Sindikatu abertzalearen metamorfosia

  • 1911ko uztailean sortu zen Solidaridad de Obreros Vascos, egun Euskal Langileen Alkartasuna (ELA) izenarekin ezagutzen dena. Sabino Aranaren ideien altzoan sortutako sindikatuak klase sozialen arteko elkarrizketa predikatzen zuen eta sozialismoa deitoratu. Aldiz, orain, langile borrokaren abangoardian dabil eta ideia ezkertiarrak bere egin ditu. Zer gertatu da ehun urteotan sindikatu abertzalearen baitan?

San Andres bataloia gerra zibilean, STVko afiliatuez osatua.
San Andres bataloia gerra zibilean, STVko afiliatuez osatua.Los Nacionalistas

Duela 100 urte egituratu zuten Bilbon Solidaridad de Obreros Vascos. 178 beharginek izena eman zuten elkarte berri horri izana emateko. Urte berean, CNT sindikatu anarkistak Bartzelonan lehen pausoak urratzen zituen bitartean, langileriaren eskubideak oso ikuspegi desberdinez defendatzeko elkartu ziren bizkaitar horiek. Hainbat urte lehenagotik Bizkaian errotuta zegoen UGT sindikatuaren antzera, erakunde politiko bat izan zuten aitaponteko: Alderdi Sozialista zen UGTrena eta Eusko Alderdi Jeltzalea SOVrena.

Sabino Aranak berak euskal langileak elkartzea egokitzat jo zuenez geroztik, noizbehinka, alderdi jelkidearen baitan, gizarte auziari aurre egiteko batzorderen bat eratu izan zen. Alderdi nazionalista lehen urrats politikoak egiten hasi zenean, testuingurua bero-bero zegoen, gizarte arazoa zela medio. 1890etik aurrera, meatzariek eta Nerbioi Ezkerraldeko langileek behin eta berriro egindako grebek eta mobilizazioek proletargo berriaren eskakizun zaharrak gizarteratu zituzten. Gatazka horietan, lan jarduna eta bizi baldintzak hobetzea aldarrikatzen zuten, baina haien atzetik, Facundo Perezagua, Carretero anaiak eta beste batzuk ikusmolde sozialista arrakastaz zabaltzen hasi ziren.

Elkarrizketa sozialaren alde, sozialismoaren kontra

Giro horretan, gizarte auziaz arduratzen ziren abertzaleek martxan jarri zuten Solidaridad de Obreros Vascos deituriko erakundea. Bertakoentzat egina zen, kide izan nahi zutenei euskal abizen bat bederen edukitzea eskatzen baitzieten hastapeneko arautegietan. Era berean, Elizak aldarrikatu zuen Rerum Novarum entziklikari eutsiz, langileriaren artean aritzea zuten helburu, baina klaseen arteko borroka bultzatu gabe. Solidarioen arabera, klaseen arteko elkarrizketak uxatu behar zituen burgesiaren eta beharginen arteko liskarrak. Ideologia berriari –sozialismoari alegia– aurre egiteko egoki jotzen zuten kooperatiben bitartez jabetza partekatua bultzatzea, baina inolaz ere kapitalismoaren funtsak ezbaian jartzeko. Bide horretan, ELAk kooperatibismoaren eta mutualismoaren aldeko ekimenak sustatu zituen. Grebak eta mobilizazioak akuilatu ordez, sindikatuak lehentasuna eman zion langabezian geratzean edo ka­le­ratuak izatean bere bazkideek jasan ohi zituzten egoerei aurre egiteari. Horrela, 1919an langabeziaren aurkako asegurua jarri zuten indarrean eta urte berean lehen kooperatiba sortarazi zuten.

Jatorri eta oinarri horiekin Eusko Alderdi Jeltzalearen itzalpean zabaldu zen ELA lehendabiziko hamarkadetan. Bizkaian eta Gipuzkoan, oso azkar zabaldu zen, baina Araban eta Nafarroan zailagoa izan zuen errotzea. Sindikatuko lehen biltzarra 1929an burutu zuten Eibarren eta 6.200 bazkide bizkaitar eta 1.500 gipuzkoar zeuden ordezkaturik, aldiz, ez zen gainerako lurraldeetako ordezkaritza nabarmenik egon. Alde batetik, Araban eta Nafarroan zegoen industrializazio eskasak nabarmen mugatzen zuen sindikatu ororen giza esparrua. Bestetik, nekazal eremuan, Nafarroan bereziki, Elizak berak bultzaturiko ekimenak (nekazal kutxak, laboreak eraldatzeko kooperatibak, aisialdi txokoak...) nahiko asetuta zuten ELAk begiko izan zezakeen esparru moderatua.

