Familia. Tradizioaren harria. Mando bat. Eta apustua tarteko. Astuna, iraganean iltzatutako oraina. Hala da Alberto J. Gorritiberea zuzendariaren Arriya filma, errealitate baten irakurketa pertsonala. Uztarria aprobetxatu dugu guk. Aita eta semea, tradizioa eta etorkizuna plaza berera ekarriz. Eta Joxe Mari Gorriti aita, bere animaliekin agertu zaigu, herriz herriko festetan ibiltzen den moduan, poney eta zezenak lagun. Ezin zen bestela izan.
Aita.
Arronamendin jaio nintzen, Deba eta Itziar artean, tunela pasata. Txiki-txikitatik hasi nintzen animaliekin. Gustatu egiten... Lehenengo katuak, gero untxiak.... Gogoan dut untxi txiki bat, aita zenak erregalatu zidan hanka apurtuta zeukan untxi zuri bat. Neuk hanketan ohol txikiak lotu, eta aurrera atera nuen bizirik. Itziarra saldu nuen gero, eta... dirua! Orduan ez dakit zenbat izango zen, baina gurasoek diru guztia niretzat eman zidaten. Hura niretzat beste mundu bat zen! Hala hasi nintzen animalia eta animalia, eta...
Semeak.
Aitak beti izan du animalien munduaren beharra. Gasteizen bizi ginen, zentroan. Behin oroitzen ditut bizilagunak kexuka, soinu bat entzuten zutelako gaua joan eta gaua etorri. Guk ez genekien ezer, baina hontz bat zeukan aitak ganbaran gordeta, hontz txiki bat. Pentsa hark zer zalaparta aterako zituen gauetan... Eta horrelako kontuak dozenaka. Nik konprenitzen dut, hori izan da umetatik bere bizia. Animalia batzuk, untxiak... Jaio zeneko zulo hartan ez zen besterik. Bizia asmatu beharra zegoen han!
Halere esan beharra dut, ama ere badaukadala. Hura arrazionalagoa da, eta beste kontrapuntu bat eman dit. Bietatik izango dut zerbait, baina kameraren atzean banago, eta ez aurrean aita bezala, segur aski ama ere hor dagoelako da.
Ez dakit ba zure seme hau ez ote dabilen aldrebes xamar...
Hala esan zidan behin batek. Eta nik, “utzi semeari bere bidea egiten”. Mundu honetan besteren etxeak konpontzen jarduten dugu, eta hemen norberak bere etxea antolatu behar du lehenengo.
“Aita, hau egin behar diat”, “bale, ondo zegok”. Tabernarekin hasi zen, eta arrakasta izan zuen. Izaera oneko mutila da Alberto... Gero pelikula egin behar zuela. Eta orduan hasi zen, mandoa gora eta mandoa behera. Aian aurkitu nuen mando handi bat, 700 bat kilokoa. Hau duk katxarroa! Eta esan nion: “Hi, Juanito”, “zer?”, “hau saldu ez behintzat egin e, nire semeak oraindik pelikula egingo dik honekin-eta!”, “bai zera...”. Barre egiten zuen, Juanitok.
Tradizioa. Aita erail beharra Arriya gainetik kentzeko?
Arriya mutil baten askatasuneranzko istorioa da. Emantzipazioa. Eta horretarako guztiarekin hautsi behar du. Tradizioarekin, familiarekin... Ez aitarekin bakarrik, aita, ama, ingurua... Tradizioak kulturala izan behar duela uste dut, eta ez dakit ez ote dugun askotan gure zuloak estaltzeko erabiltzen. Estali behar horretan kultura sanoagoa iruditzen zait. Askotan tradizioak kulturaren baitan pausatzen dira. Eta ez badira mugitzen, moldatzen, kultura beharrean zama bihurtzen direlakoan nago.
Lan hau egiteko lagundu dit aitaren bidez ezagutu dudan mundu horrek: herri-kirolak, animaliak, apustuak... Eta baita baserri bizitzak ere. 16 urterekin Zumaiako Bitarte baserrira etorri nintzen amamarekin bizitzera. Naturarekiko harreman berezia sortu zitzaidan hemen; ez zait iruditzen naturak tradizioa bizi duenik. Tradizioek mugak dituzte, gureak besteenekiko desberdin ikusten ditugu. Baina naturak denak lotzen ditu. Eta pelikulan badago hori: naturak, errekak ez du tradizioaz ulertzen.
Arriya mundu txiki baten abstrakzioa da. Ezagutu dudan mundu bat abstrakzioa egin dut nolabait, eta iruditan margotu dut.
“Gorriti burutik jota dago!”.
