Gema Lasartek 1979tik 2009ra bitartean emakumeek idatzitako 27 eleberritako pertsonaia protagonista femeninoak aztertu ditu doktore tesi batean, generoaren gaineko diskurtsoak analizatuz. Mari Jose Olaziregik zuzendutako tesia maiatzaren 7an aurkeztu zuen Pertsonaia protagonista femeninoen ezaugarriak eta bilakaera euskal narratiba garaikidean titulupean.
Mendebaldeko literatur tradizioan emakumeek izan duten ikusezintasuna islatu izan da pertsonaia protagonista femeninoetan duela oso gutxira arte.1979 arteko euskal literatur pertsonaien historiak Txomin Agirreren Garoa (1912) eleberriko Joanes artzaina, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua nobelako Leturia (1957) eta Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako (1969) eleberriko berritsua hartu ditu kontuan. Oraingoan, Gema Lasarte (Errenteria, 1962) Irakasle Eskolako irakasle, ikertzaile eta Argiako kolaboratzailea euskal pertsonaia protagonista femeninoei begira jarri da eta aipatutakoei berri bat proposatu die: Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox (1979) eleberriko Ama. Aparteko garrantzia eman dio Lasartek. “Literatur pertsonaia protagonista femeninoak sortzerakoan bera da protagonista subjektua sortzen lehena, baita euskal literaturan 70eko hamarkadako askapen mugimenduaren aldarriak bere egiten ere. Horiekin dialektikan sortu zen pertsonaia. Zela amatasuna, antisorgailuak, gorputzaren mintzaira, bikote harremanen ezintasuna... Hori apartekoa da euskal literaturan”.
Emakume protagonistek aldaketak jasan dituzten jakin nahian hasi zuen 27 eleberrien azterketa eta “emazte eta ama eredugarriaren antitesia” sortu dela ondorioztatu du Lasartek, “emakume berria” deitzen duena. Hari narratiboaren subjektu bihurtu dira emakume protagonistak. Emakume berria pasibotasunetik irten da, erabakitzeko ahalmena du, eta aldi berean, literaturak historikoki esleitu dizkion roletatik irten da. Lasartek uste du emakume idazleek gizarteari erreparatu eta kontzienteki aukeratu dutela bertoko arazoak pertsonaietan hezurmamitzea. “Gizartean gertatzen ari diren gauzak kontatzen ari dira emakume idazleak. Zergatik,Panpoxetik hona konstantea izan da. Esate batera, Karmele Jaioren Musika airean eleberrian ikusten da emakume zaharrak zertan pentsatzen ari diren, zerk kezkatzen dituen. Elenak, protagonistak, senarra hiltzean deskubritu du bakarrik bizitzea gustatzen zaiola. Emakume zaharrek diote beren bizitza proiektua eraikia zegoela jaio zirenetik, ez zutela izan ez aukerarik, ez gunerik zer egin erabakitzeko”.
Linda Whiteren Basque Women Writers of the Twentieth Century (1996) tesian euskal literaturan androzentrismoa zegoela frogatu bazen, Lasartek gaur egunean presente darraiela ondorioztatu du. “Gaur egun askoz ikusgarriagoa da emakumeen presentzia nobelagintzan, baina ez du gizonak adina idazten; %15aren inguruan dabiltza, oraindik. Hortik abiatuta aipatzen dut androzentrismoa. Badirudi izugarrizko boom-a dagoela, baina gutxi batzuk dira ari direnak”.Tesi honek emakumeen sorkuntzari ikusgarritasuna dakarkion neurrian euskal kanona alda dezakeela uste du, baina mantsoki. “Even Zoharrek ondo esplikatu bezala, kanona zentrotik periferiara edo periferiatik zentrora egiten den mugimendua da. Hau ez da kasuala. Irakurle, komunikabide, argitaletxe eta literatur sisteman mugitzen direnen artean sortzen da. Mundu horretan bere egoeraren jakitun den emakume kontzientea indartzen ari den neurrian, kanona ere mugituko da”.
Urteak pasa dira Zergatik panpox argitaratu zenetik. Edonola ere, Lasartek aurkitu du tesi honen korpusean literatura eta gizartea dialektikan jarri dituenik. “Izugarri txunditu ninduen eta txunditzen nau oraindik Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion (1999) eleberriko Teresa protagonistak. Ez dago senarrarekin, ez maitalearekin, ez genesiak esaten dionarekin. Nire ustez, urrun du gizona eta bizitza errealean ere hala sentitu izan dut. Tesian diot emakume berria hemen dela, baina gizon berria urrun dago. Tesi berri bat egin behar banu gizon berriaz egingo nuke! Ezin dugu berdintasunaz hitz egin gizona berritu ezean. Badakit maskulinitate berriak sortzen ari direla, baina pribilegioetatik askatu eta dena kuestionatu artean ez da berririk sortuko”.