II. Errepublika: Solidaridad de Trabajadores Vascos

Dena den, II. Errepublikarekin egundoko hedapena lortu zuen ELAk, beste sindikatuen antzera. Erregimen berria aldarrikatu ondoren, Bizkaian eta Gipuzkoan sendotu egin ziren solidarioak, eta Araban zein Nafarroan ere errotu ziren. Lehen hilabeteetan alderdi ezkertiarrek hartu zuten nagusigo politikoak akuliatu egin zituen sindikatu abertzalearen ekimen propagandistiko eta eratzaileak. Jose Ariztimuño Aitzol-ek artikulua idatzi zuen prentsan, estrainako hauteskundeetako garaipen ezkertiarraren abagunean: Langileak uzten gaituzte izenburu esanguratsua eman zion eta kezka horren isla zuzena dugu. Hain zuzen, Aitzol bera, Policarpo Larrañaga, Nestor Zubeldia, eta batez ere, Manu Robles Arangiz, Jose Benegas, Bienvenido Cilveti (ikus elkarrizketa 9. orrialdean) eta Anastasi Agerre jo eta su aritu ziren ELAren mezua zabaltzen Euskal Herri osoan barrena. Hurrengo urteetako bazkideen kopuruak ikusita, nolabaiteko arrakasta izan zuten. Izan ere, 1933an Gasteizen bigarren biltzarra burutu zutenean, 40.342 kide zituen sindikatuak, 135 taldetan eraturik. Horietatik 63 bizkaitarrak ziren, 52 gipuzkoarrak, 12 arabarrak eta 8 nafarrak. Gainera, ordurarte sindikatutik kanpo egon ziren hainbat sektorek (arrantzaleak, nekazariak baita lanbide liberalak ere) aukera izan zuten sindikatuan parte hartzeko. Errealitate zabalago hori ahalik eta egokien islatzeko, SOV izena alboratu eta Solidaridad de Trabajadores Vascos bihurtu zen.

Praxi sindikalari zegokionez, Gasteizko biltzar horretan sorospen arloei ohiko garrantzia eman zieten, baina orduko egoera sozio-ekonomiko latzari ere aurre egin behar izan zioten. Amets eta ekimen kooperatibistak ahantzi gabe, langileek eta beste erakundeek bultzaturiko greben eta mobilizazioen aurka jardun behar izan zuten behin baino gehiagotan. Bukatzear zegoen sindikatu zenbaitek, hala nola UGTk eta CNTk, Errepublikako lehen biurtekoan Espainiako Gobernuari eta tokian tokiko ugazabei luzaturiko “giza bakea”. Industria arloan langabezia gero eta handiagoa zen eta nekazal erreformak ez atzera ez aurrera jarraitzen zuen. Esanguratsua izan zen 1934ko urriko grebarekin gertaturikoa. STVk kontrako jarrera hartu zuen, baina bere kide ugarik bat egin zuen orokorra eta iraultzailea izan nahi zuen mobilizazio horrekin. 1936an ere, Fronte Popularraren garaipena etorri zenean, uholde errebindikatzailearekin askotan egin zuten bat solidarioek. Nafarroan, esate baterako, urte horretako ekainean izan zen eraikuntza arloko greba orokorraren karira, lehen aldiz CNTkoekin eta UGTkoekin aritu ziren STVkoak.

