Gure kostaldea Atlantikoko itsasertzeko eremurik oparoena dela diote zientzialariek; bioaniztasunik aberatsena duena, eta halaber, mehatxatuena dela. Gure uretan gordetzen den bizitza ezagutarazteko eta legez hartu beharreko neurriak hartzera bultzatzeko, gure itsasaldeari batasun biologiko-geologiko-juridikoa aitortuko liokeen figura osatzea proposatu dute Oceana nazioarteko erakundeak eta hemengo biologoek.
Itsasoari estuki lotuta bizi den herria garela esan izan da beti; gure ekonomian, gure bizimoduan, gure kulturan, garrantzi handiko elementua dela itsasoa. Azken hamarkadetan, ordea, hari bizkarra emanda bizi garela dirudi, haren izateari naturalki begiratzeari utzita, gure mundu biziaren zati izango ez balitz bezala.
Bertatik ateratako mozkinetatik bizi den arrantzalea edota ikerketa espezifikoan aritzen den zientzialaria albo batera utzita, gainerakoon ez-ezagutza, gainerakoon urruntzea, alimalekoa da. Eta ezjakintasuna arduragabea da. Ezjakintasunak etena dakar, eta gutxiespena, eta murru ikusezinak eraikitzen ditu, harresi lodikote sendoak, interferentzia deserosoei aurre egin behar ez izateko.
Nola ulertu, bestela, Pasaiako herria hain ospetsu egin duten asmo suntsitzaileak. Kasura, duela hamar bat urteko aurre-proiektua, Jaizkibel mendia zulatu eta haren tripetan super portua eraikitzea proposatzen zuena, baina bertatik aterako zen harriak betelanerako balioko ez zuelako, bertan behera utzi zena.
Nola ulertu, bestela, Jaizkibel mendiari eman zaion babesa itsas mailatik gorakoa izatea eta urpean gelditzen dena aintzat ez hartzea, mendia, eremu lurtarrak eta itsastarrak dituen arren, bat eta bera denean.
Nola ulertu, bestela, Pirritxek eta Porrotxek Donostiako badian bizi izan zen izurde Pakitori eskainitako abestia, ezagutza faltagatik ez bada; izurdeek (zetazeoek) gure uretan populazio egonkorrak dituztela eta bertakoak direla ez dakigulako ez bada. Hala dio: Udaberriarekin bat, bat-batean izan zen, urrutitik Euskal Herrira igeri etorri zinen, gurekin gelditzeko, gurekin betirako…
Ezagutza falta zabaldu horri egotzi izan zaio, halaber, babes legeetan dagoen hutsunea, agintariak neurriak hartzera behartzeko presio ahula, Natura 2000 Sareak, itsasoan oro har eta Kantaurikoan zehazki, erakusten duen gabezia.
Ingurumen kontserbaziorako araudi europarrak –Habitat Zuzentaraua deiturikoak– hogei urte beteko ditu aurten. Europar Batasuneko kide diren estatuak neurri eraginkorrak hartzera behartzen dituen legedi honek eta beronen politika aplikatzeko sortutako tresnak –Natura 2000 Sareak– berritasun garrantzitsua ekarri zuten sortzez: zehaztapena. Horren arabera, hutsala da naturaren kontserbazioaz besterik gabe jardutea. Harez geroztik, estatu bakoitzak zehazki zein habitat (pagadia, ibaia, lautada, arrezifea…) eta zein espezie (zein alga mota, zein zetazeo, ugaztun edota zuhaitz) kontserbatu nahi dituen finkatu beharra dauka. Bestalde, azterketa periodikoak egitera behartzen du, eta ondorioz, ez da nahikoa halako zetazeo mota babesten dela esatea. Espezie horretako populazioak izan dituen gorabeherak edota bere habitataren egoera zertan den azaldu beharko du legeari jarraiki.
Urte guztiotako jardueratik nabarmendu daitekeen ondorio esanguratsuenetako bat, konparaketaz gabeziak are ikusgarriago egiten dituena, 27 estatuen erritmo ezberdintasuna da. Batzuek, Frantzia, Herbehereak, Austria edota Alemania kasu, politika zorrotzagoak aplikatzen dituzte. Erritmo ezberdin horixe bera ageri da, halaber, lurrean eta itsasoan. Natura 2000 Sarea osatzen duten 25.000 inguru natura-guneetatik gehientsuenak, diferentziaz, lurrean aurkitzen dira.
