Baioneta errimatuak karliberalen artean

  • Joseba Tapiak Eta tira eta tunba diskoan Bigarren Gerra Karlistako bertsoak musikatu ditu. Ganbaran aspaldi ahaztuta zeuden koplak dira:  “XIX. mendeko gertakari garrantzitsuenetakoaren lekukotza ezinbestekoa”, trikitilariaren esanetan.

Ofizial karlistak Bigarren Gerra Karlista ondorengo irudi batean.
Ofizial karlistak Bigarren Gerra Karlista ondorengo irudi batean.R. Lopez de Heredia Bodega
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

“Herriaren ahotan zatika baino iraun ez dutelako”. Haor Tapiaren hitzak bere Eta tira eta tunba (Zakurraren biolina, 2010) diskoa promozionatzeko testutxoan. Hori baino esaldi borobilagoak esan izan ditu, gerra karlistetako bertsoak musikatzeko arrazoiak azaltzerakoan, baina gu arestikoan plantatu gara, eta kolkorako galdetu dugu: zer zati iritsi zaizkigu, bada, kopla eta melodia horietatik? Herri memoriaren nongo txokotan daude ezkutatuta? Estribilloetan mozorrotu al dira karlisten obsesioak? Espresioetan, liberalen ironiak?

Bigarren Gerra Karlistaren mamuak

Arturo Campionek ederto deskribatu zuen Bigarren Gerra Karlistak (1872-1876) euskaldunen artean sortutako triskantza: “Cuando tiene lugar entre los que habitan un mismo suelo, la guerra es abominable” esan zuen. Julio Medemen Behiak filma berriz ikustea nahikoa da igartzeko zertaz ari zen Campion. Lehenengo eszenetako odol, larruazal eta bolbora usainak etengabe segiko die hurrengo belaunaldiei pelikularen amaiera arte. Horixe gertatu zitzaion Euskal Herriari, gerra karlistaren mamuak pertsegitu ziola urte askoan eta oraindik ere haren itzala gainean dugula: “Gure zokoak eta gure historia foruen eta kausa karlisten oroitzapenez beteak daude” esan zuen Joseba Tapiak diskoaren aurkezpenean. Gertaera lazgarri horrek izan du nolabaiteko islarik euskal kantagintzan, baina sekula ez du behar besteko oihartzunik izan. Horregatik sikiera, Tapiaren lanak merezi du aitormenik.

1868an liberalek Isabel II.a kanporatu eta Madrilen politika laiko eta aurrerakoiari ekin ziotenean, Euskal Herrian ordura arte nahiko isilik zeuden karlistek indarra hartu eta erlijio katolikoaren defentsan hasi ziren mobilizatzen, Karlos erregegaiaren inguruan: ...aitaren seme irtengo gera Karlos Borbonen soldado / bandera beltzak jarri ez gaitzan lege zikinen esklabo. 1872ko apirilaren 21a arte ez zen matxinadarik izan ordea, lau urtez tentsioak eta ezinikusiak elikatu zituzten beraz. Gerrilari karlistek segituan bereganatu zituzten Euskal Herriko eskualde gehienak, hiriburuak eta zenbait herri koxkor izan ezik. Espainian Errepublika aldarrikatzeak are gehiago piztu zuen katolikoen sua eta 24.000 txapelgorriz osatutako armada izatera iritsi ziren. Baina Madrilgo “alborotuak” amaitu zirenean, behin Alfontso XII.a berrezarrita, liberalen armadak –profesionalagoa eta hornituagoa– problemarik gabe zapaldu zituen karlista insurrektoak:

Karlistak irten giñan fedearen alde,
fanfarroi gerrarako giñanak alegre;
alferrik lan eginda umilduak gaude,
gure enpeño hoiek juan dira debalde.

1876ko otsailean Karlosek muga igaro zuen eta urte horretan bertan abolitu zituzten foruak Canovasen ekimenez. Milaka hildako eta erbesteratu zenbatu ziren lau urtean, gerra totala izan baitzen hura, eta arlo guztietan ireki ziren lubakiak. Zentzu horretan, alde bietako propagandak berebiziko garrantzia izan zuen, eta herri alfabetatu gabean, bertso-paperak arma ikaragarria bihurtu ziren.

Antonio Zavalaren lana

Juan Ignazio Iztuetak zioen “paper moldizkidatuetan” zabaltzen zirela jadanik XVIII. mende amaieran bertsoak. Baina bertso-paperen leherketa XIX. mendean gertatu zen, iritzi publikoaren erreferentzia nagusietakoa bihurtzeraino. Baroja, Oses eta beste zenbait moldiztegitan inprimatu eta itsuen nahiz besamotzen bidez zabaltzen ziren. Tamalez, historialariek apenas hartu dituzte aintzat oraintsu arte. Euskal literaturaren anaia “arlotea”–Gorosabel kronistak erabilitako adjektiboa– izatearen gaztigua jaso du bertsolaritzak historian zehar.