Gerra zibila: heriotza, espetxea eta erbestea

Sindikatu ezkertiar horiekiko behin betiko hurbiltzea 1936ko Gerrak ekarri zuen, ahal izan zen tokitan, hau da, Gipuzkoan eta bereziki Bizkaian. Eskualde horietako solidario asko batu egin ziren alderdi eta erakunde ezkertiarrekin, matxino faxistei aurre egiteko. ELAkoek San Andres batailoia eratu zuten, baina beste askotan ere hartu zuten parte. Santoñan, Eusko Gudarosteak amore eman ostean, lehen fusilamendu kolektiboan –frankistek aukeratutako biktimen artean talde antifaxista guztiak zeuden ordezkaturik–, ELAkoek odolezko zerga ordaindu zuten, Jesus Zabala eta Jose Ibarbiaren hilketekin. 1936ko uztailaz geroztik, beste demokrata guztiek bezala, borrokatzea izan zuten ortzemuga elakideek. Baina era berean, ordutik aurrera heriotza, espetxea eta erbestea izan zuten patu. Eskuindarrak eta katolikoak izan zitezkeen, baina langileen alde borrokatzea eta abertzale izatea, gorriseparatisten multzoan sartzea zen. Hori zela eta, diktadura frankistak iraun zuen bitartean erbestetik eta klandestinitatetik jardun behar izan zuen ELAk. Gerrak eragotzi zien 1936ko uztailean III. Biltzarra egitea Iruñean, bada, 1976 arte ezin izan zuten biltzar hori burutu.

Tarte horretan, kanpoan burutu zituzten ekimenetan (Baionako Hitzarmena 1945ean, Pariseko Euskal Mundu Biltzarra 1956an, Municheko bilkura 1962an...) parte hartzeaz gain, hainbat grebetan (1947koan zein 1951koan) eragin zuzena izan zuten ELAkoek. Hala eta guztiz ere, 1960ko hamarkadan eta diktadura frankistaren bukaera aldera, langileriaren baitan beste erakunde eta mugimendu batzuek indarra hartu zuten neurrian, ELA bezalako sindikatu historikoek gero eta oihartzun apalagoa izan zuten.

40 urteko izotzaldiaren ondoren, borrokarako ordua

Euskal solidarioen kasuan, barruan izandako zatiketek eta horien ondorioz talde desberdinak sortu izanak – ELA-Miarritze edo historikoa; ELA barnekoa...– zaildu egin zuen bere jardun politiko zein sindikala. Izan ere, Francoren osteko trantsizioan abiapuntu oso berezia izan zuen ELAk. Orduan indartsuena zen CCOO langile erakundea prest zegoen Portugalgo ereduari, hau da, sindikatu bakarraren hautuari ekiteko. Horrek sindikatu guztiak erakunde bakar batean desegitea ekarriko zuen. Bestetik, ideologiaren talaiatik begiratuta, erabat desberdina zen orduko ELA, jatorrikoarekin alderatuz gero. Hasierako hamarkadetan EAJrekiko zuen morrontza ideologikoa eta hainbat buruzagi politikoren esku hartzea –Manu Robles, Heliodoro de la Torre...– amaituta zegoen, nahiz eta abertzalea izaten jarraitu zuen. Aitzitik, mende hasieran sozialismoari aurre egiteko sortutako sindikatuak, ideologia hori barneratuta zuen erabat 1960ko hamarkadan, sozialismoa bere ildo politiko estrategikoan zegoen. Horretan ere, lehiakide izanen zituen UGT eta Francoren garaietan sorturiko USO bezalako elkarte berriak. Baina praxi mailan, ELA prest zegoen klaseen arteko borrokari heltzeko, eta UGTk, itunen mesedetan, laster zokoratuko zituen jarrera borrokalariak. Erresistentzia kutxa eta ohiko sorospen berme guztiak sustatu ez ezik, bur- belarri heldu zion ELAk itunen kontrako estrategiari eta Euskadiko birmoldaketa industrialaren kontrako mobilizazioei.

Egun, trantsizio politikoa urruntzen ari denean, eta testuinguru ekonomikoa arras desberdina dugunean, balantzea egiteko nahiko tarte dugu. Horren ildotik ikus daiteke, Espainia mailan sindikatu nagusi direnak, UGT eta CCOO, Hego Euskal Herrian ELAren atzetik gelditu direla, bazkide zein ordezkari sindikalei dagokienez. Gainera, ikusirik LABek eta sektoreetako sindikatu zenbaitek, STEE-EILAS kasu, azken hamarkadetan izan duten hazkundea, nabarmena da euskal eremu sindikala oso desberdina dela Espainian dagoenarekiko.
Jakina denez, CCOOk eta UGTk Estatuko Gobernuekin eta patronalaren elkargoekin (CEOErekin edo Confebaskekoekin), behin eta berriz hitzarmenak sinatu dituzte. Aldiz, aurrez aurre izan dituzte ELA bezalako sindikatuak. Moncloako Itunetatik hasita, azken Lan eta Pentsioen Erreformetaraino, ELAk, LABek, EILASek, HIRUk eta EHNEk osatutako gehiengo sindikalak greba eta mobilizazioak egiteko adore askoz handiagoa erakutsi dute, eta argi eta garbi adierazi dute XX. mende hasierako ideiak eta praxiak erabat aldatu direla. Klaseen arteko borroka aldarrikatzen zuen hainbatek, gaur egun nahikoa omen du burgesiak eskaintzen dizkion kondarrekin. Klaseen arteko adiskidetasuna bultzatzen zutenek, aldiz, eskarmentu eta historiaren poderioz, ederki barneratu dute kapitalismoa indarrean dagoen bitartean, soilik langileen adoreari esker egin daitekeela aurrera haien duintasunaren defentsan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Meatzarien grebak
2021-07-26 | Zihara Enbeita
Ihesi: Meatzaldea II. Burdinazko herriak

