Abuztua izanagatik Fukushimak ez dizu opor egingo

  • Telebistaren eta egunkarien isiltasunari sinestekotan, Japoniako krisi nuklearra gaindituta dago. “Ez zen hain larria izango, berriro opor egin die errealitateak alarmazaleei”, pentsa lezake euskaldun sentiberak... baldin eta Internetik ez balego. Baina lobby nuklearrak lortu du orain arte hondamendia blogen muga estuetan hesitzea.

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zentral nuklearra uholdeak harrapatuta AEBetako Nebraskan, bonba atomikoak ekoiztu dituen Los Alamoseko laborategi erraldoia suteak inguraturik... ikusi al duzu horien irudirik inon, Euskal Herrian? Hemengo telebistetan katastrofe eske ari diren editoreek Fort Calhouneko zentral Missourik itoa “ahaztu” dutela? Ikusleen malkoak bilatzen dituzten kazetariei oharkabean pasatu Fukushimatik etorritako bideo zirraragarriak? Nola liteke?

Trikimailua Londrestik azaleratu du The Guardian egunkariak: “Gobernu britainiarraren planak Fukushimakoari garrantzia kentzeko”, titulatu zuen ekainaren 30ean. Lurrikararen eta tsunamiaren poderioz Fukushima Daiichiko zentrala lehertu eta bi egunera, Londresko gobernuak lobby nuklearrarekin adostu zuen marketin kanpaina bat, istripuaren itxura lausotzeko. Horra Europako hedabideek zorrotz darabilten omertá esplikaturik.

Frogak erakutsi ditu The Guardianek: 80 elektroposta gobernuko funtzionarien, EDF Energy konpainiaren, Arevaren eta Westinghouseren artean. EDF da Frantzian jatorria duen elektrizitateko multinazional erraldoia. Areva munduko nuklearrek daukaten hornitzaile nagusietakoa, frantsesa hau ere; planetako erreaktoreen herenak Arevaren uranioa usatzen du, uranioz eta plutonioz osatutako MOX erregai berriaren sustatzaile nagusia ere bera da, Afrikatik Ingalaterrara. Westinghouse amerikarra da, etxeko tresnen ekoizlez gain, erreaktoreak fabrikatzen dituen konpainia nagusia.

“Egoera honek atzerakada handia ekar diezaioke industria nuklearrari”, zioen Londresko Gobernuaren arduradunetako batek eragile pribatuoi bidalitako emailetako batean. “Nola edo hala lortu behar dugu guri aurrea ez hartzea antinuklear jendeak. Eremua okupatu behar dugu eta atxiki. Nuklearrak seguruak direla erakutsi behar dugu”.  Beste mezu batean: “Antinuklearrek Europan lortu dute guzti hau Txernobylekin lotzea. (...)Txernobylekoarekin egindako konparazio horiek zanpatu behar ditugu”. Horrelaxe, hitzez hitz.

Orain, Londresko egunkariak –Murdochen hedabideek antolatu konspirazioak erakutsiz eskandalu berria piztu duen berak– publikatuari esker dakigu martxotik aurrera Britainia Handiko Gobernuak eta nuklearretako enpresa nagusiek kaleratzen zituzten iritziak oro aurrez elkarren artean adostuta etorri zirela. Beste elektroposta batean funtzionari batek zioenez, “guztiok material bera erabili behar dugu komunikabideen eta jendearen aurrean azaltzeko”.

Egunkarian Ingurumen saileko  arduraduna den John Vidalen iritzian “pozik egon behar dute antzerki honetako jokalariek orain arte lortu dutenarekin, ikusirik nuklearren inguruko eztabaida nola joan den Britainia Handian”. Londresko Gobernuak ekain bukaeran eman baitu baimena zortzi zentral berri eraikitzeko, eta inork gutxik egin du garrasi.

Fukushimaren aldeko auzolana

Zentral nuklearren jabeek daukaten indarraren beste adibide bat Frantzian ikusi da berrikitan. Noizbait ezker erradikalaren eta gauchismoaren ikono izandako Libération egunkarian zuzendaritza batzordeko buru izendatu dute... 15 egun lehenago arte Arevako zuzendari izandako Anne Lauvergeon. Nuklearzaleen artean gabiroi gogorra Lauvergeon. Jakina zen Libé Rothschild familiak bereganatua zuela, baina disimulu pittin bat ere ez erabiltzea...

