Mikel Hernandez Abaitua (Gasteiz, 1959). Euskal hitzak eta literatura ikastearen poderioz bere egin zituen. Molde propioan oratu du hitzen orea. Euskal literaturaren Michelin gidan ez du izarrik haatik. “Azukre xehea eta gatz larria” jarri ditu lapikoan azkenik.
Adiskidetasuna, musika, literatura eta politika gaiak dira, oroitzapen autobiografiko-sentimentalak biltzen dituen Azukre xehea gatz larria (Alberdania) liburua: “Bizitza gazi-gozoa den aldetik, bizitzaren alde larriari gozatu bat eman nahi izan diot. Objektibotasunez, baina subjektiboki bihotza ere hor daukadala kontziente naizela” diosku.
Oroitzapenak idazten direnean sentimenduak arriskutsuak edo traidoreak omen dira.
Alabaina, oroitzapenak kontatzean ezinbestekoa da zure sentimenduak adieraztea. Literaturan pertsonaia baten bizitza kontatzen denean, edukazio sentimentala ageri da. Kontatzen den horretan gaztaroak garrantzia handia du. Edukazio sentimentalarena klasikoa da literaturan, klixea. Gustave Flauberten L’Éducation sentimentale nobela famatua horren adibidea da, erdi autobiografikoa da; oroitzapenak eta hitz jolasak ageri dira.
Joachim Festen Ich Nicht liburuko “iragana irudimenezko museo bat da beti” aipuaren ondoren hasten duzu kontakizun-kronika.
Nolabait esateko, ez dugula gure oroitzapenez gehiegi fidatu behar. Irakurleari abisu hau pasa nahi diot “nik oso ondo gogoratzen dut, baina ez zaitez guztiz fida, halere”. Bestalde, Joachim Festen gurasoek nazismoari argi eta garbi ezetz esan zioten, eta nik garai batean, biolentziari ez esan nion –ez ETArena ez GALena– eta oso gogorra izan zen jarrera hori hartzea, nahiko bakarka aritu nintzen nire inguruaren aurka. 18 urterekin Gandhi zalea nintzen, baina gero 22rekin pentsatu nuen, agian ETA (pm) beharrezkoa zela. Ez nintzen seguru. Nire familian ardi beltza nintzen. Nire osaba bahitu zutenean [ETA (pm)-k], ni EEren inguruan nenbilen. Sentimentalki hori bizitzea oso gogorra izan zen.
Mundua alda zitekeela pentsatzen zenuten, nolabait!
Batzuek guztizko iraultza egin eta errotik aldatu zitekeela pentsatzen zuten. Nik guztizko iraultza ez baina mundua hobetu zitekeela bai: gure mundutxoa hobetu beharra zegoen, inplikatuz, iritzia emanez edo manifestazioetan agertuz. Baina, liburuan kontatzen dudanez, Susako lehen garaiko giroa apolitikoa zen. Abertzaleak eta ezkertiarrak ginen. Ezin genuen besterik imajinatu. Baina literaturak betetzen zuen gure burua batez ere.
Mikel Antza hurbilekoa izan zenuen. Imajinatzen zenuen egin duen bidea hartuko zuenik?
Inolaz ere ez. Oso hurbil neukan, nire neskaren ahizparekin zebilelako, eta bere arrebak eta biok euskal filologia ikasten genuelako. Mikelek ez zuen politikaz inoiz hitz egiten. Literatura zuen gogoan, arteak –artea artearengatik– betetzen zuen bere bizitza. Mikel nire emaztearen eta honen ahizparen argazkietan agertzen da 4-5 urterekin, bien familiak oso lagunak ziren.
Kontakizun-kronikak ukitu nobelatuak dituztenean, pasarte batzuk “asmatzea” gerta daiteke... oharkabean.
Nik ez dut ezer asmatu. Beti esaten dut memoriaz ez dela guztiz fidatu behar. Nik nire etika daukat, eta etika horrek ez dit uzten gezurrik esaten, eta norbaitek egiten badu guztiz okerra iruditzen zait. Noski, bakoitzak bere modura gogoratzen ditu gauzak. Adibidez Juan Goytisolok bere memoriak idatzi zituen eta Luis anaiak berak guztiz kontrakoa gogoratzen zuela esan zion.
