Artikuluaren egileak Irudiaren indarra hausnarketa plazaratu zuen 1992ko irailean, ikus-entzunezkoen bilakaera aztertzen zuten adituen lanak landu ondoren. Hemeretzi urteren ostean, komunikazioak “gizarte-sarean” betetzen duen rolaren gaineko hausnarketa egin du Manuel Castellsen Comunicación y poder liburua jorratu ondoren. Elkarren segidan paratu ditu hausnarketa biak, artikulua komunikazioaren adituen interpretazio subjektiboa izaki.
Irudiaren indarra (1992). Adituen hitzak dira honako hauek: “Ikonosferak inguraturik bizi da gaur egungo gizabanakoa. Geruza artifizial mass-mediatiko honetan telebista dugu ikuskari eraginkorrena”. Erran nahi baita: zibilizazio mendekide honetan irudiak signifikazio kultural itzela dauka. Bereziki, eta batez ere, argazkia azaldu zenetik. Geroztik, teknografia ikonikoa medio, irudia eta honen erabilpena antzina pentsaezina zen mailetaraino iritsi dira.
Mendebaldeko gizarte modernoaren komunikazio ekosisteman ikus-entzunezko ikuskariek –nagusiki eta modu berezian– osatzen dute gure mundu irudikorra. Hau da, pentsatzeko gure ahalmena, antigoaleko gizakiak mundua bere gogoan irudikatzeko zuen ahalmena, komunikabideetako irudiaren indarrez itsutua zatekeen engoitik.
Iraultza teknologikoak –sozietate postindustrialaren ostean– ahalbidetu duen komunikaziorako ekosistemak uniformatzen gaitu. Gure irudiaren objektu eragingarria den ikonosfera, guztiok berdindu ez ezik, gure irudimena ezereztatzen ari da. Irudiaren inflazioak gaineztaturik bizi gara. Aro teknologiko honetan irudiak berebiziko eragina dauka, komunikatzeko orduan irudiaren indarra izugarria baita.
Ikonografia irudiaren adieraz moldea da. Gizateriak, komunikatzeko beharrean, bere eboluzio historiko sozialean, gogo sistema gorenaren ondorio funtzionala kontsideratuta dagoen hitzezko lengoaia desarroilatu du. Pentsamendu abstraktuarekiko duen gaitasunari atxikirik dagoena. Hala izanik ere, berau sortu aitzin, gizakiak irudiekin eratu eta osatu egin zuen bere gogoa. Irudia eta hitza. Hitza eta irudia. Historian, hainbat kulturatan, bien ala bien bidez garatu izan da komunikazioa. Idazkera fonografikoa bihurtu zenean, sentsibilitate bien –irudia eta hitza– artean urruntze bat eman zen. Ez dezagun pentsa horregatik, ikonografiaren eboluzioan dena kalterako izan denik.
Nolanahi den ere, mailaz mailako trinkotasun ikoniko bat “jasan” duen gizarte honen prozesuaren goi-puntaraino iritsi bide gaitezke. Beste aro baten abiapuntua al da gurea? Hala dirudi. Izan ere, puntu batera iritsiak gara, non –interes ekonomikoen menpe partikularki– desoreka eta desmasia informatiboak informatu baino desinformatu egiten gaituen.
Adituek, noski, egoera honi buruzko interpretazio ezberdinak egiten dituzte: aldekoak zein kontrakoak. Bego hortxe!
Urte osoan harat-honat ibili ostean, amaitzear dagoen sasoi estibalak gure irudimena pittin bat gehiago lantzeko parada ematen digu, apika. Bestela esanda: pertsonok, agian, aipatutako ikonosferaren eraginetik apur bat deskonektatuago bizi izan gara opor garaian. Hobe hala balitz!
Orain, berriz ere, La rentrée delakoa gauzatzen ari garen honetan, haurrak etortzen zaizkit gogora. Umeak irudimena haurtzaroan garatzen baitu bereziki. Zeinengan, irudiaren beraren konposaketak –eta eraginak– berealdiko inportantzia eta funtsa baititu bere izatearen eraketan.
Neronek, guraso naizen aldetik, goi-mailako ikasketetan “irudiaren egitura” ikasgaia erakusten den bezala, “mundu ikonografiko berria” ikasgai gisara proposatuko nuke haur ikaskuntzan. Izan ere, irudiaren erabilpenarekin kritikoak izan ezean, gizarte industrial garaiko “makinak gaindituko gaitu” usteari, “irudiaren desmasiaren zibilizazioa” fenomenoa gehitu beharko baitiogu, zeinak gainditu ez ezik, irentsi eginen baikaitu. Osterantzean, pertsonak antzo definitu gaituzten jite eta sena galduak, hipnosiak jota biziko gara noraezean.
