Iberpapel euskal enpresak hezegune bat deuseztatu du Argentinako Entre Ríos probintzian, Caraballo errioan. Iberpapelek Hego Amerikan 19.331 hektarea lur ditu eukaliptotarako, eta hezegune horretan zortzi kilometro luzeko lubeta eraiki du. Herritarren protestaren ondoren, Entre Ríoseko Gobernuak parajea lehengo egoeran uzteko agindu dio enpresari.
Hezeguneen munduko eguna zela-eta Txingudiko paduretan Eusko Jaurlaritzak ekitaldia egin zuen otsailaren 2an ponpa handiz. Ingurumen sailburuorde Nieves Teranek harro gogorarazi zuen EAEko sei hezegune daudela Ramsar zerrendan. Ramsar munduko hezegune garrantzitsuenen zerrenda da, ia 2.000 leku daude bertan katalogatuta, eta nazioarteko babesa dute. Argentinako El Palmar erreserbako hezeguneak ere zerrenda horretan daude; hain zuzen, Iberpapel euskal enpresak erreserba horrekin muga egiten duen hezegune bat deuseztatu du.
Caraballo errioko hezegunea Entre Ríos probintziako Liebig herriaren iparraldean dago. Iberpapelek 7.000 hektarea lur ditu inguruan eta 2008. urtean eukaliptotarako erabili ez duen lur sail urrietako batean lur mugimenduak hasi zituen, lubeta handi bat eraikitzeko. Ondorioz, hondamendia eragin du 1.000 hektareako 2 de Agosto hezegunean –Caraballo biodibertsitate handiko lekua da, milaka animalia eta landare espezieren bizitoki–, Urdaibai baino handiagoa den eremuan.
Hezeguneak funtzio garrantzitsua du, errioak hazten direnean uholdelurra izaten baita; Gobernuko ingeniari batek egindako ikerketaren arabera, Caraballon egindako itxidurak 5 eta 16 zentimetro artean igo dezake uraren maila eta Uruguai ibaiaren abiadura bizkortzea ekarriko du, kalte handiak eraginez.
“Produkzio intentsiborako egokiak ez direnez, zenbait pertsonak leku ez probetxagarri moduan ikusten dituzte. (...) Horregatik, askotan hezeguneak eraldatzen dira erreka eta errioei espazioa irabazteko”. Entre Ríoseko probintziako Ingurumen idazkari Fernando Rafforen hitzak dira, Hezeguneen Munduko Egunean esanak hauek ere. Orain, lubeta desegin eta Caraballoko hezegunea lehengoratzeko agindu dio Entre Ríoseko Gobernuak Iberpapeli, ingurumen baimenik ez duela eta Uruguai Ibaiko Tratatua bortxatzen duela egotzita.
Euskal Herrian dagoen papergintzako enpresa-talde handienetakoa da Iberpapel; burtsan kotizatzen du. 1997an sortu zen, Hernaniko Zikuñaga auzoan dagoen paper lantegia bizkar hezur hartuta –lantegi hori da taldearen produkzio zentro nagusi eta bakarra–. Iberpapelek egoitza soziala Donostian du eta Euskal Herriko enpresariek kontrolatzen dute. Akziodunen artean, esaterako, Banco Guipuzcoano dago. Bestalde, Iberpapeleko administrazio kontseiluko presidente Iñigo Echeverria bilbotarra da.
Paperaren eskariaren jaitsierak egoera zailean utzi du Iberpapel azkeneneko urteetan, baina iaz sekulako irabaziak izan zituen –16,5 milioi euro, %250 gehiago–, besteak beste, paperaren prezioa garestitu delako eta baita energiaren sektorean inbertitu duelako ere (ikusi ondoko koadroa).
Zikuñagako lantegia 1935ean sortu zen eta eskualdera diru-aberastasuna eraman duen enpresa motorretako bat izan da. Egun 270 langile inguru dabiltza Hernaniko faktorian, lantalde osoaren %90. Langileok euren soldatak hobetzeko borrokan aritu izan dira azkenaldian eta 2010ean grebara jotzeko zorian izan ziren.
Dena den, ekonomia berrira egokitzen jakin duen enpresa da; azkenaldian modu “integratuan” funtzionatzeko neurriak hartu ditu eta horien artean dago Hego Amerikan lurrak erosteko politika. 1988tik ari da lurrak erosten eucalyptus globulus arbola produzitzeko, eta horrekin, papera egiteko egurraren autohornikuntza tasa %30era igo nahi dute. Egun 19.331 hektarea ditu bertan, Urbasa-Andia natur parkearen adinako eremua.
Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) Munduko Basoen Egoera 2011 azterketak dio, Hego Amerikan baso landaketek %3,2 egin dutela gora urtean azken hamarkadan, batez ere Filandiako papelera erraldoiek bultzatuta. Euskadiko Paperaren Clusterreko gerente Iñaki Ugartek baso artifizialok sortzen dituzten onurak azpimarratu izan ditu prentsan, aldaketa klimatikoa eragozteko “karbono hobiak” direla eta “terreno antzuak” berreskuratzen dituztela esanez. Aitzitik, Hego Amerikan gero eta gehiago dira landaketa horien kontra ari diren herritar talde eta sareak. Argentinako Caraballoko hezegunearen aldeko borrokak ere talde horietan du jatorria.
Badirudi Caraballon 2008an hasi zirela nabaritzen hezegunea belarretatik garbitzeko suteen kea, baita lur mugimenduak ere. Baina 2009ko udazkena arte ez ziren lehen salaketa ozenak entzun. Entre Ríoseko legebiltzarreko diputatu batek obrak zer kalte egin zituen kontrolatzeko eskatu zion bertoko gobernuari; ildo horretatik, inguruko hamarnaka gizarte taldek (arrantzale kofradiak, aurrezki kutxak, familia elkarteak, eliz-parrokiak...) eta 2.500 herritarrek gutun irekia bidali zioten Iberpapeli: “Jango ditugun arrainak izango dira kutsatzen lehenak”, diote bertan.
Paper-enpresa Colon departamenduko ekologisten herri-asanbladarekin bildu zen 2009ko irailean eta obrak egiteko baimena zuela azaldu zuen. Baina ekologistek salatu zuten proiektuak ez zuela ingurumen-inpaktu azterketarik eta auzitara eraman zuten Iberpapel. Modu berean, Entre Ríoseko Ingurumen sailak ikerketa abiarazi zuen obren egoera legala zein zen aztertzeko, eta 2010eko udaberrian obrak gelditzeko agindu zion enpresari.
Herritarrek ez dakite zehazki zertarako erabili nahi duen Iberpapelek zortzi metro altuerako lubetak ixten duen eremua, baina arroza eta soja produzitzeko izan daitekeela zabaldu da zenbait forotan. 2007an Entre Ríosen onartutako Egurraren Legeak zailtasunak ekarri dizkie enborrak esportatu nahi dituzten enpresei. Ondorioz, jabetzan dituzten lurrei etekina ateratzeko beste bide batzuk bilatzen hasi direla dirudi.
Horrelako “desertu berdeak” erruz fumigatu izan dira eta ingurua kutsatzeko arriskua handia dela uste dute herritarrek. Prezeski, Hacha&Tiza talde ekologista argentinarrak Argiari azaldu dionez, Iberpapelentzat fumigazioak egiten ari zen langile batek zauri larriak izan ditu gorputz osoan pozoiaren ondorioz.
Fumigazioak eta basolanak egiteko hirugarren enpresak azpikontratatzen dituzte normalean. Berrikitan, Iberpapel, kontratazio ilegaleko eskandalu batean nahasirik agertu da medioetan. Argentinako lan ikuskaritzako erakunde batek jornalari ugari aurkitu ditu enpresaren terrenoetan oso modu prekarioan lanean, eta kontuak eskatu dizkio Espainiako administrazioari. Iberpapelek, ukatu egin du langile horiek beretzako lanean ari zirenik, eta lur horiek beste enpresa bati utzi zizkiola azaldu du.
Caraballoko lubeta eraisteko Erresoluzioa (187/10 zk.) 2010eko irailaren 23an eman zuen Entre Ríoseko Gobernuak. 90 eguneko epea ematen dio enpresari obra eraisteko eta 180 egunekoa hezegunea lehengo egoeran uzteko. Inoiz ez zuen Argentinako administrazio batek hain neurri zorrotzik hartu horrelako obren inguruan. Caraballoko kasua, lubetak eraiki dituzten beste kasu batzuetan ere eraisteko aginduak emateko aurrekaria izan da, Corrientes probintziak esaterako.