Beharrik gure herri honetan hainbat pertsonak bertso-paper horiek bildu zituela, baita Bigarren Gerra Karlistan sortutakoak ere. Jose Manterola donostiar euskaltzaleak, adibidez, 1877an idatzitako Cancionero Vasco-n makina bat gerrako bertso bildu zituen, kasik inprentatik atera berriak. Azkuek, Montevillako baroiak, Juan Ignazio Aranak, Baleztena familiak… Haiek ere jaso zituzten euren aletxoak. Baina inor bada bilduma horiek guztiak ordenatu eta beste hainbat etxe eta baserritan iraun duten bertso-paper gehiago berreskuratzearen arduradun, hori da Antonio Zavala. “Nik ere nire alegiña egin det. Etxe batean paper-pare bat, bestean paper bakarra, pixkanaka eta urteen buruan bilduma ederra osatu det” idatzi zuen Jakin-en duela urte mordoa. Esfortzu horren emaitzetako bat da Karlisten bigarren gerrateko bertsoak (Sendoa-Auspoa, 1997) liburukotea, eta hortik edan du ase-ezinik Tapiak, Joseba Salbadorren laguntza estimatuarekin.

Herri-memoriaren arrastoan

Zavalaren lan eskergari esker apalean ditugu gaur Bigarren Gerra Karlistako bertso-sortak. Baina lehen esan bezala, hautsaren bazka izateaz gain, kopla horietako batzuk ere egin dute nolabaiteko ibilbiderik herri-memorian barrena. Gerra karlistetako bertsoen oihartzunak kamuflaturik iritsi izan baitzaizkigu, errepikapen, doinu eta literatur maisulanetan ezkutatuta. Esaterako, Tapiaren diskoari izena ematen dion Eta tira eta tunba, eta tira beltzari… estribilloaren doinuak eta hitz aldaerek atzo arte izan dute tiradizoa, egun politikoki onartezina litzatekeen zentzuan gainera: Eta tiro eta tiro, eta tiro beltzari / eta tiro eta tiro belarrimotzari! kantatzen zen duela gutxi arte, eta ez prezeski erromeriatan. Azpeitiko neskatxak bertso-sortako airea ere ia unibertsala da:

Azpeitiko neskatxak arrazoiarekin
ez dute dantzatu nahi txapel gorriekin,
Ai ai ai mutillak, txapel gorriekin

Bigarren Gerra Karlistan asko erabili izan zen hiru puntuko kopla hori, baina lehenago ezaguna behar zuen jadanik, 1867an Lazaro Nuñez-ek bere La música del pueblo Espainiako kantu bildumarako aukeratu baitzuen. Ondoren, bertsook 1936ko gerra-aurreko prentsan azaldu izan ziren, baita 1967an Kantu Kanta Kanthore liburuxka ezagunean ere, eta berrikitan Oskorrik musikatu ditu bere The Pub Ibiltaria-ren barruan, gerra karlistako beste hainbat kanturekin batera. Dena den, batez ere ahoz aho igaro zaigun koplatxoa izaki, deriba xelebreak ere izan ditu:

Egungo neskatilak titi borobilak (bis)
Un poco mas abajo saiatu mutilak,
Ai oi ai saiatu mutilak

Tapiaren diskoan doinu originala mantendu duen beste bertso-sorta bat Ta noiz zuazte! izenekoa da. Bilintxen Juana Bixenta Olabe bertsoen doinu igoala da, baina berezko izena beste bat du: “Hurra Papitoren doñuban” kantatzeko dela diote bertso-paperek. Santesbenanek bere kantutegian ekarri zuen doinu horixe, baina inork ez du sekula asmatu nondik datorren ezta zer esan nahi duen ere. Bertsoen errepikapenean “Ta noiz zuazte?” galdetzen dute Donostiako baserritar karlistek, zer esan nahi du? Literatura barojiarrean aurkituko dugu erantzuna, hara zer zioen on Piok bere Zalacaín el aventurero eleberrian:

“Muchas veces, al cruzar un pueblo, se oía una voz aguda como de Carnaval, que gritaba en vasco: Noiz zuazte? (¿Cuándo os vais?) Lo que quería decir: ¿Cuándo os echáis al campo?”

