Loti ederra beti kantuz

Panpi Zamora, Marie-Jeanne Arribillaga, Auxtin Zamora, Mixel Arribillaga eta Mixel Mendiboure.
Panpi Zamora, Marie-Jeanne Arribillaga, Auxtin Zamora, Mixel Arribillaga eta Mixel Mendiboure.Hatsa Elkartea

Senpereko Musumielenia etxeko Arribillaga familiaren ondorengo zuzenetan, azkena da Marie-Jeanne Arribillaga-Mauchamp, Marcel Arribillagaren bost ilobetan gelditzen den bakarra. Marie-Jeanne adin handiko emaztea da engoitik. Amets artean bezala baieztatu digu “bai, plazer handia” sentitu duela jakin duelarik liburua plazan dela. Baitaki hortaratzeko, hainbat esku eta bi mende elkarlotu behar izan direla.

Marcel Arribillaga Musumielenia St Pée s/r Nivelle. Hala dio Marcelen kaierak. XX. mende hasierako eskolako idazkera zaindua, denboraren desafiatzaile da estalki ilunen azpian. Bere lehen orrietan zut lerrook darakuskien Musumieleniako koadernoak ehun urte bete berri ditu. Senpereko karrikaren eta baserriaren mugan bizi izan den etxea da Musumielenia, Urdazuri  ibaiaren ondoan. Han zen ahotik belarrira, belarritik lumara, Arribillagatarren kaiera mamitzen joan, dozena erdi bat urtez ehun kantu pasa bere baitaratzeraino. Marcel Arribillaga, Marie-Jeanneren osaba, lau anaia-arrebetan hirugarrena zen, ofizioz laborari. Bertsozalea eta kantari fina, bestalde. Anaia Jan Battitt, Marie-Jeanneren aita zenarekin abestuz jetzi ohi omen zituen behiak. Eta Arribillagatarrek ez bide zuten lau patako marrumalaria publiko bakarra. Horietan ziren jakin gabe, kaieraren lehen printze salbatzaileak. Kantu herrikoia agortu zeneko eguna jin baitzen, jin ere, Lapurdin nola Euskal Herri osoan hala Senperen. Baina memoria kolektiboaren zoko batean gelditu zen behiala, Musumieleniak ereserki bilduma bat eman zuela. Barnean trumilka abesti zituela, bertsoaldi labur ala luze, trufazko, moral oneko, amodiozko ala gerlako oroitzapeneko. Zaharrenek gogoan zituzketen Arribillaga anaien ahots ederrak. Besteek misteriozko koadernoa. Belaunaldiz belaunaldi. Inork ez zezakeen erran alta, XXI. mendeak ernaraziko zuela modernitatearen musuak lokarrarazia.  
 

Ustez galdu zena

XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera liburuaren aitzin-solasean Piarres Xarriton Ehulatei  gogoratzen da “ene lagun ona Xarles Arribillaga, gutarik urrun zendu zelarik Bordeleko eskualdean, neu ibili nintzela, Xarlesen arreba (Marie-Jeanne) berak gomendaturik, baina debaldetan, kantutegi hori, hatz ez behatz nehon ezin atzemanez”. Liburua plazaratzen lagundu duen Hatsa elkarteko kide den Auxtin Zamorak oroitarazi duenez, “Musumieleniako familiak bazekien liburuxka Xarlesen eskutan zela, baina bera zendu zelarik, nehork ez zuen asmatu, Lafitteri utzi izan zekiokeela”. Eta Xarritonek aitortu du, uste izan zuela “ez zela Arribillagatarren kaiera Barbier ala Borotra xuri-xurien kantu guztiak zeuzkana nehondik neholaz uztariztar apaiz ameslari gorriaren eskuetara erori ahal izan”. Usteak erdia ustel.  

