Laudio Ikastolak, aurtengo Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileak, haur guztien integrazioa bultzatzeko asmoa duen baliabidea jarri du martxan: Gela Egonkorra. Premia berezi eta larriak dituztenei ikasketetan laguntzeko bidea da.
Hezkuntza premia berezi eta larriak dituzten ikasleei zuzendutako gunea da Gela Egonkorra. Ikastetxe publikoetan badute halakorik, baina Laudiokoa da mota honetako ekimena martxan jartzen duen lehen ikastola. Baliabide egokituak erabili arren ohiko gelan erritmoa jarraitu ezin duten haurrak hartzen ditu Gela Egonkorrak. “Orain arte ohiko gelan aritu dira, baina urteak pasa ahala ikusi dugu dituzten premiak ez direla asetzen bertan dituzten aukerekin”, diote Leire Burdain eta Zuriñe Garcia Gela Egonkorraren arduradunek.
Gune honetan ez dago ohiko geletan bezalako irakasgairik. Batetik, autonomia eta komunikaziorako gaitasuna bezalako arloak jorratzen dituzte. “Beraien jarrera eta jokatzeko modua lantzen dugu klasean”. Bestetik, ikasketa trebetasunak lantzen dituzte, beste gelatan landu ohi diren gaiak. Oso eskola dinamikoak dira eta gelaren egitura eta gauzen kokapena beraien beharren araberakoa da. Beharrezko dutena baino ez du gelak, gauza gehiegirekin kontzentrazioa galtzeko arriskua dagoelako.
Zuriñe Garciak kontatu digunez, zenbait ordu materiala prestatzen pasatzen du: “Materiala guk egiten dugu eta hori da zailena. Bakoitzaren premiei erantzun behar zaienez, material pertsonalizatua eta egokitua egin behar dugu. Ulermen arazoak dituzten ikasleei, esaterako, argazki eta piktogramen bitartez azaltzen dizkiegu lantzen ditugun gaiak”. Aldez aurretik lan handia suposatzen duela diote, hasiberriak direnez ez dagoelako aurretik sortutako material zehatzik. Ahal duten moduan, ikasleen gaitasunaren araberako gaiak jorratzen dituzte, moldatutako materialarekin. Gainera, sortze urtea izanik, gorabeherak izan dituztela diote, irakasleek ulertu egin behar dituztelako proiektuaren nondik norakoak, eta erakutsi behar izan dutelako Gela Egonkorra dela haur horiek izan dezaketen baliabide egokiena.
Gela Egonkor bakoitzean gehienez bost haur egon daitezke eta maila desberdineko haurrak egoten dira gela berean, baina egiten dituzten lanak banakakoak dira, batzuk berdinak dira eta beste batzuk ez. Gaur egun, hiru ikasle dituzte: Oier Azcaray (8 urte), Jon Camacho (10 urte) eta 11 urteko neskato bat. Ikasle hauek Gela Egonkorrean ematen dituzte ordu gehienak, baina beste geletan ere izaten dira, gainerako ikasleekin harremana mantentzeko. Haur bakoitzaren egoerak zehazten du batean eta bestean pasa dezakeen denbora. “Badugu garun paralisia duen ikasle bat, ezin ditu eskolak besteen erritmoan jarraitu, baina gainerako ikasleekin harremana izan dezan, beste geletara joaten da. Besteen kasua ezberdina da, matematika, irakurketa-idazketa, musika, plastika eta mota horretako ikasgaiak jarrai ditzakete, ohiko geletako ikasleekin bat egiten dutenean; beraz, helburu akademikoa ere izaten du Gela Egonkorretik ateratzeak”, azaldu digu Burdainek. Beti ere, eguneko zenbait ordu beste kideekin pasatzen dituzte guztiek, hiru ikasleak ohiko gelara mugituta edo, alderantziz, gainontzeko haurrak Gela Egonkorrera eramanez. Hori horrela, ikasleek ez dute denak elkarrekin zeuden aurreko urteekiko aldaketa handiegirik sumatu.
Ikasleak ohiko gelara joaten direnean, sarri zeregin pertsonalizatuak dituzte, bakoitzak berea eta besteenaren antzekoa, baina irakasleek azpimarratu dute garrantzitsua dela beste geletako haurrekin harremana izatea. Lehen urtea izanda, esperientzia pixka bat gehiago falta da oraindik, baina Burdainek dioenez, “ekimen ezberdinak egin nahi ditugu, denek denekin harremana izan dezaten. Gela Egonkorreko ikasleak ere ikastolakoak dira, beste kideekin egoteko beharra eta eskubidea dute, eta hori islatu nahi dugu”.
