Publikoa vs. kontzertatua

  • Tolosako espezialitate anbulatorioa eta Asuncion Klinika parez pare. Tolosaldea da eskualde-ospitalerik ez duen bakarra Gipuzkoan. Bi zentro hauek (publikoa bata, kontzertatua bestea) eskaini dute espezialitateko arreta gaur arte, baina anbulatorioa hustuz joan dira arduradunak, eta klinika indartzen. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurreikusten du hiru urteren buruan espezialitate denak Asuncionera pasatzea. Aldiz, anbulatorioa indartzearen eta eskualde-ospitale publiko bat jartzearen alde ari da lanean Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma.

Tolosaldeko Osasungintza
Estitxu Eizagirre

Tolosaldea eskualdeak 65.191 biztanle ditu, 31 udalerritan banatuta. Osasun arloan, bere berezitasunak dituela kontatu du Elena Elosegui Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Gipuzkoako zuzendariak: “Lehen Mailako Arreta zerbitzuak [familiako medikua] Osakidetzak ematen ditu, eta Arreta Espezializatua, berriz, Osakidetzak eta Asuncion klinikak: lehenengoak, espezialitateak dituen anbulatorio baten bidez, non Donostia Ospitaleko hainbat espezialistak zerbitzua ematen duten; eta bigarrenak, ospitalizazio ugari eta anbulatorioko arreta espezializatuaren zati handi bat bermatuz. Klinika horrek zerbitzu-eskaintza txikiagoa du Gipuzkoako (Mendaro, Arrasate, Bidasoa eta Zumarraga) eskualdeetako ospitaleek eskaintzen dutena baino. Gainera, zerbitzu eta espezialitate horietako batzuk bikoiztuta daude, Donostia Ospitaleak eta Asuncion klinikak aldi berean ematen dituztelako”.

Iñigo Dendaluce Asuncion klinikako gerentea da, eta espezialitateen bikoizketa hori azpimarratzen du, Osasun Sailak berrantolaketa egiteko duen arrazoi nagusitzat: “Osasun Sailaren helburua zerbitzuen hornidura batzea da, arrazionaltasuna emanaz. Zentzugabea da espezialitateak bi adarretan ematea, hau da, gaixo bat Tolosako anbulatoriora joatea kardiologiara eta beste bat Asuncionera. Orain hitzarmen berria arautu nahian ari gara, guk arreta espezializatu osoa hartuko genuke, eta anbulatorioan Lehen Mailako arreta eskainiko litzateke”.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma (TOPA), aldiz, ez dago ados espezialitateak klinika pribatuarekin kontzertatzearekin. Bertako kide den medikuak (nahiago du izena pribatutasunean babestu) dioenez: “Asuncion Klinikak aurrerantzean eskualde ospitale baten funtzioa beteko duela esaten digute. Guk ez dugu funtzio hori beteko duen ezer nahi, guk zuzenean eskualde-ospitale publikoa nahi dugu. Gipuzkoako gainerako biztanleek daukaten bezala, euren moduan ordaintzen baititugu gure zergak. Tolosaldeak benetako eskualde-ospitalea izango badu, irtenbidea Debako edo San Eloyko ospitaleen eredua jarraitzea da, nahiz eta hori eginda batzuei pastela bukatuko zaien”. Dendaluceren arabera: “Gaixoa nahasten ari gara diskriminatuta dagoela esaten diogunean, ez dela zerbitzu publikoa eskaintzen eta osasuna pribatizatzen ari dela... Zerbitzu publikoa eskaintzen ari da, baina gestioa da pribatua. Nik alaba ikastolara eraman dezaket, eta zerbitzu publiko bat jasotzen ari da, baina ikastetxe kontzertatu batean. Osasunarekin berdin”.

TOPAko medikuak berretsi du osasunaren gestioak publikoa izan behar duela: “Sistema publikoan baliabide denak osasunarentzat direlako. Baina enpresa pribatu batera iristen diren diruen %30 enpresarentzako dira, negozioa egiteko. 7 eurorekin ezin da eman 10ekin ematen den arreta. Hori zertan gauzatzen da? Alde batetik langileek baldintza okerragoetan egin behar dute lan, eta baldintza txarragoak badituzu arreta txarragoa eskaintzen duzu, nahi eta nahi ez. Bestetik, zerbitzuak murrizten dira, ezin da zerbitzu bera eskaini diru gutxiagorekin. Orain esaten digute ezetz, arreta bera izango dela... baina iritsiko da momentu bat esango digutena ‘dirurik ez dugunez, ezin dugu arreta osoa eman’. Zentro pribatu batek inoiz ezingo du ospitale publiko batek adinako zerbitzurik eman, pribatua errendimendu ekonomikoa lortzera bideratuta dagoelako, eta publikoa herritarren osasuna bultzatzera bakarrik”. Dendaluce gerenteak dio dirua ez dela euren lehentasuna: “Guk egun 65.000 kontsulta egiten baditugu, Tolosaldeko espezialitateen ardura guregan hartuta %80 handituko genuke kontsulta kopurua. Noski, horrek bere ondorio ekonomikoa izango du, baina ez dugu oraindik baloratu, ez baita orain gehien kezkatzen gaituen gaia. Guretzat lehentasuna zerbitzu bikaina eskaintzea da, baina logikoki, errentagarritasun eta efizientzia kriterioekin”. TOPAko medikuak zera aurreikusi du: “Esperimentuak hondoa jotzen duenean, klinika pribatuan diru publiko gehiago sartzea tokatuko zaigu, krisi honetan hamaika kasutan ikusi dugun bezala”.

