Mundura nola jalgi

  • Aizpea Goenaga antzerkilariak Etxepare Institutuko zuzendaritza 2010eko ekainean hartu zuen arren, joan den astean ekin zion euskal kultura nazioartekotzea xede duen erakundeak bere burua promozionatzeari. Bilboko Arriaga antzokian estreinatutako At! ikuskizuna da institutuaren aurkezpen-txartela: 25 idazle, 26 aktore, zazpi musikari eta Kukai dantza taldeko kideak, Mireia Gabilondo eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean.

"Euskara mundiala" egitasmoaren aurkezpenean ateratakoa da goiko argazkia. Aizpea Goenaga (hirugarrena ezkerretik) Etxepare Institutuko zuzendaria eta Mari Jose Olaziregi (eskuineko lehena) euskara sustatzeko zuzendaria ageri dira, egitasmoan parte hartu duten atzerriko gazteekin batera.Marisol Ramirez / Argazki Press
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gutxitan halako aurrekonturik euskaraz sortutako ikuskizun batek: Sustatu.com webguneak ikuskizunaren estreinaldi egunean, martxoaren 15ean, argitaratu zuenez, 200.000 eurotik gorako buxeta izan dezake At!-ek (ikuskizuna antolatzeko baldintza pleguak gehienez 99.999 euro aurreikusten zituen zuzendaritza artistikorako; beste horrenbeste ekoizpen teknikorako; Tanttaka Teatroak jaso du aurrenekoaren esleipena eta Tentazioa Produkzioakek bigarrenarena). Aizpea Goenagak telefonoaren beste aldetik dio hori hasieran onartutako aurrekontua dela, baina ez dela hainbeste kostako. Martxoaren 16an ari da galderei erantzuten; estreinaldiaren biharamun gozoarekin esnatu da: “Atzoko ederrena izan zen euskara Arriagan sartu zela galaz jantzita; eta hori, oso ederra da... oso ederra. Antzokia beteta zegoen, 1.200 pertsona zeuden, goi mailako literatura entzutera joandako jendea. Hori egiteko 200.000 euro, niri ez zait garestia iruditzen”. Bestelako promozio kanpainarik ez dute egingo, Etxepare Institutuaren irudia ikuskizun honen bidez zabaldu nahi baitute; eta Goenagaren iritziz, urteak emango dituzte joan den asteko lanari etekina ateratzen.

Ekainean zuzendari postuan urtea beteko duen arren, askoz denbora gutxiago darama aktore eta zuzendari donostiarrak lan taldearekin: kargua hartu arren, zenbait hilabetez tripulaziorik gabeko patroia izan da, Jaurlaritzako Kultura Sailaren babespean. Iazko abuztuan egin zen publiko institutuko lanpostu deialdia eta irailetik aurrera bi teknikari, idazkari teknikoa, idazkaria eta komunikazio arduraduna kontratatu dituzte. Azaroan etorri zen institutuaren hurrengo fitxaketa: Mari Jose Olaziregi EHUko irakaslea izendatu zuten euskara sustatzeko zuzendari. Besteak beste, Bernardo Atxagaren obra ikertu izanagatik da ezaguna Olaziregi euskal literaturaren munduan.
Momentu honetan beraz, zazpi lagunek osatzen dute Etxepare; eta lan talde horrek kudeatuko ditu atzerrira bideratutako kulturako diru-laguntza guztiak. Aparte, institutuak bilatuko du, Goenagaren esanetan, euskal kulturak kanpoan orain artekoa baino “leku zabalagoa” edukitzea. “Adibidez, Madrilen gure kultura ikusi egin behar da. Urtetan egoera politikoa dela-eta, edo dena delakoagatik, euskal kulturarekiko lehenago egon zen miresmena itxi egin da; orain, berriz joan behar dugu, musikak eduki behar du bere presentzia Madrilen, antzerkiak eduki behar du sarrera Madrilen... Horrek ikusgarritasuna emango dio hemengo talde askori eta ondoren emanaldi gehiago ateratzeko aukera”.

Nola lan egin lehenago jalgi zirenekin

Institutuaren arduren artean dago atzerriko unibertsitateetako irakurle-programak kudeatzea ere. Euskara nazioartean irakasten da programa horien bidez, eta martxan daude duela zenbait urtetik hamahiru herrialdetako 25 unibertsitatetan; horiez gain, badira euskara sailak dituzten unibertsitateak ere, Mexikoko Universidad Iberoamericana, AEBetako Boise State University eta Italiako Università Popolare di Roma (UPTER), besteak beste.