Xarles Arribillaga Uztaritzeko seminarioan ikasketak egindakoa zen, nor eta Aita Piarres Lafitteren zurkaizgo pean. Frantses irakasle bihurtu eta Bordeleratu zen. Senpere Musumielenian, aitaren sortetxean, osaba Marcel hiltzean baina, Xarles euskaltzaleak ez zuen dudatu: burdinazko lumaz Marcel Arribillaga Musumielenia St Pée s/r Nivelle  idatzia zeukan koadernoa bereganatu zuen. Haatik, 44 urte zituela, hil zen Xarles Arribillaga 1969an. Senpereko hainbat etxe, hainbat esku idazle eta belarri xaramelazale ezagutu zituen liburuxkak Girondako bere erbeste laburra amaitu zuela ez zuen inork jakin. Hatsa eta Oxtikenea elkarteen lanari esker dakigu gaur, Piarres Lafitte euskaltzainak kaiera horren barnean aurkitu kantu zenbait, ziren bezala erabili zituela,  Xaramela, Kantuz eta Kantu kanta khantore kantutegietan nabarmenki ezarririk. Hitz batez, Musumieleniako paretak dardarazi zituzten, mende bat berantago ezin ezagunago eginen ziren Euskal Herriko hainbat abestik, Adios ene maitea, Intxauzpeko alaba, Itsua eta sastrea, Zazpi eihera baditut edo Ziburutik Sarara, eta gehiagok ere.

Dena dela, izan Jean Barbier “xuri-xuri” ala Lafitte “ameslari gorri”,  apaizek, XXI. mendeak eta euskaltzaletasunak galtzetik begiratu liburua da XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera. Berriki Euskaltzaindiak atzeman du Lafittek 1985ean utzi fondoa digitalizatzerakoan. Zamorak hala dio: “Pentsa dezakegu holako kantutegi baten atxikitzeak nonbait, kontzientzia baten ardatza segitu duela. Ohartuz, gure garaian ere, Arribillaga familia euskarari oraino atxikia dela, ikusiz Barbierrek euskal funtsari zion atxikimendua, jakinez Piarres Lafitte zer aditua zen euskal kulturan, bai, atxikimendua agertzen dela ez da dudarik. Bestela aspaldi, zaharkeri inutila bezala, kantutegi hori asko etxetan zikindegira jaurtikia izanen zen”.


Gerlako eta amodiozko  kantak

Liburua Gernikako arbolaren hamabi ahapaldiek abiarazten dute. Ipharraguerrek moldatuak darakuste hizki larriek guztien buruan. Honetaz gain, Musumieleniako semearen koadernoan datozen 110 kantuetan hiru baizik ez dira izenpetuak. Gerlako kantuak J. Albandoz izeneko batek eta azken biak, Jean Barbier apaiz idazleak. Barbier Musumieleniako familiaren oso hurbilekoa zen. Maixan Arribillaga Marcel eta Jan Battitten arreba gaztea beretzat ari zen idazkari eta pentsatzen da honek zituzkeela bertsoetako asko kaieran idatzi. “Maixan Arribillaga, kasik serora sartzeko puntuan zen”, dio Auxtin Zamorak “baina Jean Barbieren eraginez, irakasle sartu zen Senpereko San Josep eskolan. Bizi zen elizatik bi pausotara eta beraz nabari da, Barbier eta Maixanek elkarrekin lan egiteko baldintza onak zituztela”.

Marcel Arribillagaren koadernoko azken kantua den Herritik nere haurrari gerla tokira izenekoa, Jean Barbierek berak izenpetua da. 1916ko martxoko data dakar, hots, Lehen Mundu Gerla bete-betekoa. Gerla horri buruzko kantuak hain zuzen, irakasgaiez beteak zaizkigu; XX. mende hasierako Ipar Euskal Herriko euskaldunetan frantses nazionalismoa fede giristinoaren eskutik zihoala ohartarazten digute-eta. Albandozen bertsoek honela diote:

Kuraie handi azkar batekin lotu ginen bideari

Frantsesekilan gu eskualdunak, esku emanez elgarri

Gure otoitzak entzun araziz zeruko Aita onari

Bitoria eman dezakola Frantses herri maiteari

Baina ez Arribillagatarrak ez kaiera hartan idatzi zuten besteak bide ziren sektarioak. Irakurri besterik ez dago Lehen eta orai bertsoaldia. Laborarien ikuspegitik idatzia, Aitzin Erregimenean erregeek pizten zituzten gerlen kontrako aldarria da :

Gerlarat igortzen

Eta han inozenteek elgar xahutzen

Baita berdintasun sozialaren aldekoa ere:

