Gizakiok milaka urte daramagu drogak erabiltzen, eta aldian aldiko agintariek haiekiko agertu duten jarrera ez da beti berdina izan. Historian zehar, ezagutzen ditugun droga guztiak, tabakoa eta kafea barne, debekatuta egon dira noizbait eta nonbait; baina zalantzarik gabe bizitzen ari garen aroa da debekuzaleena. Horrek ekarri dituen ondorioez, nola debeku oro ezabatzeak ekarriko lituzkeen abantaila edo desabantailez, luze hitz egin da dagoeneko. Ondoko erreportajean politika horien jatorria eta garapena aztertuko ditugu, batez ere Antonio Escohotado pentsalariaren lanean oinarrituta. Amaieran, debekuari eusten dioten indarrez ere mintzatuko gara. Substantzia psikoaktibo asko legez kanpoko izendatzea askoz okerragoa suertatu da konpondu nahi zen arazoa baino; hala ere, drogari buruzko ez-jakintasunak eta zenbaitzuk status quo honi esker lortzen dituzten mozkinek asko zailtzen dute egoera iraultzea.
2009ko maiatzean, Argiaren 2.182 zenbakian, Britainia Handiko Transform Drug Policy Foundation elkarteak argitaratutako txosten baten berri eman genizuen. Kopuru zehatzak erabilita, txostenak agerian uzten zuen droga guztiak legeztatzeak, bestela ere argi ikusten diren onurez gain –kriminalitatea murriztea, milaka atxiloketa eta espetxeratze saihestea, pozoitutako suzedaneoak kaletik desagertzea...–, alderdi ekonomikotik ere mesede egingo liokeela estatuari. Horrela erantzun zion Transform Drug Policy Foundation-ek apur bat lehenago Londresko Gobernuak esandakoari: legeztatzearen abantaila batzuk ukaezinak izanda ere, horrek sortuko lukeen gastua handiegia litzatekeela, eta horregatik ez zutela halakorik sustatuko, ez etxean eta ez nazioartean. Gobernuko arduradunek, baina, ez zituzten mahai gainean ipini euren baieztapena justifikatzen zituzten zenbakiak.
Aipatutako txostena adibide bat baino ez da. Azken hamarkadetako droga politikaren ondorioak aztertzeko hainbat ikerlan independente egin dira, eta denek ondorio bera eman dute: zenbait substantzia legetik kanpo uzteko estrategiak ez du bere helburua bete, aurkakoa baizik –alegia, kontsumoa, gutxitu beharrean, handitu egin da–, eta gainera, debekuak bestelako arazo batzuk sortu ditu.
Antonio Escohotado egile espainiarra harago doa: debekuak arazoa sortzen du lehen arazorik ez zegoen lekuan. Madrildarraren eskuari zor zaio drogari buruz inoiz idatzi den lanik osoenetakoa, zehatzenetakoa eta zalantzarik gabe mardulena: Historia general de las drogas (Drogen historia orokorra). Beste gauza askoren artean, bertan esaten du XX. mende hasieran, garai hartan ezagun ziren droga guztiak –gaur egun baino askoz gutxiago– farmazietan libreki eros zitezkeenean, haien kontsumoa ez zela konponbidea behar zuen gaitz soziala. Ez zegoen Arazorik, letra larriz, eta izatekotan zenbait erabiltzailek, ez gehiegik, izango zuten drogarekiko harreman desegokia. “Zalantzarik ez da bazirela opioaren, morfinaren eta heroinaren mendekoak, baina fenomenoak, bere osotasunean –hau da, kontsumoa neurrian zein neurriz kanpo egiten zutenen batura–, oso gutxitan eskuratzen zuen hedabideen arreta, eta inoiz ez epaile eta poliziena. Droga ez zen gai juridiko, politiko edo gizarte-etikakoa”.
Alabaina, Escohotadoren esanetan beti ere, bazen, sasoi hartan, egoeragatik protesta egiten zuenik. Esan daiteke orduan hasi zela ernetzen hamarkada batzuk geroago gaur egun indarrean dagoen debekuarekin burutu zen prozesua. Gurutzada farmakologikoa, deitzen dio madrildarrak.