Hiru urteren buruan espezialitate denak Asuncionera pasako dira

Tolosako Anbulatorioko langileek (hauek ere izena pribatuan mantentzea nahi dute) diote espezialitateak Asuncionera pasatzeko prozesua ez dela berria, 2007tik datorrela. Elena Eloseguik kontatzen duenez, “2007ko urriaren 29an, Osasun Sailak Legebiltzarrera igorri zuen ikerketa-proposamen bat osasun-eskualde horretarako, plangintza eta antolakuntzako hiru proposamen zituena. Luze eztabaidatu bazen ere, aurreko Jaurlaritzak ez zuen ezein erabakirik hartu. Egungo planteamenduak hiru proposamen horietako bat jasotzen du”. Alegia, 2007an EAJk proposatu eta PSOEk kontra bozkatu zuen planteamendu hura da orain PSOE aurrera eraman nahian ari dena. Anbulatorioko langileek salatzen dute proposamen hura onartu ez bazen ere, praktikan espezialitateak Asuncionera traspasatzeko urratsak eman direla geroztik: “Bere garaian anbulatorioa eraberritu egin zen, azpiegiturak jarriz kirurgia txikiak bertan egiteko, endoskopiak, eta abar. Baina prestatuta egon arren, hori guztia sekula ez zen bertan egin, arduradunek gaixoak Asuncion klinikara bideratzen baitzituzten prozedura hauek egiteko. Oftalmologiako plaza bakante geratu zenean, arduradun berberek Asuncionera transferitu zuten postu hori, nahiz eta espezialistak baziren anbulatorioan kubritzeko prest. Duela urte gutxi Urologiako plaza libre geratu zen, baja luze baten ondorioz. Kasu honetan ere ez zen Osakidetzako ordezkorik ekarri; Asuncion klinikari eman zitzaion, eta hauek espezialistarik ez zutenez, Zumarragako ospitaleko (publikoa) urologoa kontratatu zuten. Honek eszedentzia hartu zuen zentro pribatura pasatzeko, eta bertan Osakidetzako gaixoak hartzeko. Baja bukatu zitzaionean, Tolosako anbulatorioko urologoa berriro hasi zen Osakidetzan, baina ez bere lekua zuen Tolosako anbulatorioan, Donostian baizik. Aldi berean, Asuncion klinikan hartzen zituen Tolosaldeko gaixo batzuk, kontsulta pribatuan. Tolosako anbulatorioko errehabilitazioa ere gutxiengotara murriztu dute, eta Asuncionera pasa. Anbulatorio honek askoz espezialitate gehiago emateko gaitasuna badauka, baina hustutzen ari dira pixkanaka”.

Dendalucek zerrendatu dizkigu planaren arabera Asuncionek beregain hartuko lituzkeen Tolosako anbulatorioko espezialitateak: “Kardiologia, dermatologia, digestiboa, endokrinologia, neumologia, neurologia, ginekologia, kirurgia orokorra, oftalmologia, otorrinolaringologia, traumatologia eta errehabilitazioa. Espezialitate hauek baditugu jada Asuncionen. Asmoa da denborarekin aktibitate horiek denak guk xurgatzea”. Pertsonala eta azpiegiturak handitu beharko dituzten galdetu diogu: “Pertsonala handitu beharko dugu, mediku espezialista gehiago beharko dira, baita auxiliar eta asistentzialak ere. Klinika handitzeko plana martxan daukagu eta uda ostean hasiko gara lanekin: eraikin berria egingo dugu egungoari itsatsita. Sotoa eta hiru solairu izango ditu. Ospital osoa berrantolatuko dugu, eta 3.000 metro koadro handituko dugu gure eskaintza asistentziala. Lekua ez da arazo izango”.

