“Giza-ekintzaileen kooperatiba, arteetako eta farandulako jende ona eta etorkizun hobe baten minean”. Horrela aurkezten du bere burua Kabigorri Bidasoaldeko Ateneoak. Hamabost urte daramatza etorkizun hori eraikitzen, kultur eta gizarte ekintza orotarikoen aterpe.
Lokal irekia da Irungo Kabigorri, anitza, plurala, beraien jarduna aurrera ateratzeko edo erakusteko lekurik aurkitzen ez dutenen gune, besteak beste. Pentsamolde ezkertiarreko jendea bildu ohi da, baina oso zentzu zabalean, eta hori azpimarratu nahi izan dute kideek. Azken finean, Ateneo asko mugimendu politiko jakin batetik sortu ziren bere garaian eta Irungoa ere Zutik-en inguruko korronteak bultzatu zuen, baina proiektua sostengatzeko nahikoak ez zirela-eta, jende gehiagori ireki zizkieten ateak, eta emaitza aberasgarriagoa izan dela uste du egungo lehendakari Luisma Morenok: “Ekimen independentea da, ez dago kontrolik erakunderen baten aldetik, bazkideek beraiek baino ez dute agintzen”, eta edonor izan daiteke bazkide.
1996an, gizarte mugimenduetatik eta kultur arlo ugaritatik gerturatutako jendea elkartu zuen Kabigorrik, “Errepublika garaiko Ateneoak buruan, ezkerreko begiradatik gizarte eta kultur proiektu anitza bilduko zuen ekimena abiatzeko xedez”, dio Javi Sistiaga bazkideak. 1997ko udazkenean jarri zuten martxan taberna ere baden Ateneoa, eta topagune funtzioa bete du ordutik, jarduera kultural eta sozialez gain, egitasmo ludikoak, euskararen presentzia edota eztabaidarako eta era guztietako bilerak antolatzeko gune izatea ere lehenetsiz. Ez da lokal alternatiboa, “baina bai desberdina, Bidasoaldean eskaintza berri bat ematen duena”, azaldu du Sistiagak.
Iñaki Salvadorren kontzertua, Itxaro Borda eta Maddi Oihenarten poesia eta kanta emanaldia, Luis Garcia Berlanga zinema zuzendariari buruzko zikloa –haren semea lekuko–, Juan Crego eta Patxi Serranoren erakusketa, Iraken hildako José Couso kameralari galiziarraren inguruko liburu aurkezpena (anaiak), euskara elkarteak prestatutako kafe-antzerkia, Olentzeroren etorrera, edertasunari edota AHTari buruzko hitzaldiak, topaketa kultur anitzak, sukaldaritza begetarianoari eta makrobiotikoari eskainitako tailerrak, bigarren eskuko produktuen salerosketarako azoka… Denetarik antolatzen dute Kabigorrin, bi irizpideren bueltan: ekitaldia fisikoki eta ekonomikoki bideragarria izatea, eta norbaitek ardura bere gain hartzea. 170 metro koadro (12 metro koadroko eszenatokia) eta 80 ikuslerentzako edukieran egingarria bada, aurrera. Egitarau finkoa uztartu egiten dute suertatzen doazen proposamenekin.
Ateneoak berak bultzatutako ekitaldi eta jardunaldiekin batera, asko dira alderantzizko bidea egiten duten asmoak: kanpotik datozkien eskaerak. “Guri gustatzen zaigu azpimarratzea kontsakratua ez dela etortzen hona diruagatik, gastuak baino ez baitizkiegu normalean ordaintzen, gustuko lekua dutelako etortzen dira, atsegina zaielako; aldi berean, esperientzia falta duenarentzat toki aproposa da, ikasteko eta aritzeko. Guk berdin hartzen ditugu batzuk eta besteak”, dio Morenok.
Espazio irekia den aldetik, talde ugarik erabili du Kabigorri bilera, entsegu eta elkarretaratzeetarako. Lokala lortu aurretik, Nicolas Gerendiain Irungo Errepublika Elkarteak eta SOS Arrazakeria Bidasoak adibidez Kabigorri zuten topagune, eta urte gogorrenetan Alarde Mistoko partaideen bilgune izan zen. Horrek lekua pixka bat “satanizatu” zuela azaldu du Sistiagak, baina azken urteotan lortu dutela Alardearen gurutze hori gainetik kentzea, egiten duten lanari esker, “eta Kabigorriren irudi errealagoa ematera iritsi gara, kultur eta solidaritate mugimenduekiko konpromisoari lotua”. Hein batean, Ateneoak katalizatzaile funtzioa betetzen duela gaineratu du Morenok; Irun Iruten euskara elkartearen ekitaldiek, Lakaxita herriko gaztetxearenak, Irungo Bilgune Feministarenak, Antxeta Irratikoenak… Kabigorri izan dute eszenatoki behin baino gehiagotan.
Mugimendu handia al dago ba eskualdean? Gizarte arloan, garai batean ez bezala orokorrean gai handiekiko erantzun sozialik ez dela ikusten uste dute Sistiagak eta Morenok, ez Irunen, ez oro har. Erantzun puntualak bai, jende inplikatuagoaren eta konprometituagoaren aldetik, baina ez mugimendu orokor gisa. Muga administratiboa saihestea ere ez da erraza: “Saiatu gara Iparraldeko jendearekin gauza puntualak egiten, Antxeta Irratiarekin eta poesia jardunaldietan… baina ez da gure indargunea. Errealitatea da inkomunikazioa dagoela bi aldeen artean: gure buruetan, kulturan eta harremanetan dago benetako muga”.
