Euskalduntzea ez da helburu bakarra

  • IRALEk, Irakasleak Alfabetatu eta Euskalduntzeko programak, erronka horri heldu zion duela 30 urte. Euskaldundu gabe dagoen irakasle kopurua txikia da, eta beraz, irakasleen euskararen hobekuntzan jarri dute arreta. Dena dela, sindikatuen iritziz, IRALEk ikerketa sakona eta diseinu berria behar ditu.

IRALEko ikasleak Donostiako Larratxo auzoan dagoen Irakastegian.
IRALEko ikasleak Donostiako Larratxo auzoan dagoen Irakastegian.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Siadecok 1976-1977an Euskal Autonomia Erkidegoan egin zuen ikerketaren arabera, sektore publikoko Lehen Hezkuntzako irakasleen %5ak baino gutxiagok zioen euskaraz bazekiela. Nafarroan beste hainbeste gertatzen zen. Franco hil ondoren, eskolak euskaraz emateko grina nabaria zen, irakasleak nahikoa ez ordea. Batzuek ez zekiten euskaraz, eta beste batzuek, jakin arren, alfabetatu premia zuten. Gaur egungo datuak bestelakoak dira. EAEko irakaskuntza publikoa eta pribatua kontuan hartuz eta Haur Hezkuntzatik unibertsitate arteko maila denak zenbatuz, irakasleen %80ak baino gehiagok EGA edo maila bera duen Bigarren Hizkuntza Eskakizuna dauka. %5ak Lehen Hizkuntza Eskakizuna dauka, eta gainerakoak ez dauka maila bateko edo besteko agiririk. Horrek ez du esan nahi euskara batere ez dakitenik, azterketa egin eta gainditu ez dutenak bai baitira horien artean. Eskolak emateko EGA edo Bigarren Hizkuntza Eskakizuna derrigorrezkoa da. Irakasleen euskalduntze prozesuaren bilakaera nabarmena da, eta hein batean, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari atxikia dagoen IRALE programak eragin du halako aldaketa. CCOO, ELA, LAB eta EILAS sindikatuekin hitz egin dugu IRALEri buruz. Azken 30 urtean emandako aurrerapausoa ez du inork zalantzan jarri. Alabaina, bi kontu azpimarratu dituzte: bata, 2010ean IRALErako hitzartutako murrizketek azken urteotan programak hartutako norabidea eten dutela –CCOO eta UGT ez dira iritzi horretakoak–, eta bestea, sortzen ari diren premia berriei erantzuteko diseinu berria behar duela IRALEk.

Diseinu berria, sindikatuen aldarria

IRALE 1981-1982 ikasturtean abian jarri zenetik, bilakaera nabarmena izan da. Ikasturte horretatik 1998-1999ra bitartean irakasle kopuruek urtez urte gora egin zuten behe mailako ikasketetan. Aldiz, 1999-2000tik aurrera behe mailako ikastaroetan matrikula kopurua etenik gabe jaitsi da eta gora egin dute goi mailako ikastaroek. Behe mailako ikastaroak Lehen eta Bigarren Hizkuntza Eskakizuna –bigarren horren parekoa da EGA– lortzeko eskolak dira, eta goi mailakoak berriz, ziurtagiri horiek eskuan, euskara maila hobetzeko dauden ikastaroak –R ikastaroak izenekoak–. Kopuruak horrela aldatu izanak bi arrazoi nagusi bederen baditu: batetik, gero eta irakasle gutxiago dago euskaraz ez dakienik, eta bestetik, euskaraz ez dakiten irakasle gehienak 50 urtetik gorakoak dira; horietako batzuek jada titulua lortzeko liberazio garaiak xahututa dauzkate. IRALE irakasleak euskalduntzeko sortu zen, eta beraz, esan daiteke hasieran zeukan egitekoa bete duela neurri handi batean.