Gero eta indar handiagoa hartu zuten talde haiek AEBetan. Puritanismoa zuten ezaugarri nagusi, eta begi txarrez ikusten zuten substantzia psikoaktiboen kontsumoa; haientzat, bizioa baino, krimena eta gaixotasun kutsagarria zen. Fenomenoak zerikusia du talde haien jarrera arrazista, xenofobo eta fundamentalistekin. Hala, droga bakoitza gizatalde zehatz batekin lotzen zuten: opioaren inguruko lehen alarma soziala txinatarrei egotzitako adingabeen korrupzioaren testuinguruan piztu zen; kokainarena, beltzek egiten omen zituzten delituekin lotuta; marihuanarena, mexikar etorkin oldeak agertzearekin batera; alkoholarena, irlandar eta judutarren ustezko moralitate ezarekin.
Bitxia bada ere, beste substantzia psikoaktibo batzuk, aipatu ditugunak baino askoz toxikoagoak, barbiturikoak esaterako, ez ziren lotu inolako talderekin, eta estigmaz libre, gerora etorriko zen debekutik kanpo geratuko ziren.
1895ean sortu zen AEBetan Anti-Saloon League, luze gabe milioika kide bildu zituen elkartea. “Amerika horditasunetik, jokotik eta haragizko bekatutik garbi”, horra bilatzen zuten helburua. Drogei dagokienez, hasiera batean taldeak alkoholaren aurka baino ez zuen egiten, baina laster hasi ziren gainerako substantzien aurka ere. Horren arrazoia izan zen puritanoek bidaidea aurkitu zutela: mediku eta farmazialari elkarteak, XIX. mende amaieratik belar-saltzaile eta petrikiloen kontrako gerran zebiltzanak murgilduta, drogen kontrola eskuratzeko.
Talde bien arteko aliantza 1903an gauzatu zen. Orduan esandakoak dira honakoak: “Farmazia batean saldu ez den drogaren bat beste bati ematen dionak, haren arima suntsitzen du”; “morfina deabrukeria da, baina bedeinkapen bilaka daiteke terapeuta diplomatuek banatzen badute”.
1905ean, opioa eta morfina AEBetako farmakorik salduenetakoak zirenean, talde hauetako zenbait buruk esan zuten substantzia horien salmenta askeak kriminal bihurtuko zituela mutikoak, eta prostituta neskatoak. Baina profezia hark erabateko debekua iritsi arte itxaron behar izan zuen bete ahal izateko. Bien bitartean, eta hala izango zen oraindik hainbat hamarkadatan, droga bi horien eta heroinaren ohiko hartzaile gehienak helduaroan eta zahartzaroan sartutako herritarrak ziren, beren lanbideak eta bestelako eginkizun sozialak inolako arazorik gabe betetzen zituztenak, Escohotadok azpimarratzen duenez.
Europan, berriz, egoera antzekoa zen, baina are gutxiago hitz egiten zen gaiaz. Drogak kontsumitzea edo ez kontsumitzea antzerkira joatea edo ez joatearen, edota arrain asko ala gutxi jatearen parekoa zen; norberaren hautu bat, besterik gabe. Hala eta guzti, noizean behin hedabideek kezka agertzen zuten. Juan Carlos Usó valentziar historiagile eta soziologoak lan mardula du egina drogen historia aztertzen, beti ere Espainiako Estatua hartuta eremu; honela mintzatu zaigu garai hartaz: “XIX. mende amaieratik hasita, espainiar egunkariek noizean behin zerbait esaten zuten Pariseko morfina kontsumo neurrigabeaz, edo Irlandako herritar baztertuenen artean eterrak zeukan arrakastaz. Ez zuten inoiz Espainiako adibiderik aipatzen. Bitxia da, bestalde, kezkarik handienetakoa eterraren gehiegizko kontsumoak eragiten zuela, alegia, gaur egungo droga ludikoen zerrendetan agertzen ez den substantziak”.
Edonola ere, farmazietan askatasun osoz eros zitezkeen substantziez ari gara, Usók gogorarazi duenez. “Droga haien efektuak eta aplikazio terapeutikoak ondo ezagunak ziren; kezka eta harridura eragiten zituena pertsona batzuek helburu ez-terapeutikoekin hartzea zen”.