Zerbitzu berriak Asuncionek eskainiko ditu

Elena Eloseguik plan honekin lortuko diren onuren artean aipatzen du “egun ez dauden zerbitzuak izatea, komunitatetik gertu (etxeko ospitalizazio-zerbitzua, azpiakutuen unitatea eta etxeko errehabilitazioa)”. Dendalucek honela azaldu digu zerbitzu berri horiek zer diren: “Etxeko ospitalizazio-zerbitzua zera da, gaixoa egun gutxiagoz ospitalizatuta egon, eta ospitalizazioko azken egunak etxean pasatzea. Bi-hiru mediku eta hainbat erizain etxez etxe aritzen dira bisitak egiten. Zerbitzu hau ospitale probintzialak egiten du orain, eta Asuncionek beregain hartuko luke. Etxeko errehabilitazioaren bidez, zentrora etortzeko arazoak dituzten gaixoei errehabilitazioa etxean egiteko aukera ematen zaie. Hori Gipuzkoan erabat berritzailea da. Eta azkenik, azpiakutuen unitatea: gaixo batek ospitaleko arreta osoa jaso duenean baina etxera joateko moduan ez dagoenean, beste zentro batera joaten da, bere etxera edo erresidentziara itzuli aurretik. Gipuzkoan zerbitzu hori Donostian bakarrik ematen da (Matia). Guk 12-14 ohe izango genituzke azpiakutuen unitatean”.

Kopagoa ekarriko du edo ez?

Zeren arabera ordainduko zaio Asuncioni aurrerantzean? Elena Eloseguik adierazi digunez: “Klinikari finantzaketa egokia emango zaio, bere biztanleria kontuan hartuta; eta emaitzak ebaluatzeko esparrua oso zehatza izan beharko da. Ez da inondik inora onartuko Asuncion Klinikak ezer kobratzerik, Osakidetzan estaldura duten zerbitzuen trukean. Osasun-asistentzia doakoa izango da, orain arte bezala”.
Dendalucek dioenez: “Aurrerantzean zeren arabera ordainduko den, hori da oraindik zehaztu gabe dagoena. Ordainketa kapitatiboa planteatzen ari da Osasun Saila, hau da, Tolosaldean hainbeste biztanle dago, eta biztanleko hainbesteko bat ordainduko dizut, amulategiko asistentziarako. Baina ez dago itxita”.

TOPAko medikuak dioenez: “Orain arte ekintza mediko bakoitzeko ordaindu die Osasun Sailak: Asuncionen analisiak egiten dizkizutela, ba ordaintzen diete hainbeste, erradiografia bat egiten dizutela, ba hainbeste. Modu horretan, klinikari ahalik eta zerbitzu gehien ematea interesatzen zaio. Eta erabiltzaile batzuei ere hori interesatzen zaie (jende bati gustatzen zaio kolpe bat hartu duela-eta erresonantzia magnetiko bat egitea): gosea eta jateko gogoa batzen ziren. Orain per capita ordainduko da, alegia, kartilako. Beraz, diru kopuru finko bat iritsiko zaie urteko. Ondorioz, klinikari interesatuko zaiona ahalik-eta zerbitzu gutxien ematea izango da. 100 euro jasotzen baditut, hobe 40 gastatzea 50 baino”.

Ordainketaren harira, harago doaz plataformakoak: “Guk garbi dugu hau lehenbiziko urratsa dela. Eta bigarren urratsa kopagoa izango da. Hau izango da plan pilotoa, eta ongi ateratzen bazaie, gero EAE osora zabalduko dute”. Dendaluceri kopagoaz galdetu diogu zuzenean: badago arriskurik gaixoari tratamendua bukatzeko (konplikazio bat egon delako eta abar), eta kostuak beregain hartu behar izateko? “Ez, batere ez. Printzipioz, Osasun Sailak hartuko lituzke beregain konplikatutako kasuen kostuak. Defizitarioa bada, horrek ez du inoiz gaixoengan eraginik izango. Gaixoak ez du inoiz ezer ordaindu beharrik izango, zerbitzu publikoa delako”.

Zein puntutan dago plana?

Elena Eloseguik dioenez: “Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeak otsailaren 8an onartu zuen, PSE eta EAJ alderdiek sinatuta, legezkoa ez den proposamen bat –Aralar taldeak aurkako boza eman zuen–; bertan eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzari osasun-asistentzia plan bat azpieskualde honetarako, hornidura mistoko ereduaren alde [Lehen Arreta publikoa eta espezialitateak eta ospitalizazioa kontzertatuak] egiten duena, Donostia Ospitaleko langileen eskubideak errespetatuz. 2011n, aurrera egin nahi dugu honako fase hauetan: eguneratu beharko da Osasun Sailaren eta klinikaren arteko ituna. Asuncion Klinikak apurka-apurka garatuko du eskualde ospitale batek daukan zerbitzu-eskaintza (esaterako, Bidasoa Ospitalearen eskaintza)”.

TOPAko kideentzat, orain da mugitzeko garaia: “Eurek ere ez daukate hain garbi: bi irudiak ematen ari dira aldi berean, izango duen erantzunaren beldur dira. Erreakzioaren arabera atzera bota daiteke plana, aurrera egin, edo are pauso gogorragoak eman pribatizazio eta kopagorantz. Hau ez dago erabakita, eta horma sendoagoak erori izan dira”.