Emakume berria sortzeko, identitate berria gorpuzteko, modu ezberdinak baliatu dituzte pertsonaiek. Krisialdietatik irten dira batzuk, transgresioaren bidetik ekin diote bestetzuek. Nortasuna berreskuratu nahi dutenei laguntzaileak agertu zaizkie bidean, emakumeen konstelazio forman. “Kritika feministak esan du emakumeek emakumeekin egin izan dutela bidea. Pertsonaia protagonista femeninoak gizartea kontra eduki du gehienetan, eta aldiz, emakumea laguntzaile. Uxue Alberdiren Aulki-Jokoan (2009) hiru emakume lagun min daude, eta Karmele Jaioren Elenak konstelazio handia du inguruan. Emakumeen genealogia sortu da beren hizkuntza eta bizimoduak konpartituz”.
Kontzeptuak eta kontatzeko moduak aztertu ditu generoaren gainean eraikitako diskurtsoak analizatzeko. Memoria, amatasuna, nazioa, genero indarkeria eta sexu identitatea izan dira aztertutako gaiak. Gehien errepikatu den kontamoldea modus autobiografikoa izan da. Iragana gogora ekarri dute ia denek. “Oraindik emakume idazleek euren buruarekin hausnar egiteko beharra dute, nortasuna finkatu, atzera begirada bota eta kokapen bat egiteko. Modus autobiografikoaren teknika erabiltzen dute gogoeta egiteko eta hortik zerbait berria eraikitzeko”.
Bestalde, genero indarkeria gai nagusitzat hartu dutenak %5era ez dira iritsi. Ezberdintasuna modu naturalean onartzean datzan indarkeria sinbolikorik ere ez du antzeman.“Emakumeek ez dute indarkeria sinbolikoa legitimatu, eta uste dut horren jakinaren gainean egin dutela, beraien ikusgarritasuna eta legitimitatea eskatzen ari diren emakumeak baitira. Genero indarkeriaren gaia, beharbada, beldurragatik ez da azaldu. Gai delikatua eta traumatikoa da, kudeatzen oso zaila. Aitziber Etxeberriak Tango Urdinan oso ondo lortu du, hala ere. Beste guztiek esandakoa entzuten da baina erasoa jasan duena ez. Ez da erraza. Kontu handiarekin idatzi behar da sinesgarri izan dadin. Komunikabideak oso gainean daude eta hori errealitatera jaitsi eta ikusaraztea oso zaila da”.
Itxaro Bordak nobela beltzari eta lesbianismoari eskaini dizkion lau liburuak (Bakean utzi arte, 1994; Bizi nizano munduan, 1996; Amorezko pena baño, 1996; eta Jalgi hadi plazara, 2007) aztergai dira tesian, Amaia Ezpeldoi protagonistaren bitartez. Tradizioz gizonena izan da polizia generoa, baina estereotipoak baztertu izan dituzte generora gerturatu diren emakumeek. Gizonezkoen mundu ikuskera hegemonikoa eta ideologia feministaren arteko ezkontzaea posible den planteatu da tesian. Hau da, polizia nobela eta lesbiana detektibearen batura sinesgarria gertatzen al den. “Tesiaren hasieran planteatu nuen literatur pertsonaiak sinesgarria izateko bi premisa behar dituela. Bata, teoria feministari kasu egitea zientifikotasuna duelako emakume gaietan. Teoria feministatik hurbil baldin badabil pertsonaia femeninoa, seguru asko, sinesgarria izango da. Ez alferrik, feminismoak urteak daramatza ikerketak egiten. Eta, bigarrena, Butler-en performatibitatea erabiltzea, alegia, maskulino eta femenino kategorien arteko mugak lausotzea. Prisma horretatik begiratuta oso sinesgarria da Amaia Ezpeldoi”.
Amaia Ezpeldoi ez da detektibe latza, sentibera da eta landa girokoa. Parodia darabil arma bezala, ez du hizkuntzaren erabilpen sexistarik egiten, lesbiana izaera plazaratzen du. Nolanahi dela, tesian agertzen du Lasartek hau ez dela arruntena.“Pertsonaia lesbikoak edota harreman lesbikoak urriak dira euskal literaturan: modu inplizituan eta esporadikoki Laura Mintegiren Nerea eta Biok (1994) eta Garazi Goiaren Bi hitz (2008) eleberrietan antzeman ditugu, eta esplizituan, Amaia Ezpeldoiren gorabeheretan eta Ixiar Rozasen Edo zu edo ni (2000) eleberrian”.