Drogen aurkako erreakzioa estatubatuar puritanismoak abiarazi zuen arren, Usók ez du uste haien tesi debekuzaleak azkenean mundu osoan gailendu izana pentsamolde kontserbadorearen garaipena izan zenik, “agian guztiz kontrakoarena baizik”. Adibide modura, Espainiako Estatuan drogaren kontrako kanpaina egin zuten lehen egunkari biak ekarri ditu gogora: “Bartzelonako egunkari bik gobernuari eskatu zioten zerbait egin zezan kokainaren erabilera ludikoaren zabalpena geldiarazteko; 1915ean egin zuen batak, 1917an besteak, artean kokaina farmazietan saltzen zenean. Bada, biak ziren ezkerreko argitalpenak, batez ere Germinal, bere burua errepublikazale erradikaltzat definitzen zuena”. Usóren esanetan, zenbait egilek uste dute AEBek beren gurutzada mundu osora zabaltzea lortu zutela garai hartan politika modernotzat hartua izan zelako, ez kontserbadoretzat. “Kontserbadorea, une horretan, jendeari nahi zuena egitea uztea zen, eta estatuak esku hartzea berriz, aurrerakoia”. Esku hartze hura, hasiera batean, ez zen erabateko debekua izan, kontsumoa mugatzea baizik.
AEBetan, puritano-mediku-farmazialari hirukoteak bere nahiak lege bihurtzea lortu zuen azkenean: 1914an onartu zen Harrison Legea. Aurrerantzean, debekatuta egongo zen opioa, morfina, heroina eta kokaina errezetarik gabe kontsumitzea. Garai bertsuan, munduko beste herrialde batzuetan estatubatuar tesiak zabaltzen hasi ziren. Hau da, “dieta farmakologikoa”, Escohotadoren berbak erabilita, estatuak arautu beharreko zerbait zela. Hagako Hitzarmenetan (1912, 1913 eta 1914), zortzi herrialdek Harrison Legearen antzeko zerbait adostu zuten, baina ez hain gogorra. Besteak beste, aipatutako drogen –heroina izan ezik– kopuru txikiak zeuzkaten konposatuen salmenta librea baimendu zuten. Hitzarmenetako garailetzat AEBak jo bazitezkeen ere, estatubatuar ordezkaritzak ez zituen atseginez hartu hain neurri epelak. Pozago jarriko ziren 1919an, Versaillesko Tratatuaren letra txikian Hagako Hitzarmenak gehitu eta ia munduko herrialde guztiek onartzea lortu zutenean.
AEBek gehiago nahi zuten, hala ere, eta beste nazioarteko batzar bat deitu zuten 1925ean, Genevan, baina amaitu baino lehenago alde egin zuten, haserre. Orduko akordioek ez zuten berrikuntza handirik ekarri hamarkada bat lehenagokoekiko. Batetik, heroina eta kalamua gehitu zitzaizkion kontrolatu beharreko substantzien zerrendari. Bestetik, sinatzaileek konpromisoa hartu zuten kontrolatutako drogak debekatuta zeuden herrialdeetara ez esportatzeko (une hartan AEBak ziren egoera horretan zegoen munduko estatu bakarra), eta trafiko ez-zilegiaren aurkako legeak sortzea edo ez deliberatzeko. Zigor bakartzat, substantzia konfiskatzea aurreikusten zen.
Neurri bigun horiek isekatzat hartu zituzten estatubatuarrek, baina Escohotadoren arabera bat zetozen gainerako herrialdeetako egoerarekin: “Espainiako kasuak –bai Hagan bai Genevan sinatzaileetako izan zen– hala erakusten du: 1920 eta 1930 artean, bertako farmazietan opioa, morfina eta kokaina errezetarekin edo errezeta gabe ematen zirenean, sei pertsona baino ez ziren hil droga horien gaindosiagatik; horietatik bost, beren buruaz beste eginda”. Nolanahi ere, Genevako Hitzarmenaren onarpenak purutasun txikiko drogen merkatu beltz bat sorrarazi zuen, nola hamar urte lehenago AEBetan.
