"EAJ eta Aralar beldur dira egoera berriaren aurrean"

  • Tafalla, 1976. Filosofian lizentziatua EHUn. Nafarroako Eusko Alkartasuneko (EA) lehendakaria eta parlamentaria da. Ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak aurkeztu dituen egunean solastatu dugu: “Sortutako aurreikuspenak bete dituzte estatutuek” esan digu.  

Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakaria
Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakariaDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

EAJ, EA, Aralar, EB, Alternatiba gonbidatuak izan zarete alderdi berriaren aurkezpenera. Zer inpresio jaso duzu alderdi abertzaleetako kideen artean?

EAJ eta Aralar beldur dira sortzen ari den egoera politiko berriaren aurrean. EAk hartutako konpromisoarekin, eta ezker abertzaleak guk jarritako baldintzak beteko ote dituen zalantza daukate. Guk garbi daukagu ezker abertzalea baldintzak betetzen ari dela.

Nola ikusten duzu abertzaleen esparru politikoa geroari begira?

Litekeena da abertzaletasunaren esparruan bi aukera gauzatzea: zentro-eskuina batean, EAJ buru dela; eta beste batean, ezker-sozialdemokraziarena. EAk badaki zein den bere esparrua. Aralarrek ordea, zalantzak dauzka kokatzeko. EAJrekin akordioak ditu, Nafarroan adibidez. Aralarrek gogoeta sakona egin beharko luke bere burua kokatzeko.

Bada, esaterako, EAren eta ezker abertzalearen Lortu arte akordioa ezkertiar izatetik urrun dela dio Aralarrek.

Eta guk diogu, EAJk eta Aralarrek, NaBain egoteko akordio independentistak bertan behera uztea exijitzen digutela. Eta Aralarrek ez diola EAJri exijitzen PSOErekin dituen akordioak bertan behera uztea: hala nola pentsioen eta lan erreformak. Aralarrek bizi dituen zorabioak zuzendu behar ditu lehenbailehen.

Demagun alderdi berria (Sortu) legeztatua dela. Nolako egoera politikoa aurreikusten duzu?

Batetik, espainiar nazionalismoak ez luke euskal instituzioen jabetza izango. Bestetik, egoera berriak abertzale guztiok bide bateratua urratzea ahalbidetu beharko luke.

EAJ eta ezker abertzalearen alderdi berria NaBain elkarrekin ikusten dituzu?

Bai. Zergatik ez? Gure ustez aukera elektoral guztiek zabalik izan behar dute. Halere, gakoa ez dago hor. Gakoa alderdi abertzale guztiok norabide berean politika egiteko nahia agertzea da. Ezker abertzalea legala izanez gero, bide baketsuetatik joanez gero, ez luke elkarren arteko lanetan oztoporik izan behar. NaBai, besteak beste, Aralarrek pauso hori eman zuenean sortu zen. Orain, ezker abertzaleak ere pauso hori eman duenean zergatik ez?

ETA amaitu eta berehala, alderdi abertzale guztiak NaBain biltzea kimera ote den pentsa liteke.

Nondik eta nola pentsatzen duzun. Aldaketa politikoa gauzatu nahi bada, nafar abertzaleok –gizartearen ehuneko 30 garela kontuan harturik– lehen pausoa xede horretan eman behar dugu. EAk argi du hori dela helburua Nafarroan, eta alderdien arteko lehiak gainditu behar ditugula boto guztiak aukera berean jartzeko. Hori ikusten ez duenak ez du aldaketa politikorako aukera lehenesten. Pauso hori lehenetsiz gero, botoen %30 hori norabide berean eramateko estrategiak zehaztuko lirateke. EAJ zintzoa balitz, ez luke inongo trabarik ezarri behar, baina trabak jartzen ditu eta guk galdetzen dugu: EAJk aldaketa politikoa nahi al du? Ezker abertzaleari betoa jartzea ez al da alderdikerietan aritzea? Zergatik kanporatu nahi du EA NaBaitik?

Zer aldatu da esparru politikoan NaBai sortu zenetik, orain ezker abertzalea NaBain egon dadin?

Ezker abertzaleak bide baketsu eta demokratikoetatik joateko hartu duen jarrera. Konpromiso hori hartu ez balu EAk ez zuen inolako akordiorik sinatuko.

Lortu arte eta Euskal Herria ezkerretik akordioak NaBairen kontra doazela diote EAJk eta Aralarrek.

Bada, oraindik ere ez dute esan zergatik. Bi akordioak bateragarriak dira NaBairekin, baina Aralarrek eta EAJk bateraezintasuna darabilte NaBai kanpo uzteko. Lortu arte ez da bateragarria NaBairekin, eta EAJk eta PSOEk dituzten akordioak bai?

