Zenbat jende gaixotu eta hilko du Fukushimak?

  • Nuklearzale batzuek arinkeriaz dioten arren “oraindik Fukushimak ez du inor hil”, bistakoa da heriotzak eragingo dituela Japoniako hondamendi hark. Zenbat? Adituak eztabaidan aritzea ez da harritzekoa, Txernobylgoak zenbat ekarri eta ekarriko dituen oraindik ez dago-eta garbi. “Energia garbia” delakoak zenbaki ilunak gordean dauzka.

Reuters eta Kyodo agentziek zabaldutako argazki honetan haur besoetakoari erradiazio kontrola egiten ari zaizkio Japoniako hiriren batean, Fukushimako zentrala lehertu eta egun gutxira. Eduard Rodríguez Farré erradiobiologo katalanak dioenez uranioaren
Reuters eta Kyodo agentziek zabaldutako argazki honetan haur besoetakoari erradiazio kontrola egiten ari zaizkio Japoniako hiriren batean, Fukushimako zentrala lehertu eta egun gutxira. Eduard Rodríguez Farré erradiobiologo katalanak dioenez uranioaren fisioak 60 gai kutsakor sortzen ditu, tartean iodoa, estrontzio 90 eta zesio 137. 60 gai horietako batzuen indargabetzea nahiko azkarra da eta beste batzuenak oso luze jotzen du, baina ia guztiek dute antza handia gizakiaren osagairen batean. Iodoak berehalako eragina du eta genetan eragiten du, tiroideetako minbiziak sortuz. Estrontzioa pertsonari hezurretan pilatzen zaio, kaltzioaren ordez. Minbiziez gain gizakiaren ugalketa sistemari eragiten diote, batik bat emakumeenei: espermatozoideek aste gutxiko bizia dute, baina emakumeak obuluak jaiotzatik bizi osorako dauzka. Horregatik azaldu daitezke haurren malformazioak kutsadura jazo eta denbora luzera.

Toshiso Kosako aholkularia zen Japoniako lehen ministro Naoto Kan-entzat. Apirilaren 29an dimisioa aurkeztu zuen publikoki, “malkotan” AFP agentziak zabaldu zuenez. Kosako ez zegoen ados Tokyoko gobernuak Fukushimako triskantza kudeatzeko daraman moduarekin. Ezin izan zuen jasan gobernuak eskoletan onargarria den erradioaktibitate kopurua urteko 1 miliSiervetetik 20ra jaso izana.

Orain Japoniako haurrentzako onargarritzat jo nahi diren 20 miliSiervetak Frantzia batean onartzen dira... zentral nuklearretan lanean ari diren langileentzako. Japonian ordea, nuklearretako beharginentzako gehienezko dosia lehenago urteko 100 mSv baldin bazen... Fukushimakoa eta gero 250 mSvera igo zuten agintariek. Frantziakoena halako 12!

Agian albiste txikia delako, ia inork ez du zabaldu gure komunikabideen artean Kosakoren aitormena. Science et Avenir aldizkariaren zuzendariz gain fisikan doktore ere baden Dominique Leglu emakume ausartak nabarmendu du bere Science pour vous et moi blogean.

Kasik egun berean, Low Level Radiation Campaign (Erradiazio Maila Apalaren kontrako Kanpaina) guneak albiste hau plazaratu zuen: “417.000 kantzer berri aurrikusten dira Fukushima inguruko 200 kilometrotako eremuan 2061 bitartean”. Ez da asko itxaron beharko beste aditu batzuei entzun arte kopuruok esajeratuak direla.

Aipatu bi albisteok oso lotuta daude, txanpon beraren bi aldeez ari baitira. Leon: zein da pertsona batek arriskurik gabe nozitu dezakeen erradioaktibitate kopuru maximoa? Kastillo: hartutako erradiazioarengatik zenbat hilko dira ondorengo 10 edo 50 urteetan?

Bi berriak ari dira erradioaktibitate urriaren ondorioez. Erradioaktibitate bortitzak eragiten dituen kalteak epe laburrean nabarmentzen dira, Nagasakin eta Hiroshiman bonba atomikoen leherketen ondorioz ikusi ziren eta Fukushimako istripuan ere langile batzuek beren larruan nozitu dute, oharkabean ur oso irradiatuak bernak busti dizkienean. Alabaina, maila apalagoko erradioaktibatearen ondorioak askoz eztabaidatuagoak daude. Ikusi besterik ez dago Txernobylgoaren ondorioez 25 urte geroago oraindik dagoen saltsa.