Gema Lasarte izan zen Sareinak proiektuaren sortzaileetako bat. Emakumeen literatura periferiatik zentrora ekartzeko intentzioarekin sortu zen orain bost urte blog hau, metodologia feministak proposatuz literatura modu berrian irakurtzeko. Lasartek ez du zuzenean tesia helburu edo asmo harekin lotu. “Nik euskal literaturari generotik begiratu nahi nion tesi honekin. Emakumeen begirada eskaini, emakumetik eta feminismotik. Uste dut lortu dudala eta gustura nago”. Eleberrien gaineko interpretazioen legitimotasunaz galdetzean, argi dauka: “Kritikaria zenbat eta jantziago orduan eta hobe. Metodologia eta kritika feminista alboan hartuta, legitimoa da bere lana idazlearena den bezalaxe. Esaten dena arrazoitzean dago gakoa. Berrirakurketak dira, proposamenak. Beraz, berrirakur ditzagun testuak emakumeek ematen dituzten testuekin. Guk ez dugu historia irakurri, guri tokatzen zaigu beste begirada batekin gauzak kontatzea”.
Kutxa Banku Fundazioak adierazi du Kutxabankeko presidentearen adierazpenek ez dutela fundazioaren pentsamoldea islatzen, "Hizkuntza aniztasuna beti da aberastasun iturri, nekez izan daiteke oztopo", argudiatu dute.
Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]
Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]
Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]
Pippi Kaltzaluzeren istorioak lehenengoz kaleratu zirenetik 80 urte bete direla-eta, leku berezia eskaini diote Boloniako Nazioarteko Haur eta Gazte Liburu Azokan. Azkarra, independentea, errebeldea, lotsagabea, menderakaitza, apur bat basatia, sormen handikoa, ausarta eta... [+]
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako trans pertsonei zuzendutako protokolo asistentziala eguneratzea da helburua. Lehen Mailako Arretako Taldeak (LMAT), trans pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak (tLMAZ) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dagoen Genero... [+]
Jaurlaritzak ziurtatu du itxaron-zerrendak bi hilabetetik behera jaitsi direla azken hiruhilekoan. Manu Lezertua EAEko arartekoak, berriz, beste datu bat nabarmendu du herritarren kexei buruzko urteko txostenean: Osakidetzari dagozkion kexak %70 igo dira, eta batez ere... [+]
Gozamen aparta bezain deskribatzeko zaila dakar, norbaiten hitzak irakurri edo entzun ostean, zera pentsatzeak: “Horixe zen neu aurreko hartan azaltzen saiatu nintzena!”. Idazlea eta itzultzailea da María Reimóndez, eta galegoz aritzen da, hizkuntza... [+]
Ugaritu diren “txiringito pribatuei” muga jartzeko asmoz, unibertsitate berriak sortzeko baldintzak gogortu nahi ditu Espainiako Gobernuak. Euskal Herrian polemika artean jaio zen azken unibertsitate pribatuak adibidez, Gasteizko Euneizek, gaur gaurkoz ez ditu... [+]
Juan Bautista Bilbao Batxi idazleak barku batean egiten zuen lan, eta bere bidaietako kronikak bidaltzen zituen Euzkadi egunkarira. Horri esker, XX. mende hasierako mundu osoko kronika interesgarriak ditugu, euskaraz. 1915eko ekainean, hain zuzen, Murtzian egin zuen... [+]
Segurtasun falta dagoen irudipena handitu dela azaldu du Eustaten azken txostenak. Gurean, Trapagaranen, Segurtasuna orain, delinkuenteen aurka manifestaziora deitu dute herritar batzuek.
Bi izan dira sentsazio hori zabaltzeko arrazoiak. Batetik, udalak Udaltzaingoaren... [+]
Haurtzaroaren amaiera eleberri distopikoa idatzi zuen Arthur Clarkek, 1953. urtean: jolasteari utzi dion gizarte baten deskribapena. Eta ez al da bereziki haurtzaroa jolasteko garaia? Jolasteko, harritzeko, ikusmiratzeko eta galdera biziak egiteko unea. Ulertzeko tartea zabalik... [+]
Badira etxebizitzak saltzeko atarietara harpidetuta daudenak, etxe bat erosi nahiko luketelako. Tarteka etxeak ikusteko hitzorduak ere egiten dituzte, eta seguru nago saltzaileak badakiela pertsona horiek ez dutela etxea erosiko, ez bisitan etxeari aurkitzen dizkioten baina... [+]