Bilbotik Meatzalderantz joanez gero, lehenengo Barakaldo herriarekin egingo dugu topo. Merkatalgune erraldoiek edota Bilbao Exhibition Centrek, besteak beste, betetzen dituzte gaur egun bertako lurrak. XIII. mendera arte, berriz, nekazaritzatik bizi ziren barakaldarrak... [+]

2021-07-23
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Fernando Montenegro, Muskizeko zinegotziari elkarrizketa
Fernando Montenegrorekin berbetan
MEATZETA ETA ENKARTERRIA, BIZKAIKO LURRALDE AHANTZIAK
Bizkaian badira bi lurralde (bakarra ote?) beste guztiek baino askoz ezezagunagoak eta baztertuagoak daudenak: Enkarterria... [+]



2021-07-19 | Maria Gonzalez
Meatzeen museo bizia
Burdinaren ustiapenak izena eman zion Meatzaldeari. Trapagaran, Ortuella, Abanto, Muskiz eta Zierbenaren historia abiarazi zuen mineralak. Oroimen historikoa berreskuratu nahian dabil Gallarta auzoa (Abanto). Kontxa II izeneko meatzearen ondoan dago orain Meatzaritzaren Museoa.

Trapagaran (Bizkaia)
Burdin goseak zauriz bete zuen mendia

“Arrakalatuta utzi digute hegazkinek zerua”, abesten zuen Txuma Murugarrenek. Eta, horixe bera pentsatu dut Larreineta funikularretik jaitsi eta Zugaztietara (Arboledara) bidean: arrakalatuta utzi ziguten meatzariek Trianoko mendi gaina, Peñas Negras... [+]


Anarkismoa Euskal Herrian
130 urteko historia gorabeheratsua

Euskal anarkismoaren mugimendua aurrera atera zuten pertsonaiak eta eztabaidak aztertu ditu Juantxo Estebaranzek bere azken liburuan: Breve historia del anarquismo vasco (Txertoa 2011). Historia horren errepasoa egin dugu, egilearen beraren laguntzarekin.


2008-04-28 | Daniel Udalaitz
Maiatzaren lehena Euskal Herrian
Meatzarien 1890eko maiatza
Etxebizitza duinaren eta zortzi orduko lanaldiaren aldeko lehenengo greba historikoa 1890ean egin zen Euskal Herrian, Bizkaiko meatzetan. Grebaren erdigunea Trapagarango Zugaztieta auzoa izan zen eta handik Ezkerralde osora hedatu zen. Gobernuak “gerra egoera”... [+]

2008-01-08 | Unai Cuevas
Larreineta eta Zugaztieta (Bizkaia)
Meatzarien ordez, txangozaleak
Zugaztieta, meatzaritzaren erdigune izandako eremuak, itxuraldaketa nabarmena jasan du azken hamarkadetan. XX. mendearen lehen erdialdean meatzarien pikotxek eta antzeko lanabesek lehentasuna bazuten ere, gaur egun mendizale eta ibiltarien amu bihurtu da.

2003-05-01
Langileek euren aldarrikapenak ozen entzunarazten dituzten eguna

Jon Torner jontorner@argia.eus
1889az geroztik, maiatzaren 1ean munduko langileria kalera atera ohi da bere aldarrikapenak entzunarazteko. Urte hartan II. Internazionalak egun hau Langileen Nazioarteko Eguna izendatu zuen eta urtez urte, maiatzaren lehena iristean... [+]


Eguneraketa berriak daude