Nork ez du inoiz egosurfing pixka bat egin Interneten? Norbere buruaren izena bilatzaile batean sartzea jende askoren zaletasuna da baina, sarritan, pantailan agertzen zaigun informazioa ez genuke mundu guztiaren esku egoterik nahi. Eta zer egin jakin gabe geratzen gara, antza denez, sareak memoria amaigabe eta ukiezina baitauka. Baina badago alternatibarik: ahanztura digitala.
“Bete ondorengo datuak eta berehala sortuko dugu zure erabiltzaile-kontua”. Izen-abizenak, jaioterria, sexua, bizilekua... Diskrezio gutxiko solaskidea duzu weba. Eta zuk, gainera, datu horiek denak eman, txintik esan gabe. “Nire lagun guztiek egiten dute!”. Ez gara hasiko guraso orok inoiz errepikatu duen esaldiarekin (“zure lagun guztiek zubitik behera salto egingo balute...”), baina gaiari buelta pare bat ematera gonbidatu nahi zaitugu; batere jakin gabe, enpresa askori lana errazten ari baitzara, gero beraiek publizitatez bonbarda zaitzaten.
Eta horretarako bakarrik balitz, gaitzerdi: pentsatu al duzu inoiz lanpostu bat lortzeko curriculuma bidaltzen duzularik, zu kontratatu ala ez erabaki behar duen pertsonak Interneten zer aurki dezakeen? Okerrago: pasa al zaizu burutik zu ikertzen egon litekeen poliziari zenbat errazten diozun lana, datuak sarean jartze hutsagatik? Eta kontuan izan besteek zutaz esaten dutena ere. Edozein motiborengatik albiste batean atera zarela? Buletin ofizialen batean jarri dizuten isunen bat aipatu dutela? Izena Google-en bilatzea nahikoa da kuxkuxeroren batek zure arrastoa segi dezan.
Interneten dena geratzen da erregistratuta, aspaldiko prozedura judizialetatik hasita, joan den asteburuko parrandan atera zizuten argazki negargarri horretaraino. Orain datu gehiago ematen dituzu, gainera: telefono inteligente berria baldin badaukazu, jakin piztu eta segituan hasi dela zure kokalekuari buruzko informazioa bidaltzen, inork abisatu ez dizun arren. Webgune batean sartzen zarenean ere, berehala instalatuko du atari horrek zure nabigatzailean cookie bat: artxibo txikiak dira, zomorro ezdeusak itxuraz, eta ustez zurekin sinbiosian bizi beharko luketenak, webgune erabilienak azkarrago deskargatzeko sortu zirelako; baina gaur egun cookie asko erabiltzaileen gustuak arakatzeko instalatzen dira, parasitoak balira bezala.
Sarean paseatze hutsagatik ari zara, egiazki, behar baino gehiago esaten zeure buruaz. Ordenagailuak atari bat bisitatzeko zenbait datu eskaini behar ditu, hala nola, IP helbidea, erabiltzen duzun nabigatzailea eta sistema eragilea, nondik iritsi zaren webgunera... Hori dena beharrezkoa da Interneten egitura eta funtzionamendua mantentzeko, baina trukean lorratz gehiegi uzten ditu bidean. Horregatik, Europan IP helbidea informazio pertsonaltzat jotzen da, babestu beharrekotzat, alegia.
Baina hor dago, hain zuzen ere, auziaren iltzea: informazio esanguratsuena darabilten enpresak ez direla europarrak, AEBetakoak baizik, eta hango datu-babeserako legedia arrunt biguna da. Google, Facebook, Yahoo eta MSN elkartuta, ia 2.000 milioi lagunen informazioa kudeatzen dute eta bai, tartean (ia seguru) baita zurea ere. Beraz, jakin nahiko duzu zer egin dezakezun Internetek zutaz gordetzen duen informazioa nolabait kontrolatu ahal izateko.
Ez da zure kezka bakarrik. 2009an Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB) egindako inkesta baten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan geroz eta gehiago zebiltzan buruhauste berarekin (Europar Batasuneko batez bestekotik urrun, dena den). Ikerketa berak erakusten du zenbait konturi buruzko ezjakintasuna handia dela oraindik: galderei erantzun zietenetatik, erdiak baino gutxiagok zekien gure datuak ezabatzeko eska diezaiokegula erakunde publiko edo enpresa bati, “jaso ziren helbururako beharrezkoak ez direnean”. Ezabatze hori eskatzeko dokumentua webgunean dauka DBEBk (http://ttiki.com/30873), baina problema bestelakoa izaten da maiz. Bai behintzat Hegoaldeko euskal herritarrentzat. Ezabatze-baldintzak zehazgabeak dira eta ez daude garai digitalera egokituta: noiz esan dezake Facebookek, adibidez, eman zenizkion datuek beren helburua bete dutela? Eta kontua asko korapilatzen da buletin ofizialez edo egunkarien hemerotekez hizketan hastean; mota horretako argitalpenak erabat digitalizatu zirenetik, edonork bila dezake, Google lagun harturik, duela 20 urte nahaspilatu zintuen epaiketari edo operazio polizialari buruzko informazioa. Gero epaileak absolbitu zintuen arren, susmoaren arrastoa geratzen da, Internetek zutaz gordetzen duen memorian.
