"Ni ez naiz modernikola"

  • Jende xumearen jakintza, mendeetan zehar garatutako ezagupenak, hainbat lanbidetarako asmatutako tresna eta gailuak, auzolana eta auzolaguntasuna, euskaroen izaera propioa, hori dena da Azkoiengo eskultore ausart eta askatasunzaleak aldarrikatzen duena egungo gizarte modernikolaren aurrean.

Joxe Ulibarrena
Joxe UlibarrenaDani Blanco

Nafarroako Ollo ibarreko Arteta herrian Joxe Ulibarrena Arellano eskultoreak sortutako Museo Etnografikoa dago. XVII. mendeko Fantikorena etxean 10.700 pieza baino gehiago aurkituko ditugu “entziklopedia enpiriko” honetan, sortzailearen hitzetan. Historiaurretik eta XX. mendearen hasierara arteko bizi puskak. Haietaz eta gure arbaso euskaroen historiaz mintzo da pasioz Ulibarrena. Hitz, esamolde eta leku izenen atzetik zer dagoen, bere modura arakatzea maite du. Hiztegiaren zurruntasuna ez da berarentzat arazo. Kontzeptu zehatzentzat eleak sortzen ditu, barnetik, borborka, bere eskulturak bezala.

Autoarekin batera presak eta erlojua aparkatuta uztea komeni da. Ezohiko jakintza gune batean murgilduko gara. Ez dugu diseinuzko panelik ikusiko, ohartxo asko eta asko paper muturretan eskuz idatzirik bai ordea. Zorabio sentsazioa izanen dugu, tarteka, hainbeste gauza ikusita: goldeak, sarrailak, jantziak, altzariak, laiak, gurdiak, hilarriak, zepoak, txanponak, mota guztietako lanabesak, liburuak, jostailuak… eta Ulibarrena jenio urtetsuak hamaika azalpen emanen digu gai batetik bestera jauzika, eten gabe. Inor epel utziko ez duen esperientzia, zalantzarik gabe.

10.700 pieza baino gehiago museo honetan. Zergatik biltzen dituzu?

Gure arbasoek jakintza zuten ala ez jakiteko. Batzuek esaten dute atzeratuak zeudela, baina nik ez dut halakorik ikusten. Mahai hau, adibidez: gaur egun ezingo litzateke halakorik egin, hasteko hain zuhaitz handirik, jada, ez delako aurkitzen. Mahai gaineko taula honek 89 zentimetroko zabalera du. Egurra nola lantzen den ere oso garrantzitsua da: ilargiak, eguzkiak, uda edo negua den... eragina dute. Denak du garrantzia eta jakinduria horren emaitza ikaragarria da. Eta nik galdetzen dut: zer da gure abendizkia? Gure etnia? Gauza asko dugu ikasteko. Baskoak esaten dutenean, adibidez, zer esan nahi dute horrekin? Batzuen iritzien arabera ni ere ez naiz baskoa, Nafarroako Erriberakoa naizelako. Eta han abizen gehienak euskaroak dira. Nik haiei galdetzen diet ea zein den beren abizena, zein den haien amaren izena. Beste ama bat eduki nahi badute aurrera, baina hau da dagoena. Dena den ni ez naiz baskoa, ni euskaroa naiz.

Zein da desberdintasuna?

Baskoak Espainiako erregearen inguruan daude, garai batean Francoren inguruan egon ziren bezala. Ibarra, Sota eta Aznar bilbotarrak, esate baterako. Gaur egun boterearen inguruan jarraitzen dute eta euskaroak, aldiz, kartzelan edo gertu daude. Vasco, vasconum, Vasconia… hori dena latinoa da. Euskaroa, euskaria, euskara… ez.

Behin Yolanda Barcinari galdetu nion ea ba ote zekien zer esan nahi zuen bere abizenak. Eta esan nion: Bar eta tzina: gau txikia. Eta hori bezala, zenbat eta zenbat izen dagoen euskal jatorrikoa! Mediterraneo aldean Gandia, Xabia, Extremaduran Azuaga, Cadizen Arazena mendi zerra… Andaluzia esaten dugunean, zer esaten ari gara hitz honekin?: Ibar handi eta luzea.

