Ikasturte osoan ikasten aritutako ingelesa praktikatu beharra dagoela-eta, Silvolde-ko (Herbehereak) Isala ikastetxeko ikasleen etxeetara joan dira aurtengo Ibilaldia antolatu duten Ondarroako Zubi Zahar eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastolako gazteak. Azaldu digutenez, herbeheretarrak ere Ibilaldirako egunak kontatzen ari dira.
Hizkuntza, praktikatu ezean, ahazteko arriskua dago. Galdu egiten dira hango eta hemengo arau eta salbuespenak. Beraz, txikitatik ingelesa ikasten sartutako orduei etekina ateratzeko, duela hamar urtetik tratua dute atzerriko ikastetxearekin Ondarroako eta Lekeitioko ikastolek. Beste hainbat ikastetxerekin egin izan dute trukea aurretik, baina duela lau urtetik Silvolde herriko Isalarekin dute harremana: azaroan, euskaldunak hara joaten dira; martxoan nederlandarrak etortzen dira hona. Hain zuzen, martxoko egonaldian gerturatu gara Lekeitiora, esperientzia nolakoa izan den konta diezaguten.
Ikastolan oso txikiak direla hasten dira ingelesa ikasten. Lau urterekin jada lehenengo hitzak eta abestiak barneratzen dituzte. Ikastolen Elkarteko Eleaniztun Programari jarraiki, gazteak astean hiru bat orduz aritzen dira ingelesez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailan, Gizarte Zientziak ingelesez ematen hasten dira, eta handik urtebetera egiten dute trukaketa herbeheretarrekin, 15-16 urterekin. Helburu bakarra ez da, gainera, hizkuntza hobeto barneratzea: hamar egunetan kultura, ingurune eta ohitura berrietara egokitzea ere erronka da ikasleentzat.
“Ingelesa aitzakia da beste gauza asko egiteko” dio Idoia Barinaga Zubi Zahar ikastolako Ingeles eta Gizarte Zientzietako irakasleak. Azken finean, lekeitiarrak eta ondarrutarrak lehen egunetik nerderlandarrekin hartu-emanean aritzera eta elkar ulertzera “derrigortuta” daudela dio Barinagak, egun batzuetarako baino ez bada ere haien etxeetan biziko direlako, eta hango bizimodura egin. “Aldamenean ez dute irakaslerik, euren kabuz moldatu behar dute” argitu du irakasleak.
Baietz, hasieran gogorra egiten dela onartu digute ikasleek, baina azkenerako esperientziak merezi duela. Hala diote Imanol Goitia, Iraide Juaristi, Gorka Intxausti eta Nahia Azkaratek, eta berriz ere joango liratekeela baieztatu dute aho batez. Egokituko zaizkien lagunekin eta haien senideekin izaten dute hasieran beldurrik handiena, elkarren berri jakin gabe baitoaz. “Behin jendea ezagututa hobeto moldatu gara”, dio Goitia lekeitiarrak. “Hasieran, lehenengo egunetan, txarto pasa genuen baina gustura aritu gara gero”, gogoratu du Juaristik. Denbora kontua, beraz. Salto handienetakoa otorduetan nabaritu dute, bestelako ordutegia dute-eta. “Arinago egiten dute dena, eta bazkaritarako sandwich bat baino ez dute jaten”, zehaztu du Azkaratek.
Ohitura aldaketak gorabehera, ingelesarekiko jarrera hobetzeko eta motibazioa areagotzeko balio du trukaketak. Miraririk ez dago, baina aurrerapauso handiak egiten dituzte ikasleek. “Beharbada ez dute ikasiko dakitena baino gehiago, baina praktikatzeko oso aproposa da esperientzia”, argitu digu Barinagak. Iritzi bera dute ikasleek, Gorka Intxaustik dioenez: “Soltura hartzeko balio izan digu, ez hainbeste ikasteko, astebetean ezin delako askorik egin”.
