Ondo lotu gabeko kilometroak

  • Geroz eta jende gehiago dabil bizikletaz eguneroko mugikortasun beharrei erantzuteko.Bidegorri sare koherentea eta erabilgarria lortzeko, ordea, urrats sendoagoak eman ezean, nekez lortuko du bizikletak, dagokion neurrian, autoa ordezkatzea.

Beasaingo irudi hau ez da ohikoena, sarri oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioek gain hartzen dietelako elkarri.
Beasaingo irudi hau ez da ohikoena, sarri oinezkoentzako eta txirrindularientzako espazioek gain hartzen dietelako elkarri.Gipuzkoako F. Aldundia
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aitortzen dut. Duela gutxi, ezkerreko besoarekin popatik hartzera bidali nuen bost zentimetroko artzenera sartzeko eskatzen ari zitzaigun auto gidari ipurterrea. Tropeleko kideek modu grafikoagoan adierazi zioten euren haserrea, eta Urola errekan gora egiten duen bide sigi-sagatsuan bozina hotsa izan genuen tarte batez gregario.

Pentsatuko zuen, gidari zintzo hark, ziklista alu hauek bazutela errekaz bestaldean dagoen bidegorritik joatea, motordun ibilgailuen martxa oztopatzen aritu beharrean. Bide horretatik, baina, tarterik handienean behintzat, ezin da errepideko bizikletarekin ibili, zorua asfaltatu gabe dagoelako. Bestela ere nekez joango ginateke handik, gu baino mantsoago dabiltzan txirrindulariak eta oinezko zein korrikalariak saihesten ibiltzea ez baita batere atsegina, ez guretzat, ezta bidegorrien gainerako erabiltzaileentzat ere.

Kirola egiteko gabiltza bizikletan, urte sasoi honetan errepidera saldoan ateratzen diren espezie bereko animalia artean, Frantziako Tourra irabazteko entrenatzen ariko bagina bezala. Eta argi dago tamainako desafiorako Euskal Herriko bidegorri sarea oso motz geratzen dela. Dena den, bizikletaren erabilera sustatze aldera, helburuak ez luke harrapari horien kilometro-gosea asetzea izan behar. Ez behintzat helburu nagusia. Litekeena da zuetako zenbaitek bizikleta hartzea aisialdiaz modu lasaiagoan gozatzeko, eta kasu horretan bai, bidegorri sare geroz eta zabalagoa erabiltzaileen beharretara egokitzen ari da pixkana-pixkana, Zumarragatik Azkoitiraino doan bidearen tankerako azpiegiturei esker.

Litekeena da baita ere, bakarren batek urte osoan erabiltzea bizikleta, lantokira zein ikastetxera joateko, enkarguak egiteko, trago batzuk hartzera irteteko eta, oro har, eguneroko bizitzak eskatzen dizkion beste hainbat mugimendu egiteko. Erreportaje honetan mota horretako erabiltzaileen esperientziaz hitz egingo dugu bereziki. Elkarrizketatu ditugun txirrindulariek diote aurrerapausoak eman direla, baina itxura ponpoxoa erakusteko ekintzak izan direla sarri, ez besterik, eta oraindik gauza asko dagoela hobetzeko, eguneroko jardunean bizikleta motordun ibilgailuen benetako alternatiba bihurtu ahal izateko.

Fikziozko kilometroak

Areilza do(k)torea izeneko blogaria enpresa teknikaria da eta Bilbotik 10 kilometrora egiten du lan: “Bulegora joateko izan ezik, orotarako erabiltzen dut bizikleta. Distantziagatik saia ninteke joan-etorria txirrinduan egiten, mugikortasunaren ikuspuntutik hamar kilometrora arteko ibilbidea onargarria iruditzen zaidalako, baina bidaia ilunpetan egin beharko nuke eta bidea arriskutsuegia da”. Bere hitzetan, “Bilbo Handian bizikletaz mugitzeko ez dago batere erraztasunik. Distantziagatik posible litzateke Getxo, Barakaldo eta Txorierri Bilborekin lotzea bidegorrien edo autobideak ez diren errepideen bitartez, baina egun ia ezinezkoa da mugikortasunaz berba egitea”. Bilbogorri blogean Bilboko bidegorri sarearen argazkiak plazaratzen ditu, haren gabeziak agerian lagatzeko. Udalaren politikaz galdetuta, ematen ari diren aurrerapausoak nahikoa ez direla erantzun digu: “Etiketa berde eta ekologikoa jartzea ongi dago, asko saltzen du, baina agintariek ez dute horretan sinesten. Bidegorriak egiten dituzte obra berri batean lekua soberan geratu eta han zer ipini ez dakitenean”.