Orain berriz, zein betekizun du IRALEk? Galdera hori egin diegu lehen aipatu ditugun lau sindikatuei. LABeko Jon Urrusoloren ustez, “eskola asko aldatu da eta IRALEk XXI. mendeko eskola-beharrei erantzun behar die. Denboran zehar aldaketatxoak egin dira eta horiek esaten digute nondik jo behar duen programak. Badakigu norabide berriak zein beharko lukeen, baina intuizioz dakigu. Intuizioa berresteko datuak behar ditugu. Ikerketa orokorrik ez da egin”. LABek etorkizunerako lau lerro proposatu ditu: irakasleek beren hizkuntza kalitatean hobetu eta euskal curriculumean sakondu dezatela; IRALEk azter dezala zer egin dezakeen ikastetxeko eragile guztien euskararen erabilera sustatzeko; ikerketa lerroa zabaldu eta irakasleak prestatu ditzala ikasleen euskara erabilera eragiteko; eta euskaldundu gabe geratu diren irakasleak euskalduntzea.

EILASeko Manolo Martinezen iritziz, IRALEren osoko ebaluazioa behar da eta beste enfoke bat eman behar zaio, euskalduntze arloa bazterrekoa baita orain. Irakasleen euskara kalitatearen aldeko apustua egitea aldakarritzen du sindikatuak. Martinezen aburuz, programaren ebaluaketa seriorik ez da egin eta aldaketak kolpeka egin dira. CCOOek ere aldaketa sakona eskatzen du, eta ikerketa sakonik ez dela egin azpimarratu du. Horraino beste sindikatuen ildo berean doa, baina aurrera begirako erronketan badago alderik. CCOOeko Ana Urangaren ustez, irakasleen euskara hobetzeko ildoa lehenetsi behar da, eta horrekin batera euskalduntzearekin segi. Bestelako proposamena ere badute: HE1 eta HE2 hizkuntza eskakizunak eskuratzeko egiten diren azterketek ez dezatela ehuneko ehun balio, ebaluaketa jarraiak balio dezala, hau da, ikasleen asistentziak, jarrerak... ere puntuazioan balio dezatela.

Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuaren buruak, Mikel Zalbidek, zera esan digu: “Begi bistakoa da etengabe aldatu dela IRALE, bere sorreraz geroztik. Berrikuntzak etengabe ari gara txertatzen, aldian aldiko beharretara egokituz”. Sindikatuek ikerketa sakonaren beharra eta diseinu berria aho batez eskatzen dituztela esan diogu, eta berak honela erantzun digu: “Ez diot ezetzik. Ebaluazio-lan sakonik egin izan da lehen ere, behin baino gehiagotan, eta aurrera begira ere mahai gainean dago eginkizun hori”.

R600 galtzaile

2010eko ekainean sinatu zuten Hezkuntza Sailak eta CCOO eta UGT sindikatuek 2012ko hondarrera arte iraungo duen lan hitzarmena. Ondorioz, IRALEk hartu duen bidea ondokoa da: lehentasuna izango dute irakasleen euskalduntzeak eta hizkuntzari zuzenean lotutako guztiak, bigarren mailan geratuko da batik bat curriculumaren euskal dimentsioa jorratzeko alorra. Norabide aldaketa hobeto ulertzeko R ikastaroak aipatu behar dira, alegia, EGA edo HE2 gainditu eta gero, hobetzen segitzeko diseinatuta dauden ikastaroak. Orain dela hamabost bat urte jarri ziren abian R300 ikastaroak, eta geroago abiatuak dira R400 eta R600. Lehenari esker ikasleek euskararen kalitatea hobetzeko aukera dute; bigarrena eskola material espezifikoa prestatzeko baliatzen dute ikasleek. Adibidez, Lanbide Heziketako irakasleek R400 egin ohi dute oraindik euskaraz sortu gabe dagoen materiala prestatzeko. R600i esker euskal literatura, historia eta kultura ikasten dituzte irakasleek. Hezkuntza Sailak 2010-2011 ikasturtean R500 eta R700 ikastaro berriak jarri ditu abian. Lehenengoa ahozkotasuna lantzeko da eta bigarrena glotodidaktika –hizkuntzen irakaskuntzaz arduratzen den didaktika arloa– ikastaroa. Krisia dela-eta, IRALEren aurrekontua murriztu dute, eta ondorioz, hainbat ikastaroren orduetan eta parte har dezakeen ikasle kopuruan eragin du. Murrizketa potoloenak R300, R400 eta R600ek izan dituzte: lehenengoak kupoaren aldetik, bigarrenak ordu kopuruari dagokionez eta hirugarrenak alde bietatik. Batean kendu, bestean ipini, 540 plaza eskaini dituzte, aurreko ikasturtean baino 102 gutxiago.

