Historialari zuberotar gazte hau ia sei urtez izan da Amerikako Estatu Batuetan, immigrante euskaldunen xerka, haien egoera eta nortasuna aztertzeko. Renoko Unibertsitatean doktoretza bukatu ondoren bertako Euskal Ikerketarako Zentroan aritu da lanean.
Behin-behineko emigrantea izan da bera ere.
Zerk eraman zaitu euskaldunen emigrazioa ikertzera?
Maîtrise bat historian hasiko nuela (Master lehen urtea gaur egun), ikerketa gai bat bilatzen nuen. Gai honek euskaldunekin zerikusia ukanen zuela segur nintzen. Horrez gain, 20 urte nituen orduan eta munduaren deskubritzeko garra azkar nuen. Ondorioz, Paueko irakasle batek “euskal emigrazioa Argentinara” aztertzea aipatu zidalarik, gai honek berehala interesatu ninduen. Baina baldintza bat inposatzen nion ene buruari: ikerketa gai horrek Euskal Herritik kanpo eraman behar ninduela –beste zerbaiten ikusteko behar handia sentitzen bainuen orduan–. Sentimendu hori ez da erraz esplikatzea baina ttipidanik bidaiatzeko eta gauza berrien ezagutzeko gose hori izan dut. Ikerketa gai posible hori ene familiakoekin aipatu eta, ene familiaren –beste familia euskaldun gehienak bezala– historiaren parte inportanta zela ohartu nintzen. Ene arra attatta adibidez baxenabartarra zen, Jutsikoa, eta zazpi urtez artzain egon zen Kalifornia hegoaldean eta bere anaia zenbait han geratu ziren. Ene buruari galdetu nion: emigrazio fenomeno hori Euskal Herriko historian hain kapitulu garrantzitsua izan bada, zergatik ez dugu gehiago aipatzen? Duela hamar urte, Iparraldean behintzat, gai hori ez zen hainbeste aitzina emana gizartean, gaur egun den bezala. Urteekin, ene interesa gai honendako emendatuz joan da.
Maîtrise urtean egin beharreko ikerketa gaia aldatu zen eta Paris hiriko euskal emigrazioa ikertzea erabaki nuen, Pariseko Eskual Etxearen historian zentratuz gehienbat. Ez nintzen azkenean hain urrun joan, baina ez zen hain gaizki hasteko, Xiberotik partitzen zen neska gazte batentzat! Lan horren emaitza ene lehen liburua izan zen, frantsesez idatzi nuena. Ikerketa eramaten nuen ber, konturatu nintzen nortasunaren gaia interesgarria bezain konplexua zela. Urte hura biziki garrantzitsua izan da ene bizian beste arrazoi batengatik ere: hor baita lehentze euskal mundua ireki ene begien aitzinean. Munduan barna berrehun bat euskal elkarte pasa bazirela ohartu nintzenean, ene interesa horra buruz joanen zela hurrengo urteetan argi nuen. 2003ko udan, Eusko Jaurlaritzak lau urtero antolaturiko Munduko Euskal Gizataldeen Kongresuan parte hartu nuen eta han, hainbat jende interesgarriren artean, Renoko Euskal Ikerguneko (Center for Basque Studies) ordezkariak ezagutu nituen eta urte bat berantago (2004ko agorrilan) Estatu Batuetako bidea hartzen nuen hango doktorego programa integratzera. Honen ondorio da nire bigarren liburua, The North American Basque Organizations, 2007an agertua. Eta egundaino ez dut zangoa Argentinan pausatu... Uda honetan beharbada...
AEBetako gaurko euskaldunei so. Nolako etorkizuna, zure ustez?
Emigrazioaren inguruko ikerlana egiteko komunitate ezberdinak hautatu nituen barnean dagoen jendea ezberdina delako, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorri baitira. Adibidez, Renon Hegoaldeko eta Iparraldeko jendea, Kalifornian Iparraldekoak (baxenabartarrak) eta Boisen aldiz, bizkaitarrak.
Boisekoa, adibidez, biziki dinamikoa da ailegatu baitira gazteak erakartzen. Hala nola, haien dantza taldea ikaragarri handia da, ehunka gazte daude, ez bakarrik ttipiak, handiak baita ere.
Hori da beste komunitateetan ikusten ez den zerbait. Maiz haurrak txiki direlarik (6 urte) hasten dira dantzatzen baina 12–13 urtetara iristean aktibitate hori uzten dute beste batzuetara murgilduz (futbola, beisbola…).