Beraz, gure komunikabide gehienek –handiek agenda markatu, txikiek hari segi– Fukushima isilpera kondenatu dute. Alabaina, Japonian erradioaktibitatea ez da desagertu, aitzitik, haren oihartzunak gero eta ozenago ikusi eta entzuten dira Interneteko blog eta agerkarietan. Bakan batzuk laburbilduko ditugu, ingelesez eta frantsesez Fukushimakoaren jarraipena egiten duten serioenetatik hartuak.

Gehiegizko erradiaktibitatea gero eta janari gehiagotan azaltzen da. Lerrook idatzi aurretik azkena, estalpean hazitako shiitake perretxikoetan, Tokyon aurkiturik. Aurretik, 26     probintziatara zabaldu da Fukushimatik erradiazioz banatutako behi haragia. Behikia, txerrikia, esnea, barazkiak, tea, aziendentzako belar ondua... zerrenda luzatuz doa.

Erradioaktibitatea gero eta leku gehiagotan aurkitzen da. Hondakinen errauskailuetan, esaterako, kopuru handietan azaldu da. Baina autoen haize egokitu sistemetan ere nabarmendu dira erradioaktibitate arrastoak. Orobat Fukushimatik aparte, Tokyo barne, euri gehien biltzen duten guneetan, parkeetan, estolderian, eta beste.

Fukushiman bertan eskoletan-eta hasi dira kutsatutako lurrazala kendu eta lurperatzeko obrak. Harrigarria dirudien arren, eskola-umeak bertan direla. Hain zuzen, Fukushimako herritarren mugimendu gero eta handiagoa da beste albistea. Diziplina handiz jokatzen dute japoniarrek, beren artean bezala agintariekiko, baina gero eta gehiagok salatzen dute buruzagiek engainatu egin dituztela, laborategiko akuritzat erabiliz.

Herritar batzuek kexuz eta mobilizazioz erantzuten duten moduan, ez dira gutxi etsipenezko erabakiak hartzen dituztenak. Tantaka iristen dira beren burua hiltzen dutenen berriak, lurra eta bizimodua pozoitu dizkioten baserritar bat hemen, familia urruti joanik etxetik alde egin nahi ez duen 93 urteko amandrea han...

Agintari japoniarrek mezu kontraesankorrak zabaltzen dituzte. Berrikitan Naoto Kan lehen ministroak zalaparta eragin du deklaratu duelarik, ikusita zer nolako arriskuak dakartzaten, zentral nuklearrik gabeko gizarte baterantz joateko urratsak eman behar direla. Baina beste eskuarekin erradioaktibitatearen inguruko informazioak larri manipulatzen darraite.

Uztailera arte ezkutuan eduki dituzte martxoan bertan Fukushimako 1.050 haurri egindako neurketen emaitzak: ia erdiaren tiroideek erradiazio arrasto nabarmenak zituzten. Baina gainera, agintariek jarraitzen dute herritarrek nozitu beharreko gehienezko erradiazio kopuruen topeak manipulatzen, bai jendeak hartu ditzakeen milisiervet eta bai lurrean bezala janarietan pilatutako becquerel kopuruak handituz.

Japonian bertan herritar ugari talde zahar eta berrietan bilduz doaz. Batzuek elkarren laguntza antolatzeko, etxetik alde egitera bortxatuei esaterako. Beste batzuek erradiazioen kontrola auzolanean abiatzeko, agintariek ematen dituzten datu eta informazioak fidagarri ez zaizkielako.

Eta mundu osoan ekintzaileak ugarituz doaz. CRIIRAD eta Greenpeace bezalako klasikoak japoniarrekin elkarlanean. Berri pila bat ere bai, ezezagunagoak, informazioak bildu, laburtu, sailkatu, itzuli, landu eta zabaltzen. Opor egin gabe.