Koro Agote Donostiako IRALE Irakastegiaren zuzendaria da eta eskolak prestatzerakoan aldaketek eragin handia izan dutela dio: “Aldaketa urtea izan da. Irakasleei ez die batere ilusiorik egin aldaketak, material berria prestatu behar dute eta orain artekoa askoz gutxiago baliatuko dute. Adibidez, R600 ikastaroa 2004az geroztik ari gara lantzen. Orain ordu kopurua eta ikasle kopurua murriztu dituzte. Moldaketa lan guztiak urte batetik bestera egin behar izan ditugu”.

IRALEz hartu diren erabakiak ez dira LAB, ELA eta EILASen gustukoak izan. ELAko Edu Arrietak lan hitzarmenaren balorazio ezkorra egin du: “Batez ere R batzuetan egin dituzte murrizketak. Eskola 2.0 modan jarri dute eta horretarako materiala sortzeko erabiltzen ari dira R400. Baina ikastaroak gutxiago irauten du orain eta irakasleek ez daukate denborarik dena prestatzeko. R600en ere murrizketa gogorrak egin dituzte. Ikastaro horrek erakusten du IRALEk hartua zuen bidea, eta orain bide hori moztu nahi dute, poliki-poliki eta elegante. Atzerapausoak ematea da hori”.

EILASeko Manolo Martinezek argi du murrizketak arrazoi ideologikoak jarraituz egin direla: “IRALEk kalitatearen aldeko apustua egin behar zuela argi zegoen eta oso ondo baloratzen ditugu R ikastaroak. R600 curriculumaren euskal dimentsioa irakasteko da eta Gobernuak eta CCOOek kolokan jarri dute murrizketen bidez”. Bi ikastaro berriei buruz dio gaizki diseinatuta daudela, denbora gutxiko ikastaroak direlako eta irakasleek ikasleak ikasgelan zintzilik uzten dituztelako. Bestalde, glotodidaktikaz ikastaroa antolatzea bitxia egin zaio Martinezi: “Irakasleok gauza bat behintzat badakigu: gero irakasteko nola ikasi behar den. Nire ustez, hiru hizkuntzako eredua gogoan dutela prestatu dute ikastaro hau. Ikasgaiak ingelesez eman beharko dituzten irakasleak izango dituzte gogoan”.

Eztabaida gehien sortu duen ikastaroa R600 da. LAB, ELA eta EILASek oso baliagarritzat dute, eta aldiz, CCOOen ustez, ikastaro hori ez luke IRALEk eskaini behar, irakasleen prestakuntzarako den Garatu programaren barne egon beharko luke. Dena dela, Ana Urangak argitu du ez direla guztiz ikastaroaren aurka jarri, nahiz eta murrizketa handiak egin, ez baitute kendu. R600 alde batera utzita, CCOO ez dago R-ak murriztearen alde. Irakasleek zer eskatzen duten, ikastaroak nola baloratu dituzten ikusi behar da eta eskaera horiei erantzun.
Oraingoz, ikastaroetako eskaera eta eskaintza ez datoz bat. R300 eta R600erako kupoak bete egin dira eta hainbat irakasle kanpoan geratu da. Irakasleek ikastaroa bukatutakoan betetzen duten balorazio orriaren arabera, ikastaro horiek, R400 bezala, oso gustuko dituzte. Aldiz, R500 eta R700 ikastaroen kupoak ez dira bete.