Bidegorria proiektuen agendan duten gaia dela erantzun digu Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatuak: “Bidegorria proiektatzerakoan dauden espazioak ahalik eta ondoen diseinatu behar dira, tarte hutsak bete edo trenbide zahar eta pistak egokituz, adibidez”.

Euren hiriko bidegorriez Areilza do(k)torearen termino bertsuetan mintzo dira Errores y horrores del carril bici en Pamplona (http://erroresyhorrores.blogspot.com) blogaren kudeatzaileak. Iruñeko Udalaren politika “negargarria” dela diote: “Gure ustez, ziklisten eta oinezkoen beharrak ezagutzen ez dituzten pertsonek hartzen dituzte erabakiak; ziurrenik, sekula santan ez dira bizikletan ibili. Alokairuzko udal bizikleten (nbici) euskarriak ditugu horren adibide; bost besterik ez daude hiri osoan. Agintariek lau haizetara zabaltzen dituzte emandako urratsak, baina existitzen ez diren fikziozko kilometro kopuruaz mintzo dira sarri, bizikletentzako ibilbide bezala hartuz ibai-parke eta unibertsitateetako oinezkoentzako bidexkak. Pasabide horiek ez daude bizikletentzako prestatuak, oztopo gaindiezinak dituzte, oinezko eta txirrindularien arteko harremana zailtzen dute... Kontatuko bagenitu bizikletentzako egokitutako kilometroak, Iruñeko sarearen kalitatea ziurrenik tropeleko atzealdean egongo litzateke edozein sailkapen seriotan”.

Iruñeko bidegorriak, gainera, ez daude elkarren artean lotuta. “Hori da gabeziarik handiena; ez dute hiri osoan modu eroso eta seguruan mugitzeko aukerarik ematen. Alde Zaharrean eta Bigarren Zabalgunean, adibidez, ez dago bizikletentzako biderik”, kexu dira.

Jarraikortasun eza oztopo

Bilbon ere arazo bera dute. “Egia da gauzak egiten ari direla, baina zati asko elkar konektatu gabe daude”, esan digu Areilzak. Hiriburutik inguruko herrietara bizikletaz joateko inolako loturarik ez egotea ere kezkagarria dela dio: “Bereziki tristea da errekaren bi aldeetan amaitu gabeko bizikletentzako ibilbideak daudela ikustea”. Adibide positibo moduan Galdameseko bide berdea eta Muskiz-Areeta-Barakaldo eta Getxo inguruko bidegorriak jarri dizkigu, baina batik bat aisialdirako egin direla dio. Bide berdeak dira trenbide zaharren lekuan eraikitako bizikletentzako ibilbideak. Hego Euskal Herrian dozena bat daude.

Aurrekoek esandakoa errepikatu digu Iban Grossier-ek, egoitza nagusia Baionan duen Bizi! mugimenduko Autoari Alternatibak lan taldeko kideak. “Ipar Euskal Herriko txirrindula sarearen ezaugarriak ondokoak dira: ez dira molde jarraikian pentsatuak –beren barnean ‘mozturak’ dituzte, biribilguneak...– eta ez dute haien artean loturarik, sareak ez du koherentziarik. Faltan agertzen da txirrindularentzat antolatua litzatekeen eskema orokor bat, Baionako hirigunearentzat bereziki eta molde orokorrean Iparralde osoarentzat”.