Ohiko gelako haurren jarrera ere positiboa izan da, behar bereziak dituzten ikasleak ondo zaindu dituzte beti eta aurtengo aldaketa modu naturalean bizi dute. “Guretzako oso pozgarria da ohiko gelako ikaskideak haurrari gauzak azaltzen ikustea. Horrek gauza asko egiteko aukera ematen digu. Gainerakoekin gela berean egotea oso garrantzitsua da, kideen onarpena hor ikusten da”, diote.
Ikastola guztietan bezala, ohiko geletako erritmora iristen ez direnek laguntza gela dute Laudion ere, eta orain arte, hor egon dira premia larriak dituztenak. Ordea, Gela Egonkorra laguntza gela baino bereziagoa da eta ez da zentroka zabaltzen, eskualdeka baizik. PT-a edo behar bereziak dituztenei laguntzeko espezialista (Olaia Hormaetxe) eta hezitzailea (Cristina Aguado) egoten dira bertan, baina espezialista ikasle kopuruaren arabera gela batetik bestera mugitzen da. Hiru ikasleak Gelan daudenean, esaterako, irakaslea eta espezialista egoten dira.
Duela bi urte hasi ziren Laudion Gela Egonkorra martxan jartzeko prozesuarekin, baina lehenago ere beste saiakera batzuk egin zituzten, ikastolan duela urte batzuetatik dituztelako baliabide bereziak behar dituzten haurrak. Berritzegunearekin eta gurasoekin adostuta, aurrera egitea erabaki zuten. Aholkularitza psiko-pedagogikoa dute Berritzeguneetan, eta horiek arduratzen dira hezkuntza premia bereziko ikasleen diagnostiko-balorazioa egiteaz, ikastola eta orientazio taldea aholkatzeaz, eta baliabideak eskaintzeaz. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, bere aldetik, beharrak aztertzen ditu eta berak du ardura Gela Egonkorra martxan jartzeko. “Gure kasuan adibidez, hemen dagoen ikasle batek duela bi urte ikastolatik alde egin behar izan zuen baliabide hau beharrezkoa zuelako eta ez genuelako Gela Egonkorrik”, dio Garciak.
Burdainek nabarmendu du irakasleen arteko elkarlana oso positiboa izan dela, eta lankideek hasieratik garbi ikusi dutela abiatutako ekimenaren beharra. Beste gela bat gehiago dela sentitzen dute, aniztasunaren baitan ikasle gehiago har ditzakeena eta ondorioz alde baikor asko ikusten dizkiote: “Lehen oztopoz beteriko lasterketa zen, ez ginen beren premiak betetzera iristen eta azkenean gauzak ez ziren behar bezala edo guk nahi bezala ateratzen. Zailagoa zen gauzak koordinatzea”, dio Garciak. Orain, horretarako arduradun bat dago, gaiari serio heltzeko denbora duen pertsona bat. Arduradunaren esanetan, “ikasleak pixkanaka aurrera doazela eta behar dutena ematen zaiela ikusteak asko lasaitzen nau”. Beraien premiei erantzuten ari direla eta horiei aurre egiteko baliabide eta eskaintza asko dituztela diote, hau da, orain gauzak sakonago lantzen dituztela. Gainera, laguntza gelako irakasle batek eskolak ematen ditu Gela Egonkorrean ere eta Garciak, bere aldetik, egun batzuetan laguntza gelan ematen ditu eskolak; dinamika hori haurrentzako aberasgarria eta egokia dela iritzi diote.
Datorren ikasturtera begira, ez dute aurreikusi Gela Egonkorraren beharra izango duen beste haurrik. Baina eskualdean urte batzuen buruan premia izango dela badakite. Horregatik, lehen pauso hauek garrantzitsuak izango dira hobetzen joateko eta etorkizunean sortzen den eskaerari gogor egindako lanetik eta esperientziatik erantzuteko.
Jon Camachoren ama da Rosa Roberto, eta bere iritzia eman digu: “Nire semearentzako baliabide egokiena dela argi daukat. Beste gelekin konparatuta, haur bakoitzak zuzeneko tratua du, pertsonalizatua, eta egokia iruditzen zait. Gainera, momentu oro gertatzen denaz informatzen gaituzte, aholkatzen didaten pertsonak ditut, eta horrela gero etxean ikastolan landutako hori indartzeko aukera izaten dugu. Nire semea beste Gela Egonkor batean egon zen eta egia esan nahiko antzekoak dira biak. Esperientzia oso onuragarria da, eta oso polita, azkenean Jon hobeto ezagutzeko aukera ematen didalako”.