Eta Nabarra. Behin Corellakoari [Miguel Sanz] esan nion: “Ez esan nik euskaldunen gauzekin zaletasun handia dudala, zuk ere euskal jatorria duzulako. Horren nafarra izanik, zuk badakizu zer esan nahi duen Nabarra hitzak? Zuk ez dakizu ezta hori euskara denik ere. Naba hitzetik dator eta eremu lau eta zabala esan nahi du. Eta zure amaren izena ere ez dakizu zein den. Zu zara zure amaren semea, besterik ez, baina beste ama bat eduki nahi baduzu hori beste kontu bat da”. Eta beste gauza garrantzitsu bat esan nion, zenbat jende hil zuten haiek gerra garaian: “Zure herrian 93”. Berak erantzun zidan ea nola pentsatzen dudan halako gauzetan, baina nola ez ba! Nik 11 urte nituen nire aita gure etxean hil zutenean eta Iruñeko Gaztelu Gibelean hiru gazte –bi mutil eta neska bat– nola fusilatu zituzten ikusi nuenean. Besarkaturik erori ziren lurrera. Hori ezjakin hutsak direnek besterik ez dute egiten. Zer egiten duten ez dakitenek. Eta orduan Sanzek esan zidan “Beno, beno, ikusten da zu poeta bat zarela”, eta nik, “izan daiteke, eta ikusten duzu ere, zenbat poeta hil duzuen?”.

Isilarazteko edo?

Ezjakintasun hutsarengatik, ez isilarazteagatik, horrek ez badu hitz egiten beste batek eginen duelako. Nik hori ikusi eta bizi izan dut, bestela nola jakin behar nuen? Eskarmentuak erakutsia. Eta gauza bera gertatzen zait lanbidearekin. Batzuek esaten didate ez naizela modernoa. Nola nahi duzu modernoa izatea nire adinarekin? Esaten diet txantxetan. Dena den, nik uste dut oraingo garaian egiten diren gauzak direla modernoak, besterik ez. Ni ez naizena da modernikola. Naizena izaten segitu nahi dut, maisu handiek zer egin duten ikusten eta ikasten jarraitu nahi dut.

Zer da modernikola?

Abstraktua badakizu zer den? Azaldu ezin daitekeena eta hori da haiek egiten dutena, besterik ez dakitelako. Etxe honek, adibidez, 300 urte baino gehiago ditu, zortzi zutabe ditu behetik goraino eta ez du hormarik. Kubistek gauza bera egiten zuten, baina oraingo arkitekto modernikolek esaten dute kubismoa XX. mendearen hasierako kontua zela.

Nola definitzen duzu zeure burua?

Oso erraza da. Eskultorea eta besterik ez. Nik zaletasun handia dut, eta beti umilki eta zutik jarraitu nahi dut horrekin.

Zergatik egiten dituzu eskulturak?

Interes handia daukadalako zerbait adierazteko, erritmo eta proportzio zehatz batzuekin. Egiatan plastikoa den zerbaiten bidez. Espresioa duten perfil batzuk egin nahi ditut.

Zertan ari zara orain lanean?

Orain Sarasateren irudia egiten ari naiz harizkiz. Entusiasmo handia dut, Sarasate biziki arraroa zelako. Iruñera etorri zen behin batean, autoritateak bere bila joan ziren tren geltokira zaldi gurdiarekin eta guzti, baina berak esan zien oinez joanen zela harrera egitera joana zen jende guztiarekin. Zer modu dotore eta dinamikoa autoritateei ezetz esateko! Eskerrik asko, baina ez. Horrez gain prest daukat Tafallako ikastolarako eskultura baten bozetoa eta Gerra Zibilaren inguruko oroitzapen eta gogoetak ere idazten ari naiz.

Tafallako ikastolak aurten antolatzen duen Nafarroa Oinezerako hiru eskultura egin dituzu eta Artea Oinez 11k omenaldia eginen dizu urrian. Pozik?

Oso ongi iruditzen zait Oinezen inguruan egiten dena, baina ni beste bat gehiago naiz ekimen honetan, besterik ez. Denei egin beharko zieten. Zer garen, nolakoak garen ulertzeko gakoa gure arbasoek egin zutena ezagutzean datza. Gaurko haur eta gazteek jakin-mina izan dezaten nahi dut. Arreta jar dezatela halako gauzetan eta ikas dezatela zer egin duten gure arbasoek.

Museoaren izena Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoa da eta hau dena sustatzen duen erakundea, Nafarroako Pedro Mariskalaren Fundazioa. Zergatik?