Baikorrago azaldu zaigu bizikleta erabiltzaileen eskubideak bermatzea helburu duen Gasteizko Bizikleteroak taldeko Ruben Ziordia: “Lehendabiziko bidegorriak, 1980ko hamarkadan egindakoak, hirian zehar sakabanaturik zeuden, elkarrekin lotu gabe, eta apenas erabiltzen ziren. 2000. urtetik aurrera, gure elkartearen eta Udalaren lanari esker, hasierako sare hori handitu eta ibilbide logiko batzuk osatzea lortu zen. Aurreneko bidegorrien xedea aisialdiaren beharrei erantzutea zen, baina gaur egun gai dira eguneroko mugikortasunari erantzuna emateko. Gasteiz oso hiri konpaktua da eta alderik alde lotu dute. Helburua da eguneroko mugimendu guztiaren %15 bizikletaz egitea. Kopurua %3 ingurukoa da orain”. Donostian ere, Udalak emandako datuen arabera, hiri barruan bizikletaz egiten den mugimendu kopurua %3,5ekoa da, 2011rako helburua %6ra iristea bazen ere. Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak onartu du azken hamar urteetan Donostiak bizikletaren aldeko politika aktiboa garatu duela, baina gaineratu dutenez, batez ere oinezkoak eta garraio publikoaren erabiltzaileak pasa dira bizikletaz ibiltzera, eta motordun ibilgailuek, aitzitik, gora egin dute.

Elkarrizketatu ditugun lagunek esan digute oro har bidegorrien egoera ona dela, nahiz eta batzuek gabeziak izan badituzten: espaloiak inbaditzen dituzte, ertzaren koska handiegia da, alboetan zuhaitzak eta bide-seinaleak dituzte, baita zurezko hesi, pibot zein autoentzako aparkalekuak ere –horrek dakartzan arriskuekin, bat-batean atea ireki eta txirrindulari bat jotzea, adibidez–, gaizki seinaleztaturik daude, abiadura muga izugarri txikia da... Grossierrek dioenez, “bide bazterrean txirrindulentzat markatuak diren eremuak usaian sobera hertsiak dira eta batzuetan auto trafiko handiegia duten bideen ondoan eginak”.

Errepidetik nahiago

Bizi! mugimenduak 2010eko udaberrian egin zuen Txirrindulari buruzko Herritar Diagnostikoa txostenaren arabera, galderei erantzun zieten 1.126 ziklistetatik %9,2k esan zuten auto gidarien jokamoldea beraiekiko ona dela, %52,5ek erdibidekoa eta %35,8k txarra. Grosierrek egunero erabiltzen du bizikleta: “Atxemaiten dut auto gidariek kasu egiten dietela txirrindulariei”. Blogari iruindarren iritziz berriz, auto gidari askok ez ditu zirkulazio arauak ezagutzen, mantendu beharreko segurtasun tartea (1,5 metro), esaterako. “Bestalde, oinezkoekin dagoen arazoa da bakoitzarentzako espazioek elkarri gain hartzen diotela, eta ez dagoela guztiontzako lekurik”, azaldu digute.

Bidegorrietako seinaleei kasu egin behar diegula gogorarazi digu Ziordiak, haiek esango baitigute lehentasuna nork duen, zeintzuk diren norberaren eskubide eta betebeharrak. Eta hori ikastea, erritmoa ez apurtzeko gorrian dauden semaforoei kasu zipitzik egiten ez diegun txirrindularioi ere badagokigu. Bidegorrietan badira seinale urdin batzuk esklusibotasuna adierazten dutenak, baina ez dute txirrindularia handik joatera behartzen, azaldu digu Bizikleteroak elkarteko kideak. Bera funtzionarioa da eta Gasteiz erdialdean egiten du lan: “Batzuetan nahiago dut errepidetik joan, zirkulazio kodea eta seinaleak nire alde daudelako. ‘Aizu, bidegorritik joan behar duzu derrigorrez!’, oihukatzen didate auto gidariek. Hori ez da egia. Litekeena da bidegorri horretatik txirrindulariak soilik ibili ahal izatea, baina ez gaude handik ibiltzera behartuta”. Udaltzain askori, bestalde, ez zaie axola bidegorrietan zer geratzen den.