Beraz, karlisten altxamendu militarraren atariko seinalea zen “noiz zoazte” galdetzea. Liberalak ordea, maiz trufatu ziren karlisten altxatzeko mehatxuez –Don Karlosek denbora asko egin zuen Bidasoako mugaren bestaldean zain, erasoa jotzeko aukera egokia etorri arte–. Ta gu gera izeneko bertsoetan ondo ikusten da nola xaxatu zituzten liberalek karlistak:

Zuek gurekin juntatutzia
al dezute uste?
Ustiak erdi ustela du-ta,
jaunak, noiz zuazte?
Ta gu gera... (estribilloa)
Bat eta bi ta hiru eta lau,
bost eta bi zazpi,
hoiek diote mos bis bis bis,
guretarrak zapi.

Pio Barojak eleberri berean aitatzen ditu letra horiek. Barojatarrek txikitatik jaso zuten bigarren karlistadako bertso-gerra haren berri, haien aita Serafin Barojak burubelarri hartu baitzuen parte propaganda liberalean, bai bertsoak inprimatzen eta baita idazten ere. Hain zuzen, Eta tira eta tunba diskoko Karlistaren panparroikeriak bertso sorta bikaina Serafin Barojarena da.

Beltz jornalariak versus boluntario fanfarroiak

El lenguaje que todos aprendieron en la cuna sirve para lanzar insultos, amenazas, calumnias, y en vez de bendecir, maldice”. Arturo Campionek arrazoi berriz ere. Bertso paperak usatuz sekulakoak eta bi esan zizkioten elkarri karlistek eta liberalek, herri-hizkeran dauden baliabide guztiekin.

Gai batzuk behin eta berriz errepikatzen dira karlistadako bertsoetan. Liberalek apaizak gogor kritikatzen dituzte armak hartu dituztelako (…Armak hartuta mendira irtenda al da Kristoren legia? / Horra apaizaren fedia!) eta karlisten ahultasunari burla egiten diote:

Pasaira heldu omen da Don Karlosen konboia:
lastozko barkuak ta zurezko kañoiak.
Garbitu biharra ziok kanaleko lohia,
bestela nola pasa halako armazoia?

Karlistak aldiz, serioago, liberalen fede eskasaz eta “lasaikeriaz” eskandalizatzen dira, eta “euskaldun prestu antziñakoen” ohiturak –foruak alegia– arriskuan ikusten dituzte: Libertade horren aizkorarekin /moztuta daude fueruak… Bestalde, karlistek “beltzak” deitzen zieten liberalei, Alfontso XII.aren armadako asko eta asko Espainiatik etorritako soldatapeko mertzenarioak zirelako, gerrillari karlistak, aldiz, beste kasta bateko borrokalariak zirela demostratu nahi izaten zuten bertsotan:

Gobernuak baditu
bi pezetakuak,
bai eta Don Karlosek
boluntariuak,
boluntariuak
ez jornaleruak.

Bertsoak leitzen dituenak segituan antzemango dio aberastasun horri guztiari, baina are gehiago preziatzen dira detaile txikiak Tapiaren diskotik entzunda, nota eta silaba bakoitzaren atzean bertso jartzailearen intentzioa zein den imajina bailiteke. Adibidez, Himno Patriotico-a ukitu epikoz bustitzen du kantariak, ahots grabea jarriaz eta bukaeran halako oihartzun amaigabe bat emanez: Biba Don Karlos eta jende bertakua, biba Don Karlos eta jende bertakua, biba… Eta alderantziz, bertsoak ironiaren bidea hartzen duenean, hori adierazteko intonazioa eta erritmo aldaketak ondo zaindu behar derrigorrez, umore puntua emateko. Eta umorean, Serafin Baroja txapeldun:

Karlistak orain dira panparroi,
ustez badira gañian;
segi, mutillak, moteldu gabe,
ea datorren urtian
zuen errege sartzen ote dan
Madriko ikullu batian.

Bertso hauek entzutea mende eta erdi atzera egitea bezala da, hitz neurtuaren museo batean sartzea bezala: “Konparazioak, metaforak, irainak ere politak ageri dira –dio Tapiak–. Erreferentzia zaharrak, garai bateko hizkera zaharrean informazio zuzena eskaintzen digute kantuok. Hemeretzigarren mendeko gertakari garrantzitsuenetakoari buruzko lekukotza ezinbestekoa dira. Euskaldunon historian bidegurutze seinalatu bat. Historia liburu fidagarriena da kantutegi hau”.

