"Sakelakoa urtero aldatzeak ez gaitu zoriontsuago egiten"

  • Hiru urte egin zituen zaharkitzapen programatuari buruzko dokumentala egiten. Ikusteak derrigorrezkoa behar lukeen lan honek erakusten du zer nolako iruzurrean bizi garen. Milaka produktu egiten dira, une jakin batean huts egiteko planifikatuta. Orduan, berria erosten dugu.

Cosima Dannoritzer zuzendariak dokumental bikaina egin du zaharkitzapen programatuaz
Cosima Dannoritzer zuzendariak dokumental bikaina egin du zaharkitzapen programatuazLander Arbelaitz

Cosima Dannoritzer (Dortmund, Alemania, 1965) dokumentalgilea bere azken dokumentala aurkezten dabil mundu osoan: Comprar, tirar, comprar gazteleraz edo Prêt à jeter frantsesez. Bertan argi erakusten du zaharkitzapen programatua oso sartuta dagoela egungo gizartean. Dena den, sistema era askotan legitimatzen dugu guk ere. Donostiako Cristina Enea Fundazioak ekarrita, proiekzioaren aurretik harrapatu dugu

Alde batera eta bestera zabiltza dokumentala aurkezten, arrakasta izan duenaren seinale. Gustura egindako lanarekin?

Bai. Batzuetan gertatzen da dokumental bat egin eta urtebetean behin botatzen dutela telebistan, goizaldeko ordu txikietan, eta gero desagertu egiten dela betirako. Alde horretatik oso pozik nago, proiektzioak, eztabaidak eta hitzaldiak antolatzen baitituzte dokumentala zentro hartuta, eta batera eta bestera gonbidatzen gaituzte. Oso pozik nago, dokumentala egitearekin batera, soluzioak bilatzea zelako nire asmoa.

Eta zaharkitzapen programatua kontzeptua sekula aditu ez duenarentzat, nola definituko zenuke?

Produktu baten kontsumo epea, berez dagokiona baino laburragoa izan dadin artifizialki erabiltzen den teknika da. Kontsumitzaileek uste zutena baino lehenago aldatu beharko dute erositakoa beste berri batengatik, eta fabrikatik dator biziraupena programatu batekin.

Noiz eta zergatik erabaki zenuen gai honi buruzko dokumentala egitea?

Aspalditik neukan buruan. Kondaira asko nituen entzunak sekula hausten ez ziren produktuei buruz, inork merkaturatu nahi ez zituenez, desagertu egin izan direla eta antzekoak. Beste behin Bartzelonako birziklatze eremu bat grabatu genuen, eta han nengoela, horrenbeste gauza ikusten nituen botata nire baitan pentsatzen hasi nintzela: “Hemen dauden gauza askok ziurrenik oso arazo txikia izan zuten, eta zuzenean bota egin dituzte, orain ez dugu ezer konpontzen...”. Pantaila mendiak ikus zitezkeen. Hala, egun batean pixka bat ikertzen hasi behar nuela erabaki nuen, eta behingoz argitu ea egiazko historiak ziren ahoz aho zebiltzanak ala ez.

Eta zer ondorio atera dituzu?

Zaharkitzapena oso modu sortzailean ibiltzen zuten zenbait adibide dibertigarri aurkitu nahi nituen. Baina hainbeste ziren kasuak, une batean konturatu ginela sistema osoa zegoela gaitz honekin kutsatua. Hazkundearen ekonomiaren zutabeetako bat da kredituak eta publizitatearekin batera. Honez gain, dirudiena baino nahasiago gaude honetan, aparailu baten bizitza mugatzen duen txip bat jartzen badute barnean, inprimagailuak adibidez, ziurrenik ezingo dugu ezer egin. Baina bestera, urtero telefono mugikorra aldatzen badugu aurrekoa oraindik ongi dabilenean, sistema laguntzen besterik ez gara ari. Obsolezentzia psikologikoa ere hor dago.

Kontua, beraz, daukaguna bota eta berria erostea da.

Objektu batzuk une batean huts egin dezaten programatuta daude teknikoki. Beste batzuk material merkeekin egiten dituzte ez luze irauteko, eta aldatu egin behar genituzkeela iradokitzen digute publizitate bitartez. Etengabe produktu berriak atera edo sistema berriak sortzen dituzte, askotan aurrekoekin bateragarri ez direnak. Modu askotan, beraz, emaitza beraren bila ibiltzen dira: Daukazuna bota, eta berria erosi ahalik eta azkarren. 1950. urtean Brooks Stevens diseinatzaile industrialak definitu zuen kontzeptua: “Zaharkitzapen programatua zeozer berria, pixka bat hobea eta beharrezkoa baino lehentxeago lortzeko kontsumitzaileak duen nahia da”. Horregatik ateratzen zituen urtero modelo berriak, etengabe.