Irudi handiak abuztuko oporrak bururatzen dizkio herritar arruntari, halako ekililiak topatuko baititu Europako edozein landa eremutan, egun bero argitsuen iragarle. Japonian, aldiz –argazkia Education in Japan Communityk dauka webean– , eskoletan haurrei irakasten zaie ekiloreok erabili izan direla Txernobylez geroztik erradioaktibitatez kutsatutako lurretan, zorua garbitzen laguntzen duten landareak direlakoan. Foto txikikoa da Nakate San, Fukushimako Haurrak Erradioaktibitatetik Babesteko Elkarteko burua, gure artean ere ezaguna egin dena hizkuntza askotan azpititulatuta –euskaraz ere bai– Interneten zabaldu duen mezua dela eta. Une honetan Fukushiman pilatuta dutena baino erradioaktibitate gutxiagorekin Txernobyl inguruko eremu osoak ebakuatu zituztela salatu dute Nakatek eta beste hainbat ekintzailek.


Azkenak
5.000 ‘erlezain’ lortzeko kanpaina nazionala abiatu du Herri Urratsek

Otsailaren 28an Hendaian eman dio hasiera kanpainari Herri Urratsek. Euskararen transmisioa bermatzen duen Seaska babestea da helburua.


8 urteko ume bati biluzik argazkiak egiteagatik ikertzen ari dira gizon bat Ortuellan

Gizonak ustez Ortuellako Jendea futbol taldean zuen posizioa baliatu zuen umeari argazkiak egiteko. Ertzaintzak ikerketa abiatu du eta aurretik antzerako salaketak zituela jaso dute.


2025-03-03 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Karbonoa ez da neutroa

Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]


PKK-k su-etena deklaratu du, buruzagiaren agindua onartuta

Abdullah Öcalan buruzagiak PKKri otsailaren 27an eskatu zion armak uzteko. Taldeak egin duen adierazpenean babes osoa agertu dio buruzagiari eta Öcalanek eskatutakoa betetzeko konpromisoa adierazi du.


Istilu handiak Grezian, 57 lagun hil ziren tren istripuaren bigarren urteurrenean

Poliziaren eta manifestarien arteko talkek atxilotu eta zauritu ugari utzi dituzte ostiralean herrialdeko hiri nagusietan. Herritarrek gertatukoaren erantzuleak zigortzea eskatu diote gobernuari, ez baita oraindik istripuaren inguruko epaiketarik ireki. Greba orokorra deitu... [+]


Frantziak eta Erresuma Batuak Ukrainarako su-eten plan bat aurkeztuko diete AEBei, Trump Zelenskiri oldartu ostean Etxe Zurian

Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.


Elizako sexu abusuen biktimei kalte-ordaina emango die Iruñeko Artzapezpikutzak, “laster”

Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.


Nafarroako armarri historikoaren erabilera debekatu du Castejoneko alkateak

Karbankulu pomelatua "garai batean gure bizilagun Francisco Casanova hil zutenen ideiak babesten dituztenek erabilitako ikurra" dela, adierazi du  Noelia Guerra UPNko Castejoneko alkateak, eta sinbolo "ez ofizialak" udalaren espazioetan erabiltzea... [+]


Larhunen dabilen otsoaren presentziaren “ondorio larriak” salatu ditu ELB sindikatuak

Mendizale batek asteburuan ikusi du animalia Lapurdiko Azkaine herrian, eta otsoa dela baieztatu du Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. ELB lurraldean "harraparien presentziaren kontra" agertu da.


Pagolarren gainean eolikoak jartzearen aurkako aldarria, plazara

Elkarretaratzea egin zuen Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak atzo Laudioko Lamuza plazan, Mugagabe Trail Lasterketaren testuinguruan. 


2025-03-03 | Ahotsa.info
Iruinkokoa, Iruñeko iñauteri euskaldunen bersignifikazioaren aurka

Martxoaren 2an igandea Iruinkokoak berriz ere Iruñeko karrikak hartu ditu.


Erabat doan izango da Hondarribian euskara ikastea

EH Bilduk sustatuta, Hondarribiako udalak euskara sustatzeko diru-laguntzetan aldaketak egin eta laguntza-lerro berri bat sortu du. Horri esker, erabat doakoak izango dira euskalduntze ikastaroak, besteak beste.


Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”

Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan... [+]


Memoria bala bat da buruan

1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Poliziak ehunka tiro egin zituen asanbladan bildutako jendetzaren aurka, zabalduz eta erradikalizatuz zihoan greba mugimendua odoletan ito nahian. Bost langile hil zituzten, baina “egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria... [+]


Eguneraketa berriak daude