Adiskidetasuna, musika, literatura eta politika dira libururaren oinarria. Zer dira gai horiek oraingo zure bizitzan?
Literatura oso garrantzitsua da. Musika ere bai, baina ez dut lehen bezain beste jotzen, gehiago entzuten dut. Egun literatura gutxiago irakurtzen dut eta gehiago idazten saiatzen naiz. Denbora asko ematen dut errepasatzen. Jendeak “zure idazkietan naturaltasuna sumatzen dut” esaten dit, baina nik hori lortzeko asko lantzen dut, niretzat idaztea lan handia da. Irakasle lanaz gain, etxean idazten dut, eta etxean bestelakoak ere egiten ditut, bikote bizitzak ere denbora asko eskatzen du. Adiskidetasuna gauza handia da, baina ni ez naiz lagun asko edukitzeko pertsona. Jendeak “zu sinpatikoa zara” esaten dit, baina niri lagunak edukitzea kostatzen zait, lagunak zaintzea. Lagun urri horiek baina, oso lagunak dira, garrantzitsuak. Ramon Saizarbitoria eta Iñaki Aldekoa, kasu. Pertsona batzuk jende askorekin ondo moldatzen dira, ni, aldiz, zomorro samarra naiz...
...politika ez duzu aipatu.
Ez dut sekula politikan inplikatzeko asmorik izan, edo oso gutxi. Jardun zikin bezala bizi dut, baina miresten ditut zikintzen direnak. Jean-Paul Sartrek zioenez “eskuak zikindu ditut, baina zikintzen ez direnek ez dezatela pentsa hobeagoak direla”. Politikariek finean gezurrak esan behar dituzte, edo ezin dute egia osorik esan. Nola aprobetxatzen den politika jende inuzenteaz eta tonto erabilgarriaz! Politikak ingenuoak nola tratatzen dituen, ezta? Ezin dut pentsatu hor gustura ibiliko nintzenik, baina horregatik ez dut pentsatzen ni hobea naizenik. Politikaren munduan sartzeak badu meritua.
Garai batean politikaren inguruan ibili zinen.
Inoiz pentsatu dut: “Franco hil zenean gazteegia nintzen, lehenago jaio izan banintz nire jarrera politikoa askoz aktiboagoa izango zen”. Adibidez, Ramon Saizarbitoriaren adina izan banu gauza arriskutsuagoetan sartuko nintzen. Gu baino lehenago jaiotakoek diote ez zirela hainbeste inplikatu politikan, baina abertzale eta antifrankista askok –ez dute horretaz asko hitz egiten baina– esaten dutena baino askoz gehiago egin zuten: ihes zebiltzan militanteak beren etxeetan onartu, esaterako. Frankismoaren bukaeran batez ere, jendea asko inplikatu zen, ekimen zehatzik ezagutu ez zaion jendeak asko egin zuen isilik eta era anonimoan. Hori oso ondo kontatu du Saizarbitoriak Hamaika pauso nobelan.
Batzuek iragana gogoratzea ontzat jotzen dute, bestetzuek nahiago dute ahaztu. Liburu mota honek ez ditu batzuk erakarriko, agian.
Bai. Baina iragana ez gogoratzea ez da zuzena. Bestela, topikoa da esatea iragana ez ahaztea garrantzitsua dela, gure historia ezagutzea funtsezkoa dela... Nire liburuan historia liburuetan agertzen ez den gure eguneroko beste historia ekarri nahi izan dut.
Hori onartzean dago koska.
Bai, ona da egia kontatzea ia beti, edo zuk egiatzat hartzen duzuna. Ez da egia absolutua noski. Baina okerragoa da “ahaztu dezagun” pentsatzea. Nik jende gazteari kontatu nahi diot gure garaian ezkertiar abertzalea ez izatea, adibidez Gipuzkoan, oso-oso gogorra zela. Ez bazinen abertzale ezkertiar eta erradikala, tontoa ematen zenuen. Nahi dut gogoratzea ezker abertzalearen hasieran rock&rolla gaizki ikusita zegoela. Pello Lizarraldek kontatzen du Eginen zailtasunak izan zirela rock&rolla onartzeko, euskal rock erradikalaren fenomenoa izan zen arte. Gure aurrekoen garaian, Ez dok Amairukoak gitarra espainiarrarekin agertu zirenean, batzuek gaizki ikusi zituzten, eta beste batzuk ere, Oskorri eta Natxo de Felipe, beste arrazoiengatik, espainolistatzat hartuak izan ziren.