Sei urte geroago, eta berriz Genevan, Escohotadok “espiritu debekuzalearen lehen garaipen” modura definitzen duena gertatu zen: 1925ean sortutako Hitzarmenaren Batzorde Iraunkorrari toxikomaniaren kontra borrokatzeko boterea eman zitzaion. “Hala ezarri ziren oinarriak nazioarteko erakundeen sare konplexua eratzeko, zeinak denbora igaro ahala milaka funtzionario izango baitzituen”. 1936an, azkenik, zigor-neurriak ezarri ziren, hori ere Genevan eta H.S. Anslinsgerren gidaritzapean. Hiru urte lehenago bertan behera utzitako Lege Lehorra betearazteko zeregina zuen agenteetako bat zen Anslinger, drogen debekuaren historian garrantzi handiko pertsonaia. Genevako hirugarren hitzarmenean estatu guztiek polizia zerbitzu espezializatuak sortzea lortu zuen. Gainera, lortu zuen sinatzaile guztiek bai droga trafikoa bai jabetza espetxeaz zigortzeko konpromisoa hartzea.
AEBek, bitartean, barne legedia gogortzen jarraitu zuten hurrengo urteetan. 1956an Narcotics Control Act delakoa promulgatu zen, heroina saldu edo edukitzeagatiko zigorra biziki gogortu zuen legea. Urte hartan, estatubatuar kartzeletan apenas ziren 1.000 lagun preso heroina ukaiteagatik; erdia beltzak, mexikarrak eta Puerto Ricokoak ziren. Betidaniko kontsumitzaileak –zuria, 40 urtetik gorakoa, jendartean posizio errespetagarri baten jabe–, errepresioaren eraginez, beste droga (legezko) batzuetan aurkitu zuen ordezkoa. Asko lagundu zion horri XX. mendeko 30eko hamarkadatik aurrera aurkitu edo sintetizatu zen substantzia berrien oldeak. Substantzia haietako askok ibilbide luzea egiten zuten farmazietan, libreki erosteko moduan, debekatutakoak bezain arriskutsuak –edo are gehiago– zirela agerikoa izan arte. Orduan, kontrolatu beharrekoen zerrendara eramaten zituzten.
Narcotics Control Act indarrean jarri eta lau urtera, heroina jabetzagatik espetxeratutakoen kopurua 10.000raino iritsia zen, eta kalean beste 50.000 zebiltzala kalkulatzen zuten erakundeek.
Artean, ondo definitu gabe zeuden droga adikzio-sortzaileak. Osasunaren Mundu Erakundeak bazuen halako substantziez arduratzen zen Aditu Batzorde bat, zeinak, 1953an, aldarrikatu egin baitzuen mota horretako drogak zirela ohitura, tolerantzia eta mendekotasun fisikoaren batura eragiten zutenak. “Ez zegoen, ordea –dio Antonio Escohotadok–, definizio horretan kalamua eta kokaina sartzerik, ez eta alkohola, barbiturikoak eta beste asko kanpoan uzterik ere”. Farmakologoen eta beste askoren protestak bultzatuta, adituek definizioa “gaurkotu” zuten 1957an, zera esanez: debekatutako drogek adikzioa sortzen dute; debekatuta ez daudenek, ohitura besterik ez.
Bereizketa horrek ez zeukan inolako zerikusirik farmakologia serioarekin, eta protestak ez ziren isildu, kontrakoa baizik. “Debekagarria definitzen saiatzeaz nazkatuta, ordurako debekatutako substantzien zerrenda bat zeukala esku artean [Escohotado 1963. urteaz ari da dagoeneko], Aditu Batzordeko idazkariak adierazi zuen ‘ezinezkoa zela korrelaziorik ezartzea biologiaren datuen eta neurri administratiboen artean”. Azkenerako, adituek proposatu zuten “adikzio” eta “ohitura” terminoak baztertu eta haien ordez “mendekotasuna” erabiltzea.
“Biologiaren datuekin” zerikusia ez duten legediek ezaugarritu dute azken bost hamarkadetako droga-politika. Erabateko debekuaren aroa horixe dela esan dezakegu. Edo izaten ari dela. Hori bai, hasierako urteetan, arazoaren tamaina txikia zen. Escohotadok aipatzen duen kalkuluaren arabera, 1960an,“200.000 hiritar zibilizatuk hartzen zituzten opioa, heroina, kokaina eta kalamua AEBetan eta Europan; txikikeria bat, ehunka milioi biztanlerekin konparatuta”. Urtebete geroago sinatu zen, New Yorken, Drogei Buruzko Hitzarmen Bateratua, gaur egungo nazioarteko legediaren oinarri nagusia.