2011-2012 ikasturtean egin nahi dituzten R-ak aukeratuta dauzkate dagoeneko irakasleek. Apirilaren 18an jakingo da R bakoitzean zenbat irakaslek egin duen eskaera. Datuak behin-behinekoak izango badira ere, irakasleen beharren eta nahien berri emango digute.

IRALEko ikasle ohien tripako minak eta pozak

“Tokatu zitzaidan lehenengoa izan zen Artean. Ni heldu nintzenean hara izan zen terriblea, ze ez nuen ezer ulertzen. Nik uste dut... jende horrek pentsatuko zuen ni gorra nintzela. Ze, eske, ematen nuen egun osoa ‘zer?’ esaten. Ez nien ulertzen... irakasleei. Ni nengoen klaustroan, eta piperrik ez nuen ulertzen. Baina, berriz, gogoratzen dut... nik EGA atera berria neukan, eta ikasleek, berriz, esaten zidaten ‘ze ondo hitz egiten duzun, andereño!’ Zergatik? Ba, liburuak bezala hitz egiten nuelako. Nik esaten nien kontrakoa, ‘ze nolako pena daukadan nik zuek bezala ez hitz egitea!’”.

Hori kontatu duen Iraleko ikasle ohiaren ezizena Paula da. Olatz Erdozia eta Josu Unzueta Iraleko irakasleek elkarrizketatutako hamasei ikasleetako bat da. Erdoziak eta Unzuetak behin baino gehiagotan entzun dituzte Iraleko ikasleak kexaka: “Ikuskariak eta datu biltzaileak datoz guregana, paperak eta paperak eskatzen dizkigute, baina inork ez digu galdetzen zelan sentitzen garen”. Alegia, nola bizi duten euskara ikastea. Erdoziak eta Unzuetak Jon Maia bertsolariak Iraleko ikasleei kontatutako hizkuntza bizipenak zituzten gogoan, eta nola, ikasle horiek berak malkoak eutsi ezinik ikusi zuten Bidaia Intimoak dokumentala. Korrika 16rako 2009an ekoiztutako lanean, lau euskaldunek euskararekiko sentipenak kontatzen dituzte. Iraleko bi irakasleek nabari zuten euren ikasleak dokumentaleko protagonistekin identifikatzen zirela, bakoitzak bidaia linguistiko ordezkaezina zuela, eta batik bat, kontatzea merezi zuela. Elkarrizketak egiteko, besteak beste, Bizkaiko Sestao eta Barakaldoko eta Arabako Amurrio, Laudio eta Araia bailarako ikasleak aukeratu zituzten, oso eremu erdaldunetakoak. Bideo kameraren aurrean norberaren hizkuntza bidaia azaldu zutenerako, eskoletan klaseak emateko derrigorrezkoa duten Bigarren Hizkuntz Eskakizuna lortua zuten.

Bi motatako ikasleak dira elkarrizketatutak: batzuek ez zuten inolako harremanik euskararekin, eta beste batzuen kasuan, etxean euskararen belaunez belauneko katea eurengana iristerakoan eten da; gaztelania baino ez dute jaso. Batzuentzat zeharo arrotza zen mundurako bidaia izan da, eta beste batzuentzat, sustraietara itzulera. Azken finean, ikasle horiek barruan dutenaren hustuketa modukoa egin dute bideo kameraren aurrean eta haurrak zirenetik euskararekiko izan duten harremana mahai gainean jarri dute.

Euskara titulua lortzeko prozesua ez da hasi eta buka etenik gabea izan. Elkarrizketatuetako asko Francoren garaian gazteak ziren eta egoera soziopolitikoak eraginda euskarara hurbildu ziren. Ahal zen moduan euskara ikasten hasi ziren, gau eskolara joanez adibidez. Gero, haurrak tarteko utzi egin zioten... eta berriro heldu. Iraleko ikastaroetara iritsi aurretik, hamasei elkarrizketatu horietako askok hamaika saiakera egin zuen euskara ikasteko. Ondoren, batzuek errazago eta besteek ez hainbeste, euskara titulua lortu zuten. Alabaina, euskararen abentura ez da amaitu besapean titulua hartu dutenean.