Aldiz, unibertsitatea bukatuta eta haurrak ukaiten hasten direnean, nahi dute beraiek bizi izan dutena horien haurrek bizitzea, eta ondorioz berriz heldu dira euskal etxeetara. Hau oso positiboa da, odol gaztea ekartzen baitu.
Badira gazteak euskara etxean ikasi dutenak, baina ez dira anitz. Baina euskal elkarteak hasi dira euskara klaseak ematen, eta nork daki, egoera hau aldatu daiteke.
Zu zeu ere, nolabait, etorkin sentitu al zara zure Renoko egonaldian?
2004ko agorrilatik 2009ko azarora Estatu Batuetan bizitu naiz, bost urte pasa hots. Han nintzela, mundu osoko jendea ezagutu dut, esperientzia berriak egin ditut, Estatu Batuek gordetzen duten hainbat marabilla bisitatu ditut eta beste hizkuntza bat ikasi dut, ingelesa. Baina ttipidanik segitzen ninduen gose hura nolazpait asetzen nuen denbora berean, ohartu gabe, pixka bat galtzen nintzen. Esplikatzen naiz... Nire lana aitzinatzen zen arau, urteak jin urteak joan, ikertzen nituen emazte eta gizonen buruhauste berdinen bizitzera ailegatu naiz: “immigrantearen sindromea” deitzen dutena. Haiek bezala, Estatu Batuetan nintzelarik, burua Euskal Herrian nuen eta bakantzaz etxera sartzen nintzelarik, zerbait faltan botatzen nuen. Nire tesian hain zehazki kontzeptualizatzen eta deskribatzen nuen nortasun transnazional hark gainditu ninduen! Ez nintzen etsit hango, ez eta hemengo. Ene bosgarren uda Estatu Batuetan pasatzen nuela, euskal festibal batean euskaldun batek galdegin zidan ene bizia han eginen nuenez. Nik berehala erantzun nion ezetz baina euskaldun hark irriño ttipi batekin eta trufa izpi bat doinuan erantzun zidan: “Bai Argitxu. Nik ere horren erraiten segitzen dut eta badu 40 urte hemen nintzela”. Erantzun horrek bonba baten efektua egin zidan eta anitz pentsarazi: “Ez banaiz orain sartzen, ez naiz sekula sartuko”.
Agur Xiberoa... Mintza gaitezen zure sorlekuaz.
Xiberoa probintzia ttipiena da, bai lurraldez bai eta ere populazioz (13.500 biztanle). Frantses erran batek dioen bezala, “ttipiago, ederrago”. Baina zitazione hori probintzia horretan sortua eta hazia izan den norbaitengandik objektiboa ote da? Zuek duzue erranen...
Ekonomikoki, gaur egungo Euskal Herrian ene probintziak ez du pisu handirik. Baina bertan bizi direnen nahi azkarra Xiberoan bizitzeko eta Xiberoaren bizi arazteko aipagarria da. Anitz dira Xiberoan bizitzeko hautua egin dutenak eta lanera joateko Baionaraino edo Paueraino bidea egiten dutenak. Gizon eta emazte dinamikoak lanean ari dira Xiberoan enpleguaren mantentzeko eta berrien sortzeko. Egitura azkarrak ere gizarteak plantan eman ditu enpresa baten sortzean laguntzeko edo lurrik gabeko laborari baten instalatzen laguntzeko. Bizi kultural aberatsa ere ezagutzen du Xiberoak.
Etorkizunari begira, erronka askori erantzun beharko dio Xiberoak, izan enplegu berrien sortzeko, gazteen emigrazioaren ttipitzeko, laborantzaren mantentzeko eta abar. Geroari begira euskararen egoerak –eta kasu berezi horretan xiberotar euskalkiak– kezkatzen nau ere. Ikastoletan edo eskola elebidunetan aritzen diren haurren kopurua urtez urte emendatuz baldin badoa ere, kezkatua naiz: aurtengo maskaradaren osatzeko, euskara zekiten gazteen aurkitzeko zailtasunak ukan dituzte!
Erromantizismo gehiegi Xiberoaz mintzatzean?
