Ongota hizkuntza hiltzear dago. Noiz gertatuko den inork ez daki, baina ez dira urte asko pasako. Zazpi pertsonek baino ez diote eusten hizkuntzari. Etiopia hegoaldean bizi dira, Behe Omo bailaran. Weyto ibaiaren mendebaldeko arboladi batean dute euren herria.
Ganame Wado da, ziurrenik, ongota hitz egiten dutenen artean gazteena. Bere aurpegiko zimurrei begiratuta, berrogeita hamar urte dituela esan liteke. Itxura fisikoaren arabera asmatu behar da hemen adina, tribu honetan ez baitute egutegirik jarraitzen eta inork ez baitaki bakoitza zein urtetan jaio zen eta, ondorioz, zenbat urte dituen.
Wadok gogoan du bera umea zenean inguruko denek zein hizkuntza egiten zuten. “Nire gurasoek, eta haien anai-arrebek, denek hitz egiten zuten ongota. Gaur egun umeei galdetzen diezu zerbait hizkuntza honetan eta ez dakite erantzuten. Agian batzuek zerbait ulertzen dute, baina erantzuteko adina ez”.
Albotik beste gizonezko batek hartu du hitza. “Zaila da ongota hizkuntza, eta umeek horregatik ez dute ikasi. Tsamay hizkuntza errazagoa da, eta horri heldu diote”. Geda Kaula da, adinean aurrera doan beste gizonezko bat. Bizilagunen hizkuntza nagusitu da herrian, tsamay hizkuntza.
Sailkatu gabeko hizkuntza da ongota. Inork ez daki nondik datorren, zein beste hizkuntzari egon daitekeen lotuta. Horrexegatik, Graziano Sava hizkuntzalari siziliarrak euskararekin konparatzen du. “Nire tesi zuzendariari proposatu nionean hizkuntza hau ikertzea, izenburu hori erabili nuen: Ongota, Afrikako euskara. Izenburua ikusi zuenean segituan onartu zidan ikerketa gaia”.
Hizkuntzalari batzuek diote nilo-saharar familiakoa dela ongota. Beste batzuek, aldiz, afro-asiarra dela. Aklilu Yilma, Addis Abebako Unibertsitateko hizkuntzalariaren ustez, tokian bertan sorturiko hizkuntza da, batetik eta bestetik etorritako hiztunen ekarpenak bilduz. “Ongotek eurek diote hainbat tokitako jendea ezarri zela Weyto ibaiaren puntu honetan. Maale, Banna eta Borona bezalako tokietatik etorri ziren. Ezin zuten, ordea, elkar ulertu, eta denen artean sortu zuten ongota”. Toki eta klan izenak kontuan hartuta, teoria honi ematen dio Yilmak sinesgarritasuna, “euren jatorri bezala aipatzen dituzten inguru horietako izen ugari erabiltzen baitituzte”.
Morfologian ere hizkuntza berezia da. Graziano Savak dioenez, “inguruko hizkuntza guztiek oso morfologia aberatsa dute, genero, plural eta bestelakoak adierazteko atzizki ugarirekin. Ongota, aldiz, zentzu horretan oso forma soilekoa da”.
Ongoten herrian sarri galdetu arren zergatik utzi dioten euren hizkuntza erabiltzeari, erantzun sendorik ezin da aurkitu. Geda Kaulak arestian esandakoa errepikatu du: “Oso zaila da gure hizkuntza, gogorra da ikasteko. Tsamay hizkuntza errazagoa da”. Umetatik hartzen den ama hizkuntza zailik ez dago, ordea.
Ongota komunitatearen baldintza sozio-ekonomikoarekin zerikusi gehiago izan dezake galerak. Aklilu Yilmak dioenez, “gutxietsitako komunitatea izan da. Ez dute ganadurik, nekazariak dira soilik, eta Etiopia hegoaldean ganadurik ez duena, ez da inor”.
Ongoten herrixkan, banbu egurrez eta belar lehorrez egindako etxolen inguruan, oilasko bakan batzuk ageri dira, soilik. “Ingurukoek oilasko-zaintzaile deitzen diete, erdeinuz”, dio Yilmak.
“Gu nekazariak gara” dio Geda Saulak. “Artoa eta sorgoa (basartoa) lantzen ditugu soroan. Basoan berriz, erleak ditugu eta eztia ateratzen dugu haietatik. Inoiz ez dugu animaliarik izan”.