Behin ehizan ginela gertatu zitzaidan, txakurrak goizeko bederatzitan aurkitu erbia, eta hiru orduren bueltan plasta! neure aurrean erbi hori. Gorde eskopeta eta erbiari pasatzen utzi nion. Ahoz aho zabaldu zuten Gasteizen, ingurukoen artean: “Gorriti ez zegok sano! Neuk ikusi diat nola utzi dion erbiari pasatzen”. Zer esango dizut bada, pena eman zidan, txakurra eta biak han ibili ziren zein baino zein norgehiagokan eta... Orain ere badaukat nik erbia bizirik. Baina ez jateko e, gustatu egiten.
Juez aritu nintzen sei-zazpi urtez, sokatira, harrijasotze... Eta gero hasi nintzen, zezen txiki batekin aurrena, umeentzako ikuskizunak antolatzen. Gero poneyak, oilarrak... Ikaragarri umezalea naiz. Niretzat umea da lehenengo, eta gero animalia. Eta iruditzen zait animaliekin jolastuz kultura bat ematen zaiola umeari. Eta ez. Ume batek telebistarekin bakarrik bizi behar al du? Ez du errealitatea bizi behar? Zer eman behar zaio, gailetak eta telebista? Kontzeptu horrekin ez nago ados. Nik uste umeari gaileta gutxiago eta potaje gehiago eman behar zaiola. Eta kultura mailan, animaliak. Hortik sortu dut nire pelikula.
Hori da aitaren pelikula.
Lagun on batek esan zidan: “Zuzendari izan nahi baduk bide bakartietan barrena ibiltzen ikasi beharko duk!”. Eta egia esan gustura nabil, gustatzen zait bide bakarti hau. Gero itzuli eta familiaz gozatzekotan. Baina zineak eskatzen du indar berezi bat, bakardade horri aurre egiteko ahalmena. Eta horretan izango dut aitaren eragina. Berak ere bere bidea egin du.
Umetatik ikusi dut, aposturen bat zela, ahari jokoa hurrena... Gertu bai, baina aitak beti izan du hanka bat hortik kanpo. Beste mundu bat sortu du, eta esango nuke ez dela tradizioaren oinarri geldi bat izan. Mugitu egin da, buelta bat eman eta istorio bat sortu du. Gogoan dut behin herri txiki bateko haurrek kartelak jarri zizkiotela kalean, ongi etorria emateko. Haurren begiruneak asetzen du aita, eta zentzu horretan, tradizioa ongi erabili duela esango nuke. Ez da gutxi! Ez dut askotan analizatu hau, baina bai, berak ere badauka... Bere sormenean, lortu du bere mundu edo bere pelikula propioa egitea. Eta zerbait hobetzen ari dela sinesten du.
Jubilatzeko adinean jada...
Nahiko jubilatuta nago belaun hauekin, baina ez du inporta. Egiten dudan lana gustatu egiten zait, horixe da dena. Bestela aspaldi erretiratuko nintzen, baina 71 urterekin, mutil kozkorra ere laguntzaile ona daukat eta...
Animaliak eta umeak. Niretzat hori grabea izan da. Eta horrela ibili ondoren, dauzkadan bezalako hiru seme eta tokatu zaidan bezalako andrea izatea... Halere, semeekin ez dut horrenbeste denbora pasa, andreak hazi ditu gehienbat. Baina bi lekutan batera egoteko gai den inor ez dut nik oraindik ezagutu! Familiarekin gehixeago egon beharko nukeen akaso, edo animalia gutxiagorekin konformatu, arrakasta gutxiago... Izan ere, animaliekin arrakasta izan dudala uste dut. Santanderretik hasi eta Palentzia eta... Gandiatik izan da azkeneko eskaintza, baina ez noa.
Hemen geldituko dira diruak eta gainerakoak! Baina nik mundu honetatik badakit zer eramango dudan: hiru seme, andrea eta arrakasta izan dudan nire mundutxo hau. Hori da nire historia.
Eta zurea, Alberto, zinema.
Bizitzan pixka bat hobea izateko aukera ematen dit. Irudi soil bat sortzea, amets bat betetzearen... ez dakit. Barrenera zintzo begiratu, eta sortzen den benetako irudi hori errespetatu eta maitatuz gero, mundua zerbaitetan aldatzen denaren sentimendua sortzen zait.