Xiberoa erromantizatua da, bai. Gaur egun Euskal Herriko gehiengoa osatzen duen hiritarrarentzat Xiberoa erakargarria da: berde-berdea da, mendi eta herrixkekin, laborantzaz bizi den jendea bada, Euskal Herriaren periferian kokatua da, ongi ezagutzen ez den –eta ondorioz ulertzeko zaila den– euskalki bat mintzatzen da. Ondorioz, asteburu pasa jiten den hiritar honek mendian itzuli bat egiten du eta instituzionalizatuak izan diren bi manifestaldi kultural handien kari Xiberora hurbiltzen da (pastorala eta maskarada). Baina xiberotarrek berek badute zerikusi handia erromantizismo horretan. Kantuen gaiek Xiberoa goraipatzen dute eta galdu nahi ez den bizimodu bat garatzen dute, doinuak ere malenkoniatsuak direlarik. Berriki sortu diren kantu anitzek ere irudi hori garatzen dute. Pastoraletara Xiberotik kanpoko jendea hurbilduko dela espero da eta azken urte hauetan gertatu izan da maskaradaren ematea hegoaldean ere. Xiberotarrek irudi erromantiko hori erabiltzen dute haien alde.
AEBetan euskalduntasuna adierazteko modu desberdinak aztertu dituzu. Zer da Euskal Herrian ikusten duzuna?
Ontsa badakigu Hegoaldeko edo Iparraldeko gizartea ez dela homogeneoa. Bagara euskara ematen dugunak (gutien bat) eta ematen ez dutenak. Herrietan bizi garenak eta hirietan bizi direnak. Euskaldun sentitzen garenak eta euskaldun sentitzen ez direnak (etorkinak, frantsesak, espainolak). Nortasunaren bizitzeko maneran ere ezberdintasunak badira. Baten aipatzeko, Hegoaldeko historia politiko gogorraren ondorioz, jendea euskalduna da edo espainola da, ez da erdibiderik. Iparraldean aldiz, gehiengo batek bere burua euskaldun eta frantses definitzen du.
Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteek bizimodu, pentsamolde desberdinak dituzte?
Hein batean Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteak desberdinak direla erran genezake. Nahi ala ez, egoera politiko ezberdinak ezagutzen ditugu, hezkuntza sistema ezberdin batean murgilduak izan gara, hizkuntza ezberdinek gure bizia inguratu dute, telebista programa ezberdinek gure haurtzaroa markatu dute –horrek ere eragiten baitu!–. Aipatu puntu horiek guziek, besteak beste, bizimodu eta pentsamolde ezberdin baten errealitatean eragiten dute. Baina ene iritziz ezberdintasun horiek ez dira oztopo bezala ikusi behar, aberastasun bezala baizik. Iparraldekoak Hegoaldekoekin biltzen garelarik, egia da badirela zenbait aldiz gaizki ulertze zenbait (euskalki batetik bestera, pentsamolde ezberdinak baititugu edo beste), baina azken finean batzen gaituena, euskaltasuna, ezberdintasun horiek baino azkarragoa da. Bistan dena ene ordez bere burua euskaldun definitzen ez zuen beste xiberotar bat Renora joan balitz, ez zen ni bezala Renoko unibertsitatean lanean edo ikasten ari ziren beste euskaldunez inguratuko (denak Hegoaldekoak), frantsesez baizik.
Argitxu Camus Etchecopar 1980ko abenduaren 30ean sortu zen. Mauletik bost kilometrora dagoen Onize Pea izeneko herrixkakoa da. Lau ahizpetan zaharrena; Anita, Arantxa eta Laida. Ama ingeles irakaslea da eta aitak bideen birmoldaketan egiten du lan. Mauleko ikastolara joan zen “eta 11 urtetan barnetegira, hor ez baitzegoen Ikastolako kolegiorik. Biziki ontsa pasatu nuen.” Gero Paueko unibertsitatean Historia eta Geografia ikasi eta “Master lehen urtean Parisen izan nintzen, hango euskaldunez ikerlana egiten eta bigarrena Gasteizen egin nuen. 2004-2009ko azarora arte AEBetako Reno hirian, Nevadako estatuan izan nintzen immigrante euskaldunen bizipenak eta nortasuna ikertzen”. Egun Donibane Garaziko ikastolan ari da lanean 3 urteko haurrekin. “Ongi nago baina ez dut luzerako lana bezala ikusten. Ikerketan segitu nahi nuke.” Camusek kantua eta Xiberoko bozak maite ditu. Mixel Etxekopar musikari ezagunaren iloba da. Bestalde, Arantxa ahizpa eta Maika lehengusina Amaren alabak taldeko partaideak dira.
“Estatu Batuetako euskalduner galdegiten zaielarik zerk egiten dituen euskaldun, jatorriaz gain, euskara eta haren sustatzeko beharra aipatzen dute. Baina aldi berean, praktikan, gutxi dira euskara ikasten dutenak. Hala ere, badira Euskal Herriko barnetegietara euskara ikastera etortzen direnak ere. Badira familia batzuk, Estatu Batuetan lau belaunaldi daramatzatenak eta haurrek euskara biziki ederra erabiltzen dutenak ere. Hala ere, orokorrean, euskararen erabilera behera doala erran behar da”.