Amerikako Estatu Batuetan Zientzialari Konprometituen Elkarteak (Union of Concerned Scientists) plazaratzen duen All Things Nuclear blog erreferentzialean kopuru horietako batzuen sintesia egiten saiatu da Lisbeth Gronlund, arma atomikoetan aditua bera. Gronlundek alderatu ditu orain arte publikatu diren kopuruetako batzuk, garrantzitsuenetakoak –ez denak, geroago ikusiko dugunez– eta ondorio hau atera du: Txernobylgo istripu nuklearraren ondorioz dagoenekoz hil direnen kopurua 27.000 eta 53.000 artean egonen da.

Askoz aurreikuspen baikorragoak egin izan ditu Nazio Batuen Erakundeak antolatutako Chernobyl Forum delakoak, honek bilduriko adituek adostu baitzuten ohiko kantzerrez gain Txernobylek 5.000 heriotza inguru kausatuko zituela. Gronlund ez dago horiekin ados, noski. Baina ez dago ere ados Aleksei Yablokov eta beste aditu batzuek Chernobyl: Consequences of the Catastrophe for People and the Environment dossierrean proposatzen dituzten kopuruekin: 250.000 heriotza mundu osoan barrena. Gronlundek ez ditu aski frogatutzat jo kalkuluok.

Erradiazio apalen kalteak

Askoz kopuru handiagoak kalkulatu ditu ECRR European Committee on radiation Risk erakundeak: “ECRRk uste du Txernobylek 50 urtetan 1.400.000 minbizi sortuko dituela” dio Low Level Radiation Campaign guneko titulu batek; “Fukushimako kantzer arriskuen kalkulua” lerroburudun artikuluak aipatzen ditu ohikoak baino 417.000 minbizi gehiago 2061. urtea bitarte. [Ohartu minbizi kasuez ari dela, ez heriotzez].

ECRR 1997an sortu zen, Europako parlamentuan Berdeek antolatu zuten biltzar batetik. Garai hartan Europar Batasunak zuzentarau berri bat erabaki zuen, zeinaren arabera maila batetik beherako erradioaktibitatea daukaten hondakin eta bestelako materialak komertzializatu baitaitezke. Han bilduriko aditu batzuek hankaz gora jarri zituzten erradiazio apalen ondorioez bai ICRP Erradiazioetatik Babesteko Nazioarteko Erakundeak eta bai UNSCEAR Erradiazio Atomikoaren eraginak ikertzeko Nazio Batuen Batzorde Zientifikoak egindako kalkuluak.

Alice Stewart mediku eta epidemiologoa izendatu zuten ECRRko presidente. 2002an hilko zen andere hau aitzindaria izan zen ordura arte arriskugabetzat jotzen ziren maila apaleko erradiazioen kalteak demostratzen eta salatzen. Energia nuklearrarekiko kritikoak diren aditu eta pertsonalitate ugari biltzen ditu gaur ECRRk eta horien artean nabarmena da Chris Busby fisikaria, Ulsterreko unibertsitatean ari dena.

Esan gabe doa beste aditu askok zalantzan jartzen dituztela ECRRren kopuruak. Arerio nagusiena, menturaz, ICRP daukate. Bi erakundeetako adituek ondo ezagutzen dute elkar; ECRRkoek salatzen dute ICRPkoen kalkuluak muga jakin batek baldintzatzen dituela: energia nuklearra kudeatzen duten enpresen lobbyen mende daudela.

Fukushimakoaren ondorioz kantzerrez 416.619 herritar gaixotuko dela kalkulatu du ECRRk. Horietatik 208.310 eritasun lehenbiziko hamar urteetan azalduko dira, 2021 bitartean Nabarmentzekoa da ICRP erakundeak, munduko agintari eta komunikabide nagusi gehienek erreferentziazkotzat daukatenak, ondorengo 50 urteetarako 6.158 kantzer extra baino ez dituztela aurreikusi, horko milaka ohiko minbizien artean nabarmendu ezingo direnak.

ECRRkoek Fukushimako aurreikuspenak egiteko bi metodo erabili dituzte, 1986an Txernobylen gertatuaren ondorioz landuak. Lehena “Tondel” metodoa da. Martin Tondel mediku eta irakasle suediarrak aztertu zituen Txernobylez geroztik Suediako iparraldean ugaritutako minbiziak eta kalkulu hau plazaratu: erradioaktibitatea metro karratuko 100 kiloBecquerelez ugaritzen den bakoitzean %11 handitzen da kantzer arriskua biztanleetan.