Noiz hasi zen hau guztia?

Kontsumo gizartearen hasieran, masan produzitzen hasi zirenean. 1920.eko hamarkadaren hasieran. Horrenbeste gauza produzituta, dena oso eskuragarri jarri zen, eta jendea lehen aldiz, dibertitzeko hasi zen erosketak egiten. Gauza berriz bete ziren bazterrak, dendak goraino zeuden... progresoa azken batean. Arazoa fabrikanteen buruetan zegoen ordea, pentsatzen hasi baitziren zer gertatuko zen denek dena edukitzean. 1928an, publizitate aldizkari batean oso artikulu argigarria atera zuten. Honela zioen: “Hausten ez den produktua, negozioarentzat tragedia da”. Eta hauek tragediarik nahi ez zutenez, horretarako sortu zuten zaharkitzapen programatua. Produktuen bizitza laburtuz, jendea etengabe hauek ordezkatzen hasi zen, ia oharkabean.

Zuk zer kasu aztertu dituzu?

Hausten ez zen bonbilaren bila hasi ginen, baita 100.000 ordu irauten zituena sortu zutela aurkitu ere; gero, oso erresistentea zen nylona, autoak, informatikako elementuak...

Gaur egun, adibide bat jartzearren, informatikarekin lotutako edozer, hautsiko direla jakinda egiteaz gain, ezer esan gabe saltzea ez al da gizarteari iruzurra?

Zaharkitzapen programatua iruzurra da. Gauza bat bizitza mugatu batekin sortu, ezer esan gabe saldu, eta nik dirua xahutu ostean, hautsi egiten bazait, nola ez da ba izango iruzurra? Horrengatik ez dute ezer esaten, badakitelako esango balute, nahiz eta garestixeagoa izan, hiru aldiz gehiago irauten duen produktu bat aukeran izanda, hori erosiko genukeela ia denok. Eta ez gaituzte gu bakarrik engainatzen. Iruzurra planetari ere egiten diote. Adibide berera itzulita, epe berean hiru aldiz erosi behar badut gauza bat hautsi egin delako, bat erosita baino askoz zabor gehiago sortzen ari naiz, inguru guztiak hondatuz.

Noiz arte iraun dezake honek?

Dokumentalean Deshazkundearen Teoria defendatzen duen Serge Latouchek zera dio: “Ezin da hazkunde mugagaberik izan planeta mugatu batean”. Ez dugu Einstein izan beharrik hori ulertzeko. Hasiera batean zaharkitzapenaren ideiak ona zirudien. Dena gora zihoan eta prezioak behera, lan asko zegoen... baina konturatu gara ez duela etorkizunik. Denbora kontua da lehengaiak xahutzea, eta beste gauza batzuk aurkitu behar ditugu egoera horri aurre egiteko.

Kontsumo arduratsua defendatzen duzu zuk.

Kontsumoak ez garamatza zoriontasun absolutura. Zenbaitek aspaldi ateratako ondorioa da hau. Gure aurrekoak baino askoz gehiago kontsumitzen dugu, eta zoriontasun maila ez da horrenbeste igo. Beste ikerketa batzuek diote, duzuna baino askoz diru gehiago edukiko bazenu ere, zoriontasunaren hazkundea ez litzatekeela proportzionala izango. Kontsumo arduratsua benetan behar dugunarekin batera doa. Etxea, jana, lana –ahal izanez gero interesgarria–, lagunak, bidaiatzeko aukera, osasun sistema ona... Horiek dira lehen mailako beharrak. Parametro horiekin kontsumitu behar genuke, eta horiek ongi kunplituta edukitzen saiatu. Urtero sakelako telefonoa aldatzeak ez gaitu zoriontsuago egiten.

Eta zer egin dezakegu?