Joseba Tapia: "Kantutegia bere horretan da autentikoa"

Badira zortzi hilabete Joseba Tapiak diskoa kaleratu zuela, baina ordutik hona ez da une batez gelditu ere egin lasartearra, han eta hemen emanaldiak eskaintzen. Denbora iraungikor hauetan Eta tira eta tunba diskoak ifrentzua utziko duela bistan da, Agur Intxorta Maite arrakastatsuak edo Apoaren edertasuna biluzgorriak utzi zuten moduan.

Hogeita bi bertso-sortetatik seitan mantendu duzu doinu originala, gainerakoen neurrian eta metrikan akatsak zeudelako, ez al zituzten bada “ondo” egiten?

Hasteko esango nuke kantutegi popularra dela; muturreko egoera batean herriak idatzitakoak. Horietan normala da maila ezberdinekoak izatea. Aberastasun asko dago estrofatan adibidez: zortziko nagusi, zortziko txiki, kopla zaharrak, lau errimako bostekoak, zazpi errimako zortzikoak, zortziko txiki erdiak edo laukoak errepika erantsita, dantza koplen ildoan eginikoak, kopla dekoratiboen baliabideak, herri kanta zaharragoen moldaketak, dialogo txertatuak bertsoan...

Beste doinuak sortzeko lehengo bertsokeran eta kopla zaharretan oinarritu zara. Zehaztu dezakezu gehiago zer irizpide hartu duzun?

Lehengo bertsokerak badu melodian eta erritmoan koerentzia klase bat teknikoki esplikatzen erraza ez dena baina belarriak aise kaptatzen duena. Kantu tradizionalaren koordenadan ulertzen da melodia mota hau, eta gure folklorea eta herri musika hauetakoz betea dago. Ia oraintsu arte bertsolariek erabili dituzte gehien. Baina kantariek ere badituzte bilduma ederrak argitaratuak.

Beraz, nire egitekoa ez zen esperimentazioa edo ez-melodia jorratzea. Alderantziz, pisuzko doinua asmatu behar nuen; ornamentazio gutxirekin, sinplea, karratua... azkenean oso kantagarria suertatuko zena. Normalean 2/4, 6/8, 3/4 eta zortziko konpasetan kantatzen direnak. Kantaera eder batek luzituko lukeen doinu eder bat aurkitzen saiatu naiz. Horretarako intuizioa eta esperientzia izan ditut lagun.

Esku-soinua bigarren plano batean geratu da disko honetan eta haize-tresnek hartu dute protagonismoa. Nola egin duzue hain instrumentu ezberdinen arteko harmonizazioa?

Ez dira tresna arraroak elkarrentzako haizezko horiek. Niretzat bai halere. Musikariak ezagutu nituen eta tresna bakoitzaren tesiturak goitik behetik zer nola ziren erakutsi zidaten. Zenbateko transporteak egin behar zitzaizkion tresna bakoitzari. Hori dena buruan sartu ezinik ibili nintzen. Zati instrumentaletan erabaki nuen hiruko sekzioak parte hartu behar zuela aldiro. Eta kantatzerakoan banaka jarriko nituela. Baina ahotsa libre uzteko, ez tapatzeko, bertso doinuaren erorialdietan, esaldien artean sartu beharko zuten. Azkenean topatua nuen gero guztietarako balioko zuen formula: intro, zubi eta tarte musikaletan egurra, besteetan xuabe.

Banda militarren kutsua eman diezu abestiei, baina aldi berean, “txaranga zoro” usaina dutela ere diozu, kontradikzioa dirudi: ordena eta desordena...

Niretzat ez dago kontradikziorik horretan: militar doinuak beti erabili izan dira erromerietan, Lajak jotzen duen Sitio Zaragoza martxa militarra da horren adibide. Iparraldean Besta Berrin klikak eta txaranga herrikoiak nahasten dira. Gure festetan ohikoa dela esango nuke elkartze hori. Erlijio agerraldietan buhameak sartzea bezala, Oñatin Korputz Egunean dantzariak elizara sartzen diren bezala.

Bertsoetan ironia, kritika, umorea, elkarrizketak, irainak... azaltzen dira. Horiek guztiak egoki jasotzeko, intonazioa, erritmoa eta bestelako errekurtsoak erabili dituzu. Zaila izan al da bertsoei “autentikotasun” hori ematea?

Kantutegia bere horretan da autentikoa. Sinesgarria eta serioa da bertan kontatzen dena. Nik gerturatze bat egin dut. Aldaera bat. Errekreazio bat. Beti gertatzen da, lehengoaren irakurketa berri guztiek zikintzen dute benetan izan zena. Baina ez dago beste biderik.