Plataformakoek maiatzaren 5ean mahai-ingurua antolatu zuten, herriko alderdi politikoei gai zehatz honen gainean galdetzeko: “Oso gai garrantzitsua da, eta alderdi politiko guztiei eskatu diegu posizionatzeko, argi esateko zer osasun motaren alde dauden eta zer egiteko prest dauden gai honetan. Biztanleek jakin egin nahi dutelako botoa eman baino lehen”. Mahai-inguru haren kronika www.argia.eus gunean duzu, erreportaje honi lotuta. 

"Proiektu berritzailetzat eskaintzen zaiguna, enpresari pribatu baten aspirazioa da"

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak Ignominia bati buruzko gogoetak, edo nola pribatizatu Osasuna alebosiaz eta pausoz pauso artikulua zabaldu du, Asuncionen lan egin zuen mediku batek idatzia. Bertan kontatzen denez, planaren atzean trama oso hau dago:

“90eko hamarkadaren erdialdean, Asuncioneko gerente izendatu berri zen Jesús Gómez Montoyak behin baino gehiagotan adierazi zuen Tolosaldeko osasun arreta kudeatzeko nahia. 2000. urte aldera, orduan Osasun Saileko Gipuzkoako zuzendaria zen Rafael Cerdánek, Tolosako anbulatorioko langileei adierazi zien eskualdeko arreta espezializatua Asuncion klinikari uzteko asmoa. Ordutik hona Asuncion klinika sustatu dutela ikusi dugu, espezialitate anbulatorioaren kaltetan, zeina pixkanaka desmantelatzen joan den.

(...)

Azken urteetan, Rafael Cerdán Osasun sailburu-orde zela, Asuncion klinikak pausoak eman ditu eskualdeko osasunak klinika honekiko gero eta dependentzia handiagoa izan dezan. Norabide honetan egin da Lehen Mailako arretako anbulatorioen eta klinikaren arteko lotura informatikoa, Tolosan eta Andoainen kontsultak egiteko irekitako Asuncioneko zentro berriak...

Beste datu esanguratsu bat da José Agustín Aguirrek Asuncion klinikako (jabego pribatua) zuzendari mediku postura egindako “desenbarkua”, Donostiako ospitalean (jabego publikoa) kargu bera utzi ostean.

Eta aurrekariak borobilduz, gaur egun Rafael Cerdán Asuncion klinikako zuzendaritzan ikusten dugu. Hau da, Osasun Saileko Gipuzkoako zuzendari izatetik, Osasun sailburu-orde izatera pasa zen eta handik Asuncion klinikako zuzendaritzara.

Ondorioz, orain proiektu berritzailetzat eskaintzen zaiguna, enpresari pribatu baten aspirazioa da: bera bakarrik edo besteekin batera, pixkanaka plan ezkutua garatzen joan da osasun publikoko arduradunekin elkarlanean, hamar urte baino gehiagoz.

(...)

Askoren beldurra da hau entsegu bat dela, aurrerantzean emango diren pribatizazioena. Ur publikoetan zein pribatuetan igeri egiten duten gestoreek bultzatuko dituzte pribatizazio horiek, norberaren onuretan pentsatuz eta ez herritarrenean”.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde Plataforma

Hogei erakunde hauek osatzen dute: Ezker Abertzalea, Aralar (eta Tolosako Aralar) eta Ezker Batua alderdi politikoek; ELA, LAB, CCOO, UGT eta EHNE sindikatuek; Amarotz auzo elkartea, Bonberenea, Tolosako denbora-bankua, Arpegi eta Zahartzaro Duinaren aldeko plataforma herri ekimenek; genero berdintasunaren aldeko Bilgune Feministak eta Berdinbidek; Euskal Herria Sozialista, Gazte Independentistak eta Herria Abian mugimenduek eta Osasun Publikoko langileek.

Eskualde-ospitale publiko baten aldeko 12.000 sinaduratik gora bildu dituzte (maiatzaren 5ean) eta manifestazioa deitu dute maiatzaren 14rako (12:00etan Tolosako Triangulo plazatik hasita).

Zer osasun sistemaren alde bozkatuko dute Tolosaldeako biztanleek?

Maiatzaren 5ean mahai-ingurua antolatu zuen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak, alderdi politiko bakoitzak garbi erantzun ziezaien bi galdera hauei:

1. Tolosako espezialitate-anbulatorioak zerbitzu ona eman dezan, zer giza baliabide eta azpiegitura jarriko ditu zure alderdiak?

2. Zure alderdiak ahalbidetuko du Tolosaldeak eskualde-ospitale publiko bat izatea?

Sei politikari hauek hartu zuten parte: Jose Maria Vieites, EBtik Tolosarako alkategaia; Ibai Iriarte, Bildutik Tolosarako alkategaia; Luke Uribe-Etxebarria, EAJtik Asteasurako alkategaia; Suny Guerra, PPtik Andoainerako alkategaia; Iñaki Irazabalbeitia, Aralartik Tolosako alkategaia; eta Jabier Telleria, Hamaika Batetik Tolosarako alkategaia.