Aralarrek dioenez, egoera berrian lehenik eremu politikoan lehiatu behar da, hasieran ezker abertzaleak hobe duela bakarka lehiatzea.

Hori noiz eta nork esaten duen. Aintzane Ezenarrori entzun diot orain gutxi NaBaiko ateak irekita daudela ezker abertzalearentzat, eta lehenago Patxi Zabaletari ere bai. Baina honek diskurtsoa aldatu du berriki. Batzuek ilargi fasearen arabera aldatzen dituzte diskurtsoak. Guretzat argi dago: NaBai da aurreikusten dugun hauteskundeetarako aukera bakarra. Eta baldintza ematen badira, ezker abertzaleak bat egitea espero dugu. Hori gogoeta bateratu baten ondorioz etorri behar luke, baina EAJk eta Aralarrek ez dute gurekin bilerarik egin nahi, eta hori oso kezkagarria da

EA NaBain aurkeztuko da?

EAren aukera NaBai da, bakar-bakarra. Gure Biltzar Nazionalak hori ebatzi du, baita Nafarroako Asanbleak ere. NaBai da aldaketarako eragile politiko nagusia, baita aldaketa politikoa ekar dezakeen bakarra. NaBai aldaketa gauzatzeko sortu zen.

EAJk, Aralarrek eta independenteek, antza denez EA ez dute NaBain egoki ikusten.

Beraiek hori diote, baina EAk ez du hori onartu. NaBaik alderdi bakoitzaren berezko dinamikak errespetatu behar ditu. Euren jarrera oso kaltegarria da. EAk eta ezker abertzaleak bide politiko baketsuetatik independentziara bidean akordioak izatea kontrajarriak direlakoan, lortu ditugun akordioak bertan behera uzteko eskatzea xantaia onartezina da. Nafarroako abertzalearen gehiengoak argi dauka aldaketa politikoa gauzatzeko ezin dela holako exijentziarik ezarri. EA koaliziotik at uzteak aldaketa politikoari uko egiteko euren nahia agertu du. Nafar gizarteak ez luke hori ulertuko.

Ba al dago konponezin hori bideratzeko modurik edota betarik?

Guk bilera bat eskatu berri dugu, baina susmoa dugu EAJk eta Aralarrek adostu dutela gu koaliziotik kanpo uztea.

Orduan?

Gu azken minutura arte saiatuko gara, hori baita Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzeko modu bakarra.

EAk Eusko Legebiltzarrean iraganean izan zuen ordezkari kopuru bera balu berdin jokatuko luke ezker abertzalearekiko? EA eta ezker abertzalea aldenduak izan dira orain arte.

Ez nago ados. EAk herri eraikuntzaren inguruan idatzitako txosten guztietan ageri da ezker abertzalearen helburuekin bat egiten duela. Orain argitu da zergatik lortu dugun ezker abertzalea gure printzipioetara etortzea. Hori ikusi nahi ez duenak ez du ikusiko, noski. Ezker abertzalea mugitu da eta EAk apustua egin du mugimendu horren bidean, baita mugitu ere gure herriaren historian pauso garrantzitsua delako. EA zintzo jokatzen ari da bakearen bidean, uneon alderdi abertzale batek hori lehenetsi behar du eta daukan guztia eman.

EA prest dago legez kanpo segi lezakeen ezker abertzalearen espresioarekin EAEko hauteskundeetan elkarrekin joateko?

EA Euskal Herriaren independentziaren bidean arriskuak hartzeko prest dago. Egoera hori ematen bada, EAk aztertuko du zein den bide egokiena pauso sendoak emateko.

Euskal gatazka deitua desagertu ahala, abertzaleen arteko konponezina azaleratuz doala dirudi.

Baliteke. Nazioarte mailako hainbat eragileekin jardun dugunean euskal arazoak zur eta lur uzten ditu. Hau da, abertzaleok ez bagara kapaz Euskal Herriaren aldeko proiektu bateratua diseinatzeko, ez dugu lortuko espainiar nazionalismoak gure herri proiektua onartzea. Espainolak bi kontuez elikatu dira orain arte: ETAren ekintza armatuez batetik; aitzakia ezin hobea abertzaleen helburuak oztopatzeko, batez ere Nafarroan. Bestetik, euskal abertzaletasunaren atomizazioa dago: EAJ, Aralar, EA, ezker abertzalea, Hamaikabat... Hori konpontzen ez badugu, ez dugu herri hau aurrera aterako.

Ez dago lasaitasunik, ez girorik.

Egia da. Gure herrian urtero daude hauteskundeak: aurten maiatzean. Datorren urtean martxoan. Hurrengoan EAEkoak eta gero Europakoak. Hauteskundeek sortzen duten egoera zail hori gainditu behar dugu eta horretarako akordio estrategikoak oso garrantzizkoak dira. Horiek ez dira hauteskundeei begira soilik egiten. Horretan EA argi eta fin ari da.