Ikasleak pozik eta harro daude egin duten ibilbideagatik, bai Irale baino lehen emandako pausoengatik eta baita Iralen ikasi dutenagatik ere. Pozik eta harro egoteak ordea, ez du esan nahi hamaika ezin eta frustrazio ez dauzkatenik. Olatz Erdoziak eta Josu Unzuetak luze egindako hamasei elkarrizketetatik ondorio orokorrak atera dituzte. Eskolak lehen gaztelaniaz eta orain euskaraz ematen dituzten irakasleek laguntza behar dute, titulua eduki arren euskara bigarren hizkuntza baitute, lanabes kamutsa. Irakurri besterik ez dago Paulak kontatutakoa. Orduak eta orduak igaro dituzte euskara ikasten eta titulua lortu arren, beldur handia diote eskolak euskaraz emateari. Gainera, irakasle horietako batzuren ametsa euskara lan hizkuntza baino bizitza hizkuntza bihurtzea zen, eta egoera horretatik urrun sentitzen dira. Ez dugu ahaztu behar irakasle horiek eremu erdaldunetako eskoletan ari direla lanean; sarri euskara ikasleekin aritzeko hizkuntza baino ez dute, ikastetxeko irakasleek beraiek ere euren artean gaztelaniaz egiten dute. Eskola gizartearen ispilua da, ikastetxeko atetik kanpora antzeko egoera aurkitzen dute, bizitza gaztelaniaz egiten dute. Eskolako gazteentzat sarri euskara-eredu dira irakasleok eta ardura handia sentitzen dute bizkar gainean. Elkarrizketa sorta egin duten Iraleko bi irakasleen ustez, irakasle horiek motibazio handia erakutsi dute, euskara inposatu egiten den ideia horretatik oso urrun, baina ezagutzan ahultasunak dituzte eta euskara nahi baino gutxiago darabilte. Dena ez da ezina eta negarra, Erdoziaren eta Unzuetaren ustez, eredugarri dira irakasleok, batetik, norbanako gisa egin duten ahaleginagatik, eta bestetik, sektore gisa halako euskalduntze prozesurik inork egin ez duelako.


Azkenak
Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu eta Israelgo Defentsa ministro ohi Gallant atxilotzeko agindu du

Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".


Umandi izena eta izana

Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]


Memoriadun euskara

Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]


Etorkizuneko apustua

Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.

Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]


Gelditu dute emakume baten eta bere alaba adingabearen etxegabetzea Gasteizen

Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.


X-etik irten nahi? Nor dago Mastodonen eta Blueskyren atzean? Nola finantzatzen da bakoitza?

Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]


Iruñeko Erorien Monumentua
Maravillas Lambertoren izena ez erabiltzeko eskatu dute fusilatuen senideek

Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak gogor kritikatu du Iruñeko Erorien Monumentuaren inguruan EH Bilduk, Geroa Baik eta PSNek egindako akordioa. "Pedagogia" egiteko toki hobeagoak daudela dio eta interpretazio zentroari Maravillas Lamberto izena... [+]


2024-11-21 | Julene Flamarique
933 nobedade eta 200 ekitaldi Durangoko Azokaren 59. edizioan

Abenduaren 5ean Ikasle Goizarekin hasiko dute azoka. Hurrengo egunean Gazte Eztanda eguna egingo dute, eta gazteei zuzendutako hamaika jarduera egongo da. Egun berean, iazko Sormen Beka irabazi zuen Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz telesailaren aurkezpena egingo du Marramiau... [+]


Mastodon.eus-en “Gure aukera, sare libreak” kanpainarekin bat egin du ARGIAk

ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak  atxikimendu kanpainarekin.


2024-11-21 | Sustatu
Sei urte bete ditu gaur Mastodon.eus-ek

Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


2024-11-21 | Gedar
Mobilizazioak bertan behera utzi ditu ‘Lo que no te cuentan de Donosti’-k

Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.


2024-11-21 | Julene Flamarique
Feministak eta artista emergenteak eskutik eskura: Feministaldia eta Inmersiones jaialdiak ahizpatu dira

Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.


Eguneraketa berriak daude