Komunikatzeko beste modurik ez dutela igaro dituzte bi asteak, Herbeheretan lehenengo, Euskal Herrian ondoren. Gazte herbeheretarrak nederlanderaz aritzen dira beraien ikastetxean, eta ingelesa bigarren hizkuntza dute. Beraz, bi aldeek badute zer ikasia. Azkenerako lotsa kendu eta erraztasuna lortu nahi da, eta lortzen dutela azpimarratu du Barinagak: “Nahiz eta gramatikalki ez egin %100 zuzen, ikusten dute moldatzen direla, gai direla elkar ulertzeko”.
Irakasleak urte batzuk daramatza jada trukean parte hartzen eta nabarmendu du ikasleak urtero kezka berdinarekin joaten direla: “Pentsatzen dute nederlandarrek maila hobea dutela, eta egia da, baina aldea ez da uste dutena bezain handia, txikia da maila ezberdintasuna”. Han, jarriagoa dute belarria, telesailak eta filmak ingelesez ikustera ohituta daudelako, azpitituluekin. Ez dute, gurean bezala, bikoizketarik, eta jatorrizko bertsioan ikusten dituzte pelikulak. Horregatik, hizkuntza etxekotuagoa izanik, ingelesez ausardia handiagoz aritzen direla gaineratu du Barinagak.
Herbeheretarrek, gainera, badute trikimailurik: nederlanderazko hitzak sartzen dituzte tartean, eta euskaldunek hasieran uste dute ingelesez ari direla. Azkenerako, ordea, jabetzen dira bi herrietako ikasleen arteko aldea ez dela hainbestekoa, ingeles mailari dagokionez.
Ikasle ondarrutar eta lekeitiarrak ez dira izan kultura berri batera moldatu behar izan duten bakarrak. Nederlandarrei ere kostatu zaie hemengo hainbat ohiturara egokitzea. “Esaterako, ulertzen zaila egiten zaie eguerdian bazkaltzeko esertzea”, kontatu du irakasleak. Kontuak kontu, ondo moldatu dira Silvoldeko gazteak Euskal Herrian, eta horren adibide da Hilde Begeman ikasleak adierazi diguna: “Gustatu zaizkit hemengo jendea eta ingurua. Hondartza inguru hau oso polita da”.
Bestalde, euskararekiko interesa erakusten dutela azaldu du Barinagak, eta hitz solte batzuk ere ikasten dituztela: “Ikusten dute hizkuntza aldetik bereizi egiten garela espainiarrengandik, eta horren zergatia galdetzen dute”.
Agian Ibilaldirako ez dute euskaraz hitz egiten ikasiko, baina ikastolen aldeko jaiarekiko jakin-mina ageri dute. “Batez ere, hango irakasleek galdetzen digute ikastolen baliabide ekonomikoei buruz. Harrigarria egiten zaie, haiek ez dute-eta horrelako arazorik. Oso berezia iruditzen zaie Ibilaldia bezalako jai bat”. Gazteek berriz, soinean daramatzate Ibilaldiko kamisetak eta txapak.
Bi herrialdeetako ikastetxeak Conbenius programari esker daude harremanetan, ia urte osoan. Horren bidez erabakitzen dituzte ikasleek landu beharreko proiektuak. Aurten adibidez, Herbeheretan eta Euskal Herrian landu beharreko gaia ura izan da. Sei laguneko taldeetan bilduta landu dituzte beren proiektuak, eta gero aurkezpenak egin dituzte. Ura aitzakia, txangoez ere gozatu ahal izan dute: Bilbon izan dira esaterako, hiriko iturriak bisitatzen, baita araztegi batean ere. Hain juxtu, aurtengo Ibilaldiko leloak badu urarekin zerikusirik: Boga! arrantza munduko hitza da, aurrera egiteko erabiltzen den hitza.
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
AHT Geldituk Nafarroako Abiadura Handiko Trenaren obretan lan esklabotza egoerak daudela salatzen duen lekukotza eskandalagarria jaso ondoren, obra horiek sustatzen dituen Adif sozietateak publikoki erantzun behar izan du: "Gezurra dira".
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.