Zerbitzu publikoak murriztearen aurka borrokak nonahi

  • Martxoaren 26an jende elkarretaratze erraldoia gertatuko da Londresko karriketan, krisiagatik estatu britainiarrak zerbitzu publikoetan ezarri dituen murrizketen kontra aldarri egiteko. Ehundik gora herri eta auzotan ari dira ‘anti-cut’ taldeak, klase guztietako ekintzetan, autonomoak baina aliantzan loturik. AEBetara zabaldu da mugimendua.

Tax Justice (Justizia Zergetan) blogetik hartutako argazkian, UnCut UK mugimenduko kide gazte honek afixean erakusten du Erresuma Batuak egiten dituen gastuen bidegabekeria: herri basoetan pertsonako 30 zentimo gastatzen du, liburutegitan pertsonako 21 li
'Tax Justice' (Justizia Zergetan) blogetik hartutako argazkian, UnCut UK mugimenduko kide gazte honek afixean erakusten du Erresuma Batuak egiten dituen gastuen bidegabekeria: herri basoetan pertsonako 30 zentimo gastatzen du, liburutegitan pertsonako 21 libra, eta, aldiz, bankuen erreskaterako pertsonako 31.250 libra. Erretratua joan den otsailean aterea dago, NatWest bankuaren Londresko bulego baten aurrean buruturiko protestaldian. Eskubitan, martxoaren 26ko martxa iragartzen duen kartela. Ageri duenez, sindikatuen gehiengoa biltzen duen Trade Union Council (TUC) da elkarretaratzearen sustatzaile nagusia, baina murrizketen kontrako taldeekin elkarlanean antolatu dute. Ezinegon handia dago Britainia Handian dagoenekoz zerbitzu publikoetan "“haurren irakaskuntzan, unibertsitateetan, osasungintzan..."“ eta laguntza sozialetan estatuak egin dituen murrizketengatik.

“How to do a bail-in” itzultzea ez da erraza, baina YouTube zerbitzuan esaldi hori jarrita eskaintzen zaizun bideoa ikusten baduzu berehala ulertuko duzu. UK-Uncut –Murrizketarik gabeko Erresuma Batua– mugimenduko neska gazte baten eskutik joango zara banku baten egoitzaz jabetzera... modu sinbolikoan bederik.

Bail-out negozioetako hizkeran erreskatea da, norbaitek zordun baten bermea ordaintzea. Azken hiru urteotan buru gainera jausi zaigun krisiaren testuinguruan, bail-out da estatuek banku askorekin egin dutena, sistema osorik pikutara joan ez dadin haien zorrak bereganatzea. Ezkerrak urte luzez aldarrikatutakoa –bankuen nazionalizazioa– baina arras alderantziz, estatuak zorrak baizik bereganatu ez dituelako.

Ditxosozko erreskateekin bankuek beren malurrak estatuei pasaturik, orain agintari politikoek diote  ongizate gizartea sustatzeko nahikoa diru ez dagoela, eta zerbitzu publikoetan mozketak egin behar direla.  Horren erantzuna da bail-in ekintza: herritarrok pagatzen ditugunez bankuen zorrak, egin gaitezen fisikoki bankuen jabe. How to do a bail-in bideoan ikusiko duzu gazte koadrila bat Barclays bankuaren bulego bat okupatzen, zertarako eta bertan liburutegi publikoa instalatzeko.

Gisa horretako ehunka ekintza burutzen dituzte Britainia Handian ziento bat herri taldek. Anti-cuts: Alliance of defiance (“Murrizketaren etsaiak: Desafioen elkartasuna” euskaratu genezake) artikuluan deskribitu du mugimendua Red Pepper aldizkari ezkertiarrak.

Talde batek hiru kide dauzkake kalean grafitiak egiten dituztenak eta beste bat kapaz da 3.000 jende mobilizatzeko. Taldeak bezain ezberdinak dira ekintzak. Batek irakurketa publikoa antolatzen du auzoko liburutegi publikoan, aldiz, beste batek hitza hartuko du udal biltzarrean gastu murrizketak eztabaidatu behar dituzten saioan, edo beste hark, berriz, mobilizazio iraunkorragoak burutuko ditu ixtera kondenatu duten enplegu zerbitzua salbatzeko.

Klase askotako jendeak bildu dira mugimenduotan, izan laguntzarik gabe aurkitzear diren ama ezkongabeak, luzaz xomaian dauden langabeak edo unibertsitateko ikasleak. Mugimenduan erreferentzia den Oxford SOS taldeko batek honela laburbildu dio espiritua Red Pepperri: “Elkarri laguntzen diogu borrokan, nork bere historia ezagutaraziz eta murrizketa horien bidegabekeria ikusgarri bihurtuz”.

Sei hilabeteotan ugaritu diren taldeen artean Osford SOS da famatuenetako bat. SOS horrek laguntza eskea adierazten du baina bada ere Save Our Services (Gure zerbitzuak zaindu ditzagun) ideiaren akronimoa. 60 kide biltzen ditu, elektroposta bidez 400 gehiagorekin dago harremanetan eta jerarkiarik gabe antolatuta dago, jarduera oso anitza burutzeko: ekintza zuzena, ikastaldiak, hitzaldiak, hedabide txikiak....

Manchesterreko Anti Cut taldea ere, Oxfordekoaren antzera, erabat autonomoa da. Badira gehiago. Autonomia horretatik antolatzen dute gero elkarlana sindikatuekin eta alderdiekin. Dena dela, beste gehienak askoz lotuagoak daude sindikatuekin. Sindikalista batek Red Pepperri deklaratu dionez, “sindikatuek mugimendu sozial bihurtu beharra daukate”.