NaBaiko independenteak hizpide. Nor izanen da EAren hautagaia Iruñeko Udalean?

Iruñeko udal zerrendaburua aukeratzea EAri dagokio. Uxue Barkos hautagaia izatea, independente moduan, proposatu diegu NaBaiko beste kideei.

Uxue Barkos ez omen dago ados EAren estrategiarekin.

Uxue Barkos independentea da. Ez dakit norekin dagoen ados, baina argi daukat independente gisa beti prest egon dela NaBairen izenean aurkezteko. Guk argi daukagu, abertzaleon arteko lankidetza bultzatu nahi bada, eskuzabaltasuna nahitaezkoa dela eta proiektuen jabetzeari uko egin behar zaiola. Alderdiek galdera honi erantzun behar diote: zein da erabaki egokiena koalizioak zehazten duen helburu nagusiarekin bat egiteko? Batzuen galdera ordea, hauxe da: zer egin behar dut zabaldu den aukera politikoa nire alderdiaren alde probesteko?

EAJ, Aralarrek eta independentek osatutako NaBaik Uxue Barkos aurkezten badu?

Hori ez da NaBai izan inoiz, ezta izango ere.

(...)

NaBain EA ez badago, ez dela hautagai izango esan du Uxue Barkosek.

Independenteak nola ikusten dituzu oro har?

NaBairen inguruan ez da independente mota bakarra bildu. Ez dakigu zenbat diren independenteak. Hainbat independente kargu publiko izateko prest izan dira eta batzuk hala dira. Independenteak aldian leku batean kokatzen dira, eta aldian beste batean. Ezker abertzaleak ez duela NaBain lekurik esan dute batzuek, EAJren eta Aralarren posizioekin bat eginez, baina nik dakidanez, beste batzuek ez dute horrekin bat egiten.

Nola baloratzen duzue Hamaikabat alderdiaren rola uneon?

Indar sinbolikoa da eta NaBain independente bezala jokatu nahi dute. Hori kontraesan izugarri da. Alderdi bateko kidea bazara, ez zara independente. Ez dakit nola eusten dioten aporia horri.

Xabier Agirre jeltzaleak EAren ekarpen onena desagertzea litzatekeela esan du berriki.

Yolanda Barcinari ere gustatuko litzaioke.

"Aralar oraindik ez da kokatu egoera berriaren aurrean"

Zein da NaBaik Nafar Parlamentuan egin duen lanaren zure balorazioa?

Legealdi gorabeheratsua izan da, eta guk ere une gorabeheratsuak izan ditugu. Oro har, PSNk UPNrekiko daukan menpeko jarrera ikusi dugu. NaBairen ekimen parlamentarioak argi erakutsi du aldaketa politikoa berak baino ezin duela ekarri gure lurraldean. Hortaz, EAri zalantza handiak sortu zaizkio EAJk eta Aralarrek sortu nahi duten koalizio monokordearekin.

Nolakoa izan da talde parlamentarioa osatu duzuen kideen arteko –zure– harremana? Batzarre-rekin hasita.

Nik harremana ona dut Joseba Eziolazarekin [Batzarreko legebiltzarkidea, bakarra]. Pena daukat Batzarre NaBaitik kanpo geratu delako. Aralarrek eragin du horretan batez ere. Aralarrek zalantza handiak agertu ditu NaBairen inguruan. Aralarrek esan zuen NaBai proiektua agortuta zegoela, hori orain ahaztu dute nonbait, NaBai moduan aurkezteko zalantzak zituela, Aralarrek, bakarka aurkeztuz gero 8-9 parlamentari izateko aukera ikusten zuela [bost parlamentari dauka].

Bestalde, gogoratu behar da Aralarrek independenteekiko izan zuen jarrera erasotzailea, eta EAJ eskuinekoa delako NaBain lekurik ez zuela ere esan zuen. Kontuak kontu, azkenean EAJrekin akordio batera iritsi da, eta EA [lau parlamentari ditu] NaBaitik kanpo utzi nahi duela ezker abertzalearekin akordio independentistak sinatzeagatik. Aralar oraindik ere egoera berriaren aurrean ez da kokatu, eta horrek eragin du Nafar Parlamentuan harreman emankorragoak ez izatea.

EAJz zer diozu?

EAJ alderdi txikia da, eta parlamentuan ordezkari bakarra duenez ez du oihartzunik izan. NaBairen helburuak alderdia indartzeko nahiekin tartekatzen ditu, aldaketa politikoa alde batera utzita, ez zaio interesatzen. Alderdi bakoitzak eskubide osoa du bere ildoak markatzeko, baina aldaketa politikoa denon helburua bada, ezin du bere interesen alde jokatu. Hori ari da egiten Aralarrekin batera.