Debekuak debeku, laborategiek etengabe ekoizten zituzten alternatiba legalak, eta munduko farmaziak mota askotako drogaz beteta zeuden. Bertan erositako produktu bat hartzeko ohitura zutenen kopurua debekurik gabeko garaikoaren zortzi edo hamar halako zen, baina horietako askok ez zuen uste ere egiten farmako psikoaktibo batenganako mendekotasuna zuenik. Egoera horrek berdin jarraitzen du gaur egun: adibide bakarra aipatzearren, bentzodiazepinak eta bestelako lasaigarriak tonaka saltzen dira errezeta sinple baten eta oso diru gutxiren truke. Substantzia horietako askok opioaren eratorriek baino askoz kalte handiagoa egiten diote osasunari denbora luzean hartuz gero, eta haien abstinentzia-sindromeak, herritar xeheari sinesgaitza egingo zaion arren, askoz arriskutsuagoak dira heroinarenak baino. Berdin esan daiteke alkoholarenaz, bide batez esateko. Horien hartzaileek, hori bai, ez daramate bizkar gainean “drogazale” estigmaren zama.
Merkatu beltzean zebiltzan mafiak, bestalde, loratu egin ziren debekuarekin, eta horri esker, gorago aipatutako 200.000 haiek askoz gehiago ziren 70eko hamarkadaren amaiera iritsi zenerako. 1972an, AEBetako fiskal nagusiak alarma piztu zuen: “1961ean 50.000 inguru heroinomano geneuzkan. Gaur egun 560.000 direla uste dugu”. Europan antzeko jauzia egon zen, baina hamarkada bat geroago.
Heroinomano haiek ez zuten gehiegi fidatzerik hartzen zuten drogaren kalitateaz. 70eko eta 80ko hamarkadetako ikur bihurtu ziren ustez heroina gaindosiz hildakoak. Escohotadok gogorarazten duenez, ez da oso zentzuzkoa pentsatzea asko jota %10eko purutasuna duen heroina zainetan sartzeagatik hil dena, heroina gaindosiz hil denik, baina ofizialki hala sartu ziren estatistiketan xiringa besoetatik zintzilik zutela aurkitutako milaka hilotz. Beste gezur farmakologiko bat. Opioaren edozein eratorrik, gaindosiz hilko bazaitu, hainbat ordu beharko ditu horretarako, ez minutu batzuk. Dena den, era horretan hildakoek aspaldi utzi zioten alarma soziala eragiteari, haien kopurua ikaragarri jaitsi delako azken hamarkada bietan. Escohotadorentzat, droga kontuetan herritarrak beren kasa, estatuaren tutoretzarik gabe, ederki moldatzen dakitela demostratzen duen beste argudio bat da aipatutako adibidea.
Zenbait droga legez kanpo uzteak ekarri dituen ondorio latzak ondo ezagunak dira. Ikusi dugu, gainera, substantzia batzuk denda arruntera, beste batzuk farmaziara eta gainerakoak giro kriminaletara bideratu dituen sailkapena ez dela farmakologiarekin koherentea. Zergatik mantentzen da, orduan, hain argiro porrot egiteaz gain arazo berriak sortu dituen nazioarteko legedia?
Itxuraz funtsik gabekoa eman dezakeen arren, inertzia hutsa izan daiteke arrazoietako bat, Juan Carlos Usóren ustez behinik behin. Orain dela mende bat lehen debekuzaleek defendatutako arrazoi moralek ere hor segitzen dute hein batean. Drogen ondorioei buruzko ez-jakintasunak ere laguntzen dio horri; zaila da 80ko hamarkadaz ondo gogoratzen den norbaiti sinestaraztea heroina ez dela berez substantzia maltzurra, eta modu egokian erabil daitekeela eta erabiltzen dutela milaka herritar anonimok. Datu zehatzak ematea ez da erraza, drogaren erabilera arazoekin lotuta dagoenean bakarrik bihurtzen delako ikusgarri. Balio beza adibide honek: 70eko hamarkadan AEBetan egindako inkesta baten emaitzak txundituta utzi zituen bertako agintariak. Bi milioi estatubatuarrek esan zuten heroina hartu zutela aurreko astean; kopuru hori poliziak egindako kalkulurik okerrena baino lau aldiz handiagoa zen. Horrek hankaz gora uzten zuen bertsio ofiziala, alegia, inor ez zela gai bere burua kontrolatzeko heroina bezalako droga bat hartuz gero. Izan ere, 1972an kontsumitzaileen %0,18k besterik ez zuen eskatu bere adikzioaz sendatzea.