Belaunaldi berrien begietara hobea da bizilagunen bizimodua. Sozialki aurreratuagotzat dituzte tsamay etniakoak, eta ondorioz haien hizkuntza ere bai. Savaren arabera, “gazteek diote ongota hizkuntza ez dela erabilgarria, zaila dela eta gainera arkaikoa. Ongota direla ere ukatu egiten dute askotan, eta tsamay direla esaten dute”.
Weyto herriko azokara joaten dira ongotak larunbatetan. Beraien herrixkatik dozena bat kilometrora dago. Euren uztak salgai jartzen dituzte eta behar dituzten beste produktu batzuk erosi. Zuhaitz handi baten itzalean eseri, eta arto fermentatuz egindako alkoholdun edaria, gola, lagunartean edanez ematen dute eguna.
Azokako kokapenean agerikoa da ongoten posizio soziala. Zabalgunerik handiena tsamay jendeak hartzen du, eta ongota dena zoko batean esertzen da. Besteekin ere izaten dute harremana, baina esertzeko dagokien tokia dagokie.
Maale Godak, hizkuntzalarien arabera ongota garbi eta ederra egiten duen emakumeak, azokan bertan aitortu digu pena sentitzen duela bere hizkuntza galtzera doalako. “Nahiago nuke umeek hizkuntzari eutsiko baliote, baina inork ez du egiten”.
Alboan eserita du Erre Sagane, adineko emakumea hau ere, eta galderarekin haserretu ere egin da apur bat. “Zer egingo dugu ba guk? Inork ez badu hitz egiten jarraitzen, ez da gure errua”.
Graziano Savak nabaritu du emakumeek galeraren kontzientzia garatuago dutela. “Gizonek beti errazagoa dute ohitura sozial berrietara egokitzea eta kasu honetan, tsamayen erako bizimodura errazago egin dira. Emakumeek, ordea, aldaketa sozialerako aukera gutxiago dute, eta eurenari eusten diote. Eurena galtzen ari dela ikusten dute orain, euren hizkuntza, euren identitatea…”.
Hizkuntzari eusteko ez da, orain arte behintzat, aparteko saiakerarik egin. Administrazioak, bere hizkuntza erregistroetan, ongota denik ere ez du aitortzen. Hala ere gobernuei ez die errurik egozten Aklilu Yilmak. “Hizkuntza galtzear denean, erabiltzeari uzten zaionean, nork du errua? Gobernuak? Hizkuntzalariek? Ez. Ardura hizkuntza hori erabiltzeari utzi dion komunitatearena da”.
Argi dago, ordea, komunitatea testuinguruak baldintzatzen duela eta hizkuntzaren transmisioa bermatzen duten elementuak, tartean hezkuntza sistema, administrazioak finkatzen duela.
Ongotak bizi diren herrixkan badago ikastetxe txiki bat. Egunean bi orduko eskolak ematen dizkie maisuak hogei bat umeri. Amharera eta tsamay hizkuntzak erabiltzen dira.
Graziano Savaren arabera, Etiopiako egoera ez da okerrena hizkuntza gutxituentzat. “Etiopian ez dago hizkuntza ofizialik. Hizkuntza administratiboa amharera da, baina gainerako hizkuntza guztiak maila berean daude. Gobernuak bideratzen du dirua hainbat hizkuntzatan testuliburuak egiteko, baina ez da erraza dauden baliabideak ongi erabiltzea. Herrialdearen hegoaldean soilik 44 talde etniko daude, beste hainbeste hizkuntza erabiltzen dituztenak. Orain arte sekula idatzi ere egin ez diren hizkuntza horietan materiala prestatzea eta hezkuntza eskaintzea ez da erraza”.
Ongota hiztun apurrek, ordea, badute euren eskolan hizkuntza biziberrituko den esperantza. “Tsegaye liburua prestatzen ari da, eta haiek egindakoan hasiko gara eskolan umeei berriz ere ongota irakasten”, dio Geda Kaulak.
Tsegaye, Graziano Sava da. Bertakoek hala deitzen diote. Galtzear den hizkuntza dokumentatzeaz gain, gramatika liburua prestatzen ari da eta baita ongota-tsamay-amharera hiztegia ere. “Ziurrenik saihestezina izango da orain hizkuntza hiltzea. Baina benetan jabetzen badira zer galdu duten, eta ondorengo belaunaldiei erakutsi nahi badiete, izan dezatela gutxienez ikasten hasteko materiala eta aukera”.