Dena den, muga guztiak gainditzeko lanean jarraitzen du Kabigorrik. Aisialdian Irun nahiko hiri zatitua dela dio Sistiagak; Mosku auzoan dago Ateneoa eta tabernara giro horretan ibiltzen den jendea gerturatu ohi da, baina ekitaldietara mota guztietako publikoa erakartzea lortu dute, rock gogorreko kontzertua eskaini dezaketelako egun batean, eta hurrengoan harizko laukotearena, edo folk, pop, flamenko… estiloko emanaldia. “Kabigorrik Irunentzat duen esanahian bilakaera eman da. Gaur egun erreferente bat da eta jendeak badaki Kabigorrin maiztasun handiarekin zerbait aurkituko duela: erakusketaren bat, zikloren bat, kontzerturen bat… Denborarekin hori irabazi dugula uste dut, errespetu hori, lekua egitearena, eta ez da erraza”, dio lehendakariak.
Ordea, diru kontuetan estu segitzen dute. Taberna eta bazkideen kuota dira diru-sarrera ia bakarrak eta zorpetuta eta beti juxtu ibili ohi direla nabarmendu dute; horregatik, bazkide berriak ongietorriak dira. Egun, 105 bazkide inguru dituzte eta 140 euro ordaintzen dute urtean –lanik gabeko gazteek 80–. Erabakiak bazkideentzako batzordeetan eta nahi duen ororentzako batzar irekietan hartzen dira. “Gobernuz Kanpoko Erakunde modukoa da hau, kar, kar, kar. Baina beharrezkoa da halako ekimenak aurrera ateratzea, Kabigorri irekita egongo ez balitz ziurrenik ezingo genukeelako hainbat ekimenez beste inon disfrutatu”.
Esan bezala, taberna ere bada Kabigorri, eta funtzio hori beste edozein tabernak bezala betetzen du. Halere, kideei gustatzen zaie esatea barradun Ateneoa dela, ez delako “eta ez dugulako nahi izatea” beste edozein tabernaren modukoa, esanahi handiagoa duen lekua baizik. Lehentasuna jardunak du eta ekitaldiaren arabera moldatzen da espazioa, mahaiak kenduz, behar denetan barra itxiz… Taberna jendea erakartzeko baliabide ona denik, baina, ezin da ukatu. “Eta hori, egia esan, ona da –adierazi du Morenok–, lokal sozial irekia delako, egunero zabalik, ez beste Ateneo batzuen gisan ekitaldirik ez dagoenean itxia; eta irekita egoteak ahalbidetzen du jendeak gertuko sentitzea”.
Eta jendea gerturatzen den bitartean, kultur eta gizarte ekintza bestelakoak ikusteko publikoa eta haiek sustatzeko eragileak egon bitartean, beste urte mordoxka baterako habia gorria izaten jarraituko du Bidasoaldeko Ateneoak.
“Euskal Herrian badira poesiaren errateko leku bereziak. Duela zenbait aste bigarren aldiz Kabigorrin egon nintzen Maddi Oihenart eta Jeremi Garat kitarra jolearekin, olerki zenbait irakurtzen. Altzo iluna jendez mukuru zegoen, nahiz eta ez ziren guztiak euskaradunak. Denek ordea hitzen zirrara nabaritu zutela salatu ziguten emanaldia bukatzean. Mintzairak elkar ku(rru)skatzen diren gune txikiak muga eremu porotsuak ere dira, ahalezkoa bide den osoaren hedatoki. Periferietan dogmak edo sineste finkatuak berazten direla uste dut zentroetan baino anitzez gehiago. Kabigorri bilgunea eramaten dutenak gainera bihotz onekoak eta esku zabalak direla erantsi dezadala. Zorion hutsa da azkenean Kabigorrin aritzea, jotzea, isiltzea, aspaldiko adiskideak gurutzatzea. (Euskarazko) poesiak horrelako plazak premiazkoak ditu”.
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.
Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]
Enplegua izanik ere hipoteka ordaindu ezin dutelako Laboral Kutxak etxegabetuko dituela salatu du Auzoan Bizik. Ostegun goizean "erresistentzia” egitera deitu du etxebizitza sareak.
Lanaren Ekonomiaren 8. denboraldia etxebizitzaren gatazkari helduz hasi da, Karla Pisano, Roser Espelt, Miguel Virizuela eta Argiako Jon Tornerrekin. Bi barikutan behin 11:00tan izango da irratsaioa.
Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.
Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]
Zure komunitatean harrapatuta, gainerako herritarrengandik isolatuta. Talde armatuen tiro eta indarkeriaren erdian, lurra eta elikagaiak lantzeko ere etxetik atera ezinik. Halaxe deskribatu du Kolonbiako Chocó departamenduko bizimodua bertako ekintzaile Laura Orozcok... [+]
Egunik goibelenetan ere, Larraulgo (Gipuzkoa) eskolako ateak ireki orduko irauli egiten da aldartea. Haurreskolako haurrengandik gertu, metro eskasera dago liburutegi-txokoa. Ordenagailuaren parean topatu dugu neskato bat, entzungailuak jantzita, arkatzez idazten eta koadernoari... [+]
Hezkuntzaren Soziologian bada galdera klasiko bat: zertarako existitzen da hezkuntza sistema gizarte batean? Galderari emandako erantzunak ugariak dira, eta aldatuz doaz garaiaren arabera. Baina horien artean nabarmentzekoak ondoko hauek izan ohi dira: eskolak nagusiki... [+]