Ala dadin aberats ala pobrea

Gizona gizonaren duk haurridea

Eta guk goratzeko besteen apaltzea

Gure anaiari duk laido egitea

Elgar aditzea

Elgar maitatzea

Eta laguntzea

Hori duk egiazko jainko legea

Kirri-karra, lumaren zorrotza paperaren gainean. Maixan Arribillaga halako edo holako kantua kopiatzen ari. Eta besteak, nork eginen zituen? “Pentsa dezakegu –dio Auxtin Zamorak– esku gazteak zirela idazleak, amodioak toki handia duelako kaiera osoan (45 kantu 110en artean). Amodioen sasoia, naturalki edo gehienik bederen, gaztaroko errealitatea da”. Maitasun penak, gogoz kontrako ezkontza proposamenak, amodio zuhurrak ala segitu beharreko bidetik guztiz kanpokoak, denetarik dago Musumieleniakoen kantu bilduman. Kasurako Xori Erresiñoleta olerkiak hegaztien metafora hartzen badu ere gordinetik ari da beldurrik gabe:

Bat arra zen eta bertzea emea

Ez zen mirakuilurik parekatzea

Lehen ere

Duda gabe

Ikusi ez balu

Harra hura ez zen joanen sasi hartara

Emea ez balitz jin bidez erditara.

Eta emea non zen orduan

Sasi handian barna sartua

Lumaturik

Apaindurik

Bere papoa

Kukurusta harroturik jarri zenean

Errutera sartu zen bere ohantzean

Honek burutik kendu digu kantu liburuak neguko arratsetan familiartean kantatzeko eginak zirela, eta Marcel Arribillagaren koadernoaren gainbegiratzailea Jean Barbier apaiz “xuri-xuria” bera zela. Ala pitzadurak izanen ote zituen, alta ez hain aspaldiko jendarte tradizionalista hark ere? Ciento cincuenta reales kantuak gaztelaniaz ezin argikiago dio:

Ciento cincuenta reales

Me han ofrecido

Para poner los cuernos

A mi marido. [Errepika]

Todas las noches estoy

Siempre pensando a ti

Yo me muero de amor

Bai triste de mi (bis).

Ciento cincuenta reales

No se han de perder

Cuernos a mi marido

Se le han de poner

Kantu bakar batzuek data zehatza agertzen dute beren narrazioan. Hala nola zaharrena Frantsesak Madrilen izenekoan, Mila zortzi ehun eta zortzigarrenean aipatzen den,  Napoleon Bonaparteren Espainiako kanpainari buruz. Baina frantses iraultzaraino, hots 1789raino doa Arribillagatarren kantutegiko aipurik aspaldikoena, Berria dut aditu  bertsoaldiaren bitartez.

Atzoko kantuen gaurko maitaleak

XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera berreskuratzen lagundu duten printzeetan nabarmentzekoak, Hatsa eta Oxtikenea Senpereko elkarteak dira.  Liburuak frogatzen du abesti zaharren bilaketa amaitutzat ematea zaila dela. Urteetan apalategi ala ontzi zokoratuetan bildurik dauden dokumentuak badaitezke, Senperen, ala auzo herrietan, nork errauts artetik jalgi zain. Ikusmolde hortakoa da Auxtin Zamora, baina zuhurtzia behar dela badaki: “Etxez etxe behar da ibili. Kasik ateak bortxatu, manerarekin gero! Ez baita erraz, etxeetako intimitatean sartzea. Astia anitz eskatzen du horrek. Behar zaie jendeeri luzaz mintzatu, beharbada, noizbait erranarazi arte: ‘A! Bai! selauruan badugu bai, zerbait aspaldikoa’!”. Ohargarri da Hatsa eta Oxtikenea elkartekoek jadanik hiru aldiz atzeman dutela “zerbait aspaldiko”, Lapurdiko kantutegiaren aberasgarri. 2001ean, Senpereko kantu xaharrak izan ziren eta 2006an Sara, Senpere eta Azkaingo atzoko kantuak. Aurten, XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahieraren aldi izan da. Kantaraziko duten hurrengo loti ederra zein izanen den, geroak erranen.


Azkenak
Osakidetzan egiturazko eta egiazko konponbideak eskatu dituzte Gasteiz, Bilbo eta Donostian

Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.


Aroztegiari ezetz esan dio jende oldeak Iruñean, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du

Milaka eta milaka lagun elkartu dira larunbat bazkalondoan Iruñean, Baztango Aroztegiaren makroproiektuari aurkakotasuna adierazteko eta maiatzean epaituko dituzten zazpi auzipetuen absoluzioa eskatzeko. Bideoz grabatu dugu amaiera ekitaldiko hitzartzea [albistearen... [+]


Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Eguneraketa berriak daude