Horman zenbaki handi bat ikusten zen: 11.723 sinadura bilduak zituen egun horretarako plataformak, Osasun Sailak espezialitate denak Asuncion Klinika pribatura pasatzeko duen plana gaitzesten dutenak. Triangulo plazako Kultur Etxeko beheko aretoa erabat bete zen, eta osasun langile asko ikus zitekeen haien artean, edo plataformako kideak bestela... alegia, gaian oso jantzitako jendea, galderen txanda iritsi zenean ikusi zenez.

Hona lehen galderaren (Zer baliabide jarriko ditu zure alderdiak anbulatorioan?) erantzunen laburpena:

Vieites, EB: Galdera teknikoegia da, eta aditua ez naizenez, anbulatorioko arduradunekin elkarlanean hartuko ditut erabaki zehatzak, baina gure jarrera argia da: osasunean arreta hobetzeko modu bakarra dago, baliabide ekonomiko eta langile gehiago jartzea. Pribatizazio saiakera hau salatzen dugu, gainera kargu publikoetan dauden pertsonek bultzatutakoa delako. Osasuna denok ordaintzen dugu, eta inork ez die politikariei baimenik eman pribatizatzeko. Zergatik nahi dute politikari batzuek ongizate estatuaren oinarriak diren zerbitzu publikoak pribatizatu? Hori lortzeko ohiko taktika erabiltzen dute: lehenik sasi arazoak sortzen dituzte, arazorik ez dagoen lekuan (itxaron zerrenda luzeak, gaixoak pribatura bideratzea...), ondoren esateko irtenbidea osasun pribatua dela. "Arduragabekeria hutsa" da kasu hau.

Iriarte, Bildu: Ez naiz medikua, eta ez dut neurri zehatzez hitz egingo, baina gure jarrera argia da: osasun zerbitzua eskubide unibertsala da. Krisia berau zapuzteko baliatu nahi dute, eta juxtu garai hauetan da garrantzitsua eskubide unibertsalak mantentzea. Plataformako kide moduan bileretatik "pozik eta harro" joan izan naiz etxera, herri mugimendu zabala jarri delako martxan, eta hor ikusten delako gestore publikoek ezin dutela nahi duten guztia egin. "%100 doan eta publikoa izan behar du zerbitzuak eta gestioak". Eta Europar Batasuneko datuekin alderatuta, osasunean gutxiegi gastatzen dugu: 2010eko datuen arabera, EBn batez beste 2.013 euro gastatu zen osasunean pertsonako, eta EAEn, aldiz, 1.573 euro; bertako errenta EBko batez bestekoa baino handiagoa denean. "Superportuak, erraustegiak, eta horrelakoak egiteko bai, beti dago dirua".

Uribe-Etxebarria, EAJ: Tolosaldean, "arrazoi historikoengatik, sistema mistoa" dago, eta gure alderdiak, herrian zegoen kezka jasoaz, Eusko Legebiltzarrean legez besteko proposamena aurkeztu zuen 2010eko abenduaren 10ean. Otsailean eztabaidatu zen proposamen hori, eta aurrera atera da. "Kezkatuak" geunden Bengoa Osasun sailburuak hartuak omen zituen erabakiekin, eta legez besteko proposamen horren bidez proiektua gelditu eta erabakia patxada gehiagorekin hartzera behartu genuen: proposamen horretan Osasun Sailari eskatzen zaio 4 hilabeteko epean (beraz, ekainerako) proiektua aurkez dezala Legebiltzarrean, eredu mistoa mantenduz (lehen mailako arreta anbulatorio publikoan eta espezialitateak Asuncionen), langileen baldintzak bermatuz. Une honetan Osasun saila informea lantzen ari da, eta informea iristen denean, alderdian aztertuko dugu eta gure ekarpenak egingo dizkiogu.

Guerra, PP: "Tolosako osasungintzak min ematen dit". 60ko hamarkadan anbulatorio ederra zuen, eta galtzen joan da, "ez dugulako etorkizun ikuspegirik izan: zerbitzu asko eskaintzen ziren bertan baina langile eta azpiegitura nahikorik jarri gabe, eta honek itxaron zerrenda luzeak eragin zituen". Duela 20 urte Osasun Sailak Asuncion Klinika pribatuarekin egin zuen hitzarmenak irregulartasun handiak zituen: erakunde publiko batek ezin duelako enpresa pribatu batekin hitzarmenik egin, azken honek zorrak baditu. Eta Asuncionek 100 milioi inguruko zorra zuen ogasunarekin, eta beste hainbeste gizarte segurantzarekin. Diru publikoa enpresa pribatu horretara bideratu zen, eta gainera, enpresa horrek zorra handitu egin zuen. Uribe-Etxeberria jauna: 2006tik hona EAJren planteamendua Tolosaldeako zerbitzuak pribatizatzea izan da, eta orain zertara dator Bengoari informeak eskatzea? Aspalditik oso lotua dago plan hau, urte askotan hartutako erabakiak horra bideratuta egon dira, baina nahiago nuke atzera bueltarik balu.

