Lokarriko koordinatzaileak azken bake negoziazioa aztertu ostean, saiakerak zergatik huts egin zuen azaltzen du puntu orokor garbi batzuen bidez. Honela, etorkizuneko balizko bake prozesuak nolako egitura izan behar lukeen ondorioztatzen du.
2006ko prozesuak itxaropen handia sortu zuen euskal gizarte osoan. Uste orokorra zegoen zabaldutako prozesuak atzera egiterik ez zuela. Gertakariek kontrakoa erakutsi zuten. Elkarrizketa politikoa eten egin zen, ETAk atentatua burutu zuen Madrilgo T4an eta prozesuak, aurreko aldietan bezala, porrot egin zuen.
Porrotak lagungarri dira hobetzeko. Zorigaitzez, bakeranzko prozesuen porrotek sufrimendu handiagoa eragiten dute. Orain, bakea lortzeko aukera berri bat zabaldu da eta, gutxienez, ez lirateke errepikatu behar aurreko akatsak. Ziurrenik, berriak egingo dira. Baina bake-prozesu berri baten euskarriak eta baldintzak ongi lantzen badira, erlatiboki errazagoa izango da azal daitezkeen arazoak gainditzea.
Indarkeriara itzultzeko mehatxua egotea izan zen lehendabiziko akatsa. Su-etena iragarri zuen ETAk, baina atzera itzultzeko aukerak prozesua tentsio egoera batera eraman zuen bere garapena oztopatuz. ETAk tutoretza hartu zuen bere gain, prozesuaren bilakaera ebaluatzeko gaitasuna bere eginez. Horren ondorio nagusia izan zen sektore politiko guztiek ezin izan zutela parte hartu aukera berdintasunean.
Batasunak ere ezin izan zuen berdintasun horretaz gozatu, legez kanporatua baitzegoen. Hori muga bat izan zen publikoki bere proposamenak azaldu ahal izateko eta, gainera, baldintzatu egin zituen bere harremanak gainerako alderdi politikoekin, ezin izan baitzuten finkatu elkarrizketa publiko bat haiekin. Areago, elkarrizketan jarduteko ahalegina gauzatu zutenean, salaketa penaletan nahasita ikusi zituzten beren buruak. Horren adibide izan zen Batasunako ordezkariekin publikoki bildu izanagatik Ibarretxe Lehendakariaren eta PSEko buruen aurkako epaiketa.
Batasuna legez kanpo egotearen ondorioz, elkarrizketa irekiak Loiolan sekretupean gauzatu ziren. Alderdien mahaia ez zen ofizialki eta publikoki osatu eta ez zituen partaide izan Legebiltzarrean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiak. Horrela, nahikoa erraza izan zen elkarrizketa horiek haustea. Dena den, sekretismoa akats metodologiko larria izan bazen, are erabakigarriagoa izan zen elkarrizketak gidatzeko printzipioen eta prozeduren gabezia. Horiek gabe, ia ezinezkoa da blokeoak gainditzea, azkenean gertatu zen bezala. Loiolako elkarrizketetan parte hartu zuten alderdiek ez zuten baliabiderik eduki desadostasunak azaldu ziren uneari era partekatuan heltzeko.
Are gehiago, finkatuta zirudien oinarrizko adostasunetako bat elkarrizketa-mahaien arteko bereizketa zen. Planteamendu horren arabera, ETA eta Gobernua arduratuko ziren afera teknikoei (armak, indarkeriaren etetea, presoak) buruzko akordioak ixteaz. Bitartean, eduki politikoari buruzko elkarrizketa alderdien esparrura xedatuko zen. Elkarrizketa politikoa blokeatu zelarik sortu zen arazoa. Indarkeriaren itzulera ekiditeko premiaren aurrean, ETA eta Gobernua gai politikoak hasi ziren lantzen beren elkarrizketetan.
