Historiako mugimendu komunal ezagunenetakoa osatzen dute kibutzek. Amets sozialistaren adierazle, Israelen sinbolo ia sakratua izan dira luzaroan, elite militarraren, intelektualaren eta politikoaren sehaska. Egun, pribatizazio eta gainbehera prozesuak bizi dituzte.
Jerusalemetik hurbil dagoen Tzora kibutzean, 1948an lehen harria jarri zuteneko margolana harro erakusten du Ella Bargaik. Belengo Deishe iheslarien gunean berriz, urte berean galdu zuen etxeko giltza eskuan du Um Yusefek. Toki berbera aldarrikatzen dute bi emakumeek. Lehenak, azken 63 urteetan bizileku izan duen kibutza; bigarrenak, Dayr Aban jaioterri suntsitua.
Ez da inondik inora halako adibide bakarra. Israel-Palestina auziaren bilakaera arakatuz gero, kibutz mugimenduaren garapena eta Palestinako errefuxiatuen arazoa kausa-ondorio gisa agertzen dira maiz, batez ere 1948ko gerraren ondotik. Izan ere, kibutzak funtsezko erreminta izan ziren Israelgo Estatuaren sorrera ahalbidetzeko. 1909an Errusiatik joandako etorkinek Degania Alef lehen elkartea ezarri zutenetik, Palestina historikoaren okupazioa izan zuen mugimenduak oinarri. Ez zen lehen etorkin oldea izan, ezta handiena ere. Kibutznikek ez zuten inoiz populazioaren %4 gainditu, baina Palestinan juduentzako aberri sozialista ezartzeko proiektu aitzindaria abiarazi zuten. Sionismoak eta sozialismoak bikote banaezina osatzen zutela irizten zioten. Kontraesanik ez, lehenengo kideen iritziz: “2000 urtetako diasporaren ostean, juduentzako estatu bat eraikitzeko eskubidea aldarrikatu genuen, eta kibutzen bidez, proiektu hori sozialista ere izan zitekeela ziur geunden”, adierazi du Tzorako fundatzaile Uri Bargaik.
“XX. mende hasierako kolonoak izan ziren kibutznikak, baina 1948ko Israelgo Estatuaren aldarrikapenak, egungo kolonoek eskuratu ez duten legaltasuna eskaini zien”. Gisa horretan azaltzen du Alberto Pradillak kibutz mugimenduaren izaera, El Judío Errado liburuan. Hain zuzen ere, elite judu ashkenazien zati batek –Europa erdialde eta ekialde jatorrikoa– nekazaritzan oinarrituriko elkarte kolektibo isolatuak sortu zituen, bertan bizi ziren palestinarren existentzia saihestuz. “Berdintasuna bai, baina beraien artean. Guretzat, lurrak okupatzea eta gu kanporatzea helburu zuten beste edozein sionista bezalakoak ziren”, diote Mohammad Al-Afandi eta Um Yusef senar-emazte errefuxiatu palestinarrek.
Mendebaldeko kulturan egin ohi diren interpretazio nahasien kontra, kibutznikek ez dute mugimenduaren izaera bakezalea predikatzen. Areago, Palestina historikoaren kolonizazioan izan zuten protagonismoa aldarrikatzen dute. Komunitate gehienak 1948 aurretik ezarri baziren ere, lurraldea errebindikatzeko asentamendu garrantzitsu bilakatu ziren kibutzak lehen gerra arabiar-israeldarrean. “Toki estrategikoetan ezartzen gintuzten, batez ere mendi magaletan. Helburua zen eremua kontrolatzea eta hutsik geratzen ziren lurrak lantzen hastea”, adierazi du Yair Tzabanek, 18 urte zituela Tzora kibutza ezarri zuteneko garaia gogoratuz. “Ez zara lur eremu baten jabe egiten, lur horretan finkatu eta sailak ereiten hasten zaren arte”, gaineratu du Ella Bargaik.
Biak izan ziren Palmaj milizia juduko soldadu, gerra garaian. “Palmaja ezingo litzateke kibutzak gabe garatu, ezta kibutzak Palmajeko kiderik gabe ere”, nabarmendu du Tzabanek. Izan ere, eskola amaitu berri zuten soldadu judu gazteek, kibutzak erabili zituzten milizia autofinantzatzeko: “Hilabetero, Palmajeko kideek bi astez egiten zuten lan kibutzetan, eta beste bi astez gerrarako entrenatzen ziren”, azaldu digu. Gudak aurrera egin ahala, zenbait kide miliziatik liberatu zituzten, armada juduek suntsitutako herrixka palestinarretako hondarretan kibutz egonkorrak ezar zitzaten.
“Dayr Abango lurretan, adibidez, Tzora kibutza, Marchseya, Beyt Shemesh eta Yish’i herriak eraiki zituzten. Bertako biztanleak, aldiz, Hebronera edo Belenera desplazatu ziren”, dio gaian asko ikertua den Walid Khalidi historialariak. Adibide berdintsuak topa daitezke 1948an deuseztatutako 600 herrixka arabiarren historia aztertuz gero. Ilan Pappé Israelgo historialaria harago doa, eta palestinarren kontrako “garbiketa etnikoa” eta “kanporaketa” leporatzen dizkio Israeli.