Tira, zuk behintzat bete duzu zeure datuak ezabatzeko eskatzen duen dokumentua, baita igorri ere, dagokion enpresa/erakunde horri. Hamar eguneko epea dauka erantzuteko. Erantzuten ez badu, ezezkotzat hartu beharko duzu eta orduan hasiko dira komeriak, mota honetako kasu batzuek epaitegian bukatzen baitute. 2010ean Espainiako Datu Babeserako Agentziak (AEPD) jaso zituen kexen artean, 110 kasuk ahanztura digitalarekin zerikusia zuten, gehienak (98) bilatzaileekin lotutakoak; eta bilatzaileak esatean, Google esaten ari gara ia kasu guztietan; eta enpresa kaliforniarrak erantzun ohi du, bere bilatzailea ez dela ematen dituen emaitzen arduradun, Interneten dauden orrialdeetara iristea erraztu besterik ez duela egiten. Erraldoiarekin behaztopa: duela 30 urte delitu bat egin zuen herritarrak eskubidea al dauka bilatzaileak bere iragana ahaztu dezan? Eta duela 25 urte iruzurra egin izanagatik ikertu zuten enpresa batek (nahiz eta hilabeteetara kausa artxibatu)? Google-ek Espainiako Auzitegi Nazionalean errekurtsoa aurkeztu zuen horrelako bi kasuren kontra, baita bietan irabazi ere, “forma akatsengatik”, hori bai.
Bada alderik Espainiako Estatuaren eta Frantziakoaren artean materia honetan. Iazko urrian azaldu zen “Charte du droit a l’oubli dans les sites collaboratifs et les moteurs de recherche” izeneko agiria. Internauten “bizitza pribatua” babestea helburu hartuta, sarean jarritako datuak ezabatzeko eskubidea kontuan hartzen du kartak. Dokumentua sinatu zuten enpresek eta erakundeek konpromisoa hartu zuten euren erabiltzaileen datuak zaintzeko eta, hala nahi izanez gero, baita ezabatzeko ere. Erreklamazioak jasotzeko leihatila birtual modukoak ezartzea ere aurreikusten du kartak eta bilatzaileak gonbidatzen ditu behin saretik desagertu direnean ere, beren katxean gordetzen diren datuak ezabatzera.
Problema bakarra, eskua zabalik diosal egin ordez, Googlek eta Facebookek erdiko atzamarra altxa ziotela egitasmoari. Ez dezagun konpostura gal, halere: “Datu pertsonalen babesa oinarrizko eskubidea da eta sostengua behar du, baina garrantzitsua da guretzat bestelako eskubideak babestuz egitea, hala nola, adierazpen askatasuna” esan zuen Googleko abokatu Peter Fleischerrek enpresaren jarreraz galdezka joan zitzaizkionean. Gainera, bilatzaileak beti argudiatu ahalko du garden jokatzen duela bere erabiltzaileekin: 2009an martxan jarri zuten Google Dashboard, askok noizbait geure buruari egin diogun galderari erantzuteko asmoz: zer daki Googlek nitaz? Merezi du begirada botatzea, uste duzuna baino informazio pribatu gehiago besteren esku uzten ari zarela konturatzeko baino ez bada ere.
Bidasoaren alde batean enpresa handienek paso egiten dutelako, bestean lege aldetik behar bezalako babesik ez dagoelako, kontua da ahanztura digitala ez dela ondo bermatutako eskubidea. Horri gehitu behar zaio, gaia ateratzen den bakoitzean eztabaida pizten dela blogetan eta foroetan. Orain arte kasu hipotetiko batzuk esplikatu ditugu (preskribitutako delituak buletin ofizialetan edo hemeroteketan azaltzea, adibidez), baina badira bestelakoak, zalantza handiagoak sor ditzaketenak.