Komunikazioa gizarte-sarean (2011). Boterea komunikazioaren eta informazioaren kontrolean oinarritzen da. Alabaina, boterea komunikazioa baino gehiago da eta komunikazioa ere boterea baino zerbait gehiago. Manuel Castellsen aburuz, boterearen esentziaren forma pertsonon gogoa moldatzeko gaitasunean datza. Boterea, ordea, komunikazioaren menpe dago. Hor dago koska edo gakoa!
Gizartearen arauak eta hauen aplikazioa gogoaren moldatzearen arabera gauzatzen direnez gero, borroka horretan, komunikazioa funtsezko bitartekoa da. Komunikazioak botere harremanei desafiatzean, hauen eraketan eragiten du, hots, komunikazioak jarduera sozial orotan eragiten du, jarduera politikoan barne.
Jarduera sozio-politikoaren esparruan sartu gabe (bigarren artikulu batean, apika), artikulu honek XXI. mende hasiera honetan eratu den “gizarte-sarea” egitura hizpide hartu nahi du, laburki bada ere. Egitura sozial hau komunikazio sare digitalen bitartez eraikia da, alta, ez dago hauek determinatuta. Comunicación y poder liburuaren egileak dioenez, sareak “masen autokomunikazioa” ahalbidetu dute, erabiltzaileak mezuen emisore eta errezeptore bilakatu direlako. Hona bilakatze honen ezaugarri batzuk:
– Gizarte-sarea botere harremanen arabera garatzen bada ere, botere harremanak harreman ez-sozialak bihurtu daitezke.
– Komunikazio sare hauek hainbat komunikatzailek –mezu fluxu ugariren bidez– sortutako kontaktua eta jarraibidea dira.
– Egitura sozial hau lokala eta globala da aldi berean, baina ez lokala eta nazionala.
– Sareen inguruan eratzen ari den dinamika sozialak gizartea deseratzen du, eraketa sozial egonkorra sustatu beharrean.
– Giza bizitza eta bizitza artifizialaren arteko mugak difuminatzen ari dira.
– Sare sozialak egitura sozialen berezitasuna izan dira gaur arte.
– Gizarte-sarea egitura dinamikoa da –denboran eta espazioan kokatua– indar sozial, kultural eta ekonomikoen beharretarako malguegia. Globalak baina, lokala menperatzen du.
Ondorioa: gizarte-sarea ez da iraganeko egitura sozialen aldean hain diferentea. Izan ere, gizarte egituraren menperatzaileek erabakitzen dute gizarte-sarea izatea nahi dutena.
Gizarte kapitalista industrialean denbora urrea zen/da, urrea denboraren bidez pilatzen zen/da. Gizarte-sarean alderantziz da: denboraren harremana informazioaren teknologiak definitua da. Gizarte industrialean “izatera iristea”k “izatea” egituratzen zuen, denborak espazioa moldeatzen zuen. Gizarte-sarean, fluxuen espazioak denbora deuseztatzen du, jendartea behin-behineko egituran instalatzen da: “izatea”k “izatera iristea” deuseztatzen du.
Gizarteak kultur konstruktoak (egileak) dira. Hartara, gizarte-sarearen konplexutasunak ardura berezia eskatzen du, arreta handiz jardutea. Bestela, sareen bitarteko kultura homogeneo globala –joera nagusia dibertsitate historikoa eta kulturala garatzea da– garatu ordez, egileek kulturen konbergentzia baino zatiketa ekar dezakete. Castellsen iritziz, egitura global interdependentea partekatzen ari gara, baina artean ez gara balore eta lengoaia amankomunak partekatzeko gauza. Eta honek gaizki ulertze sistemikoa ahalbidetzen du, bestearekiko biolentzia suntsitzailean oinarritzen dena.
Gizarte-sare globalaren kultura komunak kultura ezberdinen artekoa errazten du, baina ez baitezpada balore partekatuen arteko kultura. Komunikazioaren balorea partekatzeko bitartekoa da, baina kultura globala –sarean nagusia– komunikatzearren komunikatzea da.
Liburuaren egileak gogoaren (“mente”) eta boterearen sareak sakon aztertzen ditu, baita gizarte-sarearen arriskuak azaldu ere, gizarte-sareak gure jardueran eta kultura politikoan duen eragina aztertzeko hagitz lagungarriak.
Azkenik, Castellsek “masen autokomunikazioa” fenomenoari kasu berezia egiten dio. Hona bere oharra: “Masen autokomunikazioaren zati garrantzizko batek ‘autismo elektronikoa’rekin antza gehiago dauka, benetako komunikazioarekin baino.
AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea: Elena Diaz.
Zuzendaritza: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]
Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.
Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.
Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]
Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]
2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.
Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.
Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]
Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.
Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.
Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeen kanpaina abiatu da. Urtarrilaren 14an bozetara aurkezten diren hiru sindikatuen ordezkariekin bi oreneko eztabaida sakona antolatu zuten Euskal Hedabideek, osoki euskaraz.