Oinarrizko elikagai ugarik glutena du osagaietan, eta produktu horiek glutenik gabe erostea garestiagoa da askoz –besteak beste BEZ altuagoa ezartzen zaielako–. Ondorioa? Glutenik gabeko dieta jarraitu behar duten zeliakoen poltsikoak xahututa daudela, inongo diru-laguntzarik jaso gabe, administrazioak ez baitu dieta berezia tratamendutzat onartzen.
Maria gaileta kiloak 1,91 euro balio du, baina glutenik gabe 11,40 euro; urdaiazpiko egosi kiloak 8,19 euro, glutenik gabe 10,04; ogi kiloak 2,51, glutenik gabe 12,56; makarroi kiloak 1,44, glutenik gabe 7,36… Luzea da zerrenda, eta handia prezioen arteko aldea. Espainiako zeliakoen federazioak kaleratu dituen 2011ko elikagai-zerrendaren emaitzak dira, supermerkatu handietako batez bestekoak erkatuz.
Glutenari –zehazki glutenaren gliadina proteinei– intolerantzia diote zeliakoek eta berau duten produktuak janez gero, digestioa oztopatu eta ondorio kaltegarriak sortzeko arriskua dute. Glutena dute gariak, garagarrak, zekaleek, tritikaleak, kamutak, espeltak eta oloak, eta beraz zeliakoek debekatuta dituzte ogia, irina, pasta, zopa, gailetak, txokolatea edo garagardoa bezalako produktuak. Horrez gain, elikagai askoren ekoizpen industrialean glutena gehitzen da loditzeko edo gelifikagarri, eta kontserba-latek, pateak, gozoek, kafeak edota txerrikiek glutena dute maiz.
Ondorioz, horiek guztiak glutenik gabe prestatuak erosi behar dituzte, garesti ordainduta. Aurten, oinarrizko elikagaiei %6ko BEZa ezarri zaie Espainiako Estatuan, baina produktu horiek berak, glutenik gabe direnean, %9ko BEZa dute, elikagai berezitzat hartzen baitira. “Ez zaigu bidezkoa iruditzen, eta helegitea aurkeztu izan dugu, baina legeak hala dioela esan digute. Bada, alda dezatela! Ez dute halakorik planteatu ere egiten, eta hiru puntuko aldea dago!”, kexu da Mireia Apraiz, Euskadiko Zeliakoen Elkarteko zuzendaria. Arazoa da oinarrizko elikagaiei eragiten diela garestitzeak, eta okindegi produktuetan, pasta elikagaietan daude prezio alde handienak.
Zeliakoen elkarteek eskatu izan dute glutenik gabeko elikagaiak dietoterapikoen baitan sartzea, dieta bera zeliakoen tratamendua delako, gaur egun ez dago beste tratamendurik gaitzari aurre egiteko eta beharrezko produktuak dituzte, “baina esan digute nahi izanez gero zeliakoek badituztela produktu alternatiboak, arroz-opilak jan ditzaketela adibidez ogia jan beharrean… Ez dira konturatzen zeliakoen normalizazioa bilatzen dugula eta haurra ikaskideekin txango bat egitera doanean ez dela gauza bera bokadiloa eramatea edo arroz-opilekin egindako otartekoa, umeek ez dute desberdin sentitu nahi, integratu egin nahi dute”, dio Apraizek. Hain zuzen, Frantziako Estatuan, Erresuma Batuan edo Italian, besteak beste, zeliakoek diru-laguntzak jasotzen dituzte; produktu asko errezeta bidez eros ditzakete, beherapenekin.