1979ko otsailean zuzenbidean lizentziatutako gazte batek La Nueva Rioja egunkarian Espainiako Konstituzioaren kontrako artikulu bat publikatu zuen. José María Aznar zuen izena gazte hark eta artikuluan esaten zuen, besteak beste, Konstituzioa idatzita zegoen moduan ezin zela jakin Espainia merkatu ekonomiarantz ote zihoan ala “malkar estatifikatzaile eta sozializatzaile arriskutsuetarantz” (erran nahi baita, nolabaiteko komunismorantz). Gauza jakina da Aznarren ondorengo ibilbidea eta Espainiako Gobernura iritsi zenez geroztik Konstituzioa bihurtu zela bere ikur nagusi, ia santifikatu. Baina, Interneti esker, beti aurpegiratu ahal izan zaio, gutxienez, txaketa konstituzionalari etiketa kendu berria diola.
Eta Aznarrek ahanztura digitalaren eskubidea baliatu izan balu artikulu horiek saretik ezabatzeko?
Gaia ez da ematen duen bezain sinplea eta erabilera biziotsuetarako ere eman dezake: ustelkeria kasuetan inplikatutako politikariek beren irudia garbitzeko, adibidez; edo, tartean deliturik egon gabe ere, noizbait emandako iritziak ezpainak jan beharrean zauzkanean, “ezabatu” botoiari sakatu eta inoiz halakorik esan izan ez bazenu bezala jokatzeko. Gaizki erabiliz gero eta muturreraino joanda, Internet bihur liteke George Orwellen 1984ko Egiaren Ministerioaren antzeko zerbait: iragana etengabe itxuraldatzen duen leku bat, orainak agintzen dituen interesen arabera betiere.
Beraz galdera da: nork dauka informazioren bat saretik desagerrarazteko eskubidea? Besteek norberaz diotena kentzea korapilatsua da, ikusi dugun moduan. Aldiz, norberak borondatez kargatu duen edozer ezabatzeko ahalmena eduki beharko luke (sare sozialetan edo blogetan idatzitako testuak, igotako argazkiak…).
Batzuetan ez da zaila hori egitea baina Facebookek, adibidez, ez ditu gauzak gehiegi errazten. Sare sozial hori erabili baduzu eta momentu jakin batean zure kontua ezabatzen saiatu bazara, jakingo duzu zertaz ari garen. Kontua desaktibatzeko aukera erraz antzean aurkituko duzu, baina adi, “desaktibatu” jartzen baitu eta ez “ezabatu”. Horrek esan nahi du, behin desaktibatuta inork ezingo zaituela Facebooken aurkitu, ezingo dituela zure argazkiak ikusi edo ezingo dizula mezurik bidali. Baina nahikoa da berriz zure kontuan sartzea, ikusteko ordura arte egin duzun guztia gordeta daukatela oraindik. Eta gordeta edukiko dute, ez duzulako baimenik eman ezabatzeko. Sartzea erraza da, irtetea ez hainbeste, ez dagoelako modurik kontu barrutik norberaren profila deuseztatzeko. Horrek ez du esan nahi ezabatu ezin denik, ordea. Aski duzu http://ttiki.com/30883 helbidean sartzea: zure profila bi astez desaktibatuta egongo da eta tarte horretan Facebook ezertarako erabiltzen ez baduzu, betirako joango dira han esan eta egin dituzunak oro zakarrontzira.
Mekanismoak garbi erakusten du ahanztura digitala negozio-eredu baten etsaia dela: informazio pribatuaren kudeaketari esker etekinak ateratzen dituzten enpresen anatema bihur daiteke, erabiltzaileak modu masiboan euren datuez arduratzen hasten badira. Googlek eta Facebookek ahanztura digitalaren aldeko frantziar karta ez sinatzea, ez da adierazpen askatasunaren alde egindako hautua, beren negozio ereduaren oinarria zaintzeko hartutako erabakia baizik. Bi enpresa horiek, Yahoo, MySpace, Twitter edo MSN antzekoak dira gauza batean behintzat: produktua doan eskaintzen dizutela diote, baina funtsean zu zaituzte produktu bihurtzen; bezeroak arrantzatzeko daukaten beita ematen diezun informazioa da.
Eta hor ez dago eztabaidarik, eskubidea daukagu datu horiek nahi dugunean ezabatzeko. Eskubidea daukagu gure informazioa guk kudeatzeko. Eta badira horretarako aukera hobeak eskaintzen dituzten tresnak, gainera; bai behintzat, sare sozialetan, Facebook eta Twitterren alternatiba gisa sortu diren Diaspora eta Status.net, adibidez. Erabiltzen ikastea da hurrengo pausoa. Bilatzaile handien alternatibak aurkitzea eta haiekin daukagun dependentzia murriztea ordea, beste errota bateko ura da.