“Gu ere trafikoa gara eta hori aldarrikatu beharra dago; bizikletak ere ibilgailuak dira”, gehitu du Areilza do(k)toreak. “Autoek autopistak ala errepide arruntak aukera baditzakete, guk bi aukera dauzkagunean zergatik ez? Autoek hiriak ‘ataskatzen’ dituzte ia egunero, baina bizikletek haien erritmoa mantsotzea onartezina dela uste dute. Kotxeek hiriak ‘ataskatzeko’ eskubidea dute baina bizikletek ez”.
Txirrindulari bilbotarraren ustez, “bidegorriek bizikleten erabilera normalizatua oztopatu besterik ez dute egiten”. Arrazoiez galdetzean, erantzun digu segregazioak alde on eta txarrak dituela. Bere hitzetan, bizikletaren erabilera sustatzeko bidegorriak garrantzitsuak dira: “Haurrek eta erabiltzaile hasiberriek estreinako pedalkadak emateko, hiri handien irteera-sarreretako trafikoa saihesteko, paseatzeko…”. Baina, era berean, ideia faltsu batek indarra hartzen duela dio: “Errepidea autoentzat, bidegorria bizikletentzat eta espaloia oinezkoentzat”. Espazioa elkarbanatzea da irtenbidea, bi errepide sare egitea (bat bizikletentzat, bestea autoentzat) “diru xahutze ikaragarria” delako: “Bi sare mantentzerik ez dago, ez ekonomikoki ezta teknikoki ere; beraz, zergatik ez hasi hirietan bizikleten erabilera errazten? Errepideak estutu eta autoen abiadura mugatuz, aparkalekuak gutxituz eta, oro har, hiriguneetan autoei ‘oztopoak’ jarriz”.

Garraio publikoa(ren) osagarri

Ziordiak bezala, Areilzak errepidearen aldeko hautua egiten du maiz. “Azkarren bidaiatzeko modua hori da, bidegorriak saihesbide moduan erabilita, kontrako norabideei iskin egiteko-eta. Baita erosoagoa ere, asteburuetan izan ezik, galtzada betetzen duten barraskiloengatik: umeak, aitona-amonak, patinatzaileak... Ginkana bihurtzen da bidegorrietan ibiltzea”, dio ironiaz. Errepidea, gainera, seguruagoa ei da, baina aitortzen du berak esperientzia duela eta ohituta dagoela kotxe artean ibiltzen. Iban Grossierrek ez du zalantzarik: “Argi da Iparraldean eta bereziki Baionako hirigunean txirrindulaz ibiltzea oso arriskutsua dela. Autoa askoz ere seguruagoa da!”.

Bizi! kolektiboko kidearentzat, bizikleta eta garraio publikoa elkarren osagarriak dira: “Adibidez, txirrindulak behar luke ahalbidetu etxe ondoan norberak duen autobus geralekura edo tren geltokira joatea. Edo, autobusetik edo trenetik jaistean, libreki erabiltzen ahal den txirrindula bat hartzen ahalko genuke. Txirrindulaz, autobusaz, trenaz... ideia da autoa aparkalekuan ala garajean uztea. Edo hobeto, autorik ez ukaitea!”. Autoak duen protagonismoa “sobera inportantea” dela dio Grossierrek, baina hainbat urtez lo egon ondoren, hautetsiak azkenean iratzarri direla eta beste hirigune eta eskualde batzuetan jada martxan den mugikortasun politikaren alde lanean ari direla. Agintariek eredu izan behar dute: “Lehenak izan behar lukete txirrindula hautatzen autoaren ordez, ahal duten aldi oro!”.

“Norberari dagokio bere mugikortasunerako zein aukeraren alde egin erabakitzea”, adierazi digu Carlos Ormazabal Gipuzkoako Garapen Iraunkorreko diputatuak, autoaren menpekotasunari nola aurre egin galdetuta. Foru Aldundia garraio publikoan oinarritutako sare egokia osatzeko ahaleginak egiten ari dela dio, baina “oso sartua” daukagula motordun ibilgailua erabiltzearen kultura: “Ibilgailu pribatua baztertu gabe, hiritar guztion erronka izango da ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egitea, baina hori denborarekin etorriko da”. Bidegorrien bitartez hiriguneak industria eremuekin lotzeak du Diputazioarentzat lehentasuna, “mugikortasun eramangarria sustatzeko ezinbestekoa delako lantokietara bizikletaz joan ahal izatea”. Gutako askok lantokia zein distantzira dugun kontuan hartuta, ezinbestekoa da bizikletek eta garraio publikoak benetako aliantza sortzea. Baita udalerriak bizikletentzako bideekin lotzea ere, puntako orduetan joan-etorria izugarri konplikatu baitezake trafikoak.