Nabarrako Pedro, Nafarroako erreinuaren mariskala izan zena konkistan, gaztelar armadaren aurkako borrokan. Nafarroako mariskala preso hartu 1518an eta Simancasera eraman zuten. Han lau urte eduki zuten inor ikusi gabe eta apenas jan gabe hilik agertu zen arte. Carlos V.a kanpotarraren alde zin egin zezala nahi zuten baina berak ez zuen amore eman. Bere garaikoei erakutsi zien guztiagatik oso estimu handian dugu. Berak erakutsi zuen barneko indar hori, sinesmenak ematen duena, oso garrantzitsua da. Kanpoko energia asko izaten dugu, baina ez barrukoa.

Aldarte eta ziur egote hori bera erakutsi zuen nire ama zenak soldadu joateko deitu zidatenean. Burgosera joan nintzen. Ama nirekin etorri zen eta esan zien nik ez nuela eginen zerbitzua Parisera ikastera joan behar nuelako Diputazioko beka batekin. Militarrak esan zuen beste guztia baino lehenago zela aberria eta amak erantzun zion ni bere semea nintzela eta inork ez zuela indarrik kontrakoa esateko. Militarrak ez zuen ezer egin. Esan zuen pozten zela gu ezagutu izanaz eta ongi ibiltzeko.

Euskara Venezuelan ikasi zenuen.

Han hasi nintzen Jose Estornes Lasarekin. Behin esan zidan: “Zuk horrenbesteko zaletasuna duzunez gauza euskerikoen gainean, zergatik ez duzu euskara ikasten?”, “maisurik ez dudalako” erantzun nion nik. “Zuk ez didazu niri erakutsi nahi?”, “bai, ados” esan zidan eta horrela hasi ginen. Egunero elkartzen ginen ikasgaia egiteko. Ez dakit euskara gehiegi baina gauza batzuk ikusten ditut oso garbi. Gure arbasoek bazituzten esamolde batzuk egun galdu beharko ez genituzkeenak. Adibidez orain asko erabiltzen da “kultura” eta guk badugu beste hitz bat: “jakintza”.

Euskaraz norbait hiltzen denean “heriotza” eta “hilotza” hitzak erabiltzen dira. Hoztu da pertsona. Hil da. Baina hori dena ikasteko arretaz entzun behar duzu zer gauza interesgarriak esaten dituzten gure baserritarrek. Zeinen esamolde biziak, adierazkor eta zehatzak!

Nortasun agiria

Joxe Ulibarrena Arellano Azkoien herrian (Nafarroa) jaio zen 1924ko urtarrilaren 25ean. Iruñeko Arte eta Lanbideen eskolan ikasi ondoren Valladoliden hiru urte izan zen tailugile ezagunen tailerretan. Handik Parisera joan zen beka bati esker. Han lau urte eman eta gero Venezuelara abiatu zen hemengo giro itogarritik aldenduz. Caracaseko Euskal Etxean aritu zen kultur eragile. Zazpi urte geroago, 1959an, itzuli eta abian jarri zuen Nafarroako Pedro Mariskalaren Fundazioa bere hiru seme-alaba nagusiekin. 1964an lehen museo etnografikoa zabaldu zuten Berriobeitin. Ondoren bigarren emaztearekin hainbat urtez Alacant aldean bizi izan zen antigoaleko gauzen salmentan, dekorazio lanak eta eskulturak egiten. Iruñera itzuli ziren adinez oso aurreratua zegoen Joxeren ama zaintzera. Orain dela 25 urte Artetara eraman zuten museo etnografikoa eta gaur egun eskulturak egiten, ikerketa etnologikoak garatzen eta museoan lanean dihardu. Felix Urabayen, Aita Adoaingo Esteban, Vianako Printzea, Raimundo Lanas jota kantaria, pilotaria, laialaria eta Getzeko Noaingo Batailaren oroigarria, dira bere eskultura ezagunetariko batzuk. Horretaz gain hamar bat liburu baino gehiago eman ditu argitara.

Azken hitza
Chillidaleku, Oteiza, Ibarrola

“Chillidalekun izan nintzen behin gonbidatu nindutenean, eta sarreran gazte batzuk kexaka ari ziren ez zietelako sartzen uzten. Protestan ari ziren museoa egiteko mendi hartan dauden hiru baserrietara zihoazen bideak moztu zituztelako. Hori ez dago ongi!

Nik asko ezagutu nuen Oteiza. Berriobeitiko etxean egon zen askotan. ‘Zer interes itxia duzun eskulturarako’ esaten zidan. Eta nik erantzuten nion: ‘Begira Jorge. Nik estimu handian zaitut, baina zuk badakizu zer den eskultura? Jakinen bazenu, egiten duzuna ez zenuke eginen. Klarionekin egiten duzuna, adibidez. Hori ez da eskultura, hori burutazio bat baino ez da. Hori bururatzen zaio beste ezer bururatzen ez zaion norbaiti. Malabarismoa, zirkoan bezala’.