Bigarren metodoa ECRR berak antolatutako ECRR Absolute delakoa da, elkarrengandik aparte sortua izan arren Tondel metodoaren oso antzeko ondorioak ematen omen dituena. Alde nagusia, Tondelena 10 urtera begira antolatua dela eta ECRR­rena 50 urtera.

Zifretatik honat, herritarren bizia dago jokoan. Baina baita enpresen, estatuen eta agintarien egonkortasuna ere. Txernobylgoa gertatu eta bi urtera, errusiarrek Valery Legasov zientzialaria bidali zuten Vienara, munduko potentzia nuklearrekin “egia” negoziatzera. Txernobylek 40.000 heriotz eragingo zituela esan zuen, sarreran. Irten zenerako 4.000 ziren. Gorbatxovek aitortua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora jaurtitzen hasiko da Japonia, arrantzaleen eta ekologisten protesta artean

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txosten batek oniritzia eman dio Japoniari, 2011ko hondamenditik Fukushimako zentral nuklearra hozteko erabilitako ur kutsatua itsasoan zabal dezan. Duela bi urte iragarri zuen 1,25 milioi tona ur baino gehiago itsasora botatzeko plana... [+]


2021-04-13 | ARGIA
Fukushimako ur kutsatua itsasora botatzea onartu du Japoniako Gobernuak

Apirilaren 13an Japoniako Gobernuak erabaki du Itsaso Barera isuriko duela 2011n Fukushiman istripua izan zuen zentral nuklearrean pilatutako ur erradiaktiboa. Bi urte iraungo du operazio honek. Egun kutsatuak diren eta itsasora isuriko diren 1,25 milioi tona ur hauek... [+]


“Erradionegazionismoa” ala erresilientzia: Fukushima bizigarri bihurtzeko taktikak

Duela hamar urte gertatu zen ezbeharra, Japoniako Fukushimako Daiichi zentral nuklearrean istripua, 2011ko martxoaren 11ko tsunamiak eragindakoa. 1986ko Txernobylgo istripua eta gero, larritasun hein berekoa errepikatu zen 25 urte berantago. Hamarkada pasa da, eta dirudienez... [+]


2021-03-11 | ARGIA
Fukushima 2011-2021: Japoniako herri mugimenduek zabaldu nahi dituzten 10 ikasgai nagusiak

Martxoaren 11 honetan betetzen dira 10 urte justu Fukushimako Daiichi zentral atomikoaren lau erreaktoreak matxuratu zirenetik, lehenik lurrikarak eta ondoren maremotoak astinduta. Istripu hartatik eta geroztik –eta urte luzeetarako– laga dituen ondorioetatik... [+]


2020-10-16 | Axier Lopez
Fukushiman kutsatutako milioi bat tona ur itsasora botako du Japoniako Gobernuak

Japoniako Gobernuak Fukushima Daiichi zentral nuklearretik milioi bat tona ur kutsatu askatzea erabaki duela jakitera eman dute. 2011n istripua gertatu zenetik kutsatutako ura biltegietan jasotzen aritu dira eta arazo larri bilakatu da.


Fukushimako ur kutsatua Ozeano Barean isuri nahi du Japoniako Gobernuak 2022tik aurrera

Ura metatzen ari da erreaktoreetan 2011ko hondamendiaz geroztik, eta lekurik gabe geratzen ari direla esan du Japoniako Ingurumen ministroak.


Fukushimako haurrek ere badute ‘Ingurumen Gunea’, kutsadura zein polita den ikasteko

Ingurumenaren Sormen Gunea deitzen da eta bertan Fukushima probintziako haurrek ikasten dute nola bizi den gizakia irradiazioen artean betidanik. Antzeko erakusketa gehiago badira, eskualdeko bezala Japoniako gobernuek antolatuak. Diote agintariek fukushimatarrek desdramatizatu... [+]


2019-03-11 | ARGIA
Fukushimako hondamendiaren 8. urteurrena: TEPCOk erreaktoreen irudi berriak erakutsi ditu (bideoak)

Martxoaren 11n betetzen dira zortzi urte Japoniako Fukushiman gertatu zenetik historiako istripu nuklearrik larrienetakoa. Iaz, 2018an, eskaini bazituen lau erreaktoreetatik matxuratuena omen dagoen bigarrenaren lehen irudiak, aurten robota bertan sartzea lortuta berriak eskaini... [+]


Eguneraketa berriak daude