Maiatzaren 6tik 9ra bitartean 3.000 pertsonak parte hartu dute Atenasen Zorrari eta Austeritateari buruzko Biltzarrean. Mundu osotik etorritako militanteek gomendatu diete Europako periferiakoei –Grezia, Portugal eta Irlandakoei– ez onartzeko kanpo zor bidegabearen ordainketarik. Nork esan behar zigun europarroi...
Argentinarekin alderatzea, Europan hango corralitoa edo kiebraren antzeko zerbait suertatu zitekeela iradokitzea alegia, iseka egitea zen, edo hitzontzikeria apokaliptikotan aritzea. Hori atzo arte zen. Orain edozein egunkari serioren ekonomiazko orrietan aditu burutsuenek Argentina, Uruguai edo Ekuador aipatzen dituzte Grezia, Irlanda edo Portugalentzako eredutzat. Ordaindu ote ditzakete metatutako zorrak? Erreskatea zabaltzea komeni da? Ez ote da pentsatzen hasi behar horien zorrak berregituratzea, esan nahi baita hein batean barkatzea?
Atenasen Conference on Debt and Austerity delakoak bildu dituen 3.000 entzule eta 400 militanteek ere ahotan izan dituzte Argentina, Uruguai, Ekuador... baita Zimbabwe bera ere, baina ez bakarrik eredu teoriko gisan. Ondoko urteetan Europako herrialde periferikoetako jendeek nozitu lezaketen hondamendia ekiditeko ispilu bezala aztertu dituzte haien ereduak.
Britainia Handiko Red Pepper aldizkarian Nick Deardenek idatzi duenez, “Brasil, Peru, Filipinak, Maroko, Argentina eta bestetako ekintzaileek greziarrei esan diete gogor eusteko, bestela 30 urteko atzeraldi suntsigarria datorkiela eta Nazioarteko Diru Funtsa bezalako erakundeekiko morrontza”.
Munduan 1980ko hamarkadatik aurrera ikusita dago zein diren orain Grezia, Irlanda eta Portugali beren zorrak ordaintzeko ezartzen zaizkien politiken benetako ondorioak. Zambia batean zorra bi halakotu egin zen, eta ekonomia hondoratu. Argentinan NDFaren botikak ez zuen lortu egoera okertzea besterik; azkenean 2001ean kiebran sartu behar izan zuen Buenos Airesko gobernuak.
Europako herrialde batzuek zorrak sekula pagatu ezingo dituztela sinesteko ez dago altermundialista izan beharrik. Georgios Papandreu lehen ministro greziarrak aitortu du kasik horretara helduak direla. Irlandakoari dagokionez, Morgan Kelly ekonomialariak aspaldi abisatua die bere erkideei. Baina Atenasen bilduak haratago zihoazen analisian.
Atenasen onartutako manifestua honela hasten da: “Gu, mundu osotik etorritako ekintzaileak eta mugimenduen ordezkariak, Atenasen bildu gara aztertzera lehen gertatutako krisi ekonomikoak, legez kontrako zorrari aurre egin eta hori baliogabetu dadin mobilizatzera, eskaintzera gure solidaritatea Europako jendeari NDFak eta Europar Batasunak inposatu dituzten austeritate programa bidegabeen kontra daraman borrokan, eta baita ere prestatzera plan ekonomiko bat herritarren beharrei erantzungo diena, elite sozial txiki bati mesede egiteko partez”.
Atenasko biltzarra mugiarazi dutenen artean mundu mailako erakundeak daude, hala nola CADTM Hirugarren Munduaren Zorra Baliogabetzeko Batzordea –gehien bat ATTAC siglengatik ezagunagoa–, eta zenbait talde lokalago. Espainiatik Observatorio de la Deuda en la Globalización erakundea aritu da.
Bertaratutako pertsonaien artean arreta berezia egin zitzaien Sofia Sakorafaren hitzei. Greziako parlamentari honek agintean dagoen PASOK alderdia utzi zuen gobernuak erreskatea onartu zuenean. Bileraren mamia honela laburbildu zuen: “Tiraniari, zanpaketari, bortizkeriari eta gehiegikeriari erantzuteko bidea informazioa da”.
Atenasen salatu zenez, Europako periferian krisian diren herrialdeak itotzerainoko zorretan sarrarazteko NDFk, Europar Batasunak eta munduko korporazio handiek erabili dituzte aurretik, 1970eko hamarkadatik, herrialde txiroetan usatutako antzeko formulak: ustelkeriaz erosi politikoak onartu zitzaten azpiegitura erraldoiak, finantzen arauak arindu etxegintzarena eta zorpetzearena bezalako burbuilak eraginez, armetan inbertsio handiak –Greziaren kasuan, eskandalagarria– eta abar.
Orain, 1929az geroztiko krisirik handiena lehertu denean, Europar Batasuneko buruzagiak politika ekonomiko osoa antolatu dute kapitalaren mesederako. Atenasko agirian diotenez, Egonkortasun Itunak eurogune osoan langileak estutzen ditu, Europako Banku Zentralak banku handien interesak babesten dituen bitartean. Europar Batasunean bereizi egin dituzte erdigune sendoa eta periferia ahula. Periferiak zorrak handitu ditu ez bakarrik erdigunearekiko daukan etenagatik, baizik eta baita ere lekuko aberatsen eta gainerako herritarren arteko eten gero eta sakonagoagatik. Orain zorrak ordaindu behar dituzte langileek eta langabeek, nekazari txikiek, enpresa txiki eta ertainek, hain zuzen zorrei etekinik atera ez dietenek.