Dena den, enpresak errekurtsoa jarri dio Gobernuaren ordenari eta orain Estatuko fiskaltzak erabaki beharko du. Hilabeteotan Iberpapelek Caraballoko obrekin jarraitu du, hala ikusi ahal izan zuen 2010eko abenduan Entre Ríoseko Ingurumen sailak, kaltetutako gunean egindako inspekzio batean. Hacha&Tiza taldearen esanetan gobernuko funtzionariak joan ziren egun berean salaketak izan ziren hezegunean lanean ari zirelako: “Ez da ezer egin, negozioekin jarraitu besterik ez” diote.
Egoera hori Blanca Osuna senadoreak ere salatu du duela gutxi Nazioko Senatuan, Argentinako organo gorenean: “Ezin zaio entzungor egin Colon eta inguruko elkarte protekzionisten aldarrikapenari, Estatuak eraispena berrestea” dio Osunak Senatuan aurkeztutako proiektuan. Izan ere, azkenaldian, berriz ere altxa dira Iberpapelen obraren kontrako ahotsak, bai Liebigen eta baita Caraballo inguruan dauden beste herrietan ere.
Eusko Jaurlaritzak eta Europar Batasunak Iberpapel saritu zuten 2010ean ingurumenaren kudeaketan egiten duen lanagatik. Argentinako gertakariaz, ordea, ez da informaziorik zabaldu. Astekari hau Iberpapelen komunikazio zerbitzuekin harremanetan izan da, enpresaren iritzia zein den jakiteko. Azaldu dute Iberpapelek ez duela “ezer esateko” kasu honen inguruan.
Peak Oil-a jo dugula erakusten duten zantzuak garbiago ageri zaizkigun honetan –arabiar herrialdeetako erreboltak testigu–, beste energi-iturriek gero eta balio handiagoa dute. Horrela uler liteke “berriztagarri” deitu energiak sortzeko azken urteetako booma, edota hondakinak erregai moduan erabiltzeko planak. Paper fabrikek aukera ezin hobea ikusi dute energiaren sektorean. Paperaren krisiari aurre egiteko, kogenerazioren bidez elektrizitatea sortzeko karrerari ekin diote.
Iberpapelek 40 milioi euroko inbertsioa egin du 2008an Hernanin duen paper fabrika handitzeko. 50 MW-ko potentzia sortzen duen gas kogenerazio planta eraiki du enpresak, erregai fosiletatik energia elektrikoa eta energia termikoa aldi berean lortuz. Iberpapel, Ibedrolari elektrizitatea erostetik, hura saltzera igaro da urte batetik bestera eta energia elektrikotik eratorritako negozio zifrak %227ko igoera izan du enpresarentzat. Horrela, 2007an elektrizitatearen salmentatik 3 milioi euro lortu zituen Iberpapelek, 2008an aldiz, 10 milioi euro baino gehiago. 2009an, gas kogenerazio planta urte osoan martxan aritu zen lehen urtean, 35 milioi euro lortu zituzten elektrizitatea salduz, negozio zifraren %20a, eta enpresak galerak ez izatea ahalbidetu zuen horrek, paperaren salmentan beherakada itzela izan zutelako.
Nafarroako Allo herriko Georgia Pacific paper lantegiak ere –Colhogar marka ezaguna merkaturatzen duen enpresa– inbertsio oso handia egin du 15 MW-ko kogenerazio planta eraikitzeko. Bestalde, Durangoko Smurfit Kappa Nervión-ek biomasa tratatzeko zentrala irekiko du, modu horretan elektrizitate sorkuntza %40 igo nahi du Durangoko papelerak, eta horretarako, 20 milioi euroko inbertsioa egin du.
Energiaren Euskal Erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko industrian kogenerazio bidez instalaturik dagoen elektrizitate potentziaren %31 paper lantegiei zegokien 2008an.
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
“Mikroplastiko” hitza lehenengoz erabili zenetik 20 urte bete diren honetan, ikertzaile-talde batek urte hauetan ikasitakoa errepasatu dute, Science aldizkarian argitaratu duten lan batean. Eta ondorio garbiak atera dituzte: ingurune natural guztietan oso hedatuta... [+]
Bi urte igaro dira Espainiako Estatuan funtsa sortzeko legea onartu zutela, baina Pedro Sánchezen gobernuak oraindik ez du araudirik garatu eta ez du aurrekonturik funtsa diruz hornitzeko. Espainiako Kongresuan talde politiko guztiek aho batez eskatu diote, berriz ere,... [+]
2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]