Eta independenteak?

Oso interesgarria da independenteek [parlamentari bat dute] egin duten lana. Koalizioari irekidura moduko bat eman diote gizartearen aurrean, iragazkortasun edo permebilitatea ematen diote. XXI. mendeko militantzia ez da iragan mendekoa, eta gizartean dauden bestelako espresioak bideratu dituzte. Figura oso garrantzitsua da eta kontuan hartzekoa. Gero independenteek, antolatzen direnean, independentearen izaera galtzen dute. Antolakuntza baten barruan kontraesanak sortzen zaizkio. Horrek NaBain eragina izan du eta ez modu baikorrean.

"Gizarte osoa pauso historiko baten aurrean gaudela konturatu da"

Ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak aurkeztu ditu Euskalduna Jauregian. Nola joan da ekitaldia?

Ekitaldia bat etorri da ezker abertzaleak azken hilabeteetan adierazitako hausnarketarekin. Abertzaleen arteko elkarlana ahalbidetuko duen bide baketsuak eta demokratikoak urratzeko beste pauso bat da. Inoren tutelarik gabe eta gerta daitezkeen indarkeria mota guztiak gaitzesteko prest agertu da ezker abertzalea.

Zer balorazioa egiten duzu alderdi berriaren estatutuez?

Alderdi berriaren estatutuek argi uzten dute ezker abertzaleak sortu dituen aurreikuspenak bete dituela, eta ziklo politiko berri batean kokatu gaitzakeela. Egoera politiko berrian, ETAren indarkeria iraganean geratuko da, eta horrek abertzaleon arteko elkarlan historikoa garatzeko aukera erraztuko digu. Gizarte osoa pauso historiko baten aurrean gaudela konturatu da. Hala izanik ere, pentsatu behar dugu ibilbide honek espainiar abertzaleen mesfidantza are gehiago sorraraziko duela. Espainiako Estatuak euskal abertzaletasunaren bideetan oztopoak jarriko dituela, baita bake prozesuan ere.

ETAk su-etena eman ondoren, abian al da bake prozesua?

Bai, noski. Espainiako Estatuak espero ez zuen bidean ari gara. Gero eta ageriago geldituko da PSOE eta PP oso eroso egon direla ETAren indarkeriarekin. Bake prozesua sendotu ahala, euskal abertzaletasunaren aukerak zabaltzen hasiko dira euskal nazioa eraikuntza bidean.

Gaurko pausoak Gernikako Akordiora eragile gehiago ekarriko al du? ELA, esaterako?

Prozesu hauetan, hasieran, eragile batzuek gehiago sinesten dute beste batzuek baino, eta prestuago daude gidari lanetan aritzeko. Hasieran, ezker abertzalea eta EA ginen soilik, bakarrik, gero beste eragileak erakarri ditugu. Alternatiba bildu zen, Aralar itzuli-inguruka ibili da, errezeloz, baina oztopoak gainditu dira. Beraz, ez dut zalantzarik, ELAk bat egingo du prozesuaren helburuekin.

Nazioarteko Harreman Taldeak urratsak eman ditzan zer gehiago behar da?

50 urte iraun duen indarkeriazko fenomeno bat ez da astetan konpontzen, denbora behar da. Nazioarte mailan lan egiten ari da eta lan horrek etekinak emango ditu laster.


Azkenak
2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Francis Williamsen bikaintasunaren froga

Londres, 1928. Victoria and Albert Museum-era koadro berezi bat iritsi zen dohaintzan: margolanean gizon beltz bat ageri da, ileordea eta lebita jantzita, liburuz eta tresna zientifikoz inguratua. Museoan horrela katalogatu zuten: “Erretratu satiriko bitxia, beltzen... [+]


2024-11-27 | Mikel Zurbano
Trumpkonomia

AEBetako agintaldi berriak ekonomiaren esparruan ekarriko duena zehaztea ez da lan erraza. Estrategia ekonomiko berriaren ardatza liberalismoaren eta kanpo sektorerako protekzionismoaren arteko uztarketa bitxia izango da. AEBetan aldian-aldian halakorik gertatu den arren,... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Luis González Reyes
“Desazkunderako kapitalismoa gainditzea ezinbestekoa da”

Sustrai Erakuntza fundazioak desazkundeari buruzko jardunaldiak egin zituen Iruñean urriaren amaieran. Han eman zuen hitzaldia Luis González Reyesek (Madril, 1974). Adrián Almazánekin batera 2023an argitaratutako liburua izan zuen oinarri:... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Eguneraketa berriak daude