“Nahi nuke xiberutarrek egiazki bertako euskarari garrantzi handiagoa ematea. Ni bezala euskaltasunaren funtsa euskara dela pentsatzen duen pertsona batendako, Xiberoan eta Euskal Herri osoan minoritate bat baizik osatzen dugulako ideiak mintzen du”.
“Etorkina nintzen bai, baina puntu honek –Estatu Batuetara sartzerakoan immigrazio ofizialen hoztasunaz aparte–, ene amerikar abenturaren azken urtea arte, ez ninduen gehiegi kezkatu. Erran behar da zuria naizela eta horren ondorioz ez dudala larruaren koloreari lotua zaion aurreiritzia borrokatu behar izan. Baina 2009. urtean amerikar immigrazio zerbitzuekin bizitu abenturek etorkina nintzelako errealitatea bortizki ohartarazi zidan. 2009ko urtarrilaren 14an, eguberriko oporrak Xiberoan iragan eta, Parisetik Estatu Batuetara airatu eta Salt Lake City hirian pausatu nintzen –beste hegazkin batek Renora eraman behar ninduen–. Beste etorkinekin batean immigrazioa pasatzeko lerroan eman eta ene itzulia itxaron nuen. Ene pasaportea irakurri eta etorkin ‘dudagarriak’ eramaten dituzten gelara joatea ‘gomitatu’ ninduten. Une berezi horretan ez nintzen gehiegi kezkatua ez baitzen lehen aldia ‘baztertzen’ nindutela galdera batzuen barnatzeko: zer zen euskal ikergunea, zer ikerketa egiten nuen xuxen... Galdera horiek berriz ere erantzun, ene zakua hurbiletik miatu zuten eta hor zen berri ustekabea erori. Defentsa Ministerioak ene bisa ezeztatu zuen eta bi aukera nituen ene eskuetan: Parisera itzultzen nintzen; erabaki hori ez banuen onartzen, erretentzio zentro batera eramaten ninduten immigrazio juje batek entzun arte (bizpahiru aste barne). Ez dut gehiegi dudatu, paperak izenpetu ditut eta poliziak eskoltatua eta pasaportea konfiskatua hegazkinean sartu naiz. 24 orenez Ozeano Atlantikoa zeharkatu dut bi aldeetan!”.
“Ttipidanik ikasi dut, eta nik bezala beste anitzek ere, gure euskara egokitzen. Eta iruditzen zait bizi osoa eman dudala horrela. Arazorik gabe, baina beti besteari egokitzen eta gauzak errazten”.
EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]
Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.
Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.
Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.
Hobekuntza horiekin izokinak eta beste espezie migratzaile batzuek erruteko eremu optimoak lortzea eta bizirik irauteko aukerak handitzea espero da. Europako funtsekin finantzatutako jarduera da, Life Kanturibai proiektuaren baitakoa.
Epaiketa prozesua abiatu du ostegun honetan gazte antolakundeak. 2023an egindako bi ekimenen ondorioz 290.500 euroko zigor ekonomikoa jarri dio Eusko Jaurlaritzak. Ekonomikoki "ito eta desagerrarazteko" mekanismoa dela salatu du Ernaik.
Adinekoen egoitzako egoiliarra da asteazken gauean hildako emakumea. Larriki kolpaturikoa ospitalera eraman zuten, baina bertan hil zen emakumea. Bertako egoiliarra den 68 urteko gizon bat atxilotu dute, indarkeria matxista leporaturik.
Hego Euskal Herriko gazteen osasun mentalaren egoera “kezkagarria” da, Gurea Geroa atari digitalak egindako txosten batek agerian utzi duenez. Inkestaren arabera, gazteen erdiek ondoez emozionala pairatzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]
Threes! edo 2048 klasikoen bertsioa prestatu dute Julen Irazokik eta Ibai Aizpuruak, Mikel Dale musikagilearekin batera. Android-en doan deskarga dezakegu euskarazko bideojokoa.
Urtarrilean salmenta espekulatibo bat salatzeko ekintza egin zuen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak, eta horrekin lotuta egon daitezke atxiloketak. Goizeko seiak aldera atxilotu dituzte, "atea kasik hautsiz eta esku-burdinak segidan ezarriz", Ostia sareak... [+]