Dena den, beldurrik gabe esan daiteke debeku politikek irautearen arrazoi nagusia haiei esker loratu diren negozioak direla. Koldo Callado EHUko Farmakologia Saileko irakaslearen berbetan, “debekua sustengatzen duten interes guztiak ez dira ekonomikoak izango, baina haiek existituko ez balira askoz errazagoa litzateke hau guztiau normalizatzea”. Calladorentzat oso zaila da ulertzea tabakoa legezkoa izatea eta kalamua ez, “munduko gobernuen atzean dauden botere faktikoek negozioa banatzen dutela pentsatu gabe”. Horri gehitu egin behar zaizkio arriskuen prebentzioan, adiktoen erreabilitazioan, substantzien kontrolean edo besterik gabe jazarpenean diharduten ehunka erakunde eta taldeak. Antolakuntza handiegia, egun batetik bestera desmuntatzeko.
Europako herrialde askotan Calladok aipatutako normalizazio horretaranzko urratsak eman dira de facto. Zailagoa ematen du herrialderen bat nazioarteko hitzarmenetatik ateratzeak, horrek, besteak beste, AEBen presio handiak eragingo lizkiokeelako. Frogatu egin da, ordea, akordioak urratu gabe estatubatuarrenak baino politika zentzudunagoak jar daitezkeela martxan. Hala, arrisku gutxitzea da Europako herrialde askotan nagusitu den filosofia. Horrek ez du eragozten espetxeetako maizterren erdia baino dezente gehiago droga trafikatzaile txikiak izatea –handiak, ia bat ere ez–, baina kontsumitzaileari arnasa apur bat ematen dio. Zenbait estatutan, izan ere, kontsumoa eta jabetza zigorgabetu dira, eta horrek ez du ekarri zenbaitzuk iragarritako egoera katastrofikoa. Zentzu horretan Europako herrialde liberalena den Holandan, berbarako, kalamu hartzaileen portzentajea txikiagoa da bere inguruko herrialde guztietan baino. Debekua izan da debekatutakoaren kontsumoan gorakada eragin duena, kontsumo problematikoan bederen.
“Drogaren erabilera gaixotasun eta delitu gisa agerraraztea XX. mendeko negozio handiena bihurtu zen”, dio Escohotadok. “Negozio horrek, irauteko, drogak beren ondorio zehatzengatik ez bereiztea behar du, beren kategoria legalagatik baizik”. Sailkapen arbitrarioaren atzean, merkatu biren –zuriaren eta beltzaren– logika ikusten du espainiar egileak. “Merkatu zurian dauden produktuetatik, oso gutxik edukiko lukete arrakasta klandestinitatean. Baina droga desiragarrienak merkatu beltzean edukita, mozkin izugarriak lortzen dituzte baimendutako suzedaneoen zein debekatutako jatorrizkoen saltzaileek”. Gero eta ahots gehiagok eskatzen du egungo droga politikak errotik aldatzea, baina ez dute lan erraza: indar handiegiei egin behar diete aurre.