Azkenik, gardentasunaren eta herri-partaidetzaren gabezia izan zen beste akats azpimarragarrietako bat. Gizarteak ez zuen izan elkarrizketa politikoaren garapenaren berri eta zitalkeria areagotu baino ez zuen egin horrek. Sostengua ematen zioten sektoreei dagokienez, ez zuten izan herritarren euskarri bat materializatzerik eta zehazterik zaila delako babesa ematea ezagutzen ez denari.
Bake-prozesu batek ez du inoiz diseinu perfekturik. Beti azaltzen dira arazoak. Prozesu baten arrakasta bermatu ahal izateko, euskarriak sendoak izatea eta eragozpenak era partekatu eta eraikitzailean kudeatzea da garrantzitsua. Hain zuzen, 2006ko esperientziak erakusten du zein garrantzitsua den prozesu baten bideragarritasuna bermatzeko baldintzak sortzea. Laburbilduz, ezinbestekoak dira parte hartu ahal izateko askatasuna eta aukera berdintasuna. Gurera ekarrita, indarkeriaren amaiera eta legalizazioa dira ezinbesteko baldintzak.
Alde batetik, elkarrizketaren gaineko presioa deuseztatuko luke indarkeriaren amaierak eta sektore politiko guztien partaidetza ahalbidetuko luke indarkeriak dakarren mehatxurik gabe, gainera konfidantza eraginez inplikaturiko sektore guztien artean. Bestetik, indarkeriaren amaiera itzulerarik ez duen bide batean sartuta, ekiditen da ETAk bereganatzen saiatzea gai politikoei buruzko protagonismoa, ez baitagokio berari.
Legalizazioari dagokionez, honako premisatik abiatu behar da: gaur legez kanpo dagoen Ezker Abertzalea euskal gizartearen partaide da eta, beraz, badu bake-prozesuan gainerako alderdi politikoek dituzten aukera berberekin parte hartzeko eskubidea. Bada garrantzia duen zerbait: Ezker Abertzalearen legalizazioak etorkizunean alderdien arteko elkarrizketa ofiziala izatea ahalbidetuko luke. Elkarrizketa mahai bat publikoki osatzen delarik, zailago da alderdietako batek elkarrizketak zokoratzea. Eta hala egiten badu, iritzi publikoak hari leporatuko dio elkarrizketaren haustura. Horrela, denek beren burua behartuta ikusten dute ahalegin bat gauzatzera elkarrizketa abian mantentzearren. Stormonteko elkarrizketak adibide paradigmatikoa izan ziren. Krisi eta blokeoak izan zituzten aurrez aurre une ezberdinetan, baina inork ez zituen elkarrizketak utzi nahi izan. “Nola azal dezakegu ateratzerakoan?” egiten zuten galdera.
Prozesu bati berme gehiagorekin heltzea ahalbidetzen du guztien partaidetzak aukera berdintasunean. Baina elkarrizketa prozesu batek arrakasta izan dezan akordio metodologikoak beharrezkoak direla ere erakusten du 2006ko esperientziak. 2006an zuzenean ekin zitzaion akordio politiko baterako edukiei buruzko eztabaidari. Hitz egitea beti da onuragarria, baina akordio bat lortzeko elkarrizketan jarduteak beharrezkoa du metodo bat. Ezinbestekoak dira elkarrizketa prozesua gidatuko duten oinarri metodologikoei buruzko lehendabiziko akordio batera iristea ahalbidetzen duten “elkarrizketei buruzko elkarrizketak”.
Partaideen metodologia betekizunak dira konpromisoak, elkarrenganako berme gisakoak. Horiek dira negoziazio mahaira bildu aurretik denek onartu beharreko arau nagusiak. Mitchell printzipioak adibide ona dira. Elkarrizketaren garapenean eragiteko indarkeriarekiko eta indarkeria erabiltzeko mehatxuarekiko errefusa eta aurkaritzak, aniztasunari errespetuak edo betoen gabeziak gida bezala funzionatzen duten lehendabiziko printzipioak dira.
Elkarrizketa prozesu osoa –zehatz-mehatz eta urratsez urrats– arautzeari dagozkio prozedura irizpideak. Funtzionatzeko araudia, alegia. Prozedura gaien baitan biltzen dira: alderdi bakoitzaren ordezkaritza, bileren garapena arautzea, lan-epe bat eta desadostasunen aurrean jarduteko era finkatzea.