Uribe-Etxebarria: "Mesedez, zer diozu, EAJren planteamendua espezialitatea pribatizatzea zela?".

Aretoko publiko osoak: "Baaaaaiiii!".

Irazabalbeitia, Aralar: Bengoak emandako datuen arabera, anbulatorioak eta Asuncionek urtean 100.000 kontsulta hartzen dituzte, erdi eta erdi; baina joera Asuncionen aldekoa da. Aralarrek Tolosako udalean urtarrilean mozioa aurkeztu zuen, batetik Tolosaldearako zeuden asmoez galdetuz, bestetik osasun publikoaren aldeko aldarria eginez, eta hirugarrenik eskualde-ospitale publiko baten azterketa egiteko eskatuz. Mozioa onartu zen eta Tolosaldeako udaletara zabaldu.

Telleria, Hamaika Bat: Gure lehentasuna ahalik zerbitzu onena izatea da. "Hori nola egiten den?", badira modu desberdinak: publikoa, pribatua eta mistoa. "Gu printzipioz publikoaren alde gaude", baina tokian tokiko egoeretara egokitu behar da. Alderdi berria izanagatik, politikan urte asko daramatzagu, eta 1992an Tolosako alderdi guztiek adostasuna lortu genuen: eskualde-ospitalea eskatu genuen denek batera eta Asuncionekin hitzarmen on bat lortu zen.

Bigarren galderaren txanda (Zure alderdiak ahalbidetuko du Tolosaldeak eskualde-ospitale publiko bat izatea?) elkarri erantzuteko baliatu zuten:

Vieites, EB: Uribe-Etxebarria, informea behar da baina zer erabakitzeko, osasun publikoa edo pribatua nahi dugun? Eta zonalde diskriminatua izaten jarraituko duen Tolosaldeak? Ikerketa behar da, zenbat baliabide behar diren jakiteko, horretarako besterik ez. Bengoa lehendik datorren plan bat bukatzen ari da. Zein den neurria? Mobilizazioa. Nik oso garbi dut: udalean egoteko ohorea badut, uko egingo diet operazio ekonomikoei eta Asuncion enpresa indartuko duen edozein planteamenduri, Asuncion publikoa ez den artean. Desegin dezagun, desmantelatu.

Iriarte, Bildu: Galderarentzat erantzun garbia dugu: bai (tonuaz indartu eta azpimarratu zuen). San Eloy eta Deba Garaiko ospitaleak pribatuak ziren lehenago, eta publifikatu egin ziren. Beraz, posible da Tolosaldean gauza bera egitea. Informeak eskatzen dituenaren araberakoak izaten dira, eta gero erabili egiten dira gestio publikoa ez dela errentagarri esateko: baina osasun publikoan 10 txanpon jartzen baditut, 10 horiek osasunera bideratzen dira. Aldiz, gestio pribatuan 10 txanponetik 3 irabazietara doaz, eta beraz, ezin da zerbitzu bera eskaini 10 txanponekin eta 7rekin. Orain, larrialdietako zirrikitua baliatzen dugu Donostiako Ospitalera joateko (seinale Asuncionek ez digula konfiantza bera ematen), baina laster itxiko zaigu aukera hori eta derrigor joan beharko dugu Asuncionera. Gainera ordainketa modua aldatuko da (orain arte Asuncioni egindako froga eta ekintza bakoitzeko ordaindu dio Osasun Sailak, baina gerora biztanleko hainbesteko bat ordaintzea aurreikusten da), eta horrek eragin zuzena izango du eskainiko zaigun arretan.

Uribe-Etxebarria, EAJ: Guk galderari "bai" erantzuten diogu. Helburua osasun zerbitzu ona eskaintzea da, kalitatezkoa, eta helburu hori lortzeko bitarteko desberdinak daude. Diru publikoaren kudeaketa eraginkorra egingo dugu. PPk EAJren legez besteko proposamenaren alde bozkatu du, beraz, Guerra, ez dut ulertzen zure jarrera. Hau esanik, Asuncionekin egindako hitzarmena nola izan zen azalduko dut: 1988-1991 arteko hitzarmena sinatu zenean PSOE zegoen Osasun sailean, eta diru publikoa eman zion inongo kontrolik gabe, "subentzio hutsa zen", enpresaren finantza beharrei erantzuteko emandako dirua, bueltan eskaini beharreko zerbitzurik edo helbururik ere eskatzen ez zuena. 1992an Osasun sailean EAJ zegoen, eta hitzarmenetik kontzertura pasa ginen: dirua eman zitzaion baina zerbitzu batzuen truke, exijentzia eta emaitzak eskatuta. Bukatzeko, herri bakoitzean bertako ezaugarrietara moldatu behar da: "hezkuntza bezala da, ikastola eta ikastetxe erlijioso kontzertatuak ditugu". Iriartek dio enpresa pribatu baten helburua errentagarritasuna dela, baina kontzertatzen bada, helburuak ezin du hori izan. [Publikoaren barre ozena, esaldi hau entzutean]. Baliabide bat baldin badugu, Asuncion, pribatua dena, zer egin behar da, berau itxi? 300 familia bota? [Publikoan zurrumurrua zabaldu zen].