Pelikulak egiten ez dakit ona ote naizen, hori besteek esango dute. Baina prozesuan, lantaldeetan uste dut oso harreman onak sortu direla, bai Eutsi!-n, flysch-ari buruzko dokumentalean, Arriyan... Sarri pelikula bat egitera joan, lantalde handi batean sartu, eta idealak kontatzen ditugula iruditzen zait. Gidoi bikaina, eta zein zintzoak garen, eta nola hobetu dezakegun gizartea, eta... Errealitatean ordea, grabaketan zehar bizitzen diren historiak oso krudelak izaten dira batzuetan. Eta nik uste garrantzitsuagoa dela zintzotasun hori lantaldean bertan adieraztea. Gainontzean ez dakit zertarako ari garen zinea egiten. Lana egin behar da, noski, eta nik ere gauza asko egin ditut bizitzeko, baina ez diot zentzurik ikusten. Hau ez da koadro bat margotzea, hemen beharrezkoa da lantaldearen ekarpen kreatiboa zein profesionala. Azterketa polita da grabaketak nola bizi diren ikustea, kontatzen diren istorioak benetakoak ote diren jakiteko. Agian nire teoria izango da, baina uste dut hausnarketa polita duela.
“Gorriti, a ze semea egin duzuna!”.
Zer edo zer izango ote du aitarena, narrua edo... Ez dakit, zerbait izango du. Halere honek gauza bat du nik ez nuena. Eskola, eta nik ez nuen eskolarik. Hor joaten naiz herriz herri, eta badakit erdaraz ez dudala ondo egiten, eta euskaraz... Hara! Ni naiz pertsona bat ez euskaraz ez erdaraz ondo. Gasteizen tailerrean inork ez zuen euskaraz egiten eta badakizu...
Semeak halere okerreko karrera hartu zuela uste dut. Abokatu izan behar zuen. Hizketan badaki gero. Kategori handikoak dira hiru semeak, baina hau irten zaigu pieza! Pelikula bukatu zenean ere, afaritakoan aktoreek-eta hala esaten zidaten: “Gorriti, a ze semea egin duzuna!”. Eskerrak. Zerbaitetan behintzat asmatu nuen!
Ingurumena kaltetzen duten proiektuen aurrean laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa eskaintzen du Sustrai Erakuntza fundazioak Nafarroan. Urteetako ibilbidea dute eta hamaika helegite eta informe osatu dituzte hainbat proiekturi aurka egiteko: AHT, harrobiak, zentral... [+]
“Etsaien nagusitasunaren eguna” Euskal Herriko langileriarentzat “borroka eguna" izatea eskatu du Jarkik. Borrokatzera eta kalera ateratzera animatu dituzte herritarrak, “burgesiaren interes eta jabetza erregimenaren” aurrean.
Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.
Mundu mailako inperioaren urbs estatubatuarra –eta haren periferiako lurbira osoa– Donald Trumpen bigarren agintaldirako kontuak ateratzen ahalegintzen ari garenean, tentsioak gorabidean jarraitzen du datozen lau urteetan, zalantzarik gabe, arreta-gune nagusietakoa... [+]
Urtarrilaren 1etik aurrera pentsioak %0,9 handituko ditu Frantziako Gobernuak, hasiera batean iragarri baino lehenago, 2025eko uztailera arte ez baitzuen asmorik pentsioak igotzeko, 4.000 milioi aurreztea helburu.
Azken hamarkadotan euskalgintzan jardun izan dut, dela helduen euskalduntzean AEKn, dela hizkuntza-eskubideen defentsan Behatokian, dela euskararen normalizazioaren alde Euskalgintzaren Kontseiluan. Den-denetan egokitu zait euskalgintza edota herrigintza auzitan jartzen zutenen... [+]
Pasa den urriaren 30ean, Portugaleteko Sastraka Gaztetxeko bederatzi lagun auzipetu zituzten. Handik egun batzuetara Portugaleteko kaleak hartu zituzten hainbat lagunek gaztetxearen defentsan. Bi egun geroago, fiskalak karguak kendu zituen.
Anbulantzien zerbitzua enpresa batetik bestera aldatzeak ez duela egiturazko arazoa konponduko eta “orain arteko pribatizazioaren bidean atzera egin eta anbulantzia zerbitzuaren publifikazioari” ekiteko eskatu diote langileek Eusko Jaurlaritzari, LABek antolaturiko... [+]
Modu iraingarri eta mespretxagarrian, komunismoari loturiko ustezko atxikipen-politikoak egozten zizkion, besteak beste, Guillermo Quindós egungo errektoreordeak eta Eva Ferreiraren hautagaitza zerrendan dagoen kideak hauteskundeetara aurkeztuko den beste taldeari,... [+]
Mailegu enpresa batek emakumeari "iruzur" egin diola salatu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, eta mobilizatzeko deia egin du Astrabuduako etxegabetzea gelditzeko. 10:30ean agertu dira segizio judiziala eta Ertzaintza etxegabetzea gauzatzeko,... [+]
Erreforma fiskalak jaso dituen neurriak aurkeztu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek. EAJk eta PSE-EEk adostutako testuari, gainerako alderdiek zuzenketak egiteko epea ireki da orain.