Programa horiek hartuko ditu bere gain Etxeparek beraz, berriak sortzeko asmoa ere badu, baina ez dago hain argi zeregin zabalagoak dituzten euskara sail batzuekin zer gertatuko den. Frankfutekoa, adibidez, itxi egin da. Diru-laguntzetan ere nabaritzen hasia da norabide aldaketa: Erromako UPTER Euskal Sailak %23ko murrizketa izan du Etxepare Institutua jaio denetik. Gainera, Kultura Sailak UPTERekin sinatutako azken hitzarmenak zera zehazten du hamahirugarren puntuan: Etxepareren helburuekin lotura zuzena duten programa guztiak institutuak berak kudeatuko dituela. Alegia, finantziazioa eta gestioa, biak bere gain hartuko dituela institutuak aurrerantzean, sailaren zudendaritza aukeratzea unibertsitatearen zeregina izango bada ere.

Departamentu horretako kolaboratzaile Alex Mendizabal ez dago ados Etxepare hartzen ari den zenbait erabakirekin. “Irakurle programa berriak zabaldu nahi badituzte, oso ondo; baina gu departamentu bat gara. Beraiek esan digute irakurlego programan sartzen ez bagara diru-laguntza kenduko digutela”. Gaiaz galdetuta, Aizpea Goenagak esan du auzi honen iltzea UPTERen izaera “popularra” dela. "Horrelako unibertsitate batek... arazo batzuk dauzka” esan du, “ez dauka maila akademikorik, ez du krediturik ematen, hori da nabarmenena. Akademia batean egotea bezala da; horra joaten dira jubilatuak edo umeak... eta hori oso ondo dago, balore handia dauka, baina gure helburuetatik urrutiratu egiten da”. Aurrerantzean ere UPTEReko Euskara Sailarekin lanean jarraitzeko asmoa dutela dio, baina egoera “moldatu” egin beharko dutela. “Maila akademikoa” daukan unibertsitate batean jarri nahi dute martxan irakurle programa, Sapienzan edo Roma Tren, adibidez. “Irakurle bat jartzen duzu eta horrek klaseak ematen ditu, ekintzak egiten ditu eta optimizatzen dugu, askoz diru gutxiago kostatzen baita”.

Baina, Mendizabalek zehaztu duenez, irakasle bakarra izango litzateke hori eta ez departamentu oso bat; eta orain arte UPTERen lanean aritu diren gainontzeko pertsonei “laguntza talde” modura aritzea proposatu dietela esplikatu du. Aukera hori baino nahiago du ordea, departamentuan jarraitu, nahiz eta diru-laguntzarik gabe aurrera jotzea zail ikusten duen. “Gu oso itxaropentsu geunden institutu berri bat agertu zenean; orain kezkatuta gaude, iruditzen zaigulako hau izugarrizko porrota izan daitekeela”.

Stanforden irakurlea, New Yorken Atxaga katedra

At! aurkezteaz batera, Etxeparek bi notizia berri ere eman ditu pasa den astean: batetik, datorren ikasturtetik aurrera irakurle berri bat hasiko da Kaliforniako (AEB) Stanford unibertsitatean; bestetik, New York unibertsitatean euskal literaturari buruzko Atxaga katedra sortuko dute. AEBetan indar berezia egiten ari ote diren galdetuta, Goenagak adierazi du Estatu Batuetakoak direla gaur egungo unibertsitaterik prestigiotsuenak eta “arreta berezia” jarri behar dutela han. Ramon Llull institutuaren eta Galiziako Secretaría Xeral de Política Lingüísticaren bidea jarraitzen ari dira, katalanak eta galiziarrak dauden unibertsitateetan euskara ere sartzen saiatuz. Dena den, Europan ere badauzkate proiektuak: “Frantzian ez zegoen irakurlerik; hor bazegoen konpondu beharreko zerbait”, eta Sorbonne IIIn irakurlea jartzeko lanean ari dira, baita hexagonoko beste bi unibertsitatetan ere.

Euskal kultura ala elebiduna?

“Euskal Herriak, bere zabalera txikia dela eta, beti munduari ateak irekita bizi behar izan du, asimilatuz, eraldatuz eta transmitituz, literaturan Barojak eta Unamunok, Blas de Oterok eta Lizardik, edo Atxagak eta Espido Freirek egin duten bezala” irakurtzen da Etxepareren webguneko “Euskara eta euskal kultura” atalean. Arreta deitzen du sei idazletik lau erdaldunak izatea eta esparru horretan, hizkuntzarenean alegia, nola jokatuko duten galdetzeko bidea zabaltzen du. Euskal sortzaileek eta erdaldunek leku bera izango dutenentz, alegia, erakundeak bultzatuko dituen egitasmoetan. At!-en hainbat idazle erdaldunek parte hartu dute, berbarako, euskaldunekin batera.