Hori da niri gehien interesatzen zaidan eztabaida. Adibidez, urtero beharrean, bi urtean behin aldatuko bagenu sakelakoa, erdira jaitsiko genuke gure txatarra elektronikoa. Zerbait hondatu bazaizu konpontzen saiatu, berri bat erostea hobe dela dioten saltzaileen aurrean insistitu, diru gehixeago gastatuta norberarentzat bakarrik izan beharrean, elkarbanatuta erosi gailu hobeak... Zenbait modan sartuta daude, beste batzuk politikan, zuzenbidean... eta eremu horietatik ere gauzak egin daitezke. Baita sare sozialetan ere. Webguneren batean erosten ditugun gauzek zenbat iraun diguten jarriko bagenu, ikaragarria litzateke datu-basea.

Horrela kontatuta oso erraza dirudi, baina ez al duzu uste arazoa guretzat handiegia dela pentsatzen dugula?

Hori pentsatzea oso erraza da. Enpresak oso indartsuak direla, politikariek ez dutela ezer egiten, eta pertsona indibidual gisa ez garela ezer... Denok gure objektuekin luzaroago iraungo bagenu, biderkatu egingo litzateke efektua eta askoz zabor gutxiago izango genuke. Dokumentalean iPodaren kasua aipatzen da. Fabrikatu zituzten lehenak 18 hilabete bakarrik irauteko zeuden prestatuta, eta bateria xahutzean berriak erostea bilatzen zuten. Kasua Youtuben zintzilikatutako bideo batekin hasi zen zabaltzen. Frustratuta zeuden bi gazte ziren, eta bideoa egin zuten musika dibertigarri batekin, jendea informatzeko. Bost milioi pertsonak ikusi zuten eta azkenean salaketa kolektibo bat egin zuten, baita emaitza oso positiboak lortu ere: Bateria aldatzeko zerbitzua jarri behar izan zuten, garantia luzatu...

Harrigarria da, niri hori gertatu baitzitzaidan. Bateriagatik hondatu zitzaidan garantia bukatu eta hilabete batzuetara... eta berria erosi behar izan nuen.

Bai, hori zen Apple-ekoek bilatzen zutena. Lehen aipatutako bideoan ikusten da egileak nola deitzen duen eta nola azaltzen dioten ezetz, ez dutela bateria aldaketarik egiten. Azkenean, berria erosteko esaten diote, merkeago aterako zaiola beste ezer egitea baino. Ezin konpondu ahal izateko diseinatu zituzten. Diseinuak ere lagundu behar luke konponketarako, eta noizbait zaborretara bota behar bada, parteak ezberdindu eta birziklatzeko erraztasunak eman, bestela zaborrez beteko dugu dena.

Eduki al duzu arazorik dokumental hau egiteagatik?

Ez. Pelikularen bateko protagonista banintz, orain deitu egingo lidakete esateko “desagertaraziko zaitugu”, baina ez, ni ongi nabil. Batzuk esan didate ez daudela nirekin ados, adibidez, 1.000 orduko bonbilaren kasuan oreka perfektua dela material eta elektrizitate kontsumoaren artean, eta dena ez da hain erraza... Eta ni ez nagoenez ados horrekin, erantzun egiten diet, baina ikusi, kritikatzen nauten horiek ere eztabaidan sartzen ari dira, beste batzuek erantzuten dietelako eta abar.

Uste duzu arazoa presente izanda ere, gelditu daitekeela ekonomiaren motore sekretu hori?

Nik uste hasi dela aldatzen gauza. Hasi dira irauten duten produktuak egiten, aldizkari batzuk zein produktuk irauten duten aipatzen dute, jendea gaiaz hizketan hasi da... Krisia ere hemen da eta ezin dugu lehen adina erosi. Ez badugu aldaketa orain prestatzen, lehengaiak xahutzen direnean egin beharko dugu. Batzuk konturatu dira kontsumoak ez duela zoriontasuna ekartzen, eta horrenbeste lan egitea eros-ahalmenari begira bizitzeko, ez zaiela horrenbeste interesatzen. Batzuk nahiago dute lan gutxixeago egin, diru gutxixeago edukiz gutxiago erosi, baina denbora gehiago eduki beren intereseko gauzak egiteko edo lagunekin egoteko. Psikologia aldatzen ari dela uste dut.

Eta krisiak eraginik izan al du? Diru gutxiago dugu, baina horrenbeste planekin ongi dagoena ere aldatzera bultzatzen gaituzte...

Gehiago erostea nahi dute eta ia errudun sentiarazten gaituzte aurreko urtean bezainbeste ez badugu erosi. Askoren arazoa da, pentsatzen dutela sistemak berdin jarraitu behar duela, eta kontua da mugara heldu garela. Krisia hemen dago, baina denok denetik dugu. Zergatik jarraitu behar dugu erosten eta ditugun gauzak ordezkatzen? Krisiak pentsarazi behintzat egiten digu.