“Austeritate eta pribatizazio neurriek –dio agiriak– gizarteko pobreenak estutuko dituzte gogorrenik, eta bitartean krisia sortu duten haiek erreskatatuko dituzte. Euroaren aldeko Itunak langileen gaineko presioa larriagotuko du. Aberatsek eta enpresa handiek jarraituko dute saihesten zergak, gizarte justuago bat eraikitzeko behar liratekeenak. Ez badiegu neurri horiei aurre egiten, Europan sekulako eragina izango dute, urte luzetarako okertuko dute indarren balantza kapitalaren mesederako eta langileen kalterako”.
Salaketaz eta mobilizazioaz gain, hiru mailako erantzuna proposatu da Atenasen, Europan indarrean diren politiken kontra. Batetik, herrialdeen zorren auditoriak egitea, erabakitzeko zor publiko horretatik zenbat den legearen kontrakoa, bidegabea, gorrotagarria edo, besterik gabe, ezin pagatuzkoa.
Bigarrenik, krisiari erantzutea burujabetzatik eta demokraziatik, ez kontrolik gabe agintzen duten Europar Batasunetik edo NDFetik. Herrialde batek eskubidea dauka ordainketen moratoria ezartzeko, Nazio Batuen Erakundeak berak legezkotzat jotzen du derrigortua dagoenarentzako.
Hirugarren, ekonomiaren berregituraketa. Neoliberalismoaren aurrean, trantsizio programak: bankuen kontrola eta behar izanez gero jabetza; industria politika berria inbertsio publikoan eta sektore estrategikoen kontrol publikoan oinarritua; zergen berrantolaketa kapitalak eta aberatsenek gehiago pagatu dezaten, berriz indartzea jarduera soziala osasungintzan, hezkuntzan, garraioan, pentsioetan...
Aurreko puntuotan euskaldunari deigarriena gerta dakioke zor publikoaren auditoria eskaria. Hau herrialde txiroagoetan proposatu izan da –2007ko urtarrilean eskaini zitzaion Net Hurbil bat–... baina Europan? Atenasen azaldu zen sindikatu, mugimendu sozial eta militanteen artean nola jarri dezaketen martxan horrelako auditoria bat. Bada eskuliburu bat horretarako.
Atenasen aurkeztu Debtocracy dokumentala YouTuben ere ba dago. Balizko espainoloi komeni zaigu ikustea: zenbait adituk udazkenerako iragarri du gure erreskatea.
Aitor Esteban izango da EAJko EBBko hurrengo lehendakaria eta jeltzaleek salduko dute horrela, zuzendaritza berrituta, buruzagitza berria prest dagoela alderdiaren berrikuntza prozesuarekin jarraitzeko.
Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]
Gasteizko EHUko Farmazia Fakultateko irakasle batek sare sozialetan “mezu faxistak” zabaltzen dituela salatu du Ikama ikasle taldeak. Joan den irailean, EHUk Leioako Campuseko irakasle bat kanporatu zuen sare sozialetan zabaltzen zituen mezuengatik.
Belako, Chill Mafia, Eñaut Elorrieta, Fermin Muguruza, Ibil Bedi, J Martina, ØDEI, Olaia Inziarte, Nøgen eta Tatxers daude sinatzaileen artean. 237 musikariren zerrenda argitaratu dute.
Itzal(iko) bagina
Taldea: Lokatz Loreak.
Aktoreak: Araitz Katarain, Janire Arrizabalaga eta Izaro Bilbao.
Zuzendaria: Iraitz Lizarraga.
Noiz: otsailaren 2an.
Non: Usurbilgo Sutegi aretoan.
Eraso faxistak, xenofoboak edo homofoboak gero eta ugariagoak dira Euskal Herrian ere, eta kezka barreiatu da han-hemenka. Behe Bidasoa da eraso horiek pairatzen dituen eremuetakoa, eta hor, zehazki, eraso edota ekintza gehienak Devenir Europeo (Europaren bilakaera) izeneko... [+]
Donostiako eta Gipuzkoako beste udalerrietako irudiak ikus daitezke unibertsitatearen webgunean.
Komunikabideko hainbat langile eta bazkide bertaratu ziren duela astebete Amurrioko Udaleko plenora, dirulaguntza bigarren urtez ezabatu dela salatzeko. Txerra Molinuevo alkateak ez zuen inolako erantzunik eman.
PSN, EH Bildu eta Geroa Bai talde parlamentarien sinadurarekin aurkeztu da gaur eta onartua izateko babesa izango du.
Iruñerriko IAk azaldu duenez, irakasle horrek ikasleak sexualizatu eta bortxaketak justifikatu zituen. Aurreko ostiralean eserialdi bat egin zuten eta sinadura bilketa bat izan dute martxan, irakaslea botatzeko.
Lauzpabost pertsonak osatutako talde batek jo egin zituzten baita irain homofoboak egin ere.
Le Tampographe Sardon enpresak salgai ezarria du 24 laidoko zigilu-kutxa. Sarean eskuragarri da. Ximun Fuchs aktoreak du hautaketa lana egin, irainak "lan tresna" baitira beretzat.
Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.