Goenagak dio institutua sortu zuen legean datorrela hori, 3/2007an. “Euskara eta euskal kultura, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzeko, hedatzeko eta proiektatzeko” misioa ematen zaio Etxepareri, baina zuzendariak garbi hitz egin du: “Euskaraz egiten den kulturari jarriko diogu arreta gehiago, erdaraz egiten den kulturak badauzkalako beste bide batzuk promozionatu ahal izateko. Horretan oso eskrupulosoa izan behar dut dena den; legeak horrela dio. Portzentajeak ez dira 50 eta 50 izango, baina erdaraz egiten denak lekua izan behar du”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxepare Institutua
2021-06-02 | dantzan.eus
Euskal Dantza

Tokian tokiko dantza tradizionalekin hasi eta abangoardiako antzerki fisikoraino, euskal dantzek nortasun bereziko eskaintza zabala dute. Euskal dantzen ikuspegi orokor hori jaso du Oier Araolazak idatzi eta Etxepare Institutuak argitaratutako Euskal Dantza liburuxkak.


2018-02-01 | Lander Arretxea
Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria
“Munduko kultur institutu guztiekin parez parez aritu nahi dugu”

Etxepare Institutuko zuzendari berria da Irene Larraza tolosarra. Aurrez, sei urte eman ditu bertan, bestelako arduretan. Etxea ongi ezagutzen du. Miren Arzalluzek duela urtebete hasitako bidea jarraitzea egokitu zaio, baina nahi luke, lan horretan, bere eskua eta egiteko moduak... [+]


Konfiantzazko pertsona bat aukeratu du Etxepare Institutuak Arzalluz ordezkatzeko: Irene Larraza

Etxeko pertsona bat aukeratu du Etxepare Institutuak zuzendari kargua utzi berri duen Miren Arzalluz ordezkatzeko: Irene Larraza izango da Etxepareko zuzendari berria, 2012tik institutuan lan egiten du eta ondo ezagutzen du erakundea.


2017-12-19 | ARGIA
Datozen egunetan izendatuko dute Etxepareko zuzendari berria, Arzalluzek kargua utzi ostean

Etxepare Institutua zuzendaririk gabe geratu da, duela urtebete kargua hartu zuen Miren Arzalluzek Parisko Moda Institutua zuzenduko duela iragarri ondoren.


2016-11-02 | ARGIA
Joseba Sarrionandiak Etxepare Institutuaren irakurletza zuzenduko du Habanan

Etxeparek institutuak jakinarazi duenez azarotik aurrera Habanako Unibertsitatean zabalduko duen irakurletzan ariko da idazle iurretarra Euskara hizkuntzaren historia ikastaroa ematen.


2016-05-12 | dantzan.eus
Euskal dantza baztertu du berriz Etxeparek

Aurten ere euskal dantza taldeei ukatu egin die Etxepare Institutuak nazioartean emanaldiak egiteko eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko aukera. 2016ko maiatzaren 12an argitaratu da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) Etxepare Institutuaren deialdia artea,... [+]


Etxepare Institutuko zuzendarien gastuak

100.000 euro inguru gastatu dituzte Etxepare Institutuko bi goi karguek 2014 eta 2015 artean kreditu txartel publikoa erabiliz eta atzerrira egindako bidaietan. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa publikoen gastuak hizpide dira urtarriletik Legebiltzarrean eta kultur arloan... [+]


Unibertsitatea turismo-agentzia bihurturik Donostia 2016ren aitzakian

“Ametsetako uda bizi nahi duzu Europako Kultur Hiriburuan, Donostian?". EHUk eta Etxepare Institutuak antolatu duten Basque Yourself ikastaroa honela iragartzen da.


Nola bihurtu ekosistema oraingoz puzzlea dena

Pasa dira gaizkiulertuak, murrizketak, dimisioak, paralisia, obrak eta beste hainbat gorabehera: aste honetan zabalduko ditu ateak Donostiako Tabakalerak, kulturgune dinamiko izateko asmoz. Ontzia edukiz beteko duten erakundeen aukerak aztertu ditugu.


Murrizketa gehiago EAEko Kultura Sailean: Musikene, Etxepare eta Balenciaga

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kulturako aurrekontuen murrizketa andanaren berri dakar gaur El Diario Vascok. Batzuk aurreratu genizkizuen joan den astean. Beste batzuk, esanguratsuak, jarraian zerrendatuta:


Eguneraketa berriak daude