Orkestraziorako asko izan dira erabili dituzuen instrumentuak: saxoa, bonbardinoa, tronpeta... Bandek aire librean jotzen zutelako erabitzen zituzten haize-tresnak, akustikagatik. Nabaritu al duzue hori estudioan grabatzerakoan? Eta emanaldietan?

Bai. Baina ez da lehenengo aldia hori gertatzen zaidana. Trikitixarekin antzeko erronketan ibilia naiz. Nahiko ondo harrapatzen dute egungo mikrofonoek instrumentuaren irrintzia, baina ez da gauza bera zuzenean entzun edo diskoan. Eszenatokian monitoreetatik entzun edo atzetik belarri ondoan, diferentzia handia dago. Toki txikietan askoz gehiago nabaritzen da handietan baino xehetasun hau. Izugarrizko indarra dute akustikoan..


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


Katalanismo eta euskaltzaletasun politikoen arteko begiradak (1876-1919)
Eusko-katalanismoaz Gregorio Balparda bilbotar politikariak Errores del nacionalismo vasco (1918) idatzi zuen, mugimendu politiko egituratua gorpuzturik zelakoan. Liburuko atal baten izenburua aski adierazgarria dugu: Del bizcaitarrismo fenicio al catalanista y judaico. Bere... [+]

Konstituzio Foraletik (1808) Autonomia Estatutura (1919): «Euskal Estatua, batua eta hirukoitza»
Izenburuan aipatzen den definizioa, ez da nik asmatua, XIX. mendean barrena pentsatua eta adierazia baizik: R. Ford bidaiari ingelesak 1830ean aipatu zuen lehendabizi, eta ondoren Becerro de Bengoa arabarrak, 1876an, foruen oinarrizko administrazio publikoaren aurkako legearen... [+]

Itzaleko kulturgileen historia
Kulturaren itsasoa zabala da, zabala eta anitza. Baina historia beti erabili izan da norbere intereserako, arma garrantzitsuegia da zientzia hau. Emakumeak kulturaren itsaso horretan izan duen partehartzea, interesatuen enbatak estali izan du. Oraingo historialarien zeregina da... [+]

Soldadutzari ez 1847ko Tafallan
Tafallako karriketan barna paseoan, jai nagusien osteko isiltasunaren babesean eta denboraren zurrunbiloan bidaiari, badirudi oraindik senti daitekeela Lau Izkinetan bilduriko hainbat gazteren haserrearen oihartzuna edo Errekoletak Komentuaren parean labana baten sastada,... [+]

Foruen monumentua: Ehun urte foru jauregiari gibela emanda
Gamazo Espainiako Ogasun ministroak prestatutako zerga-sistemaren aldaketak hautsak harrotu zituen Nafarroan 1893. urtean. Foruen aurkako neurria zela-eta, herritarrak zein erakundeak altxatu ziren. Gamazadaren (altxamenduaren) ondoren, foruen aldeko monumentua eraikitzen hasi... [+]

Sabino Aranaren itzala bere heriotzaren mendeurrenean
Ehun urte beteko dira datorren azaroaren 25ean Sabino Arana Goiri hil zela. Espainiako historiografiak gogor kritikatua, euskal nazionalismotik ere ez omen du merezitako errekonozimendua jaso. Arana bere testuinguru historikoan kokatuta aztertu nahi izan dugu mahai-inguru... [+]

Pablo Antoñana: «Idazle izateko sekretu bakarra dago: asko idatzi, eta idatzitako dena erre»
Iruñean, San Frantzisko plazako etxean hartu gaitu Antoñanak. «Ordena eta txukunkeria irudimenik ez duen jendearen kontuak dira» esanda sartu gaitu bere liburutegian.Argazkien eran oroimenean geratu zaizkion gerrako irudiak erakutsi dizkigu. Sekretario... [+]

150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren ‘biopic’ bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


‘Kontzertismoa’, beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


2017-08-11 | Markel Ormazabal
Turismoaren festak

Ez hain antzina, hiru mende atzera gehienera, kostako herri baten ur territorialak kanoi baten tiramenaren arabera zehazten ziren: jaurtigaia noraino heldu, lehorretik harainokoa izango zen ur territoriala. Lurraldearen zedarritzeko, ordea, kanoia baino hobea da festa, eta hain... [+]


Ekonomia bertokiratzetik zonbiak hiltzerainoko planak dituzte Amikuzen otsailean

Amikuzeko Zabalik elkartearen otsail ostegunetako zita klasiko bihurtzeko bidean da. Aurten zer antolatu duten iragarri dute eta, gaien ugaritasuna eta gaurkotasuna ikusirik, emango dute zeresan franko.


Eguneraketa berriak daude