Azkenak
Auxerreko haur txikien hilerria

Aurtengo neguan INRAPeko (Ikerketa Arkeologiko Prebentiboen Institutu Nazionala)  arkeologoek nekropoli berezia aurkitu dute Auxerreko (Frantziako Estatua) erdigune historikoan: haur jaioberrientzako edo hilda jaiotako haurrentzako erromatar garaiko hilerria. K.o. I. eta... [+]


Bederatzigarrena eta azkena

Viena, 1824ko maiatzaren 7a. Ludwig Van Beethovenen (1770-1827) 9. Sinfonia estreinatu zen. Konpositore alemaniarrak bukatu zuen azken sinfonia izan zen, baina, asmoari erreparatuta, lehena izan zela ere esan liteke. Beethovenek 1799 eta 1800 urteetan idatzi zuen 1. sinfonia;... [+]


ChatGPT-k hau ere badaki: datu zentroek milioika litro ur lapurtuko digute

Adimen artifiziala denen eskueran jartzearekin, multinazional teknologikoek cloud datu zentro erraldoiak eraikitzeko planak ugaritu dituzte. Ekipamendu informatikoz betetako mega-fabrikon aztarna ekologikoa ikaragarria da: elektrizitateaz gain, milioika litro ur behar dute euren... [+]


Hezbollahk 200 suziritik gora jaurti ditu Israelera, sionistek komandante bat hil ondoren

Hezbollahren goi mailako bi agintari militar hil ditu Israelek hilabete batean. Tentsioak gora jarraitzen du, erabateko gerra pizteko kezka artean.


Loiuko aireportuan atxikitako gaztea deportatuko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz

Ostiral arratsaldeko 15:00etan deportatuko dute Bilbotik Tangerrera doan hegaldi batean, EITBk informatu duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalaren arabera, “gaur egun ez dago demandatzailearen bizitzarako edo osotasun fisikorako berehalako arrisku edo arrisku... [+]


Merezi dugun euskal opera

Durangoko Hitz liburu-dendan otu zitzaidan Saturraran operak merezi zuela kritika. Jose Julian Bakedanoren arrapostua batetik, liburu-dendako Gaizka Olabarriren berben ilusioa, horrenbeste urtean Hitz liburu-dendako ardura eraman izan duen Nekane Bereziartuak opera hori ikusteko... [+]


Nafarroako Gobernuak biktima gisa onartu du poliziak ke pote batez zauritutako Mikel Iribarren

1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Mundakan atea itxi diete etxebizitza turistikoei urtebetez

Etxebizitza turistiko berriak erregistratzeko baimenik ez ematea erabaki du Mundakako gobernu taldeak, ostegun honetan egin duen ezohiko bileran. Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) behar diren aldaketak egingo ditu lizentzien etetea burutzeko.


Laboristek sekulako garaipena lortu dute Erresuma Batuko hauteskundeetan

Alderdi Laboristak bete ditu aurreikuspenak eta sekulako garaipena lortu du Erresuma Batuko hauteskundeetan. Keir Starmer alderdiko buruzagia izango da lehen ministro berria. Eskozian SNPk porrot handia jaso du, Sinn Feinek boto emaitzak hobetu ditu eta Galesko independentismoak... [+]


Ipar Euskal Herriko artistek Fronte Herritar Berria bozkatzeko deia egin dute

Eskuin muturra garaile izateak kultura eta gizarte mailan ekar dezakeenaren ikuspuntua partekatu dute, adierazpen bateratu baten bitartez. Guztira 94 artista eta kultur eragilek sinatu dute idazkia momentuz.


Suntsitutakoa berriz bondardatzen ari da Israel, norabide argirik gabe

Hamarnaka mila pertsonak ihes egin behar izan dute Khan Younis eta Gaza hirietatik azken egunetan, nora joan izan gabe. Israelgo armadaren eta Netanyahuren arteko talkak azaleratuz doaz, eta Hezbollahren aurkako gerra geroz eta gertuago dago. Su-eten proposamena mahai gainean... [+]


Eguneraketa berriak daude