Substantzia psikoaktiboen alderdi txar guztien ikur nagusi heroina bilakarazi zutenez gero, ez da harritzekoa junkiaren figura erabili izana drogara “hurbiltzeak” dituen arriskuen eredu. Escohotadok 50eko hamarkadan kokatzen du junkien agerpena, AEBetan nola ez. Debekuak sortutako pertsonajea da, ordura arte ezezaguna. “Lehen, opioaren eratorriak hartzera ohituta zeudenak beren eguneroko eginkizunak hobeto betetzeko energia iturri modura hartzen zuten droga. Kontsumitzaile mota berri honek guztiz aurkakoa bilatzen zuen: hartzaile tradizionalek baino askoz droga kopuru txikiagoak hartu arren, ez zuen helburutzat bere ardurak hobeto betetzea, bere burua arduragabe izendatzea baino”. Junkia ezaugarri bik definitzen dute, Escohotadoren iritziz: xiringaren erritualarekiko atxikimendua eta biktima rola jokatzea. “Bestalde, ez dauka zentzu handirik pentsatzeak hartzen duten dena delako horren %5 bakarrik heroina izanda, benetako heroinomanoak direnik”. Horren arabera, junkiak bere drama antzeztu nahi du, bizitzak ezarritako beteharretatik ihesi, eta xiringaren askoz behar handiagoa dauka xiringa barruan dagoenarena baino. Droga hartzen hasi aurretik, eta ez drogaren erruz, arazoak zituen pertsona da. Beste era batera esanda: heroina kontsumitzeak ez zaramatza ezinbestean junkia izatera, hori izan arren uste zabalduena.
Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.
Grebak 27 egun iraungo ditu, urtarrilaren 6 arte. Gutxieneko soldata kobratzeko “365 egunez eta 24 orduz” lan-baldintza “jasanezinetan” lan egiten dutela salatu dute, eta lanaldiaren benetako zenbaketa egin dezan exijitu.
Azken hamar urteetan turismoak eragindako CO2 isurketen emendioa ekonomia orokorrarena baino bi aldiz handiagoa izan da. Nature Communications aldizkari zientifikoak abenduaren 10ean plazaratu ikerketaren emaitzak dira.
HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.
Erasoen aurrean “kikilduko ez direla” eta "nazkaturik" daudela adierazi dute Lezo eta Errenteriako feministek eta autodefentsa feminista eta ekintza zuzena aldarrikatu dituzte.
Uharteko artzain egunean azaldu zuten Euskal Herriak nazioarteko ardi mozketa txapelketatan aritzeko onarpena lortu duela. Ofizialtasuna Eskoziako 2023ko munduko txapelketan etorri zen, euskal moztaileek aurkeztutako dosierra eta bertan egindako defentsa bikainaren ondorioz... [+]
Segur aski, gutariko gehienek jada erosiak dituzte, han eta hemen, Eguberrikari banatzeko opariak. Olentzeroren bisita gautar hori hitzordu handia baita, bereziki haurrentzat. Denak prestatzen dira urteko garai emankor horretarako: Bilbo sutan agertzen da, Gasteiz, Iruña... [+]
Zerk harritu zintuen gehien kartzelatik atera zinenean? Galdetu didate maiz azken urte eta erdian.
Bilboko kaleak turista eta bi hankadun txakurrez lepo daudela ikusteak, adibidez? Edo egoera politikoaren aldaketak? Lehenengoak akitu eta amorratu nau, badago zer borrokatzen... [+]
Benetan nahasia da euskara ikasteko dirulaguntzen kontu hori. Euskara ikasi nahi duen herritarrak leihatila bat baino gehiagotara jo beharko du egin nahi duen ikastaroa zenbat kostatuko zaion eta dirulaguntzak nondik, nola eta noiz lortuko dituen jakiteko. Oraindik ere dirua... [+]
Hizkuntza matematikoa ondo ulertu eta interpretatzeak badu garrantzia ikasketa prozesuan; horixe esan ohi diegu guk geure ikasleei, bederen. Matematiken lengoaia unibertsala da, eta oro har, interpretaziorako errore marjina txikia izan ohi da. Nekez marraztuko genuke hiruki bat... [+]
Frantziako eta Espainiako konstituzioek eta legediak euskaldunon eskubideak baztertzen dituzte. Kulturak folklorizatu eta turismo eta kontsumorako apaingarri bilakatzen ditu neoliberalismoak. Indarrean ditugun askotariko hezkuntza sistemek ez dute ikasleak osotasunez... [+]
Beharbada gizakion ahultasunetariko bat gehiengoari entzuteko eta kasu egiteko dugun joera da. Ziur gure espeziearen garapenaren ezaugarri garrantzitsua izan dela, eta beharrezkoa biziraupenerako. Baina digitalizazioarekin, dugun ezaugarri horrek zaurgarriagoak bilakatu... [+]