AEBetara hedatu dira

Oxford SOS taldeak gaur biltzen eta ordezkatzen ditu dirulaguntza publikoen murrizketek kaltetzen dituzten herritar asko. Hori lortzeko, hiru arau ezarri dizkiete kideek beren buruei. Bat, arazoa gainean daukaten herritarren parte hartzea bultzatu bilera guztietan. Bi, komunikabideak istorio bila hurbiltzen baitzaizkie, lagundu jendeari kazetarien aurrean gauzak ondo agertzen. Hiru, bakoitzaren neurriko ekintzak sustatu, txiki eta handi, isilpeko edo burrunbatsu.

Anti-cut taldeok kontraesan bat baino gehiagorekin aurkitu dira. Esaterako, alderdi politikoekin elkarlanean hasita, zer eska dakioke eta zer ez udal ordezkari bati? Beste arrisku hau ere badago: murrizketa batzuen kontrako kanpainak arrakasta izanez gero ez ote duen ekarriko mozketak beste leku batera edo beste jende bati pasatzea. Oxford SOSeko kide batek deklaratu duenez, honetan ere bada NIMBY fenomenoan erortzeko arriskua. Not In My Back Yard, euskaraz “Nire etxe ondoan ez” esango genukeena, erreakzio oso gizatiarra da.

Martxoaren 26ko manifestazioak emango du Britainia Handiko ehundaka taldeon indarraren neurria. March for the Alternative deitu dute, martxa eta martxo hitzegaz jolas eginez. “Esan ezetz beharrezkoak eta justuak ez diren murrizketei”. Sozialdemokrata batek sinatzeko modukoak eskatzen dituzte: bankuei zerga egokiak ezartzea –Robin Hood zerga famatua–, zergen iruzurra moztea eta enplegua eta hazkunde berdea sustatzea. Ez da herturarik hemen.

Mugimendua hilabeteotan Amerikako Estatu Batuetan ere hedatu da, Britainia Handiarekin batera neoliberalismoaren aitzindaria izan den hartan. Murrizketak sekulakoak dira han ere zerbitzu publikoetan, baina baita langileen eskubideetan ere, asteotan Wisconsingo funtzionariak salatzen ari diren gisan.

AEBetan beste inon baino nabarmenago ikusten da gizarte industrializatuetan krisiak pobreak pobreago egin dituela eta aberatsak are lotsagabeago. Truth Out gune aurrerazaleak deskribatu ditu AEBetan Uncut (Murriztu gabe) deitzen dituzten taldeak.

Bank of America bankuaren eskandalua salatzen dute bereziki. Horren gainbeheran eta nazionalizazioan gertatzen ari direnak epelena haserretzeko moduak direlako, diru publikoz salbatutako bankuaren arduradunek kobratzen dituzten dirutza harrigarrekin eta abar.

“Estatu Batuen arazoa ez da defizita, arazoa da zergak ez direla kobratzen” salatzen dute talde horietatik. Estatuari dirurik uzten ez dioten multinazionalen adibide asko ematen dituzte. Horietako baten berri oraintsu jakin dugu hemen: ExxonMobil petrolio konpainia erraldoiak Espainia usatzen du paradisu fiskaltzat.

Britainia Handian ez bezala, AEBetan jendea uzkurrago dabil talde horietan nabarmentzeko. Korporazio handiek gobernuaren laguntzarekin horietan espioiak dituztela eta gaur ez bada bihar mendekua jasoko duten beldurrez mintzo zaio bat baino gehiago Truth Outi.

Baina herritar askoren bizi mailak kolpe gogorra nozituta, Uncut taldeok gero eta oihartzun handiagoa daukate. Agintariek “austeritatea”, soiltasuna, aipatzen dute zerbitzu publikoak murrizteko, baina austeritate selektiboa da, beren buruei eta enpresen jabeei ezartzen ez diotena. Orain jendeak ez dira borrokatzen urrutiko oihanak salbatzeko, duintasunez bizirauteko baizik.


Azkenak
Berwick eta gu

Beharbada ez duzu jakingo nor den Donald Berwick, edo zergaitik aipatzen dudan artikuluaren izenburuan. Gauza bera gertatzen zaie, agerikoa da, abian den Osasun Itunean parte hartzen ari diren gehienei. Ez dakite zer den Berwicken Helburu Hirukoitza, are gutxiago eredu hau... [+]


Zerbitzu publikoak: motozerrari bidea erraztu ala basoa garbitu?

Aurreko egunetan Larraitz Ugarte abokatuak idatzitako La motosierra puede ser tentadora artikuluak zeresan handia eman du sektore zabal batean. Administrazio publikoaren barruan ohikoak diren egoera batzuk mahai gainean jartzen ditu, tartean efizientzia falta, ardura eta kontrol... [+]


2025-04-16 | Haritz Arabaolaza
Hizkuntza

Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]


Leku ‘kuttunak’

Aspaldian bisitatzen ez nuen eta hainbertze gustatzen zitzaidan leku batera joan nintzen aurrekoan. Bertan nengoela, gustura sentitu nintzen eta zera pentsatu nuen: hau da nire leku kuttuna. Kuttuna, kuttuna, kuttuna; hitza jira eta biraka etxerako bidean. Kuriositateak jota... [+]


2025-04-16 | Rober Gutiérrez
Trebetasunak

Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]


2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Iñaki Bakero (Erriberan Euskaraz)
“Batzuek ez gaituzte hemen nahi, baina bagaude”

Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


Eguneraketa berriak daude