Beste behin Agustin Ibarrolak idatzi zidan Bartzelonako kartzelatik eta bisitan ikustera joan nintzen. Galdetu zidatenean zertaz ezagutzen nuen nik Ibarrola esan nien margotzetik eta eskultura egitetik ezagutzen nuela. Gela batean sartu eta han hiru egun eduki ninduten. Laugarrenean joateko esan zidaten eta hori egin nuen. Azkenean Ibarrola ez nuen ikusi. Orain ez dut Ibarrola horrenbeste estimatzen, egun beste ofizio bat duelako. Jakin nuenean zuhaitzak margotu zituela esan nion: ‘Noizbait ikusi al duzu zuk ama jakintsuago bat, natura baino? Hor dena ongi badago zergatik ari zara zu zuhaitzak margotzen?’. Hori da inoiz ikusi dudan zozokeriarik handiena! Baina nori bururatzen zaio hori egitea, ba zertan ari den ez dakien bati. Moztu dizkizutela zuhaitzak? Pena ematen dit zuhaitzengatik”.

Negar malkotan

“Hau ez da turismorako museoa, jakin nahi dutenentzat tokia baizik. Atzo Andoaingo bikote bat etorri zen eta negar malkotan, hunkiturik joan ziren. Tresna bakoitza lan zehatz baterako egina dagoela ikusten da eta hemen saiatu gara ibilbide bat egiten, ez bakarrik piezak ekarri eta kitto. Teknologia plastiko traiektoriala da guk darabilgun kontzeptua. Nik gure arbasoek zeukaten jakintza hori nahi dut erakutsi”.


Azkenak
Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen: “Herritik sorturiko ekitaldiaren jabe egin da Udala”

Herriko elkarte eta eragileek antolatzen dute Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Irunen, sorreratik. Goizetik gauera jakin dute udalak hartu duela ekitaldiaren jabetza eta beraz, ekitaldiaren inguruko azken erabakiak haren gain geratu direla: “Udalari eskatzen diogu... [+]


2024-12-23 | Irati Diez Virto
Ez naiz sagua, ezta satorra ere; lursagua naiz

Ugaztun hitza entzutean, askotan burura etortzen zaizkigun lehen ordezkariak tamaina handienekoak izan ohi dira: hartza, otsoa, oreina… Batzuetan etxekotutako katua edo txakurra dira agertzen lehenak, edo urruneko lehoiak eta elefanteak. Ikusgarritasunak lehia irabazi ohi... [+]


2024-12-23 | Jakoba Errekondo
Ilarraren entzumena

Laster urte guztian izango ditugu malko ilar goxoak (Pisum sativum). Oraindik, ordea, negua eta udaberria dira, ia erabat ilar freskoak jateko sasoia; udaberrian jango ditugun azken ilarrak ereiteko garaia orain hasten da. Eta oraintxe jango ditugu urria aldera erein zirenak.


2024-12-23 | Garazi Zabaleta
Ekin Dulantzi
Nekazaritzako elikagaien test gunea Dulantzin

Gero eta nekazaritzako test gune gehiago ditugu inguruan, hau da, nork bere proiektua martxan jarri aurretik nekazaritzan eta abeltzaintzan trebatzeko guneak. Nafarroako Zunbeltz espazioa eta Gipuzkoako eta Ipar Euskal Herriko Trebatu dira horietako zenbait adibide, gurean... [+]


Gabonetan tokikoa eta sasoikoa kontsumitu eta, bide batez, Israelgo produktuak boikoteatu

Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.


Teknologia
Gai izango ez garenean

Pertsona nagusiekin edo aniztasun fisiko eta neuronalak dituzten pertsonekin lanean zaudenean, dugun gizartean gaitasunaren ideiak espezie bezala asko mugatzen gaituela ohartzen zara. Hau da, dugun sistemak gauzak modu espezifiko batean egiteagatik jartzen zaitu balioan, eta... [+]


Materialismo histerikoa
Idatzi nahi nuen

Idatzi nahi nuen gabonetako argien alde, eta urteroko ohitura bilakatu aldarrikatzea, kaleak argitzen dituzten aro honetan, espazio publiko apain, alai eta gozagarri bat, klase ikuspegitik. Baina, noski, espazio publiko epelak ere bai, zenbait gazte liburutegietan liburuak... [+]


2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Eguneraketa berriak daude