago egin du Espainiako Estatuko lekurik gehienetan, baita Portugalen ere. Normaltasun itxura gaur Euskal Herrian, baina goizeko lehen orduan ez dira funtzionatzen ari aldirietako trenak... [+]
Beste bizi eredu baten alde eginez, hainbat belaunaldik ikasteko, antolatzeko, esperimentatzeko eta trebatzeko aukera izan dute Lakaxitan bi hamarkada hauetan zehar. Gazte belaunaldi anitz ikusi ditu gaztetxeak, eta Jaion bestan, oraingo gazte mugimenduko kideak ez... [+]
ELA, LAB eta CGT sindikatuek ibilgailu elektrikoak egiteko elektrifikazio prozesuan instalatutako olagarro edo garraiatzaile berria kentzeko eskatu diote Nafarroako Volkswageni. Elkarretaratzea egin zuten ostegunean eta atzorako greba eguna deitu zuten lantokian: 13:15etatik... [+]
Petrolio-portu bateko sarraskia gertatu eta hamar egunera izan da erasoa. AEBek erasoak abiarazi zituztenetik 250 pertsona baino gehiago hil dira Yemenen. Oraingoan 68 pertsona hil eta 47 zauritu izan dira. Orain arteko bonbardaketa lazgarrienetakoa da.