Apraizek azaldu du Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan dirua ematen zaiela zeliako elkarteei, beraiek erabaki dezaten dirua zeinen artean eta nola banatu, baina ez zaio egokia iruditzen, hori administrazioaren lana delako: “Ez dugu horrelako laguntzarik nahi, behar duguna da produktuei eragingo dieten neurriak hartzea, dauden desberdintasun ekonomikoak txikitzeko. Esan bezala, elikagai horiek zeliakoaren tratamenduaren baitakoak dira, ez dira apetazko produktuak: beraz, glutena duten oinarrizko produktuen tratu bera eskatzen dugu, %6ko BEZa, eta erosketa tiketak erabiliz Ogasunean desgrabatu ahal izatea, kontsumoaren arabera –lehen egiten zen moduan–”.
Aizpea Gonzalezek ere beharrezkoak ikusten ditu laguntzak, eguneroko gastua handia delako: “Medikuaren idatzia baldin badaukazu esanez zeliakoa zarela, laguntzaren bat eman beharko lizukete, edo bestela produktuak gainerakoen prezio berean jarri”. Zestoarra da Gonzalez, eta 7 urteko alaba zeliakoa du, Saioa. Urte eta erdirekin diagnostikatu zioten, biberoia zerealekin ematen ziotenean kalte egiten ziola ikusi ostean. Euskadiko Zeliakoen Elkartera jo zuten orduan, kide berrientzat egiten dituzten informazio bileretako batera, eta liburuxka eman zieten Saioak jan zitzakeen produktu eta markekin. “Etxean jan ohi genuena zerrendarekin konparatu eta glutena zuten elikagaiak glutenik gabeko zerrendako marketara egokitu genituen. Gosaltzeko gailetak adibidez Saioak bereak dauzka eta guk gureak, baina gehiena glutenik gabe jaten dugu familiako denok: babei glutenik gabeko txorizoa botatzen diet eta kito”. Salneurria da arazoa: “Dezente garestiagoak dira glutenik gabeko produktuak eta gastua bikoiztu egiten zaigu, eguneroko elikagaietan gainera. Irina adibidez, egunero erabiltzen duzun zerbait da, bada, kilo bateko poltsak 3,5 euro balio du eta ogi arraspatua adibidez oso garestia da. Guk orain murriztu egin dugu kontsumoa eta gutxiago erabiltzen ditugu irina eta halakoak”, adierazi du Aizpea Gonzalezek.
Gainerakoan, glutenik gabeko jakiak aurkitzeko ez du buruhauste handirik; supermerkatuan ez bada, Zestoako belar-dendan topatzen ditu behar dituenak. Etiketarekin, ordea, kontu izan behar da.
Glutenik gabeko produktua dela adierazteko, gari-buru ezabatuaren sinboloa orokortua dago etiketetan. Ordea, sinbolo hori kontrolik gabe erabili dela eta beraz kontuan hartu beharreko irizpidea Federazioak urtero kaleratzen duen zerrenda dela ohartarazi du Mireia Apraizek, glutenik gabe ziurtatuta dituzten markekin. Zerrenda horretako elikagaiek kontrol analitikoak gainditu eta egiteko prozesuari eta osagaiei buruzko datuak ematen dituzte. Aldiz, zuzendariarentzat gari-buru ezabatua eramatea soilik ez da berme, administrazioak ez dituelako kontrolatzen aurretik salaketarik ez bada egon: “Frogatu egin behar da benetan glutenik gabea dela, zeren hainbat enpresek sinboloa jartzen diete eta gero Federaziotik informazioa eskatzen diegunean, ez digute bidali nahi. Hori guretzat ez da fidagarria”. Besteak beste, kutsadura nahastua deiturikoa hartu behar da kontuan: nahiz eta osagaien artean glutenik ez izan, prozesu industrialak eraginda gluten arrastoak egon daitezke –glutendun ogia egin ostean gabekoa egiterakoan, esaterako, arrastoak gera daitezke makinan–.