Egutegia estuki lotuta dago elkarrizketaren helburuekin, bilatzen den akordio multzoarekin. Egutegia aurretik zehazteak akordio bat lortzeko erabiliko diren prozedurak behar bezala zehazten laguntzen du.
Bukatzeko, elkarrizketa finkaturiko helburuen arabera ordenatzea ahalbidetzen du egiturak. Komeni da egitura honek elkarrizketarako abiapuntu batzuk seinalatzea, desadostasun eremuak identifikatuz. Elkarrizketa politiko baten helburua ez da aurkari politikoa konbentzitzea, partekatuak izan daitezkeen akordioak lortzea baizik kontuan hartuz dauden desadostasun legitimoak, zeinak euskal gizartearen aniztasunaren oinarri baitira.
2006ko alderdien mahai bat ezinezkoa dela entzun dakioke gaur hainbat buruzagi politikori. Loiolako elkarrizketak elkarrizketa-mahai baten suzedaneo bat izan zirela da artikulu honen tesia. Isil-gordean gertatzen den zerbait, alderdi politiko guztien partaidetzarik gabe eta horietako bat legez kanporatua egonik, ezin da elkarrizketa-mahai izendatu. Elkarrizketa beharrezkoa da eta beharrezkoa izango da, izan Legebiltzarraren barruan edo kanpoan. Behin indarkeriaren amaiera eta legalizazioa lortuta, ez dira bukatuko arazo guztiak. Euskal gizarteak era partekatuan aurre egin beharko die giza eskubide guztien bermeari, proiektu politiko demokratiko guztientzako aukera berdintasunari, elkarbizitzeko oinarrizko adostasunei, memoriari eta gizartearen adiskidetzeari. Elkarbizitza barneratzaile batek beharrezko ditu elkarrizketa eta akordioa. Bakea lortu beharra dago, baina euskarriak ere finkatu behar dira etorkizunean errepika ez dadin azken 40 urte hauetan gertaturikoa.
Paul Rios, Lokarriko koordinatzailea
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.
EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".
Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]
EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.
----------------------------------------------------
Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]
Adin txikiko neskak 2023an salatu zuen entrenatzaileak hiru aldiz musukatu zuela bere baimenik gabe. Nafarroako Probintzia Auzitegiak Iruñeko epaitegiak ezarritako zigorra baieztatu du. Entrenatzaileak ezingo du harreman zuzenik izan adin txikikoekin inongo lanbidetan eta... [+]
Kaskarotak eta maskaradak urtarriletik dabiltza martxan, Malerrekakoak etorri dira segidan eta pixkanaka han eta hemen ospatu dira inauteri festak. Aurten, ordea, data nagusiak berandu datoz oso; Kandelaria egunean Hartza esnatu zen, baina ilargiari begiratu eta beste pixka... [+]
Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz... [+]
Otsailaren 13a Torturaren Kontrako eguna izanki, Euskal Herriko Torturaren Sareak gutun publiko bat igorri du. Poliziek torturatu euskal jendeen lekukotasunak bildu, eta aitortza egiteko xedea du sare berri horrek Euskal Herri osoan. Torturatuak izan diren 5.000 pertsonei... [+]
Ibilgailu baten bidez, Ver.diren protesta batean zeuden manifestariak aurretik eraman ditu. Duela egun gutxi, supremazista zuri batek 11 pertsona erail zituen Suedian.
"Polizia hila, baratzerako ongarririk onena" idatzi zuen atxilotuak sare sozialetan, eta lau milioi jarraitzaile baino gehiago ditu bere profilak, Guardia Zibilak azaldu duenez.
Larunbat honetan itxiko dute Laba ostatua Iruñeko Gazteluko plazan eta, bitxia bada ere, egun osoko festarekin ospatuko dute itxiera, agurra ez baita behin-betikoa: Labak ondoko Windsor tabernarekin bat egingo du, obrak hastera doaz, eta beranduenez irailean berriz... [+]