Adibide bat. Itsaso Baltikotik guregana beherantz egiten badugu, eta Atlantikoan nahiz Kantauri itsasoan diren itsas babesguneak marraz lotzen baditugu, aski harrigarri egiten da Normandiatik, Bretainiatik, Akitaniatik Lapurdiraino heltzen den jarraipen hori Bidasoa parean bortizki eteten dela ikustea.
Horretara heldu zen, hain justu, Oceanak (itsas kontserbazioan diharduen nazioarteko erakundea) eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Jaizkibel-Ulia itsas zonaldea babesteko eta bidenabar, Donostia-Miarritze arteko itsas korridore ekologikoa proposatzeko egindako ikerketa, estreinakoz 2010ko udaberrian Donostiako Akuariumean aurkeztu zena; Atlantikoko itsasbazter osoa kontuan hartuta, Jaizkibel-Uliakoa bioaniztasunik handiena duen gunea dela frogatzen duena; bere baitan, Europako araudiaren arabera nahitaez babestu beharreko espezie ugari (50etik gora) biltzen dituena.
Bukatu dira, beraz, aitzakiak. Bukatu da ezjakintasunaren izenean ezikusiarena egitea. Jakintza eta frogak txostenotan daude. Oceanak eta biologoen elkargoak osatutako lan honetan, eta baita, diru publikoz finantzatuak izan diren arren, administrazioek publiko egiten ez dituzten beste hainbat txosten zientifikotan ere. Kasura, Euskal Izurde eta Baleazaleen Elkarteak burututakoak.
Urtebeteko epea dago galdutako denbora berreskuratzeko. 2012an osatuko da behin-behingoz, Natura 2000 Sareak konektatu nahi dituen eremu lurtar eta itsastarren zerrenda. Itsas korridore ekologikoaren aldeko proposamena afera honetan zerikusia luketen administrazio guztietara heldu da. Ingurumenaren aldeko elkarteek ere (CADE Ipar Euskal Herriko taldeak biltzen dituen elkargoa kasu), lanari ekin diote. Erantzukizuna politikarien esku dago.
Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialeko (EBEO) kidea da Iñaki Azkarate. Baionan aurkitu genuen, Donostiatik Miarritzera arteko korridore ekologikoaren aldeko proposamena besapean.
Nondik dator Biologoen Elkargoaren eta Oceanaren arteko elkarlana?
Lehen kontaktuak 2009an hasi ziren. Itsasoan dugun babes hutsunea dela eta, nazioarteko eragile baten laguntza behar genuela ikusten genuen EBEOn, estatu mugez harago, Europar Batasuna eta Natura 2000 Sarea baitira gure testuingurua. Zentzu horretan, itsas kontserbazioan izen ona eta baliabideak dituen nazioarteko erakundea da Oceana, eta Madrilgo Gobernuak finantzatuta, Kantauriko itsasertza Bidasoaraino aztertua du.
Gure betebehar etikoa gauzak mahai gainean jartzea da, Jaizkibelen zein habitat eta zein espezie dauden esatea. Erabakia beste batzuen esku dago.
Itsas korridore izendatzeak, babesa emateak, zer esan nahi du?
Natura 2000ren baitan denetik dago. Badira basabizitzaren eredu diren eremuak eta badira jarduera ekonomiko jasangarriagoa ametitzen dutenak, Jaizkibel mendia kasu. 2.000 hektareatik gora daude Sarean, baina egurra ustiatzen da eta turismoa ere sartzen da, golf zelaia dago…
Guk itsasoan proposatzen duguna ez da erabateko debekua; hori, gainera, administrazioak esan beharko du, esatekotan. Guretzat, petrolio-portua eta itsas erreserba bateraezinak dira. Aldiz, artisau arrantzak ez luke ezer eragotziko.
Zein da protokoloa?
Maila administratibo ezberdinak daude. Bruselara jo dugu lehenik, zeren Natura 2000 Sareko eremuen kudeaketa estatuei dagokie, baina onarpena eta gainbegiratzea Bruselak egiten du, Habitat Zuzentarauaren bidez. Parisera ere jo dugu. Itsas korridoreak bi estatuen arteko harremanak lantzea eskatzen duelako. Eta Madrilen ere izan gara. Printzipioz konpetentziak estatuenak direlako. Konpetentziak autonomietara heltzen dira, baina proposamenak estatuek egiten dituzte eta gainera, itsasoari dagokiona ere Madrilen esku dago.
Gipuzkoako Foru Aldundira ere jo dugu, Batzar Nagusietara…. Esparru administratibo guztietan eta mahai guztietan jarri dugu proposamena.
Zein da epea?