Ehun herritarretik bat zeliakoa da. Hots, digestio arazo kaltegarriak ditu. Heste meharrean ditugun biloak lagungarri dira digestioan, baina glutenak (gliadinek) bilo horiek suntsitzen dizkie zeliakoei eta digestio txarraren ondorioz diarrea, goragalea, jateko gogoa galtzea, dermatitisa, sabeleko mina, nekea, desnutrizioa… eman daitezke. Gaixotasun kronikoa da, eta oraingoz, glutenik gabeko dieta da gaitza kontrolpean izateko, osasuntsu mantentzeko eta heste-biloak birsortzeko dagoen tratamendu bakarra. Williem Kare Dicke pediatra holandarra konturatu zen horretaz, 1950ean, ohartu zenean II. Mundu Gudan gariaren deribatuen gabezia egon zenean gaixoen egoerak hobera egin zuela nabarmen.
Edozein adinetan ager daiteke zeliakia, ume nahiz heldu izan, eta infekzio biriko batek eragin dezake. Frogatua dago faktore genetikoak zerikusia duela, baina ez dago argi nola heredatzen den. Diagnostikatzeko, funtsezkoa da hesteetako biopsia egitea, eta behin gaixotasuna egiaztatuta, ezinbestekoa da glutenik gabeko dieta beti mantentzea, nahiz eta sintomak desagertu, gluten arrastoek ondorio kaltegarriak ekar ditzaketelako.
Dieta jarraitzeak esan nahi du Europar Batasunean merkaturatzen diren produktuen %70 saihestea. Dena den, glutena ez da nahitaezko proteina gizakiarentzat eta zeliakoek dieta osasuntsu eta orekatu askoa eraman dezakete. Finean, zeliako elkarteek argi utzi dutenez, beste bat da afera: administrazioaren babesik ezean, tratamendua jarraitzeak uzten dien zulo ekonomikoa.
Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.
Milaka pertsona kalera atera dira larunbatean, Eusko Jaurlaritzari eta Osasun Sailari "konponbide errealak" eskatzeko, Osakidetzaren arazo estrukturalak konpon ditzaten.
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Bi erizainetatik batek lanean eraso sexistak jasaten dituela azalerazi du Erizainen Ordenak joan den urte bukaeran egin ikerketak. 21.000 erizainek ihardetsi dute, sektore pribatu, publiko eta liberaletik. Hauetan 2.500 gizonak dira.
Dibertsitate genetikoaren ikuspegitik inoizko metaanalisi zabalena egin dute, depresioaren arriskuarekin lotutako geneak identifikatzeko. Horri esker, aurrez ezagutzen ez zituzten 700 aldaera eta 300 gene inguru aurkitu dituzte.
Urte berriaren hasieran asmo berritu egiten gara dirudienez, eta egin beharreko zereginen zerrendak egiten ditugu gutako batzuk. Egiteko horien artean irakurtzeko ditudan liburuen zerrenda izaten da bat, gero eta zerrenda gizenagoa. Zuetako ez gutxik zer irakurtzen dudan galdetu... [+]
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.
Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]
Sánchez, 2019tik 2024ra Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria izan zena, azaroan hasi zen Mutualia enpresako mediku-zuzendari gisa. 2024ko udan kargua utzi eta hiru hilabete eskasera egin zuen jauzia enpresa pribatura, Jaurlaritzaren oniritziarekin.
Vithas San José klinikak fitxatu du Jaurlaritzako Osasun sailburu ohia, kargu publikoa utzi eta urte eta erdira.
Garbiñe Elizegi baztandarra erizaina da. Abenduan, Zeelanda Berrian egin duten Osasun Ekitaterako Erizaintza Indigenari buruzko Ikerketa izenburuko bilkuran hartu du parte. Bere tesia aurkeztu du: Euskal emakumeek eta genero ez-normatiboek Euskal Herrian osasungintzan... [+]
Arazo mentalak dituztenen kopurua haziz doa, oraindik ere estigma sozial handia dute atzean eta, horri aurre egiteko, buruko nahasmenduren bat dutenak lan mundura bideratzen saiatzen da Elkarkide, Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Lan horretan jarraitzeko laguntza eskatu du.