Historia gogoratu behar da...
Bai, kontrakoa ostrukarena egitea da. Gure idazle batek ostrukari buruzko teoria batzuk eraiki ditu, ni ostrukaren teoriaren kontra nago guztiz. Burua zulo batean sartzea errealitatea ez ikusteko, ez da zuzena.
Bernardo Atxagaz ari zara?
Bai.
“Hemen okerreko belaunaldikook” idatzi du Beñat Sarasolak zure liburuaren kritikan.
Ez naiz inoiz sentitu okerreko belaunaldikoa. Gure belaunaldian idazle piloa garela esan izan dute, tropeleko idazleak. Asko garenez, ez garela oso ezagunak. Ramon Saizarbitoriak esan ohi du bere garaikoek halako tapoi lana egin zutela, eta atzetik etorri ginenok ez dugula haiek izan zuten onarpena jaso.
Haiek baino helburu handiagoak zenituzten, agian?
Helburuak, ilusio eta ametsak behar dituzu baina ez badira betetzen ez dugu mingostu behar. Ni ez naiz etsia behintzat. Joseba Gabilondo irakasleak jokaera budistakoa naizela esaten dit, pragmatikoa naizela, agian horregatik ez naiz desilusionaturik.
Oraingo idazle berriez berriz, zer diozu?
Batzuetan inpresioa daukat idazle gazteek Atxagaren arrakasta izan nahi dutela, edo Saizarbitoriarena. Konformatu behar dugu tokatzen zaigunarekin. Zu gustura bazaude idatzi duzunarekin, zure ustez kalitatezko gauzak egin badituzu... Artearen kalitatea eta arrakasta gauza ezberdinak dira. Posmodernitate honetan ematen du, rankinek edo salmenta kopuruek soilik balio dutela. Saizarbitoriak horregatik, apal-apal esaten du: “Nik badauzkat 500 irakurle (askoz gehiago ditu) kalitatezkoak...”. Arrazoia du gustura gelditze horretan.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gernikako "gazte langileen interes eta beharrei" erantzungo dien proiektu bat martxan jarriko duela adierazi du Egurre Gazte Asanbladak. Eraikina duela hamar urte itxi zuten, eta salatu dute Gernikako Udalak hiru legegintzaldi daramatzala esanez liburutegi bat jarriko... [+]
89 urterekin hil da, Liman, eta idazle perutarraren seme-alabek eman dute haren heriotzaren berri. Gaztelaniazko literaturaren egilerik ospetsuenetakoa izan zen, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Latinoamerikan literaturak izan zuen loraldian paper garrantzitsua jokatu zuen... [+]
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.
Bozen lehen itzulian pare-parean geratu ostean, inkesta gehienek aurreikusten zutena baino tarte handiagoa atera dio egungo presidenteak Luisa González hautagai correistari. Oposizioak "iruzurra" salatu eta botoak berriz zenbatzea eskatu du.
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Ekimenak bakea eta justizia soziala sustatzeko proiektuak finantzatzea du helburu. Sustatzaile diren gizarte mugimenduek mezu argi bat bidali diete gobernuei eta armagintza industriari: "Ez dugu gerraren konplize izan nahi".
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Hainbat lorpen kolektiboan soilik egin daitezkeela esaten denean, lerro artean joan ohi da behin kolektiboan pentsatu, gogoetatu eta eztabaidatu ondotik heldu ohi direla, heltzekotan. Baina zerbait lortzeko, ezinbestekoa da pentsatzen jartzea. Ez baitira gauzak besterik gabe... [+]
Urtearen hasieran, Zedarriak taldeak "defentsaren" industriari buruzko "eztabaida irekitzearen" alde egin zuen publikoki (baita nuklearrari buruz ere), eta Eusko Jaurlaritzak berehala egin du bat horrekin. Lehenik, Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia... [+]
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]
Apirilak asaba zaharrengana garamatza. Apirila urte osoaren gakoa izango da. Lurrak antolatzea, ongarriketa osatzea, haziak plantatzea, pardak, makilak, sareak, lokarriak atontzea… Hamaikatxo lan bada, sasoi berrirako urratsik handiena, gero uda eta udazkena azkurriz eta... [+]