2012an Europako Natura 2000 Sareak osatuta behar du, bai lurrean eta bai itsasoan. Nahi genuke urtebeteko epe horretan Jaizkibel-Uliako itsas erreserba kontuan hartzea. Korridorea gero helduko da.
Jaizkibel Atlantikoko itsasertzeko eremu aberatsena da biologikoki, eta baita mehatxatuena ere. Geologikoki ere aztertu da, eta horren arabera, Deba, Zumaia, Mutriku eta Getariako geoparkeraino ere luzatu egin beharko litzatekeela uste dugu, eta Lapurdiko flisharekin bat egin beharko lukeela, geologikoki ere unitatea delako.
Betebehar legalek 20 urte beteko dituzten arren, administrazioek ez dute itsas eremurik proposatu oraindik. Eta horretarako gaude gu, gogorarazteko.
Biologoa. Euskal Izurde eta Baleazaleen Elkarteko kidea. Zetazeoak ikertzen ditu, eta bereziki, Izurde Handiak. Laster, hauengan oinarritutako tesiaz harrituko gaitu.
Zergatik dira zetazeoak horren garrantzitsuak?
Egitura trofikoaren goialdean daudelako. Harrapari naturalak dira. Sistema orekatuan harrapakinak eta harrapariak behar dira.
Bestalde, zetazeoak bioindikatzaileak dira, ekosistemaren egoera eta osasuna zein den erakusten dute. Zetazeoak baldin badaude, jakia dagoen seinale. Eta hauek pairatzen dituzten gaixotasunak ikusita, badakigu kate trofiko osoan, maila biologiko ezberdinetan, zein gaixotasun dauden eta nolakoak diren: birikoak, kutsadurak sortuak, mikrobiologikoak…
Zenbat espezie identifikatu dituzue?
Gure kostaldean, 17. Munduan 84 direla kontuan hartuta, asko dira. Horietarik 5 bertan bizi dira: Izurde Handia, Izurde Arrunta, Izurde Marraduna, Potzuak edo Izurde Pilotuak eta Zifioak. Azken hauek oso animalia arraroak dira, eta ankerrak. Oso animalia bereziak ikusi ditugu hemen.
Izurde Handia, zure tesian ikertu duzuna, legez babestu beharra dago.
Bai. Espezie mehatxatuen zerrendan dago eta hemen oso populazio garrantzitsua daukagu. Argi dago aberastasun handia dugula hemen, baina oso oreka hauskorrean, eta neurriak hartzeko momentua da. Ez da, gainera, aparteko neurririk ere eskatzen. Itsasoaren egoera larria da, eta hala ere, esperantza ematen du, babesten denean segituan biziberritzen delako. Baina Arrantza politikarekin egiten dugu beti topo, ustiaketa politikekin, azpiegitura politikekin... Ez uste, dena den, aparteko neurriak beharko liratekeenik ere.
Itsas korridoreko txosten zientifikoetan parte hartu duzu. Zer on ekarriko luke itsas korridoreak?
Itsas korridoreen funtsa eremu naturalak lotzea da, prozesu biologikoak bata bestearekin elkartuta daudelako, ez daudelako isolatuta. Hori lurrean hala bada, pentsa itsasoan, eremuak askoz zabalagoak direnean, ez direnean horren mugatzaileak. Zetazeoek mugikortasun handia dute, eta bazter batean babesten baditugu ondo, baina eremu horretatik ateratzean zer?
Korridore ekologikoak, mugikortasun eskasa dutenenei ez ezik, mugikortasun handia duten organismoei ere baldintza egokiak eskaintzen dizkie. Onura bizidun eta ekosistema guztientzat da.
Lapurdiko kostaldean badira eremu babestuak, Gipuzkoan eta Bizkaian ordea, solteren bat besterik ez. Antzematen al da desberdintasuna itsasotik begiratuta?
Babesa berri-berria da Lapurdin, eta, tira, babesa bezain inportantea da gero heltzen den kudeaketa. Gestio planaren arabera hasten dira neurriak hartzen eta han ere ez dira lanean hasi oraindik. Ekosistemetan epe luzera ikusten dira onurak. Zaintza, garbiketa, kontrola, hori dena gestio planetan zehazten da.
Bizipen gogoangarriren bat kontatuko zeniguke?
Gauza asko eta harrigarriak gertatu zaizkit itsasoan. Zer lan polita zuena, esaten digute, zer animalia ederra izurdea, zer irribarrea… Nik beti esan ohi dut izurdea idealizatuta dugula, baina izurdea, nik ikertzen dudan Izurde Handia, animalia basatia da, harraparia, eta borroka egin behar badu egin egiten du, bere espeziekoekin, beste espeziekoekin edo behar denarekin. Baina egia da xarma berezia dutela. Gugandik oso hurbil sentitzen ditugu, beren egitura sozialagatik. Gu egunero harritzen gaituzte, espontaneoak dira, oso sozialak, azkarrak... Beren inteligentzia emozionala da bereziki polita, elkarrekin nola bizi diren, nola babesten duten elkar, beste espezieekin erlazionatzeko duten erraztasuna…
Behin, itsasontzi batean haur mordo batekin gindoazela, Izurde Pilotuak agertu zitzaizkigun, familia estruktura oso itxia dute. Poliki-poliki, area horretan ziren guztiak hurbildu zitzaizkigun, ehunka ziren, inguratu egin gintuzten, ordubete eman zuten gure ondoan. Gure ustez, eta inguruan orkak zebiltzala jakinda, gu babestera heldu ziren.
Istorio tristeak ere ikusi ditugu. Behin itsasontzi batek katxalote bat jo zuen. Bost bat ordu eman zituen agonian, odola arnasten zuela, izugarria izan zen hura.
Eta balea bat ere ikusi genuen ziztu bizian pasatzen, hamabost izurde ondoan saltoka zituela, erotuta, pozik... Espezie nahastuak elkarrekin jolasean... Oso gauza ederrak.
Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.
Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak etxetik bota nahi dituzte hamabi familia. Ekainaren 1ean Trintxerpen mobilizatzera deitu du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.
“Baratze bat nahi deizut egin...”.
Irailaren 24an epaituko dute Donostiako Epaitegian 2018ko urrian, Herrera-Trintxerpe pasabidearen inaugurazioan, agintariei errautsa bota zien lezoarra. Markel Olano, Arantxa Tapia eta Eneko Goiari hautsa bota zien ondorengoa esaten zuen bitartean: "Hau da egunero jasaten... [+]
Zendutakoa 50 urteko garraiolaria da. Sukarra zuen hiltzerakoan, eta ondorioz Covid-19aren aurkako protokoloa aktibatu dute portuan.
Pasaiako portuko ekitaldi batean Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapia, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano eta Donostiako alkate Eneko Goia bertan zirela errautsa bota zien 2018ko azaroan. ARGIAk hasiera batean esan duen arren martxoaren 11n... [+]
Txingurri errekak zuriz tindatu zituen Pasaiako badiako urak asteartean, Herrera inguruan. Eguzkin salatu du 2077an hasitako saneamendua osatu gabe dagoela eta hori bukatzeko zain daudela: “Hobe eserita itxaroten badugu”.
Kutsadura-kasu berria joan zen astean gertatu zen, zamaontzi batek ekarri zuen karea deskargatzen ari zirenean. Karea haizatu zen inguruetan. Buenavistako hainbatek eztarrian hazkurea sentitu eta, oro har, auzokoek bi egunez etxeko leihoak itxita eduki behar izan zituzten... [+]
Pasaiako portuko ekitaldi batean herritar batek porlan hautsa bota die Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiari, Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olanori eta Donostiako alkate Eneko Goiari: "Hau da egunero jasaten duguna Pasaiako portu zikin... [+]
Abuztuaren 2an Pasaiako portuan izandako sutea salatu du Badian Bizi plataformak fiskaltzan. Afera ikertzeko eskatu dute bizilagunek eta horrekin batera, kaltetutako ehun herritar ingururen sinadurak aurkeztu dituzte auzitegian.
Ostegun goizean egin dute prentsa-agerraldia. Pasaiako portuko karga-deskarga lanek, herritarren osasunean eta bizi-kalitatean duten kaltea salatzeko.
Ostegunean Pasaiako portuan, Lezoko aldean piztutako suteak, aire kalitatean zuzenean eragin zuen, bereziki Pasaian, Lezon, Oreretan eta baita Donostian ere. 11:00 aldera, Pasaiako portuan biltzen den txatarra zama batek su hartu zuenean hasi ziren arazoak. Erakundeetatik... [+]
Lau ordu behar izan zituzten sua itzaltzeko. Gauean ere suhiltzaileak txatarra hozten jarraitu zuten.
Macarena Olona estatuko abokatuak eta portuko aholkulariak iazko apirilean salatu zuen fiskaltzaren aurrean Pasaiako portuko lonjaren eraikuntzan balizko ustelkeria kasua. Espainiako Estatu mailan indarrean daude ere beste hamar portutako ustelkeria kasuen ikerketak.