Edozein hizkuntza galtzen denean, bizitzeko era bat eta ingurua deskribatzeko modu bat galtzen dira. Ordezkaezina da galera. Savak uste du, ordea, galtzen dena isolatutako hizkuntza denean, galera handiagoa dela. “Ongota edo euskara hizkuntzak galtzea, beste edozein hizkuntza galtzea baino tamalgarriagoa da. Bakarrak direlako, euren modukorik ez delako geratuko”.
Ongota hizkuntza ez da, zoritxarrez, Etiopian galbidean dagoen bakarra. Ongotak bizi diren herrixkatik 40 bat kilometrora, arbore etniako gizon-emakumeak bizi dira. Ahuntz larruz egindako gonaz eta lepoko koloretsuz, dotore janzten dira. Komunitatea berez handia izan arren, soilik 4.000 dira arbore hizkuntza egunerokoan erabiltzen dutenak. Etiopia hegoaldean nagusi den oromo hizkuntzaren borana dialektoan mintzatzen dira gehienak.
Cabu hizkuntza ere arriskuan dago. Etiopia mendebaldeko eta ekialdeko bi barrutitan erabiltzen dute mila hiztun inguruk. Baso eta oihanetan bizi dira, oso oinarrizko nekazaritza eta abeltzaintza ogibide dituztela. Orain arte bizi izan diren eremuetan, ordea, kafe eta te soroak jartzen hasi dira hainbat korporazio handi. Kibebe Tsehay hizkuntzalari etiopiarra ari da hizkuntza hori ikertzen, eta berak dioenez, kafe produkzio honek kalte handia egin dio hizkuntzari: “Kafe eta te soro horiek jarri dituztelako, cabu komunitateko herri asko tokiz aldatu dituzte, eta beste hizkuntza batzuk nagusi diren herrietan sakabanatu. Hori kolpe gogorra izan da berez ahul zegoen hizkuntzarentzat”. Inguruko gobernuek ez omen dute inolako erreparo eta konturik izan bizileku aldaketa horiek egiterakoan. Arriskua handia den arren, Tsehayk ikusten du itxaropen izpi bat: “Oraindik badaude haurrak cabu hizkuntza lehen hizkuntza bezala jasotzen dutenak”.
Ezin dute gauza bera esan nayi komunitateko hiztunek. Haur bakar bat ere ez da hizkuntza ikasten ari. Komunitateko gizonek hartutako ezkontza joera berriak dira horren erantzule. Aklilu Yilmak azaldutakoaren arabera, “nayi gizonezkoak kafa etniako emakumeekin hasi dira ezkontzen. Ama arduratzen da beti umearen heziketaz eta amak kafa hitz egiten duenez haurrari ez zaio nayi hizkuntza iristen”. Oraindik 2.500 hiztun geratzen direla dio Yilmak, “baina gakoa umeek ikastea da. Hizkuntza umeengana ez bada iristen, jai dago”.
Kuwegu, argoba, anfilo… Hiztun oso gutxi dituzte hizkuntzok eta arriskuan dauden hizkuntzen zerrenda luzea da. Unescok iazko udazkenean argitaratutako hizkuntzen atlasaren arabera Etiopian erabiltzen diren 83 hizkuntzetatik 24 daude galtzeko arriskuan. Azken mende erdian hiru hizkuntza galdu dira Afrika ekialdeko herrialde honetan.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde... [+]
Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]
Bortxaketen kasuentzako bideratu daitekeen kartzela zigorrik gorena jarri diote senar-ohi Dominique Pelicoti; eta beste 50 bortxatzaileei dagokionez, guztiak dituzte erruduntzat jo, baina fiskalak galdetzen zuena baino apalagoak dira zigorrak. Hiru hilabetez iraun du Mazango... [+]
ARGIAren taldeko kide den Iametza teknologia berriak erabiltzen dituen komunikazio enpresa da.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
B&B Trends lantegiaren jabeak iragarri du hartzekodunen konkurtsoan jarri duela lantegia, "ondare desegonkortasuna" argudiatuta.
Erretiroa hartu berri dutenen %4,9k uztartu behar dituzte pentsioa eta lanen bat Espainiako Estatuan. Estonian %55 dira.
Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.
Isunak baliogabetzeko helegitea jarri zuten Ernaiko gazteek eta arrazoi eman die epaileak. Naiz-ek eman du epaiaren berri eta ostegun honetan 10:30ean eginen du prentsaurrekoa Ernaik, zehaztapen guztiak plazaratzeko.
Sare sozialik opakoena da TikTok: ez du bere isurketei buruzko daturik argitaratzen. Gainontzeko sare sozialek baino gehiago kutsatzen du. 2030erako "karbono neutral" bilakatzeko konpromisoa hartu duela esana du.
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]