Ghanan izan zinen dokumentalerako zabortegi bat grabatzen. Nola deskribatuko zenuke han ikusi zenuena?

Bertakoek esan zigutenez, ikusi genuen eremua, lehen oso gune naturala zen, erreka bat zuena arrain askorekin. Arrantzale herri bat gertu zeukan. Orain, ordea, infernua dirudi. Ez du amaierarik, leku guztietan ordenagailuak eta ordenagailu puskak ikusten dira. Kea ikusten da puntu batzuetan, plastikoari su emanez metal bila dabiltzanek eragindako kea da. Inolaz ere nahi ez dugun zerbait, kontsumo gizartearen alde iluna inondik ere. Urrun denez, ez gaitu kezkatzen askotan. Baina bai, ikaragarria da eta askotan euria gogotik egiten duenez, material toxikoa lurrak xurgatzen du, gero itsasoan amaitzeko. Zikloa da. Etorkizuna horrelakoa izango da ez bagara kontuarekin ibiltzen. Horrelako leku asko izango ditugu.

Arlo honetan, ba al da eredugarritzat hartu behar genukeen herrialderik?

Herrialde ezberdinetatik gauza ezberdinak ikasi behar genituzke. Ikas dezakegu Indiatik adibidez, han pentsaezina baita zerbait matxuratu delako botatzea. Konpondu egiten dute eta erreminta gutxirekin gainera. Ghanatik ikas dezakegu urtero telefonoz aldatu gabe bizi gaitezkeela. Alemaniatik ikas dezakegu nola garbigailuak adibidez partekatzen dituzten eraikin osoentzat eta ongi bizi direla. AEBetako zenbait kasu legaletatik asko ikas dezakegu, non kontsumitzaileak elkartu eta kereilak jartzen dituzten. Espainian Interneten jendeak informazioa trukatzen du amorru eta energia handiz. Frantzian deshazkundearen mugimenduak alderdi politikoa du... Ez dugu denok dena egiten hasi beharrik, bakoitzak aurkituko du zerbait berak egin dezakeena eta hori egitea baliotsua litzateke denontzat.


ASTEKARIA
2011ko apirilaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharkitzapen programatua
Chromebookak gutxi irauteko diseinatu ditu Googlek

Hezkuntzan erabilera oso zabala duten Chromebookak gutxi irauteko diseinatuta daudela ondorioztatu du AEBetako Public Interest Research Group erakundeak (PIRG, Interes publikorako ikerketa taldea). Zaharkitze programatua onartezintzat jo dute, eta ikasle bakoitzak gailu bat... [+]


5.300.000.000 mugikor hondakin bihurtuko dira aurten

Hondakin Elektronikoen Ekoizleen Erantzukizuneko Erakundeen Nazioarteko Elkartearen (WEEE Forum) arabera 2022an 5.300 milioi mugikor erabiltzeari utziko diogu. Gailu horiek, elkarren gainean jarrita, 50.000 kilometroko altuera hartuko lukete. Lau Lur planetek halako luzera da... [+]


Abisua I

Bale, lehenengo ile urdina atera zait. Tontakeria bat dirudi, baina, ez dakit, iruditu zait karga sinboliko horretatik atera daitekeela probetxuzko zerbait; gogorarazi dit, adibidez, nire gorputza onartzen –maitatzen ez beti– 23 urte pasatu eta gero, hemendik aurrera... [+]


2016-07-21 | Unai Brea
Txelio Alcántara. Zaharkitzapenari adabakiak jartzen
“Ez esan niri 2016an ez garela gai bizitza osoa iraungo duen garbigailu bat egiteko”

Bilbo, 1957. Kalean etxetresna elektrikoak konpontzen hasi zen. Gaur egun ere horixe egiten du, baina Bizkaiko kooperatiba batean. “Proiektu konplikatua izan zen, inon ez dizute irakasten hau nola egin”. Edukiontzi zurietan eta Garbiguneetan bildutako tresnak... [+]


Zaharkitzapen programatua zigortzea erabaki du Frantziak

Frantziako Diputatuen Ganberak adostu du zigor penalak jarriko dizkietela produktuak iraupen-muga jakin batekin fabrikatzen dituztenei. Zaharkitzapen programatuaren zigorra, bi urteko kartzela eta 30.000 euro arteko isuna izan daiteke Ecoportal webguneak argitaratu duenez.


Eguneraketa berriak daude