Hizkuntz eskubideak atzera-martxan

  • Legeak eskubide hori aitortu arren, EAEn ezin daiteke gida-baimena ateratzeko azterketa praktikoa euskaraz egin. Araban eta Gipuzkoan beti izan da hala. Bizkaian, berriz, aukera hori bermatuta egon da hamarkada batez, baina desagertu egin da urtarrilaz geroztik. Zenbait autoeskolak, eta Jaurlaritzak berak, konponbidea eskatuko diote Trafiko Zuzendaritzari.

Unai Brea

Iazko ekainean, Beasaingo (Gipuzkoa) Igartza autoeskolako hiru ikaslek euskaraz egin nahi izan zuten gida-baimena ateratzeko azterketa praktikoa, baina azkenean gaztelaniaz egin behar izan zuten. “Trafiko Zuzendaritzari astebeteko aurrerapenaz ohartarazi behar diogu zein ikasle bidaliko dugun azterketara”, esplikatu digu Joxe Luis Iturriotz autoeskolako ugazabak, “eta hiru hauen kasuan euskaraz egingo zutela adierazi nion Zuzendaritzari”.

Azterketaren egunean bertan aztertzaileen koordinatzaile bat azaldu zitzaien, eta esan zien azterketa gaztelaniaz egitea edo etxera bueltatzea zituztela aukera bakarrak. Gertatutakoa ikusita, Iturriotzek kexa helarazi zion Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzari. “Esan zidaten eskumena ez zegoela beraien esku eta Madrilera bidaliko zutela nire kexa, ez zidaten beste erantzunik eman”.

Aldi berean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin harremanean jarri zen Igartzako jabea, galdetzeko ea legeak zer dioen gaiaz. Behatokiak erantzun zion trafikoa arautzen duen legediak ez dioela ezer zehatzik hizkuntzei buruz, eta hortaz arau orokorragoetara jo behar dela. Kasu honetan, Euskararen Legera. Horren arabera, herritarrek eskubidea daukate beraiek aukeratutako  hizkuntza ofizialean gida-baimenaren azterketa praktikoa egiteko.

Eskubide hori ez dago bermatuta, agerikoa denez. “Aztertzaile euskaldun bakarra dago Gipuzkoan”, dio Joxe Luis Iturriotzek, “baina liberatuta dago lan sindikaletarako. Badago beste bat euskaraz nola edo hala moldatzen dena, baina edozein kasutan, azterketa euskaraz egitea aztertzailearen borondatearen araberakoa da; ez dago eskubidearen benetako bermerik”.

Igartzaren ekimenez, Goierriko Autoeskolen Elkarte Profesionaleko zenbait kidek idatzi bat prestatu dute, Gipuzkoa osoko autoeskoletan sinadurak bildu ostean herrialdeko Trafiko Zuzendaritzari bidaltzeko asmoz. Eskatzen dute azterketa praktikoa euskaraz egin ahal izateko –azterketa teorikoa egin daiteke dagoeneko– mekanismoak jar daitezela.

Bizkaian, lortutakoa berriz galdu

Une honetan, Gipuzkoako egoera euskal lurralde guztietan ematen den bera da, baina badago ñabardura garrantzitsua: besteetan ez bezala, azken urteetan Bizkaian azterketa praktikoa euskaraz egin ahal izan da oraintsu arte. Data zehatzak gogoan ez dauzkan arren, gutxienez hamarkada batez hala izan dela diosku Unai Zuluagak, Igorreko Arratia autoeskolako buruak. Zer edo zer badaki gaiaz: batik bat beraren ekimenari zor zaio azterketa euskaraz egiteko aukera egon izana.
 

“Durangaldeko autoeskola bategaz hasi ginen historia honetan”, gogoratu du Zuluagak, “hura autoeskola handia zen eta azterketa euskaraz egingo zutela abisatuta bidaltzen zituen ikasle batzuk. Zuzendaritzak, ikasle haiei, itzultzailea ipintzen zien auto barruan. Imajinatu egoera: ‘a la izquierda’ aztertzaileak, ‘ezkerretara’ itzultzaileak. Ilogikoa zen”.

Zuluaga ez zen prest agertu hura onartzeko, eta presio egin zuen itzultzaile sistema kentzeko. Baita lortu ere. “Esan egin nien nire ikaslerik ez zela joango azterketa holan egitera, denok garela elebidunak eta gaztelania ere ulertzen dugula, badakigu izquierda ezkerra dela, baina horrelako azterketa batean norbera urduri egoten da eta hobeto konponduko da jatorriko hizkuntzan berba egiten badiote”. Azkenik, ipini eta gutxira kendu zituzten itzultzaileak, Zuluagari berriz egiten dio huts memoriak baina uste du hark ez zuela pare bat urte baino luzeago iraun. 90eko hamarkadaren amaiera zen.