Palestinako iheslarien eskubideen alde lan egiten duen Akram Salhab-en iritziz, kibutz mugimendua aztertzean bada alboratu ezin daitekeen prozesu bat, “garbiketa berdea” hitzekin definitzen duena: “Israelgo Estatua sortu zenean, gerran suntsitutako 600 herrixka palestinarren erdia eskuratu zituen Juduen Funts Nazionalak, eta geroztik, 240 milioi zuhaitz landatu ditu, gehienak pinuak”. Sionismoak zerotik hasteko zuen nahia erakusten du horrek, Salhaben hitzetan: “Paisaiaren eraldaketa fisikoak ez zuen flora autoktonoa bakarrik suntsitu, ordura arteko historia ere ezkutatu zuen. Basoak landatzea, lurraldea erreklamatzeko eta kultura berri bat ezartzeko modu eraginkorra bilakatu zen estatu jaioberriarentzat”.
Kibutz mugimenduak erantzukizun zuzena izan zuen pinuak landatzeko prozesuan, elite ashkenaziek hasieratik eman nahi izan baitzioten Europako paisaiaren itxura “agindutako lurrari”. Yair Tzabanek harrotasunez deskribatu du 1959an beste kide batzuekin kibutzaren inguruan landatu zuen basoa, eta “egun, natura-parke ederra” dela gaineratu digu. Um Yusef eta Haseba Um Mohamad ahizpek, aldiz, tristuraz gogoratzen dute 1980ko hamarkadan Dayr Aban bisitatu zuten azken aldia: “Pinuz inguratu zuten herria, eta hondarren artean, gure etxeetako arrastoak eta olibondoak nekez topa zitezkeen”.
Hala ikusten du Salhabek gatazkaren sinbologia: “Olibondoek eta pinuek ezinbesteko rola jokatzen dute Palestinako eta Israelgo narratiba nazionala eraikitzerakoan. Juduen zuhaitza pinua da, eta palestinarren ikurra, olibondoa. Biak ala biak zeharo desberdinak dira, bai kulturalki, bai laborantzaren ikuspuntutik”.
Nekazaritza elkarte komunitario gisa egituratu ziren kibutzak hastapenetatik. Ideologia sozialistari eta sionistari jarraiki, gizarte antolaketa kolektiboa, batzar bidezko funtzionamendua eta kide guztien arteko berdintasuna bermatzea ziren helburuak. “Gazte idealistak ginen, uste baikenuen estatu judua eraikitzeko, lurra autogestionatzeko gai izan behar genuela”. Hala azaldu du Ella Bargaik. Uri, senarra, Tzorako lehen idazkari nagusia izan zen: “Ez esplotatzaile, ez esplotatu, hori zen gure lema”.
Sozialismoaren doktrina jarraituz, nekazaritza eredu berri bat ezarri zuten kibutznikek, aurreko “eredu feudala” desegin eta teknikak modernizatu nahi zituena. “Lanketa tradizionala ordezkatuz, aitzindariak izan ginen lurren produktibitatea handitzeko metodo berriak ezartzen”, dio Tzabanek, kibutz mugimenduaren ekarpenei buruz.
Salhaben ustez, ordea, kibutzen izaera koloniala ezkutatzen du ikuspuntu erromantiko horrek: “Kolonialismo eredu modernoa da sionismoa, eta proiektu horretan etekinak lortzeko erreminta besterik ez da lurra. Interes ekonomikoa gailendu zen ereduan, ‘guk, indigenek baino hobeto egin dezakegu’ bilakatu zen lema”. Sistema horrek, bertako biztanleek natura-baliabideekin zuten oreka apurtu zuelakoan dago Salhab. Um Yusef ere ados dago: “Palestinarrok lurrarekin dugun lotura, ustiapen ekonomikoa baino sakonagoa da, Ama Lurrarekiko harremanean oinarritzen baita gure kultura. Dabke dantza, adibidez, naturaren erritmoei eskainitako omenaldia da”.
Israelgo umerik kuttunenak izan ziren kibutzak, bereziki, Mapai alderdia boterean egon zen bitartean. Gerraren arrastoen gainean sortu zen herriaren espiritua eraikitzen lagundu zuten, eta elite militarraren, politikoaren eta intelektualaren sehaska bihurtu ziren. 1970eko hamarkadan aldiz, gainbehera hasi zen, batik bat alderdi laboristaren hegemonia amaitu zenean. Estatuaren diru-laguntzak murriztu eta belaunaldi berriek hirietara egin zuten hanka. Kolpe latza hartu zuten kibutzek, eta kapitalismoa eta pribatizazioa besarkatzen hasi ziren gehienak. Yair Tzabanen iritziz, kontraesanak agerian geratzen hasi zitzaizkion mugimenduari: “Juduak herrialde arabiarretatik zetozen eta Israelgo arabiarrak kontratatzeari ekin genion, eta gure ideologiaren arabera, esplotatzaile bilakatu ginen”. Segregazioa begi-bistakoa egin zen kibutzetan, eta nabarmen geratu zen sionismoa sozialismoa baino indartsuagoa zela.
Hori dela-eta, kontraesanik handiena mugimenduaren beraren esentzian dagoela irizten dio askok: nola ezkondu okupazioa eta berdintasuna? “Kibutzak mitifikatzeko joera izan zuen ezkerrak luzaroan, Israel babesterakoan aparteko egitasmo sozialista defendatzen ari zela uste baitzuen”, azaldu du Salhabek. Ospe aurrerakoia eman zioten kibutzek sionismoari, eta ondorioz, amets sozialista kosta ahala kosta justifikatu zuten askok, juduek bere-beregi eratu zituzten irlak zirela onartu gabe.
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.