Guerra, PP: "Oso gogorra egiten zait 300 familia kaleratzearen errua hemen aurrean daudenei leporatzea. "Errua enpresa horren gestio txarrarena da". Gakoa ordainketa modua da: nola ordainduko da, pertsonako edo zerbitzuko? Zeren ordainketa modu bakoitzak badu bere arriskua: zerbitzuka ordainduz gero, alferrikako froga mordoa egiten delako diru publikoaren kontura, eta pertsonako ordaintzen bada, berriz, beharrezko diren frogak ere ez egiteko arriskua dagoelako: "Iriartek oso ongi esan duen bezala, irabazi asmodun enpresa delako. Tolosaldeak ospitale publiko bat behar du, Donostiatik gertu egoteagatik ez du anaia pobrea izan behar. Bukatzeko, azken arrisku bat ikusten dut: "klinika berean osasun publikoa eta pribatua egiten denean, mailak sortu daitezke".

Irazabalbeitia, Aralar: Guk ere galderari "bai" erantzuten diogu. Kontua da eskualde-ospitale hori nola egin: Hutsetik hasi edo anbulatorioa indartzetik? Edo eskualdeko osasun azpiegiturak baliatuta: Asuncion publifikatu eta anbulatorioarekin bat eginda, zerbitzu batzuk batean eta besteak bestean eskainita... Asuncioneko langileei euren lanpostuak mantentzeko aukera dago, horrela eginez gero. Baina Tolosaldeari eskualde-ospitale publikoa dagokio, biztanle eta kontsulta datuek ematen dutelako.

Telleria, Hamaika Bat: "Zer da osasun publikoa? Guretzat, unibertsala eta kalitatezkoa dena. Erregeei gutuna idatz diezaiekegu, espezialista onenak ekarri eta sekulako ospitalea egiteko eskatuz. Asuncion erostea nahi nuke nik ere, baina ez da erreala". Baina publikoa edo pribatua izateak ez du bermatzen zerbitzu ona eskainiko denik, ezta baliabide asko izateak ere, nahikoak behar dira. Ezin ditugu dauzkagun baliabideak (Asuncion klinika tartean) desaprobetxatu. Gu ospitale-publikoaren alde gaude, baina planifikatu egin behar da eta informeak horretarako behar dira, planifikatzeko. Osasun sailak egiten duen ikerketa aztertuko dugu, eta orduan hitz egingo dugu berriz. Alderdi guztiok elkarrekin joan behar dugu, 1992 hartan bezala.

Bukatzeko, publikoari ireki zitzaion galderak egiteko txanda. Haien artetik hiru ekarri ditugu:

1992an Asuncionekin kontzertu bat adostu beharrean, klinika erosi egin behar zela esan zion Uribetxebarriari plataformako kide batek, Asuncion zorretan itota zegoelako momentu hartan. Munduan ematen ari den osasunaren pribatizazioarekin bat datorrela plan hau ohartarazi zuen, eta EAJk informea eskatu badu, helburu bakarrarekin eskatu duela salatu: gaia atzeratu dadin, maiatza pasatu dadin eta beraz hauteskundeak ere bai, eta horrela, erabaki horrek ekarriko dion prezio politikoa ordaindu ez dezan.

Bigarren pertsona batek bi galdera zehatz erantzuteko atakan jarri zituen: Nork sinatuko duzue plataformaren manifestua? Nor joango zarete maiatzaren 14ko manifestaziora? EB, Bildu, Aralar eta PPk sinatu zuten, eta lau hauek hartu zuten joateko konpromisoa (PPren kasuan ez Guerrak berak, kanpoan delako egun horretan, baina Tolosako ordezkariak egotea espero duela esan zuen). EAJko eta Hamaika Bateko ordezkariek esan zuten Osasun sailaren informearen zain geratzen zirela erantzun bat emateko, eta Hamaika Bateko ordezkariak gaineratu zuen "ez nago ados idatziarekin". Manifestazioan ere ez dute bi hauek parte hartuko.

Hirugarrenik, Asuncion klinikako langile batek esan zuen Asuncioneko gaixoen %90-%99 artean, osasun publikokoak direla eta bera ere publifikatzearen alde agertu zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Berrordainketa
Sendagaien berrordainketa
Pentsiodun behartsuenak zigortzeko artea

“Hainbesteko zurrunbiloa hilean sei kafe adina euro ordaindu behar direlako?”. Zer da bada hilean 8 euro ordaintzea 600 bat euroko pentsioa duenarentzat? Nafarroan pentsiodunen %40 inguruk 650 euro baino gutxiago jasotzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan 1.000... [+]


2013-07-01 | Lander Arretxea
Abian da botiken berrordainketa sistema EAEn

Botiken berrordainketa sistema martxan da astelehenetik aurrera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herritarrek euren soldataren araberako gainprezioa ordaindu beharko dute botikengatik. Prestaziorik gabeko langabeek eta pentsio minimoa duten erretiratuek ez dute ordaindu beharrik... [+]


2013-05-29 | Lide Hernando
EAEn botiken berrordainketa sistema ezarriko da uztailetik aurrera

Botiken berrordainketa indarrean ezarriko da EAEn uztailetik aurrera. Bertako biztanleek euren soldataren arabera ordaindu beharko dute botiken gainprezioa, prestaziorik gabeko langabeek eta pentsio minimoa duten erretiratuek izan ezik.


2013-05-03 | Lide Hernando
Nafarroan osasun publiko duinaren aldeko elkarretaratzeak egingo dira

Nafarroako osasun sistema publikoak dituen arazoak salatzeko protestaldiak antolatu ditu Nafarroako Osasun Plataformak herrialde osoan. Maiatzean eta ekainean zehar, asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte osasun etxeen aurrean.


2013-01-16 | ARGIA
Botiken berrordainketa ezartzea beste biderik ez dutela esan du Erkorekak

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak adierazi du botiken berrordainketa aplikatzea beste aukerarik ez duela ematen legeak. Data zehatzik eman ez duen arren, Erkorekak esan du urtea amaitu aurretik martxan jartzea espero dutela.


2012-12-18 | ARGIA
EAEn botiken berrordainketa ezarri behar dela ebatzi du Konstituzionalak

Eusko Jaurlaritzak dekretua onartu zuen joan den ekainean, Espainiako Gobernuak Osasun arloan hartutako hainbat neurriri kontra eginez. Hala, herritarrek botikak berriz ordaintzeko aginduari eta paperik ez duten etorkinak artatzeko debekuari uko egin zion Jaurlaritzak... [+]


2012-09-05
Kezka zaitezte pentsioengatik

Hego Euskal Herriko biztanleek pentsioetan murrizketa handiak jasateko arriskua dute Espainiako Estatuko ekonomiaren kolokak eraginda. Ignacio Escolar kazetariak bere blogean dioenez, laster iragar dezake Rajoyren gobernuak neurri garrantzitsuren bat. Bere analisia euskaratu... [+]


2012-07-27
Jaurlaritzak botiken berrordainketa ezarri beharko du

Eusko Jaurlaritzak berehala jarri beharko du indarrean botiken berrordainketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Espainiako Konstituzio Auzitegiak tramitera onartu baitu Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren dekretuaren aurka jarritako helegitea. Jaurlaritzaren dekretua legez... [+]


2012-07-17
EAEn ere Osasunean berrordainketa ezartzera derrigortuko du Espainiako Gobernuak

Eusko Jaurlaritzatik esana bazuten ere EAEn ez direla ezarriko Espainiako Gobernuak Hezkuntza eta Osasun arloetan egin dituen murrizketak, Rajoyren Gobernuak neurriak hartuko ditu horri buelta emateko. Eusko Jaurlaritzaren erabakia legez kontrakoa dela argudiatuz helegitea... [+]


2012-06-27
Botiken berrordainketa uztailaren 1ean jarriko da martxan Nafarroan

Botiken berrordainketa igande honetan jarriko da martxan Nafarroan, Espainiako Estatuko ia erkidego guztietan bezala. EAEn ordea ez da berrordainketarik aplikatuko. Prestaziorik gabe geratzen diren langabetuek eta pentsio ez-kontributiboa (asistentziala) jasotzen duten... [+]


2012-06-07
Arabak eta Gipuzkoak botiken berrordainketa ezartzeko datuak emango dizkiote Espainiako Gizarte Segurantzari

Botiken berrordainketa Hego Euskal Herrian ezartzeko urratsak ematen ari da Espainiako Gizarte Segurantza eta aste honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiei euren ogasuneko datu-baseak eskatu dizkie.


2012-04-19
Botikengatik gehiago ordaindu beharko dute Espainiar Estatuko herritarrek

Pentsiodunek errezetatzen zaizkien botiken %10 eta herritar aktiboek %50 ordaindu beharko dute aurrerantzean, Ana Mato Espainiako Osasun ministroak atzo jakinarazi zuen moduan. Gaur egun pentsiodunek ez dute deus ordaintzen, eta gainerako herritarrek %40 ordaintzen dute.


Eguneraketa berriak daude