Handik gutxira, azkenik, Bizkaian aztertzaile euskaldunak jartzea lortu zuen Arratia autoeskolakoak. Trafiko Zuzendaritzak hiru aztertzaile bidali zituen euskaltegira, eta ikasi zuten, Zuluagaren berbetan, azterketa egiteko adina euskara behintzat.

Laster azalduko ditugun arrazoiengatik, Bizkaian ez du ikasle askok azterketa praktikoa euskaraz egitea eskatu, baina eskatu dutenek aukera hori bermatuta eduki dute azken hamarkadan, gutxi gorabehera. Aurtengo urtarriletik, ordea, egoera berriz itzuli da lehengora, alegia, beste edozein euskal lurraldetan dagoenera: erdaraz edo etxera. Unai Zuluagak azaldu digunez, azterketak euskaraz egin izan dituzten aztertzaileek erabaki dute gehiago ez egitea, administrazioak lan horrengatik zelanbaiteko aitortza egiten ez dien bitartean. “Kontua da euren borondatez egon direla lan hori egiten, eta ez dutela ikusi Espainiako administrazioaren aldetik ezelango ordainik”. Beraien aldarrikapenak zehatzago ezagutu guran, aztertzaileokin harremanean jartzen saiatu gara, baina momentuz hedabideekin berbarik ez egitea erabaki dute.

Unai Zuluagak, bitartean, eskaria bidali dio Bizkaiko Trafiko Zuzendaritzari, azterketa euskaraz egiteko aukera bermatu dezan berriz, baina ez du erantzun azkarrik espero: “Lehenengo aldiz aztertzaile euskaldunak ipintzea lortu genuenean bezala, Dabid eta Goliaten arteko borrokan hasi beharko gara ostera ere. Zer jazoko da? Ez dakit. Beharbada itzultzaileak ipiniko dituzte berriro”.

Kasu honetan, presioa ez zaie autoeskoletatik bakarrik iritsiko EAEko Trafiko Zuzendaritzei. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak ere asmoa du haiekin hitzarmena sinatzeko, gida-baimenaren azterketa praktikoa Araban, Bizkaian nahiz Gipuzkoan euskaraz egiteko eskubidea bermatze aldera.

Ikas-materialik ez luzaroan

Horretarako aukera eduki arren, Bizkaian, urte askoan, oso ikasle gutxik egin du azterketa praktikoa euskaraz (gauza bera esan daiteke teorikoaz). Gehienak, zer esanik ez, Arratia autoeskolakoak. Arestian aipatu dugun Beasaingo Igartza autoeskolak berak iaz egin zuen estreinako eskaria, ia ikasle guztiak euskaldunak izanda ere. Arrazoia sinplea da: orain gutxi arte, gida-baimena ateratzeko ikasketa osoa erdaraz egin behar zen, euskarazko materialik ez eta. Ez dirudi logikoa prozesu osoa gaztelaniaz egin eta gero azterketak euskaraz egiteak.

Salbuespena, horretan ere, Arratia autoeskola izan da, Unai Zuluagaren borondateari esker. Azterketa teorikoak euskaraz egiteko aukera 1995etik dago EAE osoan, baina ikasteko materialik ez zegoenez, urte hartan bertan Zuluagak berak ekin zion, bere kasa, prestatzeari. Urte batzuk geroago azterketa praktikoa ere euskaraz izatea lortu zuenez geroztik, ikasketa-prozesu osoa, hasi eta bukatu, euskaraz egin ahal izan dute Arratia autoeskolako ikasleek. “%70 euskaraz aurkeztera heldu gara”.

Hala izan zen hainbat urtez, Debagoieneko Mankomunitatea, lehenik, eta AEOL izeneko argitaletxe valentziar bat, ondoren, Zuluguaren lana ezagututa, tartean sartu ziren arte. Azkenik, hiru aldeen elkarlanari esker, AEOLek gida-baimena ateratzeko ikas-materiala argitaratu du euskaraz, hein handi batean Zuluagak egindakoa baliatuta. Joxe Luis Iturriotzek gogorarazi digu hala ere, oraindik euskaratu barik dagoela baimen espezifikoak ateratzeko erabiltzen den materiala.

Orain dela bi urtetik hona, material hori eskuragai dute EAEko autoeskola guztiek, eta askok eskaintzen dute. Hala ere, ikasleen nahia asko aldatzen da eskualdetik eskualdera: Sopelako autoeskola batean esan digute oraingoz pertsona bakarra joan zaiela gida-baimena euskaraz ateratzeko eskatzen. Uribe Kosta bezalako eremu erdaldunetan, gaztelania hobesten dute oraindik euskaldunek eurek.


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude