Hil honen 20 eta 27an Pirinio Atlantiarreko Kontseilu Nagusiko 52 aulkien erdia berrituko da; 26 kontseilari hautatuko dira, horietatik 10 Ipar Euskal Herrikoak izaki. Beste erdia, 2008an hautatu zen. 2014az geroztik kontseilari nagusien ordez, lurralde kontseilariak hautatuko dira.
Lurralde kontseilariak Akitania Erregioko (Bordele) zein Pirinio Atlantiarreko Departamenduko (Paue) kontseiluetan egongo dira. Alabaina, 52 kontseilari nagusi izan ordez, 45 lurralde kontseilari izanen dira. 2014az geroztik, lurralde kontseilari kargua sortuko da. Bozka eremuak gutxiago izanen dira. Frantziako Gobernuak bideratutako Lurraldeen Erreforma Legeak kantonamenduen mapa aldatuko du. Kantonamendu kopurua %25 gutxiago izanen da. Aldaketak landako biztanlerian eraginen du bereziki. Hiri eta konurbazioetan hautetsi gehiago izanen da baserri munduaren kaltetan. Estatuak deszentralizazioaren aldeko urrats gisa aurkeztu du aldaketa, herritarrek eta tokiko hautetsi gehienek aldiz, are estatu zentralizatuago baten proiektua sumatu dute.
Frantziako egitura politikoa bere azken Iraultza bezain zaharkituta dago. Paueko (Parlement de Navarre) Parlamentuan egoitza daukan Pirinio Atlantiarreko Kontseilu Nagusia lekuko. 52 kontseilarik osatutako ganbara hau sei urtetan behin berritzen da, aldian aldiko bi bozketen bidez. Hau da, Pirinio Atlantiarreko Departamendua osatzen duten 52 kantonamenduetako 26tan hauteskunde kanpainan dauden bitartean, ondo-ondoko kantonamenduetako bizilagunek ez dute bere-berezko interesik herri-auzoen bozetan. 2008an, 11 kantonamendutan bozak izan ziren, eta aurtengo martxoan 10etan; hurrenez hurren: Angelu iparraldea, Baiona ekialdea. Baiona iparraldea, Baiona mendebaldea, Miarritze mendebaldea, Bastida, Hazparne, Iholdi, Garazi eta Atharratze. Ipar Euskal Herriko 10 eserlekuak hala nola Biarnoko 16ak Parisen nagusi diren bi alderdien esku daude: eskuin-zentristako (UMP-MoDem/Forces 64) eta ezkerreko (PS) alderdi frantsesen esku. Uneon, 26 aulkina ditu zentro-eskuinak eta ezker sozialdemokratak. Hainbat kontseilari, alderdi nagusi hauetako kide izan gabe, independente gisa hautatuak dira alderdi hauen sostenguarekin, eskuindar joerakoak bereziki. Hazparneko kontseilari Beñat Intxauspe eta Iholdiko Jean-Louis Caset, konparazione. Bi itzuliko sistemaren ondorioz, gainerako alderdiek kontseilariak lortzeko duten aukera hutsaren hurrengoa da. Ezker nahiz eskuin alderago dauden alderdiek zein Europe Ecologie Berdeek ez dute ere hautetsiak lortzeko ia xantzarik, EH Bai eta EAJ-PNB hautagaitza abertzaleek barne.
Kontseilu Nagusiak tokiko enplegu, etxebizitza, garraio, ingurumen eta laborantza kudeatzeko zenbait eskumen dauzka. Kultura gaiez eta ekimen sozialez ere arduratzen da. Azken aurrekontua 802 milioi eurokoa izan da. Kontseilu Nagusiko presidentea Jean Castaings da, UMPko kidea. Bastidako kontseilari eskuindarra. Bera da kontseilarien artean zaharrena. 73 urte ditu, eta horrexek eraman zuen –ezkerraren eta eskuinaren aulki parekotasuna zela medio– presidente izatera. Haatik, Jean-Jacques Lasserre zentristaren (Forces 64) inguruko kontseilariak dira Departamenduko politikan eraginkorrenak. Miarritzeko mendebaldeko kontseilari Max Brisson-ekin batera, biak ala biak, eskuineko politikari notable nagusiak dira. Ezkerraldean, berriz, Garaziko kontseilari Frantxua Maitia da ezkerreko notable esanguratsuena. Angelu iparraldeko Jean Espilondo kontseilari eta Angeluko auzapeza (PSko jakobinoa) ez da boz hauetan aurkeztu.
Ipar Euskal Herriko herritarren nahia ez da Pirinio Atlantiarreko Departamenduaren politikagintzaren garapenaren araberakoa, ezta Akitaniako Kontseiluaren arau ere. Erakunde bi hauen kudeaketak Parisko botereek erabakitako politikak moldatzera mugatzen dira. Tokian tokiko botereek –Bordeleko eta Pauekoek– politika posibilista mugatua lantzen dute Estatuaren immobilismoaren aurrean. Badira, halaz ere, Hexagonoko politika immobilista aztoratu duten bi gai: azpiegiturak –autobideak eta trenbideak– eta tokiko kolektibitateek aldarrikatzen duten berezko instituzioa. Esaterako, azken urteetan, bi proiektu nagusi nabarmendu dira azpiegituren arloan: Nafarroan gaindiko 2x2 autobidea eta Lapurdi zeharkatu lezakeen LGV-AHT (Abiadura Handiko Trena) proiektua. 2x2 autobidearen proiektua geldiarazia izan zen eta AHT ez da bermatua. Bi ekimen hauen aurkako mobilizazioetan herriko taldeek hala nola –eskuineko eta ezkerreko oposizioa diren– Europe Ecologie Berdeek eta EH Bai koalizioko indar abertzaleek berebiziko munta izan dute. Proiektu bi hauen aurkako borrokak eta mobilizazioek Erregioko zein Departamenduko kontseilarien jarrerak aldarazi izan dituzte. Kontseilariek, eskuineko edo ezkerreko izan, bere eremuko –kantonamenduko– indar korrelazioaren arabera mugitu behar izan dute. PSko Frantxua Maitia kontseilaria da horren adibidea. Oro har, Frantziako sistema politiko immobilistaren aurrean, tokian tokiko kontseilariak bide politiko “aurrerazaleak” urratzera behartuak izan dira, nolabait.
Ipar Euskal Herria aitzindaria da Frantziako egitura instituzional zaharkitua berritzeko aldarrikatzen. Departamenduaren kudeaketan, eskuinak eta ezkerrak aulki bat dute jokoan. Beraz, politika posibilistaren jokoa areagotzen da. Departamenduko kontseilarien politika posibilista Frantziako immobilismoaren berme eta ezaugarria da. Ipar Euskal Herrian eskuin eta ezker egonkorrak bi arerio nagusi dituzte: Berdeak eta ezkerreko abertzaleak. Horiek horrela izanik, tokiko kontseilariek ezkerreko ekologistaren eta abertzaleen lemak bere egin dituzte. Bi itzuliko hauteskunde sistemak (bozen %12,5 behar da bigarren itzulira pasatzeko) errazten du tokiko eskuin nahiz ezker posibilisten politika.
Lurralde honek exijitzen duen berezko instituzioaren aitzinean, hala-moduzko joko politikoarekin erantzuten dute eskuin nahiz ezkerreko alderdi nagusi posibilistek. Estatuak Pays egituraren bidez behin-behineko erantzun murritza eman dio eskakizunari. Pays izendapena bertan behera geratu ondoren, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren eskakizuna aldarrikatzeko unea –bozen garaia– baliatu dute Batera plataformako indarrek. Baterak hautagaiak gonbidatu ditu “Lurralde kolektibitate berezia Euskal Herriarentzat” gaia hizpide. 72 hautagaietatik 18k parte hartu dute konferentzia-eztabaidan. EH Bai da Euskal Lurralde Elkargoa boz kanpainan aldarrikatu duen bakarra.
Ipar Euskal Herriko boz kanpaina honetan ezaugarri historiko bat nabari da atzera ere: Hegoaldeko gatazkaren zurrunbiloan garatu da enegarrenez. Frantziako justiziak Aurore Martin Batasuneko kidearen aurkako euroagindua ezarri du. Aurore Martin sasitan dago. EH Baiko hautagai ordezkoa da Atharratzeko kantonamenduan. Bien bitartean, agindu bera Espainiako poliziaren jazarpenetik ihes egindako Segiko kideen aurka ezarri zen. Zortzi kideetatik zazpi presondegian daude. Irati Tobar da –uneon– “libre” dagoen bakarra. Bera da, Aurore Martinekin batera, boz kanpainako irudi nagusietako bat.
Aurore Martinek Ipar Euskal Herriko hautetsi gehiengoaren –ia guztien– babesa dauka, tokiko eskuineko nahiz ezkerreko kontseilarien sostengua. Segiko kideek ere hautetsi –baita abertzale ez diren– askoren aterpe eta sostengua jaso dute. Atxilotuak izan direnean, aterbe eman dieten hautetsi hauetako asko poliziak jazarriak eta kolpatuak izan dira. Paueko Kontseilu Nagusiak Aurore Martinen Espainiaratzea gaitzetsi zuen. Jean Castaings presidente eta UMPko kideak Aurore Martin eta Segiko gazteen egoera salatu du publikoki. Euroagindua errefusatzen du orobat. Frantziako Gobernuaren Lurraldeen Erreforma Legeak baserri eremuetako kantonamenduak zigortzen dituela esan du baita ere. Errepublikako presidente eta UMPko buru Nicolas Sarkozyren alderdi bereko kidea da Jean Castaings. Orain gutxi arte atzerri-ministroa izan den Michèle Alliot-Marieren alderdi berekoa. Frantziako justiziako, barne-arazoetako eta defentsako ministro izandako Donibane Lohizuneko auzapez ohia.
Laburbilduz eta ondorio gisara: boz kanpaina gai ugari eta anitzen inguruan garatzen ari da. Analasi politiko hau kanpainaren gaineko begirada bat baino ez da, Ipar Euskal Herriko hamar kantonamenduetako ezaugarriak –eta tokian tokiko hautagaien berezitasunak– aztertzetik urrun, Estatu baten sistema demokratiko zaharkitu eta immobilistaren menpe garatzen den tokiko herri demokrazia posibilitistaren –eta mugatuaren– lekukotasuna.
Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.
Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]
Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]
Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]
Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]
Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]
Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:
"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]
Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]
Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik, Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.
Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]
Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]
EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]
Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.