9:00: Ordutegia osatzen dute egunean zehar egingo dutena zehaztu eta haurrek argi izan dezaten.
9:15: Ikasle zerrenda errepasatzen dute.
9:30: Ordua eta eguraldia zein diren ikusten dute.
10:00: Ipuinen bidez bakoitzak dagokion gaia lantzen du.
10:30: Bakarkako lanak eta hirurek batera egin beharreko ariketak uztartzen dituzte. Bakarrik egiteko direnak banakako txokoan egiten dituzte.
11:00: Komunera eta jolastokira joaten dira.
11:30: Jolas txokora joaten dira, jostatzera.
12:00: Jantokian jango dutena galdetzen zaie.
14:30: Bazkaltzetik itzultzean, dinamismoa oinarri duten eskolak nagusitzen dira.
15:30: Ohiko ikasgeletara joaten dira, gainerako haurrekin egotera.
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Bizieskola ekimenaren bitartez Gasteizko Eraman kooperatiba ikastetxeetako umeak trebatzen hasi da ikasturte honetan, hirian bizikletaz segurtasunez eta modu independentean ibiltzeko. Gasteizko Udalarekin batera parte hartzen du ekimenean, eta kooperatibako kideek ikastetxeetako... [+]
Gure bizitzetan pantailen inbasioa azkartu da azken urteotan. Euskal Herrian, alde batetik, “pantailak euskaraz” nahi ditugula diogu ikus-entzunezkoen eskaintza handitzeko, eta bestetik, antolatzen gara eskoletan askotariko pantailek irabazi dituzten eremuak... [+]
Greba ataritan jaso nuen zuen e-maila, posta pertsonalean. Hasieran, beste askok bezala, grebaren aurrean ze aukera ditugun jakinarazteko zela pentsatu nuen. Baina ez, grebaren aurkako mugimendu politiko eta komunikatiboa zen jasotako e-maila.
Aitortuko dizuet ahozabalik utzi... [+]
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Kirol klub batean aritu nahi duen haurrak ez duela zertan Eskola Kirola egin dioen epaiari helegitea jarriko dio orain Gipuzkoako Diputazioak. Umeak nahi duen kirola aukeratzeko askatasuna batetik, helburu hezitzaile eta integratzaileak bultzatzen dituen eredua bestetik,... [+]
Sistema duala abian da ikasturte honetan Hego Euskal Herriko Lanbide Heziketan, eta eredugarri saldu duten arren, arazotsua izaten ari da hainbat zentrotan: ikasle guztiek derrigorrezko praktikak egin ditzaten enpresak bilatzen “gorriak pasatzen ari dira” irakasleak,... [+]
"Sexu-hezkuntzaikasgeletatik haratago" ikastaroa emango du UEUrekin online Itsaso Bakedano Moreno (Baldorba, 1992) sexologoak. INCISEXeko Sexu-hezkuntza eta -aholkularitza masterra du, Biko Arloak-eko Training sexologia klinikoko formakuntza du eta Lanbide Heziketako... [+]
Aparteko iragarpenik egin gabe, "askatasun akademikoaren eta izpiritu kritikoaren" aldeko aldarria egin du Joxerra Bengoetxeak EHUko errektore karguaren zina egin duenean, Ajuria Enean: "Ebidentzia zientifikoak ukatzen dituztenen aurkako euste-horma izango da... [+]
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euro ordaindu beharko ditu, Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzarako ezarri dion matrikulazio muga gainditzeagatik, baina zortzi ikasleak mantenduko ditu, negoziazioen ondorio. Hezkuntza Sailaren erabakiak eta jarrerak salatu ditu ikastolak.
Behin batean, gazterik, gidoi nagusia betetzea egokitu zitzaion. Elbira Zipitriaren ikasle izanak, ikastolen mugimendu berriarekin bat egin zuen. Irakasle izan zen artisau baino lehen. Gero, eskulturgile. Egun, musika jotzen du, bere gogoz eta bere buruarentzat. Eta beti, eta 35... [+]
Hezkuntza publikoko lehen bi greba egunei ekin diete EAEn. Asteazken eta ostegun honetan irakasleen txanda da, eta lehenengo egunaren jarraipena %75etik gorakoa dela adierazi dute sindikatuek: "Grebak jarraipen zabala izan du". Eusko Jaurlaritzak berriz, jarraipena... [+]
Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.