Lehengoan mezu bat idatzi nion METAri. Di-da, pentsatu eta egin. Mark Zuckerbergek ez du lorik egin ordutik, ez baitzen edozelako mezua izan, lehor samar idatzi nion. Borde, ia. Instagrameko bideo baten bidez jakin nuen METAk bere erabiltzaileek partekatutako informazioa... [+]
Urteak dira Firefoxek eta Safarik jarraipena egiteko erabiltzen diren hirugarrenen cookieak blokeatzen dituztela. Chromek ere gauza bera egingo du 2025ean, baina publizitatearen negozioan duten nagusitasuna handitzeko aprobetxatu nahi dute, jarraipena nabigatzailean bertan... [+]
Webguneen arduradunek beren bisitarien trafikoa aztertu nahi izaten dute, baina horretarako gehien erabiltzen den Google Analytics tresnak pribatutasun eta lege arazoak ditu. Alternatiba etikoago bezala gehien erabiltzen den Matomo software librea euskaratu du Iametzak.
Software librea erabiltzen duten Lezo BHI, Irungo Hirubide BHI eta Donostiako Antigua-Luberri BHI ikastetxeek beren esperientzia azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, EH Bilduko Lore Martinez Axpek eskatuta. Institutuetako ordezkarien aurkezpenen bideoak [+]
Euskal Herriko eskola askotan bezala, Danimarkan ere Chromebook-ak eta Google Workspace (lehen G Suite for Education deitua) erabiltzen dira. Hala ere, datorren ikasturtetik aurrera gauzak aldatzera doazela dirudi, datuen babeserako agentzia daniarrak legez kanpokotzat jo baitu... [+]
Orain arte ezezaguna zen zelatatzeko metodo baten berri eman du AEBetako Ron Wyden senatariak: mugikorreko jakinarazpenak. AEBetako eta beste estatu batzuetako gobernuak teknika hori erabiltzen ari dira, Reuters-ek jakitera eman duenez.
Filtratu egin da eIDAS 2 araudi berriaren zirriborroa, eta jakinarazi dute nortasun digital bat sortu nahi dutela pertsona bakoitzarentzat. Modu zentralizatuan eta digitalki, biztanle bakoitzaren askotariko datu eta agiriak jasoko ditu biltegi horrek.
TikTok enpresari 345 milioi euroko isuna ezarri dio Irlandako Datuen Babeserako Batzordeak, adin-txikikoen pribatutasuna behar bezala ez babesteagatik.
Datu-bilketa masiboari eta pribatutasunaren urraketei buruz hitz egitean mugikorrak, ordenagailuak, telebista eta bozgorailu adimendunak… etortzen zaizkigu burura. Inor gutxik aipatuko ditu autoak. Hala ere, gaur egun sentsore, kamera eta mikrofonoz betetako gurpildun... [+]
X sare sozialak (orain arte Twitter zenak) bere pribatutasun politika aldatu du eta erabiltzaileen ezaugarri fisikoak ere bilduko ditu, besteak beste, aurpegi-ezagutzaren bitartez.
Europako Batzordeak martxan jarri berri du AEBetara egindako datu pertsonalen transferentzia arautzeko Trans-Atlantic Data Privacy Framework marko juridikoa. Aurrez egon diren beste biak atzera bota zituzten europar auzitegiek, ez zutelako eskaintzen herritarren datuak babesteko... [+]
Facebook, Instagram eta Whatsapp-en jabe den Meta multinazionalak Threads izeneko mikroblogintza sare sozial berria aurkeztu du. Oraingoz ez dute erabilgarri jarri Europar Batasunean, aplikazioak egiten duen datu-bilketa izugarriaren ondorioz europar pribatutasun legeekin... [+]
2023. urtea. Internet guztia GAFAM inperioaren kontrolpean dago. Guztia? Ez. Herri txiki batzuek zapalkuntzari aurre egiten diotelako. Eta herri horietako batzuk elkartzen hasi dira eta “Fedibertsoa” osatu. Twitter eta Reddit-eko gatazken ondorioz, Fedibertsoa fama... [+]
Hezkuntzan Librezale taldeko bi kide Eusko Legebiltzarrean izan dira Hezkuntza Lege berriaren proiektuari zuzenketa proposamenak aurkezten. Ideia nagusi bat azaldu dute parlamentuan: “digitalizazioari dagokionean lege proposamena ez da leiala 2022ko hezkuntza... [+]
EAEko administrazio publikoak erabiltzen dituen algoritmoen erregistro publiko bat sortzea adostu dute Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek. Akordioaren oinarrian EH Bilduko Lore Martinez Axpek aurkeztutako mozioa dago. Aurrez, apirilean, lau... [+]